LARROSA TA LAUZIRI
Jose Elizondo

Eskuizkribua, 1910
Euskal Esnalea, 1913 (Martxoak 30, Apirilak 15 eta 30, Maiatzak 15)
Martin, Mena y Cia-ren Echean, 1913
armiarma.eus, 2015

 

II

EKAITZA

 

      Zer nahi litzake Zarauz baino herri politagorik?

      Itsasoaren pozkiroak edo Fernando doneari Goiko Jaunak igorri zion irargipenak irasana dala esan diteke.

      Itsasertzeko kalartzu kixkurrakin apaindurik eta mendixkatxo barrenak etzaleku ditula, luma zuriak astartzen ari dan usoa dirudi.

      Eta bere hegatz muturrean daukan kai tipia, altiste dizdizaria baino garbiago eta leiartsuago da.

 

      Egun jaio berriak gauaren errainu ilunak hausi ditu eta oihanean lo zeuden eresiak esnatu dira.

      Uhin higida bigunak haitzen azal lakarrak apaka darabiltz eta zeru oskarbia gaizgen hutsa baino urdinago ageri da.

      Eta oskarbipean, euskal herriek, udaberriko soinekoa jantzirik, ihintzaren malko zilartsuekin negar dagite.

      Kai tipiak daukan zabalune urrian zabalduta zeukan sare erkin bat biltzen ari da Pelix arrantzalea, bere emaztea eta lau urte ideko mutil koxkor bat hurbilean ditula.

      —Aita, aitatxo, neri arrai haundia ekarri, e? —zion mutilak mingain mordoila erabiliaz.

      —Balea ekarriko diat —erantzun zion aitak.

      Eta sarea bildu zunean, txalupan sartu zuan; gero tostan eseririk arraunketan ekin zion bere abezaltxoaren saihetsak ur leiartsuari milixka eraginaz zeramala.

      —Agur, aita —esan zion haurrak, eta emazteak, amantalaren ertzakin ikurrune maitakoiak zegitzan.

      —Agur, agur, aurki arte —erantzun zuan Pelixek, suesta eskuan hartuta zerabilala.

 

      Itsasgizonari ezerk pozarrenik eragin badio, zeru urdinaren garbitasunak eta ipar haizeen apatxo samurrak baino gehiago ez ditekeala zinetza da.

      Pelixek ere pozarrentsu iragan zuan Allanpunta eta San Anton bitartea majuaren hegatzak sardin zilarratua astartzen ikusi nahian, abezal lirainaren makilari ehun zuria egotzi eta gero.

      Adu opaldaria bera zain egon balitzaio ere ez zitzaion hain laster sarea botatzeko era egokituko.

      Bi edo hiru aldiz arraiez ondotxo osatuta atera zularik, begitzun bizi-bizi bat zeruruntz igorri zuan eta otoi gartsua bide berean ihasi joan zitzaion.

      Ondorenean, abezaltxoari portu aldera bira eragin zion eta Mendilautan bere emazterik edo haurrik ikusten ote zuan intziriaturik haize boladatxoak bultzaka zekarrela Zarautz aldera bihurtzen hasi zan.

 

      Baina zeinek goiautetu du lehengo haize biguna?

      Zerk darabil txistuka eta itsasoakin borroka bizian?

      Arrantzale herbal zorigetsua!

      Kaltarkitzu ondoren darabiltzun goiante mukerra, inpernuko hauspoa dirudiala, zu galdu beharrik jaiki zatzu.

      Alperrik makilako ehuna eratsi eta arraunari erme eraginaz txalupatxoa higitu nahi zenduke.

      Hodeiak ere haizeaz bat egin dira eta itsasbideak beren zirrinda goibelekin arras estali dituzte.

      Nola irter zera zeronen herioa birbiltzera?

      Ez zenkian, lehendik ere, bere makurkerien berri?

      Ez zenkian eskintzen dun opaia gezur hutsa danikan eta beti-beti gaitzerako irrikiturik zain dagoala?

      Orain, erpatzarrak zuganaruntz luzaturik dauzkala, eta hegatzetatik erdel zuria dariola, txaluparen saihets herbalak eten beharrok, are higitzen du zilbot zimurra.

      Truinen arrabotsa ere orroka ari da tximistari deika, itsasoko leizak suleizaren antzera irargitzera etorri dedin.

 

      Ekaitz izugarriak indarrak apalatu ditunean, mendebal txistularia ihasi joan da.

      Itsaso maltzurrak lehengo zilbot zimurra baretu dularik afar zuriaren irrin artetik irri dagi, baina —ai ene!— ontzi errukarriaren saihetsak jostailutzat darabiltz.

      Mendilautako hondartzan, Pelixen emaztea senar maitea ikusi nahiez, begitzuna intziriaturik daukala, itsasbarrua azterturik ageri da.

      Txaluparen saihets herbalak zatituta dakus, eta barru susmantzak herioaren berri aipatzen dio.

      Handikan laster, uhin txuri batek hilotz baztertu dio senarraren gorputza.

 

LARROSA TA LAUZIRI
Jose Elizondo

Eskuizkribua, 1910
Euskal Esnalea, 1913 (Martxoak 30, Apirilak 15 eta 30, Maiatzak 15)
Martin, Mena y Cia-ren Echean, 1913
armiarma.eus, 2015