LARROSA TA LAUZIRI
Jose Elizondo

Eskuizkribua, 1910
Euskal Esnalea, 1913 (Martxoak 30, Apirilak 15 eta 30, Maiatzak 15)
Martin, Mena y Cia-ren Echean, 1913
armiarma.eus, 2015

 

IV

SUGEA

 

      Ahal da gauzetan gauza atseginagorik euskal mendietako apaltasuna baino? Itsasoak apatxoka darabilen hegal ertzetik hodeiak ikutzeko zorian ageri dan erpineraino, zeren ederki tolesturik dauden beren soineko berdeekin jantzita!

      Hona hemen txoriñoak zintzur hariak eten beharrean, pirri eta kioka ez dira unetxo batez isiltzen, zuhaztiko orri zirrindetan ezkutaturik.

      Entzun, irakurlea, basoko ereskindak deman darabilzkian doinuak, eta zure biziko gehien atsegin zinezke.

      Haize ziltzariak zuhaitz orriei damakizkan apatxoak, aingeruak alkarri eman ohi dieztenak edo Sortitzaren hasperen maitakoiak dirala dirudite.

      San Pedro egun arratsaldea zan, eta Zarauztik Armistainera bidean, hegi txapalda batean zegoan ermitatxo batera inguruko neskatxa-mutil, andre, agure edo gizonik gehienak zihoazen.

      Ermitak aurrez daukan larraintxotik danbolin doinua hedatzen zalarik, oihanetan eta harkaitzetan hiltzera zihoan, euskal endako agur pozgarria balitz bezela.

      Artean, batzarrera bidean, batzarle berankor batzuek bazihoazen.

      Hautako bat Larrosa zan; bidean zihoalarik, ikusitako lore politenak bilduaz zihoan.

      Honako batean, ikusi zuan egilili bat hartzera ote eta larratz tartetik buruko tximak eta jaiko soinak urratu beharrik, txaraka batean sartu zan.

      Egililia zegoan lekuraino heldu zanean, bera hartzeko asmoakin makurtu zan eta une unean, liliaren alboko kinar barrenetik suge bat jaiki zitzaion, buru txapala eskilotza baino lerdenago jasorik, eta txistu zorrotza zegila.

      Larrosari deadar ospetsu bat ihasi zitzaion sugea ikusteak eragin zion lehenengo ikarunakin, baina, laster erten zuan larri hartatik eta zokor bat eskuan hartu zuan eta sugeari jaurti zion.

      Jaurti bazion jaurti zion. Lehena baino txistu zorrotzagoa sugeak egin zuan eta uztaia bezela berbildurik aldapan bera Larrosagana jaisten ekin zion.

      Larrosak sugea beraganuntz zihoakiola ikusi zunean, antxitxika bizian aldapaz behera ihasi hasi zan.

      Sugeak darrail eta Larrosak ihas, dearruak eraman ohi duna baino biziago zihoazen.

      Sugea neskatxaren gona barrena ikutzeraino iritsi zan eta Larrosak ikutua nabaritu zunean oihu ikaratia egin zuan «Ama!» deituaz.

      Gaizki beharko zuan neska bihurrak baldin lipar berean zerutikako gaizkairik izan ez bazan.

      Sugeak gonari ahoa ezarri zionean, eta Larrosaren oihua doi-doirik banatu zanean, batzarrera zihoan mutil bat, eskuan zumitz abartxo bat zeramala, agertu zitzaieten.

      Mutilak, Larrosa herio estuan ikusi zunakin batera, sugeari abarrakin kaskarreko zital bat ezarri zion, hain egoki eze, non bertan akabatu baitzuan.

      Larrosak begi urdin zabalak limurtu zituan, eta mutilari:

      —Zorionean agertu zera, Andrex —esan zion.

      —Hala uste det; gaizki beharrik zeunden nerau agertu ez banitzatzu —mutilak erantzun zion.

      —Batzarrera al zoaz? —itaundu zion neskatxak.

      —Bai, eta zu?

      —Ni ere haraxe nindoan; egilili bat ikusirik bera hartzera jatsi naiz suge petral hori agertu zaidanean.

      —Beste sugeren batek larri erabili ez zaitzan, goazean alkarrekin —mutilak esan zion.

      —Ez da gaizki esana —Larrosak erantzun zuan, eta eskuak alkarri emanik, trisku eta irrintzi zeriotela lehengo larriak zeharo ahaztuta, han joan ziran batzarrera bidean barrena.

 

LARROSA TA LAUZIRI
Jose Elizondo

Eskuizkribua, 1910
Euskal Esnalea, 1913 (Martxoak 30, Apirilak 15 eta 30, Maiatzak 15)
Martin, Mena y Cia-ren Echean, 1913
armiarma.eus, 2015