LARROSA TA LAUZIRI
Jose Elizondo

Eskuizkribua, 1910
Euskal Esnalea, 1913 (Martxoak 30, Apirilak 15 eta 30, Maiatzak 15)
Martin, Mena y Cia-ren Echean, 1913
armiarma.eus, 2015

 

III

ALARGUNA ETA UMEZURTZA

 

      Kinar lerdenak arantzaren auzoa maite duan bezela, atsegeak ere oinazearen auzoa nahi izaten dula dirudi.

      Era berean Pelix zanaren alargunari ere atsege galgarriak mila oinaze tailu birbildu zizkan.

      Senarra bizi zanean urri bizi bazan, alargunduta urritea garrazki ugaldu zitzaion.

      Eta hala ere huntza hormari ezarrita dirauan bezela, bera ere, atsegeari ezarririk, haurtxo maitagarria haziaz, erme zirauan.

      Garailari anitz koroitu izan ohi dira eta atsegearen garailari trebeentzat gorespenik ez dauka mundu makurrak.

      Beste leku hoberen batean sarituko dirala otoi dezagun, Jaun ahaltsuaren ondateari dagokionagatik.

      Atsegeak erazartzen zion arantzetatik zorrotzena, umeak aitagatik egin ohi zion itaupena zuan.

      —Aitatxo non da? —itautzen zion sarri.

      Amak, leihotik zehar zerurantz begiratuaz, «Han» erantzun ohi zion.

      —Noiz etorriko da? —berritantzen zion haurrak.

      Orduan zer erantzun ez zekiala umea magalean hartuta musuka erabili ohi zuan, haurrari musu gorria bere malko kixkarrekin bustitzen ziolarik.

 

      Epe tailu guziak iragan ohi diranez, atsegearen epeak ere baditu iragankaiak.

      Horrela dala eta, Pelixen alargunari atsegearen iragepea heldu zitzaion.

      Pelix zanak laga zion mendua tantaituta zekusan, zurtzaro herbala iraganda gero.

      Aita zanak ohi zuan bezela, bera ere egunoroko ogia kentzera itsasoa urratuaz joan ohi zan, alargunaren lagungarri zindoa zalarik. Hogei urte zituan.

      Bera bainon zintzoagorik ezin hautu zitekean; batez ere, txanponari ezik lauzirikoari ondo begiratzen zekiena zan.

      Beragatik Lauziri deitu ohi zioten. Baina gaitzizena gorabeheragatik ez zion ardurarik.

      Bera zan Larrosa heriondapetik aterata Txiliko iturrira arpegia garbitzera eraman zuan mutil zegazta.

      Baina dasagun eparoan tantaia bezelakoa zan eta bizkar zabalakiko mutil ermea.

      Zarauzko neskatxit gehienentzat ikuskarri berexia zan, baina hetan ederrak aukeratu bazitezkean ere, ez zan bere begietarako Larrosa adineko bat.

      Egunoroko itsastea eginda etxeratzen zan bezin laster, Larrosa ikustera joan ohi zan.

      Aterik jo behar izan gabetanik ezkaratzean aurrera sartuta bertan arkitu ohi zituan Larrosa ta Larrosaren ama bere zain zeudela.

      Ama ardatza eta goruakin iruketan, eta Larrosa galtzetaginan orratz eta artilariakin ari zirala, berak arrantzako aldarteak edesten zizten.

      Gero, hurrengo egun artean agur eginaz, Larrosaren begi urdinetara begiratuta etxeratzen zan amets zoragarriak eginaz.

 

LARROSA TA LAUZIRI
Jose Elizondo

Eskuizkribua, 1910
Euskal Esnalea, 1913 (Martxoak 30, Apirilak 15 eta 30, Maiatzak 15)
Martin, Mena y Cia-ren Echean, 1913
armiarma.eus, 2015