LARROSA TA LAUZIRI
Jose Elizondo

Eskuizkribua, 1910
Euskal Esnalea, 1913 (Martxoak 30, Apirilak 15 eta 30, Maiatzak 15)
Martin, Mena y Cia-ren Echean, 1913
armiarma.eus, 2015

 

VII

OTOIA

 

      Berrogei urte iragan ziran harezkeroz. Bizkitartean majinatxo bat zer esan eta aldarte jaso ziran Zarautzen.

      Orduko biztanletatik gehienak heriotzak bere kolko itzalera jaso zituan, batez ere sortu zan izurrite hondagarri batek: baztangak.

      Gutxi geratu ziran bere ikutu nabarmenak egin ohi ditun lorratzik gabetanik.

      Hetatik nabarmenen zulatu zuan bat Larrosa izan zan, ordurako zahartzaro bidean bazihoan ere. Lehengo arpegi ederra, zahartzaroan dagitzan zimurrak eta baztanga zuloak inori atzera eragiteko eran zerakuskian. Begi urdinak ere lausotu zitzaizkan, eta itsu zegoan.

      San Pedro zalarik, bera Andresekin egun berean ibili zan bezela zebiltzen gazteak pozkiro bete-betean.

      Ermitatxoa ez zan lehena.

      Urte batzuez lehenago suak erre zuan, eta ormak iraulita luzaroan egon ziran.

Gero Zarauzko arotz eta harginek berrirotik zutitu zuten, eta lehenak ez bezela, zaindaria ere bazeukan.

      Gauetik goizerako batean eta inori baiezkorik eskatu gabetanik nondik nora agertu zanik ez zekiten gizon zahar batek ermitatxoari txosna erkin bat egotzi zion eta bertan bizi ohi zan handik aurrera.

      Izurriteak iraun zuen denbora guzian, gaixoen zaindari izan zanagatik, zarauztarrek bekurde haundiz onetsi ohi zuten, batez ere bere buruari hutsetsita hurkoagatik egin zituan eta egiten zituan ahaleginagatik.

      Beragatik noski, Armistain bideko ermitatxoa, geroztik, izurritepean egon ohi zirenen sendagailtzat hautua izan zan.

 

      Aipatu degun San Pedro arratsaldez ekaitza agertu zanagatik, ohi baino goizago batzarra lagata batzarleak herriratu ziran.

      Hodei multzoaren tartetik argi albinu urdin batek doi-doirik irargitzen zuan ermitako zaindariaren txosna erkinaren barrua; lauburu done baten besoak ormari egotzirik ageri dira.

      Eta lauburu oinean, bekoki zarra lurrari josita daukala dago zaindaria.

      Gero, lurretik jaikita, bekoki zimurra eta bizar zuria darakus, begitzun ospela betilunpean daukala.

      Halako batean argia sartzen dan irrinartetik zehar bele bat sartu zitzaion, eta mokotik eskura zerbait eman zion gizon zaharrari.

      Haragi zati bat zan eman ziona priztiak gizon itzalari, eta gizonak beleari abegi ordez mokoa zabaldu zion eta behatz zimurrakin kilikatu zuan.

      Kua-kuak erantzun zion beleak eskarrak adirazi nahi izan balizka bezela.

      Priztia eta gizona honetan zirala, horra non pauso zarata aditu dan hurbilan.

Gizonak atera erten zuan eta hurbiltzen zetorrenari begira zain jarri zitzaion.

      Emakume bat zan zetorrena marakulua bezin bare hagai luze bat eskuan zekarrela, eta berakin bidea aztartuaz iritsi zan, noizbait bazan ere, ermitatxora.

Orduan ormetan ikutuaz sarrera bilatu zuan eta barrura sartu zan.

      —Itsua da esan zuan zaindari zarrak —eta zelatan egon zitzaion.

      Itsua zan, izan ere, ermitaraino hagaia gidari zula iritsi zana. Belaunikatu zan, eta ikusi balu bezela, Amabirjinaren ekantz aurrez ahuspeztu zan otoi gartsua zegila.

      —Ama, amatxo nerea —esan zuan itsuak— lehen bai eta orain ez dakuskit Jaunak sortu zituan gauza ederrak. Ez dakuskit izarrak zeru sapaya apaintzen; ez dakuskit egunsentiko ziargi gorriak; hain gutxi eguzkiak irargitzen ditun itsaso eta mendiak. Lehen bai eta orain ez; hau da herio mingarria! Badantzudaz iturritxoen burrundatxoak; badantzudaz orrien zizpuru leunak eta ez dakustaz bere ur leiarrak eta margo politak. Txorien kantua aditzen detanean zoratzeko pozean egoten naiz, baina kantua isiltzen bada, bihotzean mindura eragiten dit; sumatzen det kaiola barruan saltoka baso aldera ihasi nahirik dabilela, bera katibu eta ni ilunpean! Itsaspean bizi diran arrainetara iristen da argi ongilea eta nik ezin nezake ezertxo ikusi. O, zer zoriontsua dan arraina! Satorra lurpean bezela itsu nago. O, aingeruen Ama! Zabaldu idazu bada leiho zerukorra eta betorkit ziargi ongarri bat begietako lausoa banatzera.

      Hau esanda amaitu zuan itsuak bere otoia, eta lurrari bere arpegia ezarrita zizpuru garrantzak zerizkan.

      Honela zegoala zaindaria ermitako atean agertu zan, eta esan zuan:

      —Ederrak dira eguzkiak darakuskiguzan gauzak, Sortitza alaitzeko Jaungoikoak irazan zituanak, baina ederragoak dira zinezpenak darakuskigunak. Txoriak eresten dun eresitxoa kaiolan baino basoan pozgarriagoa ohi da; ez badakizu ere kaiolaren antzekoa da gure bizia, eta gizonaren baso berexia paradisuan dago. Zaude oraindik; itsu errukarria, ilunpean zauden gajoa; ez daukazu urruti irargituko zaituan egun alaia; ez egizu harenganako itxopenik galdu. Jaso daitzatzu begiak zeru aldera, ez arpegikoak, bihotzekoak baizik, eta zuretzat dauden irazgigarriak bertan ikusiko dituzu. Bera dezu nahi zendukean leiho zerukorra.

      Hau esatez zaindariak amaitu zunean, emakumeak bekokia lurretik jaso zuan eta ate aldera itzuli zuan arpegia.

      —Ene! Zer dakust? —esan zuan zaindariak itzalki.— Larrosa zera?

      —Bai, eta zu?

      —Zuk saldu zenduna —erantzun zion zaindariak.

      —Lauziri?

      —Bai, Lauziri —esan zuan zaindariak lurpetik ertendako ahotsa zirudian hitzakin.

      —Ene Jesus maitea! Bizi zera eta ezin ikusi zaitut.

      —Zertarako nazu ikusi, ahal baninduzu ere?

      —Egundaino ahaztu ez zaitutalako, zerorrek beste gauzarik baderitzotzu ere! O, zer garrazki ordaintzen detan gaurko egunez, egin nizuan bihurkeria!

      Zaindariak, Larrosagana hurreratuta, belarrira:

      —Parkatzen dizut! —esan zion.

      —Parkatzen didazula diozu? —esan zuan Larrosak zaindariaren eskuak hartuta muinka jan beharrean.

      —Bai, Larrosa; nahikoa zigortu zaitu adu zitalak; orain otoi bat alkarrekin egin dezaiogun Jainkoari berriz alkartu gaitulako eskerrak emanaz.

      Bakoitzak bere kabuz otoi egiten ari zirala belea sartu zitzaieten, eta berak ere otoi egin nahi balu bezela, Kua! esan zuan.

 

LARROSA TA LAUZIRI
Jose Elizondo

Eskuizkribua, 1910
Euskal Esnalea, 1913 (Martxoak 30, Apirilak 15 eta 30, Maiatzak 15)
Martin, Mena y Cia-ren Echean, 1913
armiarma.eus, 2015