Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999

 

 

Bizimodu berria

 

      Madriletik itzuli eta Ritak labean erretako barbarinak afaldu nitueneko gau hura, Gizon Berriaren lehen gaua izan zen niretzat. Nekatuta iritsi nintzen etxera, aste guztia Madrilen ibili eta gero. Hiru mutikoak amonaren etxean ziren eta gure ohean Ixabel txikia zegoen lotan kizkurtuta. Seguru asko, hegazkinean nirekin batera etorritako guztien etxeetan antzeko eskenaren bat gertatuko zen, nor bere habira iritsitakoan baina, hori hala zela jakinda ere, niri bakana iruditu zitzaidan gure etxekoa.

      Eztiki eraman nuen Ixabel gure ohetik gelako sehaskara eta bere gorpuzņoaren pisu arina nire besoetan nuela, aurpegira behatu eta irribarrez esan nion ez izutzeko nirekin. Aita Berria ninduela, bai, baina lehengoa baino hobea. Lehenago baino hobeto zainduko nuela une hartatik aurrera, leku gehiago baineukan nire baitan berari eskeintzeko. Esan nion, nire barneko xaiatik bota egin nituela alferrikako sareak eta tresnatzar zaharkituak, garbi-garbi neukala jarrita dena barnean eta handik aurrera berarentzat eta bere hiru nebentzat izango zela ordura arte neure buruari eskaini nion alferrikako denbora guzti hura. Eta amatxorentzat ere bai, jakina. Amatxorentzat ere izango zen handik aurrerako denbora guztia.

      Bere loa eten gabe entzun ere ez zidan egingo gaisoak baina, batbatean, irriņo bat egin ote zidan iruditu zitzaidan bere gelarako ilunpetako bidean. Musu eman eta amultsuki etzan nuen bere lekuan.

      Etorriko zenerako eskenategia prestatzen hasi nintzen horrela, neke guztien gainetik, Rita neure egiteko gogoa baineukan gau hartan. Gauza bat eta beste, hilabeteak ziren elkarrekin haragi lanetan egon gabeak ginela. Prezeski, Alemaniara bidaia egin aurretik utzi genion elkarren dastamenari, Ixabel handiegi baitzegoen orduan Ritaren sabelean gu biok maitasun jolasetan hasteko.

      Afaldu bitartean Ritak ez zuen Madrilen gertatutakoaz txintik ere esan. Beti izaten zen halatsu bazterren batetik indarkeria ekintzaren batek muturra bistatzen zuenean. Baina gaizki diot, ez zen beti hala izaten, ETAk ekiten zuenetan bakarrik geratzen zen isilik eta mutu Rita, gertakariaren gaia saihestu nahirik bezala. Ekiten zutenak poliziak edo bestelakoak baldin baziren, orduan Ritaren ahoa zingira zikin bihurtu eta sekulakoak isurtzen zituen ezpainetatik kanpora. Ez da sinestekoa halako emakume eztiak nola ager dezakeen batzutan osinezko mihingainik.

      Ritaren ustez menpekoak eta txikiak egindako oro da barkagarri. Baita izugarrikeria ere. Zerbait gertatzen den bakoitzean, berak ezer ez esateaz gain, ez du nahi izaten beste inork esandakoa entzuterik. Ez du ezer jakin nahi izaten txikiaren kontrakorik. Erlijio mardul bilakaturik dauka fede arin hori. Ederki ikasita daukat nik ikasgaia eta gure etxean albiste negargarriak ezagutuko ez bagenitu bezala jokatu behar izan dugu beti, ETAk zerbait egiten duenetan. Gehienezko kexu gisara, “oraindik hala ibili beharra ere” entzun izan diot noiz edo noiz Ritari.

      Aitzitik, esan bezala, espainolek eta frantsesek egindako orori erizten die beti bihurri, baita presoren bat edo beste tantoka aske uzteari ere. “Zerbait badiate orain ere, horiek ez zekitek guri dohaineko mesederik egiten” esaten du halakoetan, ez dagoela sekula etsaiarekin fidatzerik eta eskatuko digutela ordain garestia, handik ez bada, hemendik.

      — Gure galzoria nahi ditek, schatz —esan izan dit— horregatik ez ditek sekula ezagutuko nire errukirik.

      Ni ez nintzen izaten beti Ritaren uste berekoa baina, aitor dezadan, harrotu egiten nintzela nire emaztea horren doilorki jokatzen ikusten nuen bakoitzean. Iruditzen zitzaidan gure arbaso emezko guztiek jokatuko luketen bezala jokatzen zuela berak, etsaiak gorrotatuz eta anaiak maitatuz, ahula goretsiz eta indartsua gaitzetsiz. Badauka pentsatzeko era horrek halako emetasun edo amatasun bat galtzailearen jokabidea egiazko bihurtu eta tinko iraunarazten duena, gure herriko emazteen baitan.

      Berdin zaio Ritari komunikabideetatik zertzuk kontatzen dizkioten. Denak dira gezur borobil berarentzat. Bere sofrimenduak iturri bakarra dauka, eta hala, politikari edo poliziaren bat tiroka akabatzen duten bakoitzean, hildakoaz baino gehiago errukitzen da tiro egin duen mutilaz, errazagoa baita Ritaren ustez norbera hiltzea, hurkoa akabatzea baino. ETAko partaideek eginiko izugarrikeriareik larriena zekien eta daki ulertzen berak, edo hala iruditzen zait niri, behinik behin.

      Berehala ohartu nintzen gau hartan, Madrilen nik egindako triskantza, taxistaren antzera, ETAkoei egozten ziela berak ere, ez baitzuen nahi izan gai hura afalordu guztian aipatzerik. Udazkeneko usoak bezala pasatzen ginen gaiaren gainetik nik elkarrizketa hartara eramaten nuen aldioro.

      — Norbait harrapatuko ditek orain ere eta jipoituko dizkitek ederki gaiso horiek komisaldegian —Horixe izan zen esan zuen guztia, ez besterik.

      Hortik aurrera neuk hartu nuen hitza, halako barne mina eragiten baitzidan nik egindako balentria Ritak besteren bati egozteak. Ezin nion ezer esan, are gutiago beragatik egin nuela egindako guztia aitortu, baina hortik nire meritoa beste norbaiti ematera, bazegoen demaseko tartea.

      — Nola dakizu ETAkoak izan direla? —galdegin nion.

      — Nor bestela? —erantzun zidan.

      Eta neu ere mutu geratu nintzen, ezer erantzun ezinda. Ritak ez ezik, mundu guztiak pentsatuko baitzuen horixe: Simon Azkuek egindakoaren erantzulea ETA zela. Kaka putza. Gizon Berria bera ere jeloskor jartzeko modukoa zen hori.

      Izanak izan, ez neukan lehenengo gau hura nire pentsamenduen erruz galtzeko asmorik eta ez genuen gehiago Madrilgo Burtsarik aipatu afaldu bitartean. Gure hitzak eremu gozoagoetan ibili ziren eta biok konturatu ginen, aspaldiko asteetan elkar ikusi gabe ibiliak ginela. Ritak irriz esan zidan,

      — Edertuta itzuli haiz Madriletik Simon.

      — Halaxe dun, maitea —erantzun nion nik harroki— hiregatik dun hori.

      Sukaldea elkarrekin jaso ondoren, kafe antosinkada bana hartu genuen eta ondoren, sekula ez bezala, Martell kopa beretik edan genuen biok gozoki. Rita bera izan zen etorriko zenari sarrera jarri zion lehenengoa.

      — Ez zeukat batere minik, ahaztuta zeuzkat Ixabelen puntuak —esan zidan eta nik ezin euki nuen hura baino gomite ederragorik.

      Nire bizitza guztiko gaurik ederrena izan zen hura, elkarren aldamenean, gainean eta azpian jarrita, edonola, ikusten nuen neure burua Paradisuan sartuta. Bata bestearen barruan, biok erabateko zorionean. Lotarako begiak itxi baino lehen, berriro esan zidan edertuta itzuli nintzela Madriletik, eta ez hori bakarrik.

      — Ez zekiat Simon, gaztetuta topatzen haut edo, behinik behin, aldatuta. Beste bat dirudik.

      Nik dakidala ez dut sekula ezagutu gau hartakoa bezalako loaldi sakonik. Haur nekatuek bezala egin nuen lo, nola harri koskorrak bere lekuan.

 

Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999