Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999

 

 

Commercium pacem firmat

 

      Aireak berez emanda bezala etorri zitzaidan Madrilgo Burtsa Etxearen helburua. Helburu aparta, dotorea, beste ezer eta inon ez bezalakoa.

      Baionako Katedrala lehertzeko asmoa aldatu behar nuela Parisen erabakitako unetik, banekien gutxienez bi berezitasun batu beharko zituela helburu berriak.

      Bata, diruarekin euki beharko zuen zerikusia. Hauta nezakeen beste edozein ere: Senatua edo Kongresoa, Espainiako Erregearen palazioa, Valle de Los Caidoseko gurutze erraldoia, Pariseko Euro Disney, El Corte Inglésa, Bruselako Parlamentua, Escoriala, zubi bat, metroa, museo edo antzerakoren bat. Denak zitezkeen helburu entzutetsuak behin eztanda eta gero. Baina ez, erabakita zegoen: dirugune bat lehertuko nuen, XX garren mende bukaerako egiazko agintegune bat. Txontxongiloaren harien jabeak ipiniko nituen ipurdiz gora eta estuasunean.

      Bigarren berezitasuna: zer gerta ere, etxetik kanpora burutuko nuen ekintza. Triskantza, mina eta zorigaitza beti dira auzoan hobeak norberaren etxean baino. Lehendik ere ezagutuak gara hamaikatxo atsekabe eta ez zegoen berri baten beharrik. Zauri gehiegitatik isuria dugu odola eta nigarra, beste baten gora beherak ez zuen gure odolustutzerik ez azkartuko ez eta ere baretuko. Kanpoan egingo nuen, beraz, egitekoa, Espainiako Erreinuaren epizentroan: Madrilen bertan.

      Haseran, Pariseko La Defensen ikusitako eraikinen bila ibili nintzen Madrilen eta guztien artean Kio dorreak begitandu zitzaizkidan garaien ikurrik ikurrenak, baina berez eroriko zenari ez zegoela zertan bultzaturik sartu zitzaidan buruan. Pisako dorre berritu eta bizki horiek zutik eusteko nahikoa lan izango dute bestela ere, zimaurra baitute oinarrietan, burnia eta porlanaren lekuan. Aski izanen da euri zaparradaren batek bustitzea zimaur hori, irakiten hasi eta bere kaka-lurrunetan irentsita gera dadin betirako.

      Ekonomia Ministeritza lehertzea pentsatu nuen gero baina honek ere ez zidan balio: beste Ministeritza bat baizik ez zen hainbesteren artean Ekonomiakoa. Berdin zion Nekazaritzakoa edota Garraioetakoa lehertzen banuen. Ministeritza guztiek aurpegi berbera dute Madrilen: izan nahi eta ezinarena. Nabarmena behar nuen nik helburua, bakarra.

      Madrilgo Unibertsitate Complutenseak ernaltze berrien inguruko hitzaldi bat ematera gonbidatu ninduen batean aurkitu nuen helburu berria. Ritz Hotelean neukan ostatu egun haietan eta hantxe, atari parean ikusi nuen nire gosearentzat ogia: Madrilgo Burtsaren Etxea.

      Hantxe zegoen harro, Leialtasunaren Enparantzan bertan,

      Zintzotasunaren Plazan, eurek Plaza de La Lealtad deitzen duten horretan, eskailera bikain baten gainean sei zutabe korintiar galant zituela. Barnean, kontratazio sala erraldoi bat, pantaila elektroniko haundi baten argitan. Pantailan, mundu guztiko balioen prezioak, hasi Estatu Batuetatik eta Txinara bitartekoak. Inguruan, ehundaka monitore zifra aldakorrez jantziak. Garia eta altzairuaren prezioa, gurpilena eta porlanarena, gasolina eta irinarena, dena egoten da han jarrita. Erabakita zegoen. Madrilgo Burtsa lehertaraziko nuen batere ezpairik gabe.

      Ekintza nola burutu zehazteko hilabete t’erdi neukan, orduan edukiko bainituen egun batzuk berriz ere Madrilen, Nazioarteko Ginekologoen Simposiuma zela eta.

      Denbora horretan, borreroa eta zigortuaren arteko harremana sortu zen etxetzar haren eta nire artean. Madrilgo Burtsaren historia eta eraikuntzaren nolakotasunak ezagutu ahala, handitu egiten zen, une batetik bestera, berarekiko lilura. Erakarpen hark areagotu egiten zuen nire erabakia bai bainekien, zenbat eta garrantzizkoago eritzi etxe hari, ederragoa, eta batez ere, niretzat eragingarriagoa izanen zela egin beharrekoa.

      Hans Lauerren balentria ororen gainetik hegaldatuko zen nirea harro, eta betirako izango nintzen Ritak merezi bezalako gizon berria. Begietara begiratuko nion zuzen handik aurrera nire emazteari eta ez nuen bere ninietan beste inoren akordurik somatuko. Ni neu izango nintzen, eta batez ere, geu izango ginen Rita eta biok elkarren ondoan eta betirako.

      Sinpleegia lirudike baten batentzat nire zio honek baina ez dago gizona mugitzeko akuilu hoberik, bere benetako guraria zein den ezagutzea baino. Orduan ez du izutzen zaputzaren beldurrak, ez du nekatzen balizko oztopoak eta bidearen luzeak. Bi hitzetan esateko, hazi egiten da txingurri dena ere, digante izateraino.

      Madrilgo Burtsaren Etxea 1893garren urtean zabaldu zuten estrainekoz eta bere eraikuntzarako bazter guztietatik ekarri zituzten harri eta gailuak: sukarriak Vicálvarotik, hareharria eta marmolak Noveldatik, granitoa Berrocal eta Villalbatik, burnia eta Bessemer altzairua Bilboko Labe Garaietatik, salako brontzeak Zaragozatik, zinka Asturiasetik, beste marmol batzuk Italiatik, leiharrak Frantziatik eta armairuak Ingalaterratik.

      Hainbeste bazterretatik etorritako materialeek sintesi perfektoa eratzen zuten niretzat. Bere harrotasunean, handik eta hemendik hartutako gauzez antolatutako etxe kitsch nabarmen bat baizik ez baitzen Madrilgo Burtsaren Etxea. Mila gauza batera hankazgoratzeko aukera ematen zidan, mila ezaugarri, mila ikur, mila sinbolo, eta aldi berean, beste ezerekin bezala asetuko nuen neure gogoa.

      Hala ere, gehien atsegin nuena, bertako liburutegian aurkitu nuen. Han esaten zenez, Enrique Repullés izan zen arkitektoa eta beste sei projektorekin lehiatzeko aukeratu zuen lema aparta egin zitzaidan.

      Beste zenbait arkitektok “España”, “Fortuna”21, “Cuatro por ciento”22 eta antzerako pitokeriez bataiatu zuten euren projektoa. Repullés jaunak, ostera, latin zaharra hautatu zuen berearentzako: “Commercium pacem firmat’’23. Izen hori hatatze hutsagatik emango niokeen, neure esku egon izan balitz, eraikin hura berak jasotzeko enkargua.

      Gainera, ehun urteren buruan, Espainiako ordezkari guztiek egin zioten gorazarre etxetzar hari: Maria Cristina Erreginak, Alfonso XIII garrenak, Cánovas eta Sagasta errestauratzaileek, Silvela, Maura eta Dato kontserbadoreek, Canalejas, Moret eta Romanones liberalek, Primo de Rivera diktadoreak, Azaña erreplubikarrak, Franco diktadoreak, Juan Carlos I erregeak... Gure zapaltzaile denak eta guztiek goraldu zuten noizbait Madrilgo Burtsa Etxea eta niri eta ez beste inori zegokion hura hankazgoratzeko loria.

      Alanbike bat bailitzan, Espainiak azken mendean izandako era guztietako aginteen arrastoa gordetzen zuen bere baitan Leialtasunaren Plazako etxetzarrak, gerra garaian ere ez baitzen sekula itxi Burtsaren Etxea, beti gauza eta kalapita ororen gainetik egon izan balitz bezala diruaren garrantzia. Inon ez bezalako helburua neukan bertan, neure gose nagusia asetzeaz gain, sinbolikoki, beste hamaika gose txikiago baina egiazko ere asetuko bainituen aldi berean Burtsaren leherketarekin. Mokofinentzako moduko janaria zen hura.

      Leherkariak non jarri ere erabakita zegoen: bat edo bi, goiko solairuetara ematen zuten eskilarapetan jarriko nituen; beste batzuk, gizonezkoen komunetan; eta jartzeko zailen zirenak, salaren albo batean, Arsuaga markako erloju zutin, erraldoi eta rococó baten barnean.

      Zaila bazirudien ere ez zen ezinezkoa Europako Ginekologoen Elkarteko zuzendaritzaren partaideetako bat zen honentzat.

      Esan eta egin, batzordeari neuk hala eskatuta eta gure biltzarleku izango zen Ritz hotelaren hurbiltasunaren aitzakian, jardunaldi haien zereginetako bat, horixe izango zen: El Prado bezala, Europako bazterretatik etorritako 175 ginekologoei Madrilgo Burtsa Etxea erakustea. Halaxe proposatu eta halaxe oniritzi zen aho batez: Otsailaren zazpian, Madrilgo Burtsa bisitatuko genuen denok elkarrekin, bertako Presidenteak eskeinitako ohore guztiekin.

      Zer hoberik, halako taldearen babesa baino, batere susmorik piztu gabe sarrera nagusiko segurtasunak ekiditeko? Ez gintuzten 175 lagun eta Presidentea bera arakatuko. Ordubete baino gehiago behar da horretarako.

      Otsailaren zazpia bitartean, biderkatu egin zen denbora: ematen zuen ordu bakoitzak 60 minutu euki ordez, berrehunen bat zituela. Ez zen berehalakoan etorri egun seinalatua!

      Egunoroko bizitzari ekin nion nik egun bukaezin haietan eta esan dezaket, harritu ere egin nituela lankideak laborategian erakutsi nuen adeitasunarekin. Inoiz baino gozoago ibili nintzen Unibertsitateak musu truk bidali zizkigun ikasleekin eta denentzat aurkitzen nuen lan eta hitz gozoren bat.

      Egun haietan, Ixabel sortu zen eta haren etorreraren pozak borobildu egin zuen gure etxeko giroa. Ezin adieraz dezaket haren burutxoa Ritaren barnetik agertzen ikusteak zer eragin zuen nigan baina, oharkabean, malkotan somatu nuen neure burua pozaren pozean. Besteetan ez bezalakoa izan zen hura edo, agian, gizon berria izateko atarian egoteak, areagotu egingo zidan zirrararako gaitasuna. Ez dakit, baina Ixabelen etorrerarekin bezalako pozik ez dut nik beste inoiz ezagutu. Ritak esaten zuen, hainbeste mutiko apaju gobernatzeko ongi etorriko zitzaiola alaba bat eta bere azal ximur eta guzti, huraxe zela munduan zegoen neskatilarik ederrena.

      Neuk ere, zin dagit, haur jaioberriak milaka ikusitakoa izanagatik, ez dudala Ixabelen ederreko beste inoren oroimenik: ilea eta begiak beltzak ekarri zituen, amaren ezpalekoak, gorpuzkera, ostera, neurea.

      Neska ederra izango zen hura hogei urterekin, ez zegoen zalantzarik.

      Besoetan hartzen nuen bakoitzean eta haren esne usain mingostua usaintzean, halako batean irentsi egingo nuela iruditzen zitzaidan, hain baitzen ederra pospolina.

      Ni neu, eztitan ibili nintzen igeri: Rita neurekin nuen, gure semealabak ere bai, eta gero eta gutxiago falta zen behin betirako ni neu izateko. Madrilgo Burtsa Etxea lehertzeko dena neukan prest eta antsitan nengoen hartarako, nola mendizalea gailurrerako.

 

Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999