Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999

 

 

Itzulera

 

      Joaterakoan baino laburragoa egin zitzaidan Parisetik etxerako bidea.

      Burua bor-bor nekarren bizi izandako gertakizun ugarien karian. Batez ere Louiseren aurpegia neukan neure parean, autoaren leiharrean balego bezala itsatsita. Aurpegi ezti baina kezkatua: ez zaitut ondo ikusi Simon, esan zidan, agur egiteko orduan. Partitzeko tenorean ere ez al didazu esango zertara etorri zaren Parisa?

      Hantxe geratu zen bere galdera eta guzti adio esateko eskua jasota emakume haundia. Emakume santua. Orain kartzela zoko honetan maiz damutzen naiz harekin behar beste ez profitatu izanaz.

      Kontuak kontu, T8 leherkari guztia nekarren aldatzeko gurpilaren azpian izkutatuta, kloratita, ostera, neure ipurpean jarrita. Bata eta bestea, banaka ez ziren arriskutsuak, biak batutakoan, ordea, zerutik entzuteko moduko trumoia sor zezaketen haiek, beranduago eta Madrilen ikasiko nuen bezala.

      Gainera, oso-osorik nekarren bueltan, haruntza eramandako diru guztia. Elosegik bidaliko zituen fakturak hurrengo hilabetetik aurrera eta kito, horixe izango zen betebeharreko guztia. Inork ez zeukan jakin beharrik nire aferaren berririk. Neronek antolatuko nituen denak, gure laborategi gasto arrunten artean estalirik.

      Elosegi txoripito eta txolina. Didier Dorisek berarekin nola jokatzen zuen ikusitakoan, hura ez zela elkarrekin lan egiten zuten lehenengo aldia jarri zen agerian. Elkarri gauza handirik esan gabe ulertzen zioten elkarri bi lapur haiek. Hamaikatxotan ibiliak ziren bi piratak elkarren inguruan eta elkarren mesedetan. Elosegi txoliña, kakanarro ostia. Parisen norbait bazen, hala ere, halako erdi-gizona. Edonor izan zitekeen norbait eta zerbait, antza, Parisen. Norbait eta inor ere ez, biak batean, halako hiri handian. Eskala kontua da guztia.

      Grazia egin zidaten, kontua ordaintzerakoan, hoteleko langileak esan zizkidanak. Frantziar osoa zela utzi zuen agerian.

      — Merci Monsieur. Nous avons été trés heuseuses d’avoir eu votre visite. La prochaine fois que vous reviendrez a Paris, revenez nous voir. Merci Monsieur17.

      Politesse txoroa frantziarrena. Erabili gabeko gela ordaintzen niolako pozten zela esan ordez, ni zaintzeagatik oso zoriontsu zela esan ez zidan, bada, babo halakoak. Kortesiarekin estaltzen dakite maltzurkeria. Balizko edukazio onarekin, gaiztakeria.

      Alabaina guztien artetik egiazki trés heureusel8 zegoen bakarra ni nintzen han, Pariseko itzuliari halako etekina aterata: futbol estadio oso bat hankaz gora botatzeko lain leherkari neukan ipurpean, gainera merkea eta segurantziaz erabiltzeko modukoa. Ez zen negozio txarra terrorista lanetan hasi berri batentzat. Eskerrikasko Elosegi, izango huen bai nire albiste, bihar edo etzi.

      Itzulerako bidaian erretxindu ninduen kontu bakarra Ritaren akordua izan zen. Hainbeste egun hura ikusi gabe egonda ez nuen sekula pentsatuko hain eroso ibil nintekeenik munduan. Egunoro deitu nion telefonotik eta egunoro erantzun zidan gauza guztiak bere lekuan zeudela, umeak ere ondo zebiltzala eta egoteko lasai. Bladi ere ahazten ari zela Alemanian ikusitako dolua. Izatekotan ere, gaingainean zituen kazetari samalda haiek ziren gauza nabarmen bakarra, ustiatu egin nahi baitzuten denek beren onerako Hans Lauer terrorista ospetsuaren alarguna euskalduna izatea.

      Inork eskeini gabeko hurbiltasun horrek, Alemaniako terrorista gogorrenaren andrea euskal herritarra izateak, alegia, senitartekoen eskubidea bera ematen ziela iruditzen zitzaien journalistei, eta ez zuten ulertzen ahal zer dela eta ez zuen Rita Zabaletak fitsik esan nahi kamera-mikrofonoen aurrean. Zer dela eta mesprezatzen zituen hain biziki kazetari lanbideak emandako eskubide santua bete nahian zebiltzan piztia haiek.

      Irrati eta egunkarietatik ez omen zuten bakean lagatzen egun osoan. Sevillako eta Valentziako telekateetatik ere etorriak omen ziren kazetariak espreski berari galdetzera.

      Ritak kazetariak zenbateraino gorrotatzen dituen ederki dakit nik. Berak esaten duenez, harrak bezalakoak dira: gauzak usteldutakoan bakarrik agertzen dira, hala egin omen zuten Hans atxilotu zuten garaian. Kaka bazkatzetik bizi dira eta birziklaketa nazkagarri horri deitzen diote adierazpen askatasuna eta zeregin demokratikoa. Ritak beti esaten du, ez daukala nagusiak mirabe zintzo eta miserableagorik kazetaria baino eta halaxe izaten da hori, zinez.

      Neuk ere ederki jakin nuen hori, Madrilgo Burtsa Etxea lehertu ondorengo gunetan egunkarietan atera nindutenean: “hombre vinculado a la extrema izquierda vasca’’19 idatzi zuten behin eta berriz, nahiz eta jakin ezer gutxi zeukala ikustekorik nik egindakoak politikarekin. Kosta ahala kosta saiatu ziren denak batera eta aldi berean nahasten: Rita, Hans Lauer, Alemaniako Talde Antikapitalistak, Eukadi Ta Askatasuna, ni neu eta nazioarteko sare terrorista bat. Arbola eder askoak bota behar izan ziren behera, gezur guzti horiek argitaratzeko adina paper sortzeko. Ezin zuten ulertu inola, amodioa zenik nik egindakoaren kausa. Amodio haundi eta egiazkoa, gizonaren barrunbeak berak bakarrik betetzen dituen horietakoa.

      Derrigorrez nahastu zuten nik egindakoa beste guztiarekin eta neuk ere eduki nuen nahikoa lan komisaldegian, ekintza hura inoren laguntzarik gabe, bakar-bakarrik, egin nuela sinestarazteko. Kasu gehiago egiten zieten poliziek prentsan agertutako zozokeriei, neuk esandako egiei baino. Halakoxea da gaurko bizitza, norberak nahi duen eran mozorrotuta agertzen den denbora zatia, ez besterik. Gauzak egiazki nola diren bainoago, ardura dio norberaren aurriritziak eta belarriaren gustoko doinu gozoak. Irrati eta telebistetan ere, esatariak eta intelektual usteko gonbidatuak, ahobeteka aritu ziren nire afera aztertzen, zein baino zeinago. Filosofo ospetsu batek, nire ekintzaren arrazoia neure heziketan ikusi zuen: “Ni siquiera la fama científica internacional del DoctorAzcue pudo hacer olvidar su formación infantil en una de las primeras ikastolas del País Vasco”20. Zozo arraioa, emango nion nik formación infantil bikaina parean egokitu ezkero.

      Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut gure zoritxarra ez dela hainbeste inoren menpeko izan beharra, baizik eta frantsesen eta espainiarren kastakoak izatea gure menperatzaile horiek. Mundu guztia bizi da zela edo hala zapalduta, batetik ez bada bestetik, baina zapaltzaileak ematen dio zapalkuntzari kalitatea. Berdin dio zapalduaren izaerak, horrek ez dio axola eta ez du ezer aldatzen. Zapaltzaileak markatzen du beti jasanezinaren neurria.

      Seguru asko ni ez nintzen hainbeste kexatuko gure agintariak danimarkiarrak izan balira, edo suediarrak, edo nik al dakit, bada, nongoak. Azken finean, txikia beti izaten da txiki haundien artean. Guri frantsesak eta espainiarrak egokitu behar, ordea, aukera guztien artean. Bada hori zorte kaskarra. Batzuk munduko azkarrenen ustea dute eta besteak, ostera, ankerrak dira. Biak, hala ere, munduaren ardatza euren sukaldetik bakarrik pasatzen dela sinestuta bizi dira. Lehenengoak gaiztoak, bigarrenak friboloak, denak geure kaltean.

      Behin baino gehiagotan aritu izan naiz asmatzen zein ote litzatekeen eurenganako mendeku egokia, baina sekula ez zait aski begitandu nire irudimenak irudikatua: egiten diguten kalte guztia itzultzerik ez dago.

      Menpekoarengan gorroto asekaitza ernarazten, behinik behin, maisuak dira biak ala biak.

      Telekameren argitan kiskali gabe, ezin zuela ataritik lasai irten esan zidan Ritak. Haurrak ere ez zituztela bakean lagatzen, begi estaliekin gero nolanahi telebista programetan ateratzeko. Erotu egingo zela baina egoteko lasai. Ama Benita ondoan zeukala eta konponduko zirela biak sahi guzti haiei bizkar emateko. Nire egunoroko deia jaso behar zuelako izan ez balitz, aspaldi kenduko zuela telefonoa bere lekutik, esan zidan.

      Halako gauza txikiek jartzen naute ni sutan, oharkabean esan gabe bezala esaten direnetan joaten baita benetako pentsamenduaren islada. Hans Lauerren alarguna Rita zela esatea bezala, Rita ez baitzen Hans Lauerren ezer nik dakidala behintzat, lagun ohia izan ezean. Hortik alargun izatera bazen tarte apur bat. Nire andrea zen Rita, nire-a. Gu bion umeen ama zen, ez beste ezer.

      Baina kazetariek bazuten bazka nahikoa gurekin: Simon Azkue Doktorearen emaztea, Hans Lauer terrorista alemaniarraren andrea izandakoa zen lehendabizi. Zer besterik behar zuten, nahi adina idazteko. Bazuten Rita, banindeukaten ni, bazeukaten Hans eta bazuten Bladi. Telenobela txoro horietako bat osatzeko lain eta gehiago.

      Etxera iritsi nintzenerako ez zebilen inor inguruetan. Goizeko lauak ziren eta beste ezer baino lehen, gure sotoko bazter batean gorde nituen leherkariak: T8a armairu zahar baten barnean, arrantzurako xira eta anorak zaharren azpian, eta kloratita, txakurren pentsua egoten zen kaxa batean. Urruti nahi nituen ikusi bata bestetik.

      Oinpuntatan sartu nintzen gure gelan eta Rita ohartu ere ez zen egin nire etorreraz. Haundi-haundi eginda zegoen Ixabelekin: izaren eta tapaki guztien azpian ere nabaritzen zen haren haurdunaldia. Loaren arnasa barea entzun nion eta musika fina iruditu zitzaidan. Bere ondoan etzan nintzenean, gorputz usain hura zela nire aberri bakarra jarri nintzen pentsatzen, lurralde egiazkoa. Etxera itzulia nintzen, nire maitearen altzora. Berezkoa nuen leku neurera. Babestuta sumatu nuen han neure burua, nola bordan galdurik ibilitako ardiak.

 

Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999