Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999

 

 

Azkena

 

      Uste baino errazago irten zaizkit lerro guztiok. Hasierako beldur haiek hitzok idatzi ahala joan dira ezkutatzen, barea harri azpian bezala. Hitz bakoitzarekin nabaritu dut ene egia argituago, adieraziago. Hitz bakoitzarekin handitu naiz eta egin naiz aske. Orain ez dago zalantzarik eta azkureak desagertu egin zaizkit oro, bizkarraren erditik. Barnean neukan harra geratu da betirako hilik.

      Inorentzat ez dute izanen, agian, baliorik baina nahi duenak badaki non aurkitu Gizon Berriaren albisterik. Non eredurik.

      Oraindik ez dakit zer egin paper hauekin. Botilarik ez dago hemen eta itsasorik ere ez. Agian hegaka jaurtiko ditut, patiorako leihotik. Ez dakit. Berdin zait hori.

      Simon Azkuek ez dauka ezeren beharrik, aski baitu bere baita hutsarekin. Ez beraz eduki niganako kupidarik. Zuek zarete hemen kupidagarriak, benetako errukarriak. Nik egindakoari izugarrikeria dela iritzi eta lotsatuta zaudeten guztiok, ez duzue ulertzen fitsik. Ez dakizue Egiazko Gizonaren berririk.

      Zalantza dut, ordea, Rita ere ez ote den zuen artekoa eta ez ote duen nahiago gezurrezko neurrietan bizi. Ez dakit argi ongi ulertu ote duen nik egindakorik.

      Ez dut berarekin ganoraz mintzatzeko astirik izan baina duela hilabete batzuk agertu zen aldi bakarrean, guztiz ederra ikusi nuen, mintzagelako leiharraren atzean. Beltzez jantzita etorri zen goitik behera eta iluntasun hartan, bere begiak argi bakar egin zitzaizkidan, itsasoan farola bezala.

      Nekatuta zegoela esan zidan eta une batez, malkoek areagotu zuten bere edertasuna. Nekatuta zegoela esan zidan bai, eta erantzuteko benetan egin behar zizkidan galderei.

      Oraindik ez da jabetu, dohakabea, nahiago dudala hilik berari gezurretan ibili baino. Ez da konturatu, maitea, bere argitako eguteran soilik hazten dakien izakia naizela. Ez du ezagutu oraindik, gu biontzat lur honetan sortu dudan zeruaren albisterik. Ez zidan ezer esateko astirik eman.

      Madrilgo Burtsa Etxea neuk lehertarazi ote nuen galdegin zidan lehendabizi eta baietzaren ondotik, zergatik egin ote nuen hori galdegin zidan gero. Batere zalantzarik gabe erantzun nion nik egia, gordin-gordinik.

      — Zuregatik maitea, zuregatik.

 

      Istan hartan jeiki egin zen bere jezarlekutik eta alde egin zuen nire bistatik. Ez da gehiago etorri. Inoiz etorriko ote den ere ez dakit. Baina berdin zait hori.

      Ikusi gabe ere badakit Rita non dagoen une honetan eta zertan dabilen. Parkeko gure eserlekuan, mimosen azpian, Peneloperen antzera, niretzat trikota egiten.

      Aurrean du itsasoa eta atzean zelai berdea. Erdian dago bera, niretzako hariak bata bestearekin josten. Azkar mugitzen ditu horratzak eta jolas horren lilurak harrapaturik, laster hurbilduko zaio gizonezko bat eta bi besoak luzatzeko eskatuko dio Ritak mataza hariltzen laguntzeko. Askatzenago sumatuko du gizonak bere barrena eta erabat maitemindu baino lehenago, jertsea norentzat ote den galdetuko du, irrikitan.

      Egiazko Ulises nor den esango dio orduan, Ritak.

      Ez dago munduan ni bezalako gizonik. Zoriontsua naiz, zoriontsua guztiz eta erabat, nola arraina uretan.

 

Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999