Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999

 

 

Bidean

 

      Nire xedearen ondotik, abenduaren lehenean, Joxe Elosegiri deitu nion Parisa. Bera da gure laboratorioa azken hamar urteotan gai, tresna eta gailuz hornitu duen morroia. Txapela eta kaiku urdinberde batez jantzita ibiltzen omen da beti kalean, eta kurdua, palestinarra edo, besterik gabe, pailazoa dela pentsatzen dute berarekin kalean gurutzatzen diren paristarrek. Nazionalista zahar horietakoa da Joxe Elosegi, Luis Marianoren Maitechu mía entzuten duenean orgasmora iristen dakienetakoa. Txoro osti bat, Bilboko kaleak txakolindegiz josita jarraitzen dutela pentsatzen duten horietakoa.

      Gauza guztien neurria, Gernikako Arbolan du berak. Igoal esango dizu Gernikako Arbola baino handiagoa den kamioi bat erosi duela berrikitan, edo Gernikako Arbola bera sartzen dela euren etxeko egongelan. Bere zakila ere, Gernikako Arbola bezain zutina omen dabil oraindik.

      Euskaldunetik txapela eta kaikuaz gain ezer gutxi dauka baina berak, kontrabandista arima zaharra izan ezean. Bere bitartez lortzen ditugu laboratorioan behar ditugun guztiak, eta beste inon baino aukera hobean gainera. Berak bakarrik jakingo du nondik lortzen dituen horiek guztiak.

      Indurainek Tourra irabazi zuen bigarren urtean, Les Champs Elyseésera joan zen azken etapa nola amaitzen zen ikustera. Egun batzuk lehenago lau metroko ikurrin handi bat hartu eta jostunarengana joan zen, goitik beherako arropa egin ziezaion eskatzera. Indurain podiumera igo zenean, han ibili zen Joxe Elosegi, denok lotsarazten: bere prakak ikurrinaz eginak ziren, xakea ere bai. Buruan, beti bezala, txapela zeraman, hau ere ikurrinaren oihalez forratuta, eta oinetan artilezko galtzerdiak eta goma beltzezko abarkak, Azpeitian egiten dituzten horietakoak. Ahoan, Zeledonek adinako zigarro purua eta eskuan beste ikurrin handi bat, “Indurain Lehendakari” idatzita zeramana letra ikusgarritan. Euskal Telebistako irudietan behin eta berriz erakutsi zuten Joxe Elosegi, euskal zaletuaren paradigma bailitzan.

      Bero egin zuen, ordea, egun hartan Parisen eta Joxe Elosegik ospitaleko larrialdietarako lekuan amaitu zuen, bi oinak abarken barruan erregosirik eta pauso bakar bat gehiago eman ezinda. Hilabete behar izan zuen ospitalean egindako pitzatuetako zorneak sendatzeko. Azpeitiko abarkagileek ez dute ezagutzen, antza, Pariseko asfaltuaren berotasunik udako eguzkiak kiskaltzen duenean.

      Gerra garaian eraman zuten Elosegi eskutik Parisa ihesi joandako guraso lesakarrek. Muga maleta txiki baten barnean pasatu zuela kontatzen dio edonori, eta baliteke egia izatea, askoz gehiago ez baitu betetzen bere gorputz ñañarrak oraindik ere. Rohn Poulenc etxeko gaiak banatzen zituela eta hurbildu zen guregana, eta, egia, berak lortuko ez dizun gairik edo gailurik ez da oraindik sortu munduan.

      Hala ere, egia esan dezadan, Katedrala ipurdiz gora botatzeko lain leherkariren eskaera egin nionean, erotu egin ote nintzen galdegin zidan telefonotik harrituta.

      — Zertarako behar dituk hik hamazazpi kilo T8 eta bost litro kloratita? Eiffel Dorrea bidali nahi duk ilargira ala?

      Eiffel Dorrea ere ez zela niretzat helburu txarra izanen pentsatu nuen une batez. Entzute haundiagoa izango nuen mundu guztian gainera. Baina ez, erabakia hartuta zegoen eta nire inguruko etxerik garaiena, Baionako Katedrala izango zen nire helburua. Zalantzarik ez neukan horretan.

      Garai bateko jentilek ere horrexetan egin zuten ahalegina. Aiako Harriari zatiak kendu eta handixek bota zituzten Katedralaren kontra. Jaurtitakoetatik bi Hendaiako hondartzan geratu dira ahalegin haren lekuko, gertatzen den guztiaren zaindariak bailiran. Donbak dira, beste batzuk Donbarriak edo Bixkiak deitzen dituzten bi harritzar ikaragarri bezain eder horiek.

      Jentilek ez bezala, nik ez nuen hutsik egingo baina, eta Baionako Katedrala botako nuen hankaz gora, marmolezko bere santu, ama birjina eta aingeru zuri guztiak barnean zituela.

      — Beste zerbait asmatzen niabilek —erantzun nion Elosegiri, gezurrik esan gabe egiarik esan ezinda— Laborategikoek ez ditek, gainera, honen berri sekula izan behar. Dena ongi ateratzen baduk, jakingo ditek haiek ere jakin beharrekoa.

      Telefonoaren beste aldean mutu geratu zen Elosegi, eta seguru asko, txapela okertuko zitzaion hainbeste urte atzeragotik ezagutzen zuen Azkue doktoreak zer izkutaturen bat bazeukala pentsatutakoan. Agian ETAko mutilentzat leherkaria erosten nenbilela irudituko zitzaion, eta hori, beti atzerrian bizi izan den bera bezalako herrimindu batentzat ez da sekula hainbesteko hobena izan, antza.

      — Heuk etorri beharko duk Parisa materialaren bila, hori ez zagok eta postaz bidaltzerik. Lortu ere ez zakiat non lortu hainbeste T8. Kloratita ez duk hainbesteko kezka. Etor hadi autoarekin datorren astean, ordurako pentsatuko diat zer edo zer.

      Telefonoa isekitzean egindako klik hura izan zen niretzat irteeraren seinalea, auto karreretan jaisten duten banderaren antzekoa. Abiatua nintzen jada betirako askatuko ninduen bekatuan. Ordura arte pentsamendu soila izan zena martxan zen, eta zorabio ernagarri baten menera geratu nintzen kulunkan, haizetan dabilen kalatxoriaren antzera.

      Parisa zertara nindoan ere ez zidan galdegin Ritak. Ohituta zegoen nire joan-etorrietara, kongresu, mintegi eta hitzaldietara. Autoa neronek behar nuela esan nionean bakarrik hasi zitzaidan galdezka eta erreparoka.

      — Eta nik? Nola mugitu behar diat nik hiru haur eta sabel handi honekin? Bizikletan?

      Ez kezkatzeko esan nion, laboratorioan eskatuko nuela automobilen bat.

      Esan eta egin, Mendiondok utzi zidan berea, emaztearenarekin konponduko zela esanez. Ez zen hura lehenengo aldia Inazio halatsu portatzen zena nirekin. Beste behin, neskalagun baten aitzakian, Jakan zuten etxea lagatzeko eskatu nion, eta laga ez ezik, mesede hori niri egin ahal izanaz poztu egiten zela aitortu zidan.

      — Besteren bat balitz, pentsatu egingo nikek adiskidea. Hiri nola esan ezetz, ordea? Heuri laguntzeko aukerarekin poztu egiten nauk benetan. Behar duk, bai, hik arnasbiderik. Lana baizik ez duk egiten laboratorio ero honetan. Beste gauza bat ere esango diat: sukaldeko arazaren azpian, jaso ezak beheko ohola eta ikusiko duk nire afizioetako bat. Har ezak handik nahi duana eta edan gure adiskidantzaren izenean.

      Ez naiz oroitzen zein neska-lagunekin joan nintzen Jakara, baliteke Nati izeneko batekin izatea, edo bestela Maribelekin. Ez dakit ziur, baina ahazten ez ditudanak Chateau Saint Emillion eta Tinto Pesquera bat dira, biak 87koak. Horiexek edan genituen Jakako hartan Mendiondoren ohoretan eta geure mesedetan.

      Nora nindoanik ere ez zidan galdetu Mendiondok autoa eskatutakoan eta gezurra asmatzera derrigortu nuen nire burua halako adiskideari zerbait zor zitzaiola erabakiz batera. Gosetu baino lehen janez gero, gutxiago behar izaten da asetzeko. Leon-a nindoala esan nion, astebeterako. Hango lagun baten landetxera, patxada bila.

      — Orain ere izango duk zomorro horrek gona konturen bat —erantzun zidan— Hago lasai, isilik gordeko diat eta.

      Ez ezetzik eta ez baietzik, mutu geratu nintzaion. Halakoak gertatzen zaizkigu egia baizik esaten ez dakigunoi. Ezagutuko ez bada, hari guztiak ondo lotuta behar ditu beti eduki gezurrak, eta hala, bi gauzak eraman ninduten Mendiondori Parisa nindoala esan ordez, Leona joango nintzela esatera: bata, gure aireportuetatik Leonako hegaldirik ez dagoelako oraindik, horregatik autoaren beharra, eta, bestea, harako joan-etorriak eta Parisakoak, antzerako kopurua markatuko zutelako markagailuan, astebete barru Mendiondori autoa bueltatzen nionean.

      Batzuetan edozein gezur besterik gabe jaurtitzeko abilezia nahi nuke neuretzat, dutxa azpian txistuka aritzea bezain erraza izatea, baina, ez zait halako mesederik eman jaiotzez. Artista behar du izan gezurteroak. Egia esateko jaioa naiz ni, zozoa marraskiloak jateko sortua den bezalatsu. Ez eman hari karramarrorik alferrik. Jira eta buelta ibiliko du mokoan, ezkurra bailitzan gora eta behera, zer egin asmatu ezinda. Arakatuko dizkio gibel eta sabelak baina ez du jango, ez behintzat, beste inor begira ez dagoela ziurtatu gaberik.

      Halaxe ibiltzen naiz neu ere, zozoaren antzera, gezurrik txepetxena esan behar dudan bakoitzean, inork gezurretan ez nauela harrapatuko ziurtatzen.

      Bost gauerako erreserba egiteko eskatu nion idazkariari Franctour Chateau Landon izeneko hotelean. Hiru alditan egona nintzen han lehenago ere, eta behar nuena bezalako aterpea zen hura: berria, garbia, merkea eta munduko beste edozein hotel bezain ganoragabea.

      Atarian, izen bereko metro sarrera dauka, autoa aparkatu eta Parisen metroz mugituko nintzen, beraz, trafikoaren zurrunbiloan erotzen ibili gabe. Behar izatekotan, taxiak ere eskura daude nonahi Parisen.

      Urteak neramatzan, hamabost baino gehiago, Parisa autoz joan gabe. Azken aldietan beti hartu izan nuen hegazkina Miarritzen. Ez dago halakorik munduan: sartzen zara abioian eta ordubetean Orlyn zaude, egunkaria irakurtzeko astirik ere gabe. Lagun batekin kafea hartzeko behar duzun denbora berean Parisaino joan zintezkeela pentsatze hutsak, adiskidetu egiten nau bizitzea egokitu zaigun mende aurreratu honekin.

      Autoz, ordea, luze egiten da. Luze oso. Frantziako lautadaren gaitza da hori: behin gure herria atzean lagatakoan, ez mendirik, ez bihurgunerik, ez ezer.

      Bordelera iritsi baino lehen, hasia nintzen bolantean aspertzen. Mundu guztiari egin nion dei altzoan neraman telefono mugikorretik. Lehenik Ritari, ondoren Mendiondori eta azkenez, Parisen bizi den aspaldiko lagun bati deitzea otu zitzaidan. Louise Orthez zen bera, sei-zazpi urtean ikusi gabe neukan emakume aparta. Ez nuen uste etxean harrapatuko nuenik baina hantxe zegoen, bere ahots beroarekin.

 

      — Je suis tres heureuse de t’entendre Simon. Tout va bien?8

      Oui Ça va9, erantzun ondoren, astebete egingo nuela Parisen esan nion. Ez zidan utzi beste aukerarik: bere etxean egongo nintzen Pariseko egun haietan, gainerakoan akabo gure lagunartea. Ez zion axola hotela hitzemanda banuen eta ez zion ardura nik bestela nahiago izateak. Rou del Sarte 7 bigarrena ezkerrean, hantxe aurkituko nuen etxea, Porte de Clignancourt inguruan. Atearen klabe zenbakia 4723. Iristen nintzenean bera ez bazegoen, portzelanazko katu baten irudiaren azpian aurkituko nuen giltza. Irrikitan omen zegoen bere bihotzeko ginekologoa eta laguna berriz ikusteko. Dena eginda zegoen, beraz.

      Louise ezagutu nuen garai hartan Donostian egiten nuen lan eta Zinemaldira etorria zela ezagutu nuen, 1989 urteko Irailaren egun batean. Nire kontsultan agertu zen, hiriburuan frantsesa nekien ginekologo bakarretakoa nintzela esan baitzion baten batek. Andre ederra da Louise, emakumeentzako aldizkarietan agertzen den horietakoa: argala, luzea eta dotorea.

      Nik ezagutu nuenean, hala ere, gertakarien zalantzak umilduta zetorren. Haurdun ote zegoen jakin nahi zuen, horrexen kezkak irentsita baitzeraman azken denboraldia. Inola ere ez zuen haur bat egiterik nahi. Lehenago beste edozer.

      — Vous n’etes pas pregnant10— erantzun nion, azterketa amaitu bezain azkar.

      Emakumearen begiek beste argi bat erakutsi zuten orduan eta arropak bere lekuan jarri bezain azkar, besarkada gozo batean bildu ninduen, emandako albistea eskertzeko.

 

      — Merci docteur. Merci vraiement merci11.

      Sekula ez zen nire bezerorik hala portatu, eta nola jokatu asmatu ezinda geratu nintzen emakume eder hura lepotik zintzilikatu zitzaidanean. Bera ere ohartu zen nire estuasunaz eta gertatzen zitzaiona kondatu zidan orduan.

      Pariskoa bertakoa zen Louise, familia on bateko alaba. Bere aita, aitona eta birraitona, bi neba ere bai, diplomatikoak ziren. Frantzian haut fonctionnairel2 izenaz ezagutzen diren horietakoak. Bera, ostera, modelo lanetan ibiltzen zen, nahiz eta, berez, Arte Dramatikoak ikasitakoa izan ikasketaz. Ez zen baina lan handirik egoten bera bezalako antzezle beltz batentzat. Bel-beltza ez baina kafesnearen ilun kolorekoa baitzen Louiseren azala, eta Frantzian ez dago lan handirik halako emakume batentzat. Errepartoko lan bat edo beste noizbehinka, ez gehiagorik. Sekula ere ez protagonista lanik. Horregatik onartzen zituen pasareletako lanak etsipenez, beste batzuentzat amets izan zitekeena, zoritxarra baitzen berarentzat.

      Hala ere, ez zen hori gertatzen zitzaion gauzarik txarrena. Bazeukan beste zerbait, bere bizitza guztia zapuztu ziona: belztasuna bera.

      Bere senide guztiak zuriak ziren. Aita, ama, ahizpak eta nebak, denak. Aitonak eta amonak ere zuriak zituen. Lehengusu, osabaizeba eta lagunak. Denak zuriak. Zurientzako auzo batean jaioa zen, Saint Germain de Prés-en, Pariseko lekurik ederrenetako batean. Berak ere zuritzat zeukan bere burua baina ispiluak ez zion halakorik sekula erantzuten. Bere burua ikusten zuen bakoitzean, ezin eramana sortzen omen zitzaion bere azalaren kolorearekin.

      — Pentsa ezazu zerori joaten zarela ispilura eta zeure buruan ez dagoen kolore batekoa duzula aurpegia. Eman dezagun, txinatarra zarela ikusten duzula ispiluan. Izugarria da hori edonorentzat.

      Nola gerta ote zitekeen halako zerbait galdegin nion nik orduan, eta Mendelen legeak ekarri zizkidan gogora: ilar zimurren legeak. Bere birraitonak Senegalen edukitako emakume baten ondorengoetakoa ei zen bera, familiako beste guztiak bezala. Bi belaunalditan, ordea, ez zen belztasuna inondik agertu eta ahaztua zeukaten arbaso senegaldarraren oroitzapena. Bera jaio zenean ibilera kolonial guztien ordaina egokitu omen zitzaion berari, Louiseri, eta hazten joan zen arabera, gero eta argiago ikusi ei zuen ardi beltza zela bera, artalde zurian.

      Louisek esan zidanez, beltzen arteko beltza, bere lekuan egoten da beti eta badaki nor den beltz eta nor den zuri. Egoera orotan nola jokatu ikasten du txikitandik. Bera, ordea, aldrebeseko lekuan zegoen jaiotze une beretik, birigarroaren habian jaiotako kukua bezala edo alderantziz. Amaren begiak ere haur zenetik gogoratzen zituen ederki gorrituta berari beha geratzen zitzaion bakoitzean. Nork esan behar zion bere amari, Frantziako Lecomte leinukoen emazte bikain hari, alaba beltz batez erdituko zenik noizbait? Nork asmatuko zuen gaiztakeria handiagorik? Nola jakin behar zuen berak Orthez diplomatikoen kastako hazitik horrenbesteko mendekua etorriko zitzaionik?

      Louiseri begiak busti zitzaizkion bere sendikoak ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen saiatzen zirela esan zidanean. Zurien eskoletara bidali zutela esan zidan, gainerako anaia-arrebek bezalako heziketa eman ziotela berari ere, zuriena, alegia, baina inork ezin dezakeela irudikatu ere egin zer izan daitekeen hori bera bezala azala beltz eta arima zuri daukan emakume batentzat. Leku guztietako beltz bakarra izan zela bera beti eta beltzen artean ibili izan zenean noizbait, arrotz egiten zitzaizkiola guztiak bere adimen zuriari.

      Anekdotetatik libratu egingo ninduela esan zidan gero, baina ulertu egin behar nuela haurdun ez zegoela jakitearekin batera piztutako bere poza: irmo erabakita zeukan berak ez zuela sekula umerik egingo. Eta berriro besarkatu ninduen, emandako albistea eskertu nahian.

      Ez nion kontsultarik kobratu. Dotore jokatu nahi nuen halako emakumearekin eta dotorea egiten zitzaidan nire esku zegoen gauza bakar hartan eskuzabal agertzea.

      Handik aurrera, Donostiara etorri zen laupabost aldietan egin zidan bisita Louisek eta beti izaten genuen tarteren bat, inguruak ezagutu eta aparteko lekuren batean afariren bat egiteko. Egia esan behar bada, Ritaz gain, Louise izan da nik ezagutu dudan emakumerik bikainena baina ez nintzen sekula, hala ere, kosk egiten saiatu, sagar haren osotasuna bere hartan gustatzen baitzait niri, batere mailaturik gabe. Uste dut, gainera, horrexegatik naukala estima handitan oraindik ere Louisek: hain emakume ederra izanik, liztorrik ez zaio sekula faltatu inguruan. Robert de Niro berarekin ere ikusi nuen behin aldizkari bateko argazkietan, Canneseko Martinezen terrazan.

      Izan zedila, bada, Jainkoak nahi zuena. Louiseren etxean igaroko nuen Pariseko egonaldia baina horregatik ez nion Chateau Landon hoteleko nire gelari uko egingo. Agian haren beharra edukiko nuen Elosegirekin biltzeko edo nik ba al dakit, bada, zertarako. Hotelera joango nintzen, beraz, Louiseren etxera hurbildu baino lehen, nire gela baieztatzera.

      Parisa iristeko berrehunen bat kilometro falta zirela, izotza agertu zen errepidean eta gendarmeek polikiago joateko egiten zuten keinu autopistaren ertzetatik. Joxe Elosegiri deitzea deliberatu nuen, T8a inguratu ote zuen jakiteko eta harriturik geratu nintzen nik T8a aipatzen nuen bakoitzean berak nola esaten zidan ez esateko halakorik telefonotik, edonork entzun zezakeela eta. “Zera hori” lor zezakeen pertsona baten berri bazeukala esan zidan azkenik Elosegik, biharamonean, arratsaldeko zortziretan hitzordua geneukala berarekin “Caveau de la Huchette” izeneko ostatu batean. Rue de la Huchette 5ean, Saint Michelgo auzoan. Gauzak prestatzeko pare bat ordu lehenago, bildu beharko nuela berarekin ere esan zidan. Bostetan geratu ginen, beraz, Montparnasseko geltokiaren sarrera nagusian.

      Elosegi erabateko txotxoloa zela hobetsi nuen berriro neure baitan.

      Telebista gehiegi ikusten zuen zalantzarik gabe, telefonotik hainbesteko zuhurtziarekin jokatzen ibiltzeko. “Zera hori” gora eta “zera hori” behera.

      Nor egongo zen, bada, guk esandakoak entzuten? Beste zer egin hoberik ez zuten eukiko Frantzia guztiko poliziek geuri entzutea baino. Eta gainera, entzungo baligute ere, zer? Fitsik ez zuketen ulertzen ahal, ez behinik behin Garazi aldeko putasemeren bat euren artean euki gaberik.

      Uste baino errazago iritsi nintzen hotelera eta bertako parkingean sartu nuen Mendiondoren Ford Mondeo berdea. Auto azkarra eta erosoa, gure Renault Space zaharkituaren aldean.

      Harreragunean paperak bete ostean, irten egin nintzen hoteletik gela ikustera ere joan gabe. Ez neukan ikusi beharrik. Mundu guztiko hotel guztietako gela guztiak berdinak izaten dira Franctour Chateau Landonen mailakoetan: sartu eta ezkerrera edo eskuinera, bainugela egoten da; handik gelarako bidean, armairu bat hiruzpalu pertxa kateaturekin; gelan bi ohe, hiru aulki eta mahai bat telebistarekin; hozkailu txiki bat eta barnean, botila are txikiagoak vodka eta wiskyz beteta; hormetan hiru lauki abstrakto kaskar edo, gehienez ere, lekuan lekuko paisaia azkarren bat, akuarelaz egina jeneralean; leihoan bi pare gortina: batzuk argia iragaiten uzten dutenak eta besteak lodiagoak, antzokietako oihalez eginak diruditenak; leihotik beste leiho batzuk ikusten dira eta haien barnekaldean, gela klonatuak daude, ehunka, eta euren leihoetatik nire gelaren leihoa ikusten da neuretik eurena bezala. Hori da dena.

      Porte de Clignancour-a hartu nuen metroa. Gaua ederki sartua zegoen baina han barruan berdin zion horrek, beti baita gaua metroaren trenbideetan. Hala ere, halako atsegin ezkutuko bat ematen dit niri metroan ibiltzeak. Usaina ezagutzen dut lehenik: olio mekanikoarena. Ondoren zigarro muturrak eta erabilitako txartelak agertzen dira trenbideetan botata, Parisen aspaldi itxi baitzituzten zakarrontzi guztiak mairuen bonben beldurrez. Gero, jendearen arropetara hasten naiz begiratzen beti eta konturatzen naiz halako zikin geruza bat eukitzen dutela zapatek eta neguko berokiek itsatsita. Metroz ibiltzeak ezartzen duen lika izaten da hori. Hiri handiek ordaindu beharreko zerga da metroetako diztirarik eza. Niri gustatu egiten zait hori, exotikoa egiten baitzait oso.

      Behin bertan sartutakoan, Paris ederki aldatuta zegoela jabetu nintzen. Urtetik urtera gero eta gutiago baitira bazterretan bistatzen diren azal zuridunak. Arabe itxurakoak dira nagusi eta baita ikatzaren beltzekoak ere. Haien alboan Louise irudikatu nuen trenaren aulkietan eserita eta ez zukeela paper txarrik egingo iruditu zitzaidan. Agian Saint Germain de Prés-eko bere auzo zurien artean baino hobea. Gaisoa emakumea, ez zeukan ederra atarramendua.

      Erraz topatu nuen Louiseren etxean. Sacré Coeur elizatik behera dago, turistak ibiltzen diren aldera ez, bestera. Tirrina jo nuen behetik baina ez zidan inork erantzun. 4723 markatu nuen atariko gailuan eta burrundara luze batek erakutsi zidan atea irekita neukala. Bigarren solairuan hantxe ikusi nuen portzelanazko katua. Katu egipziarra zen, ilerik ez daukan zatar horietakoa. Torloju batez zegoen hormara lotua. Azpitik apur bat jaso eta giltza erori zitzaidan eskura.

      Louiseren etxea koadroz beteta dago. Gehiegi nire gustorako, han ez baitago erizpiderik batere. Hormak behetik goraino daude guztiz beteta, baita komunean ere. Igoal aurkitzuko duzu Kiefer-en marrazki bat, Holandako paisaia baten ondoan edo Beuysen apunte batzuren alboan. Banaka ederrak dira lan guztiak baina elkarren ondoan traba egiten diote batak besteari. Ez dago zentzurik baldin eta ez bada, zela edo hala, denak zintzilik eta edonola jarri beharra.

      Neuri gauza berdina gertatzen zitzaidan neure barnean, arrapaladan etortzen baitzitzaikidan sentipenak, oroitzapenak eta asmoak, denak batera eta elkarren ondoan, behar bezala aztertzeko batere aukerarik eman gabe. Musika gehiegi nahasten zen nire baitan ganorazko ezer entzun ahal izateko. Ez nekien oso xuxen zertan nenbilen han, Parisen, bakarrik eta ezagutzen ez nuen etxe bateko argiak nondik pizten ziren asmatu ezinda. Ez nekien zertan nenbilen Joxe Elosegi bezalako txoriburu baten itxaropenean eta okerrena, ez nekien zer arraiotarako deitu nion Louiseri, aspaldiko lagunari. Inoren etxean egoteak ematen duen bakardade hartan, ez nekien auzoko etxeetatik, kaletik eta nonahitik zetozen zarata arrotz guzti haiek ezagutzen. Ez nekien deus.

      Eskerrak, hala ere, Baionako Katedralean jarrita baneukala helburu goitiar bat, baneukala norabide bat, eta horrek zentzua ematen ziola nire egoera harrigarri hari eta, azken finean, neure bizitza guztiari, nola Ifarrak teilatuko haizorratzari.

 

Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999