LARROSA TA LAUZIRI
Jose Elizondo

Eskuizkribua, 1910
Euskal Esnalea, 1913 (Martxoak 30, Apirilak 15 eta 30, Maiatzak 15)
Martin, Mena y Cia-ren Echean, 1913
armiarma.eus, 2015

 

V

BATZARREAN

 

      Zer du Lauzirik hodei goibela dirudian arpegiakin betilundurik?

      Zer dala-eta ez dihoa itsasoko osterea egindakoan ohi zuan gau batzarrera?

      Gizarajua!

      Itsasoak jota baztertzen duan abozala baino erkinago egiten zihoan.

      —Batzarre madarikatua!— esaten zuan, berekabuz sarri mintzatzen zalarik.

      Zer jaso ote zan batzarrean, Lauzirik era hartan madarikatzeko?

      Hilabete batzuk atzeruntz esti egin dezagun eta jakin gentzake San Pedro arratsaldean Armistain bideko ermita batzarrean jaso zana.

      Imanak onaskarra erakarri ohi duan bezela, pozkiroak gaztea beragandu ohi du

      Nola etsi zezakean bada Lauzirik ere batzarrera joan gabetanik?

      Baina, ai ene! hobe izango zuan joan ez balitz.

      Ez zuan Larrosaren arantzak zulatu zuan bezela zulatuko.

      Maitaguneak basoratu ohi duan oilagor maitakoiaren antzera, Larrosaganako zaleak batzarreratu zuan bera ere.

      Batzarrera heldu zanean, begi biak adin ez zituala, bere bihotzeko panpina ikusi nahirik alde guzietara begiraka ekin zion.

      Laster Larrosa ikusi zuan; hobe izango zuan bertan itsutu izan balitz.

      Andrexi esku emanda dantzan ari ziranetara zihoan, neska bihurra Lauziri berari begira zeukala uste gabetanik.

      Dantzarietara heldu ziran eta, zango arinak erabiliaz, matrailak sagarra bezin gorri gorritzeraino dantzatu ziran, Lauziri gero eta zurbilago egiten zalarik.

      Dantza amaitu zanean, belar gainean eseritzera joan ziran, Larrosa algaraz isiltzen ez zalarik.

      Gero, Andresek erosi zituan erroskilak jaten, alkarren partzantzuan hasi ziran.

      Lauzirik, bihotzak eztanda egingo ez bazion, batzarra lagata, Zarauzko bidean barrena aldendu behar izan zuan.

 

      Kalera heldu zanakin batera, eleiz kanpaia aimaritakoa jotzen ari zan, eta bere hots miazbelak amak irakatsi zion otoia gogoratu zion.

      Beraz, txapela erantzi zuan eta Agur Maria otoiztu zuan.

      Otoiarekin bihotzari atseden eman ziolarik, etxera joanda amari lepotik heldu zion eta negar saminak begiak busti zizkan.

      —Zer dek, ene semea? —itandu zion amak intziriaturik.

      —Larro... Larro... sak —esan zuan Lauzirik zotinka.

      —Zer egin dik Larrosak?

      —Saldu... saldu egin nau.

      —Saldu? Eta horrengatik negar dagik?

      —Bai... bai ama.

      —Isildu hadi, txoro gizarajoa! Ez dituk emakumeak ezagutzen; laster erosiko hau Larrosak saldu hauan dirutan.

      Amaren lepotik askatu zanean, Lauziri oheratu zan eta gau osoa ames batean iragan zitzaion.

 

      Itsasoa suge itzulirik, lepoan egotzita zeukala ames egin zuan.

      Bizkitartean, Larrosa Andresen partzantzuan algara bizian zekusan; orduan, arnasarik hartu ezinda, sugea lepotik kentzeko egin zituan ahaleginekin esnatu zan leihotik barrena egun berriaren opatxoa gelara sartzen hasi zanean.

 

LARROSA TA LAUZIRI
Jose Elizondo

Eskuizkribua, 1910
Euskal Esnalea, 1913 (Martxoak 30, Apirilak 15 eta 30, Maiatzak 15)
Martin, Mena y Cia-ren Echean, 1913
armiarma.eus, 2015