Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999

 

 

Vladimir

 

      Ez nuen denbora alferrik galtzerik nahi. Gau guztia iragan nuen Ritak kontatu zidanari buruan bueltaka. Neronek ere ez dakit zuzen esaten zergatik, oldar ezkutuko batek eramaten zuen nire adimena harengana, hala, batere neurri gaberik. Egia da ez niola indar horri kontra egiten: aspaldian sentitutako gauzarik ederrena izan zen niretzat parkeko mataza hura harilkatzea eta, areago, emakume harekin hitz egitea. Emakume hari entzutea, esan behar nuke zuzenago, nik ez bainuen tarterik izan ezertarako ordura arteko geure topaketetan. Egun haietan ez nekien gerora zer gertatuko zitzaidan baina odolaren lekuan kafea baneuka bezala nenbilen: ipurterrerik eta beste ezertan arretarik jarri ezinda, inora ez ninderaman hurrengo minutuaren antsiaz.

      Ritak ez ninduen ezagutzen, ez zekien Azkue doktorea nintzenik eta, hala ere, niri kontatu zizkidan haiek guztiak. Neu nintzen bere bizipenen gordailu, neu sekretu guztien kutxa. Hori ez zen inola ere ulertzeko modukoa.

      Une batez, Ritak bere berriak edonori kontatzeko ohitura ote zeukan hasi nintzen pentsatzen, bere ezbeharren entzule zergatik hautatu ote ninduen asmatu ezinda. Alabaina, pentsamendu hori ez zitzaidan batere komeni, erabakita baineukan bizitza berri bat bizitzen hasita nengoela eta ez neukala gauza guztien zergatia zertan zehazki ezagutu beharrik. Arrazoizalea izana nintzen ordura arte nire bizitzan bai, baina ez nengoen oso pozik lortutakoarekin. Zozketako sari txikiak irabazitakoa nintzen baina nik sari haundia nahi nuen, haundiena: Rita. Aurreko guztiak ez zuela fitsik balio erabaki nuen berriro, liburu zuria, lerro bat eta beste bat, emakume hark hutsetik izkiriatzeko prest zegoen liburu garbia izan nahi nuela, alegia, beste edozerren gainetik.

      Aldi berean esaten zidan barruak, gainera, Ritak laguntzat hartua nindukala. Neuri bezala ez ziola beste inori aitortu bere gorabeherarik.

      Orduan ezin nuen jakin oraindik bere lagunik handienak ederki aspertuak zeuzkala hainbesterainoko tristeziarekin eta berari gertatzen zitzaiona kontatzen hasten zitzaien bakoitzeko, bizkar ematen ziotela ezagun gehienek. Gerora bakarrik jakin ahal izan dut hasiera batean ahal zuten beste laguntzen ziotela bere bidaietarako eta Hansentzat diru apur bat emanez. Hainbeste urteren poderioz, ordea, gogaitu egin ziren berarekin, lagundu nahi arren, zaila egiten baitzitzaien guztiei, eguneroko gauza txikien artean, Ritarena bezalako trajedia handia eroso kokatzea. Gaitza egiten zitzaien, egunoroko bake arruntaren bizimoduan, gerra legeak, kartzelak eta torturak egokitzea. Zaila oso, Alemaniako muturrean preso zegoen kaskagorri ezezagun batez etenik gabe kezkatzea.

      Larria izanagatik egoera, ihes egiten zuten Ritaren albotik, zakurrak trumoitik bezala.

      — Noiz etorriko haiz kontu alaiagoekin, Rita? —galdegiten zioten— Noiz irtengo haiz zurrunbilo horretatik? Hik beti badaukan ezbeharrekoren bat. Nik, ordea, ez nuen denborarik alferrik galdu nahi eta Kiel-eko Unibertsitatean aspalditik ezagutzen nuen Anja Nienstedt doktorea gogoan, ordenagailua piztuta, gutun elektroniko bat idaztea deliberatu nuen.

      Zizareen metodoa asmatu nuen egunetatik, Anja izan nuen jarraitzailerik finenetakoa. Berak gizon handitzat nindukan, argitaratu nituen lanak irakurri ostean, gizakiaren garapenean eragiten duen horietakoa nintzela esana baitzidan gaixoak, Oslon egindako kongresu batean elkar ezagutu genuenean.

      Nire lana ondo ezagutzen zuela esan zidan, Fleming txiki bat nintzela bere begietarako. Vanitas vanitatis, ez nion nik ezetzik esan eta, ondo bazeritzon, elkarrekin afalduko ote genuen galdegin nion lotsa guztiak bazterrean lagata. Bere baiezkoaren ondotik etorri ziren aste ero hartan elkarrekin bizi izan genituen guztiak.

      Kongresuko bilerei arreta apurrik jarri gabe, hoteleko gelan, xahutu genituen indarrak. Emakume handia da Anja, gizonik harroena makurtzeko gauza dela erakutsi gabe, ez daki gozamenik hartzen. Iparraldeko herrietako izaera berezi hori duten beste emakume asko bezala, alkandora eta galtzerdiak bailiren, bihotza eta soina bi armairu ezberdinetan gordetzen dakien horietakoa da bera. Azken egunean aireportuan banandu ginenean, beti eukiko ninduela gogoan aitortu zidan, berebiziko plazerra eman baitzion aste guztian zehar, ni bezalako gizon handia beste guztiak bezain txiki dela egiaztatu ahal izanak.

      Harrezkero Gabonetan eta urtean beste pare bat bider deitzen genion elkarri zertan genbiltzan jakiteko. Ez genion handiagotzen laga nahi izan Oslokoari, egia esan, beldurra ematen baitzidan niri Anja bezalako emakumekote baten alboan aurrera egiteak, baina eten ere ez genuen egin sekula gure haragizko oroitzapena. Esan liteke Anja izan nuela irakasle nik “sexu zientifikoa” deitzen dudan alor horretan, erran nahi baita, norberaren gozamen hutserako biderik onena darabilen sexukeran.

      Anjarekin ausartu nintzen, lehenengo aldiz nire bizitza guztian, egiazki nahi nuen huraxe, nahi nuen eran egitera. Berarekin ausartu nintzen lehenengo biderrez, menpeko izatera. Tximu ar izateko arduretatik aske, sekula ez bezalako gozamena hartu nuen bere ondoan eta bera ere ez zen esku hutsik geratu plazer kontutan. Ikaragarria da Anja, gizona menpe hartu eta haren gutiziak asmatzeko orduan.

      Horregatik izango da agian, ondorengo guztiekin ezagutu nuen porrota, ez baitut ezagutu beste emakumerik, Anjak beste bilatzen zuenik ohekidearen gozamenik. Bestearenik gabe ez zekien bererik hartzen. Aste batzuen buruan, zeinahi aitzakiaren bila hasten nintzen, alboan neukan emakumea urruntzeko. Akats txikiena ere huts ikaragarri bihurtzen nekien nik eta kupidarik gabe baztertzen nituen denak. Anjarik ez zegoen beste inon Anja beraren azalean izan ezean eta alferrik ibili nintzen halako beste baten bila denbora luzeegian.

      Goizeko zortziak ziren eta oraindik inor agertu gabe zegoenez gure laborategira, lasai idatzi ahal izan nion gutuna Anjari. Neure jakinminaren zergatia ezkutatuz batera, eskatutako informazioa guztiz premiazkoa nuela aitortzen nion bertan.

      Hans Lauer izeneko terrorista baten berri galdetzen nion Anjari gutun elektronikoa. Haren albiste baldin bazeukan erantzuteko lehenbailehen, eta ez baldin bazeukan galdetzeko baten bati. Baina erantzuteko, ahalik eta azkarren.

      Egun guztia zitalduta iragan nuen, ernegaturik eta laborategiko lankideen galdera betikoetara eta ohizko betebeharretara makurtu ezinda. Zarata handi batek harrapatuta baninduka bezala ibili nintzen goiz guztian, arreta ganorazko ezertan tajutu gabe eta gainerakoen hitzak aditu ezinik. Laborategiko arazo handienak txiki eta arruntenak hutsal begitantzen zitzaizkidan, nire egonezinarekin alderatuta. Trena pasatzen denean ez da entzuten ahal liztorraren burrundararik.

      Bazkaldu ere ez nuen ohi bezala egin ospitaleko kafetegian, ez nuen nahi inoren adiskidantzarik. Egun hartan nahiago izan nuen makinako edozein kakajan abiadan irentsi eta eraikuntza hartatik aldegin, sugeak azkonarraren habiatik bezala. Ez nintzen ezertarako gauza, ez neukan indarrik, Anja Nienstedt doktorearen balizko erantzunarentzat izan ezean.

      Ez zen, baina, berehalakoan heldu. Bazkalorduko atsedenaren ostean itzuli nintzenean, ez zegoen oraindik Anjaren albisterik. Arratsaldeko seiak ziren gure idazkariak abisua eman zidanerako: Alemaniatik etorritako gutun bat zegoen ordenagailuan niretzat.

      Ez inprimatzeko agindu nion. Neu jabetuko nintzela lehenbailehen idazki hartaz. Esan eta egin, neure artxibo pertsonalera pasatu nuen gutuna eta ondoren ezabatu egin nuen ordenagailu nagusitik, Anjak igorritako e-postaren arrastorik lagatzeke. Ez nuen nahi laborategiko beste inork nirea bakarrik zen kontu hartan muturra sartzerik.

      Denek etxera alde egin baino lehen, Mendiondo etorri zitzaidan herrian tragoskaren bat hartuko ote genuen galdezka,

      — Ez zekiat ezer hire berri baina badaukak zerbait ganbara horretan bueltaka. Goazemak herrira eta esaizkiok lankide zahar honi esan beharrekoak.

      Gonbita estimatzen niola baina ez neukala gogorik erantzun nion lagunari. Azterketa zenbait begiratu behar nituela, erremediorik gabe, etxeratu baino lehen.

      — Beste bati ziri hori —erantzun zidan— egunak daramatzak batere ganorarik gabe eta orain sartu behar lanerako gogoa. Ez baduk etorri nahi, ez etorri, baina ez esan niri gezurrik, antzeman egiten zaik eta.

      Harritu egin nintzen Mendiondoren hitz gogorrekin. Ezagutzen nuen polpoleko ur gozo ezagunaren lekuan, hondar lehor egin zitzaizkidan estreinakoz bere hitzak. Ongi mereziak nituen gainera, sekula ez bezala, gezurretan ibiltzeagatik. Mendiondok beste zerbait merezi zuela eta nire egoera nolabait agertzen saiatu nintzaion.

      — Hara Inazio, ez diat gertatzen zaidanaz hitzegin nahi. Egunen batean jakingo duk nire berri, heu izango haiz lehenengoa, baina bitartean utz nazak lasai. Eskertzen diat ahalegina baina neuk bakarrik ibili beharreko bide batean sartuta nagok. Ez hadi kezka.

      — Bi gauza zaudek munduan hi horrela edukitzeko modukoak: ikerketa berriren bat edota gona konturen bat.

      — Bigarrenetik gehiago lehenengotik baino —erantzun nion azkenean eta bat-batean gehiegi aitortu niola iruditu zitzaidan.

      — Hala baldin baduk, emakumeren batekin katramilatuta baldin bahabil, ez duk aurreko aldietan bezala Simon. Guztiz aztoratuta ikusten haut.

      — Ez diat beste ezer esango, Inazio.

      — Bihar arte orduan, Casanova —esan zuen farrezka eta alde egin zuen, moda pasareletako modeloen ibilkeren imintzioak eginez.

      Mendiondok atea itxi eta bakarrik geratu nintzenean, nire lekuan eseri eta ordenagailu itzaliari begira geratu nintzaion. Zalantzak egin zion atari jakinminari. Zer irakurri nahi nuen Anjak igorritako gutun hartan? Hans Lauer santua edo deabrua izan, zer axola zidan niri? Asasinoa edo heroia izan, zertan aldatuko zuen horrek Ritarenganako neukan iritzia eta, batez ere, harenganako sentipena? Otsoa maitagarria izaten da sarri saguarentzat, batez ere katua jaten duenetan.

      Galdera bat berari erantzun ezinda, ordenagailua piztu eta klik egin nuen Kieletik bidalitako izkribu elektronikoan.

      Ez naiz hitzez hitz gogoratzen baina esan dezadan Anjak ea noiz elkartuko ginen berriz galdetzen zidala kortesia hutsez eta jarraian bere harridura agertzen zidala nik egindako galdeketagatik. Ezin ei zion antzik eman Hans Lauerrenganako nire jakinahiaren sorburuari. Errazago ulertuko ei zuen nigandiko beste edozein eskaera, egindakoa baino.

      Dena dela erantzun, erantzuten zidan bere gutunean.

      Hans Lauer guztiz ospetsua omen zen Alemanian. Terroristarik bilatuena izandakoa urte askotan eta orain preso zegoena Stuttgarteko kartzelan. Hil arteko zigorra zeukan eta hori, heriotz zigorra debekatuta zegoelako, bestela, honezkero, fusilatua zegokeen aspaldi. Nik dakidanaren arabera, zioen Anjak, hogeitik gora pertsona hildakoa da Lauer. Otso bat. Baader eta Meinhoffen taldearekin hasi eta gure historian ezagutu den talderik muturrekoenaren gidaritzara iritsitakoa.

      Hortik aurrera ezer gutxi zekiela aitortzen zidan, telebistan ikustentzundakotik oroitzen zuena besterik ez, baina Osloko Ginekologia Kongresoan elkarrekin igaro genituen egun zoragarri haien omenez, lagun kazetari bati eskatutako fax baten kopia igortzen zidan. Bertan, Hans Lauerren ekintza gehienak laburbiltzen zirela eta hori aski ez banuen, bidaliko zidala informazio zehatzagoa, baita horretarako poliziarengana bertara jo behar bazuen ere.

      Attachementetik pantailara ekarri nuen fax hura, arratoiarekin bi aldiz klik eginda eta, egia esan behar badut, ikararik egin gabe irakurri nituen Hansi egozten zizkioten ekintza guztiak. Ehun baino gehiago ziren Hansek, partaide gisa lehendabizi eta bere ardurapean ondoren, egindakoak.

      Lapurretak, leherketak eta bahiketak ziren gehienak. Guztien gainetik nabarmen OTANek, Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundeak, Alemaniko lurretan zeuzkan koartelen aurka eginiko dozena bat atentatu eta Volkswagen auto enpresaren jabearen ilobetako bat hil izana Olaf Merz zeukan izena hildakoak eta lau hilabete bahituta eduki ondoren, tiro bat buruan zuela agertu zen bere gorpua Hamburg-eko zabortegi batean. Hansi leporatu zioten gazte hura hiltzeko erabakia hartu izana eta sekula frogatu ez bazen ere, berari egotzi zioten tiroa bere eskutik jo izana ere.

      Irudien ganbara ernetu zitzaidan supituan. Neu ere oroitzen nintzen gertakizun hartaz, bolo-boloka erabili baitzuten komunikabide guztietan, bost edo sei urte lehenago Olaf Merz-en kasua. Alemaniarrak asaldatu egin zituen gertaerak, izan ere inork ez baitzuen uste izan bahiketa hain gordinki amai zitekeenik. Olaf Merz oso ezaguna zen Alemanian, batez ere, talde ekologista erradikalenetan militatzen ibiltzeagatik. Munduari buelta osoa eman zion Ipar Poloan egin zioten argazki batek: Olaf Merz bizartsua bilutsik ageri zen izotz zuri artean, burutik behera botatako baldekada bat pintura gorrik tindatzen ziolarik gorputz guztia. Bere ondoan, fokakume batzuk ageri ziren hilda, euren larru zuria odoletan gorriztatuta. Ikaragarria zen argazkia, nahi gabe ere begietan eragiten duen horietakoa. Benettonek ere erabili zuen bere arropak saltzeko eta esango nuke, orduantxe hasi zirela mundura ganoraz zabaltzen, foka eta baleen aldeko kanpainak.

      Aldizkari guztietan argitaratu zuten foken hilketa salatzen zuen argazkia. Horregatik mutil hura Brigada Antikapitalistek bahitu zutela zabaldu zenean, inork gutxik sinetsi zuen albistea. Ilobak berak Volkswageneko nagusia zen osabari dirua ateratzeko bide makur bat ikusi zuten europar gehienek albiste hartan, alemaniarrek bereziki.

      Bere gorpua zabortegian hilda agertu zenean, zartada haundi bat jaso zuen gizarte germaniarrak eta eskumatik eta ezkerretik, alde guztietatik, salatu eta gaitzetsi zuten hilketa.

      Anjak igorritako faxean, Hans Lauerrek epaiketa egunean esandakoa zetorren komatxo artean azpimarratuta. Epaileak hilketaren arrazoiak galdegin zizkionean, zera erantzun omen zuen Hansek, “Olaf Merz Alemaniako familia kapitalista gogorrenaren senide zen. Zapalkuntza eta esplotazioaren bitartez lortutako diru guzti horren zati bat itzultzeko eskatu zitzaionean, bere familiak ez zuen halakorik onartu. Beste irtenbiderik ez zitzaion eman gure Erakundeari. Familia bera da, beraz, hilketa honen arduradun zuzena. Eurei galdetu behar diezue gertatutakoaz eta ez niri”.

      Hansi leporatzen zizkioten ekintza guztien zerrenda luzea zen, esan bezala, eta ezinezkoa zirudien hainbeste urtetan Alemaniako polizia eta Interpol guztia ondoren segika zeukan morroi batek haiek denak egiteko beta har zezakeenik. Hans Lauer zozoa ez zela bistakoa zen. Azeria gehiago.

      Arreta, orriaren azken aldeko lerroek ernetu zidaten batez ere. Espainiako nazionalitatea zeukan emakume bat berarekin atxilotu zutela jartzen zuen bertan, Rita Marķa Zabaleta izeneko emakumea, inolako partaidetzarik aurkitu ez eta epaileek aske utzi zutena. Emakume honek, hiru urteko semea zeukala Hansekin ere jartzen zuen lerro haien bukaera aldean.

      Ustegabeko eztenkada izan zen hura niretzat, ez bainengoen antzeko ezer ezagutzeko prestatua. Hansek Aita Santuaren kontra zerbait egin izan balu ere, ez nuen ikararik egingo. Hura ezberdina zen, ordea. Seme bat zeukan nik desiratzen nuen emakumearekin. Mutiko bat. Eguzki berotan etzanda lo dagoenari botatako ur hotza izan zen niretzat albistea.

      Ritak, bere berri baino gehiago! nahi zuenaren berri kontatu zidala iruditu zitzaidan orduan; laurdenaren erdiaren herena, eta txorimalo baten antzera ikusi nuen berriz ere neure burua uste nuenaren kontra, inolako tirakadarik ez nuen piztu emakume harengan, bere hitzentzat kontsolamendu hutsa baino ez nintzen izan parke hartako elkarrizketetan. Zimaurra non lagatzeko zimaurtegi erraza. Zaborpoltsa merkea. Horixe nintzen, ez beste ezer.

      Alabaina, Ritarekin ordez, neure buruarekin haserretu nintzen. Ezgauza nintzela pentsatu nuen halako emakumea neureganatzeko. Sagua. Zozo hutsa behar nuela izan Hans harekin alderatuta, edozein emakumerentzat. Baita Rita Zabaletarentzat ere.

      Eta gainera, ez nuen besterik merezi inoren kontutan sartzen ibiltzeagatik. Ritak eman al zidan, bada, bere filma ikusteko sarrerarik? Zein eskubide neukan berakesan gabeko ezerjakiteko?

      Ongi merezia neukan gertatutakoa baina, hala ere, une batez zentzu guztiak galduta geratu nintzen. Karranpa handi batek jota bezala, geldirik, itsu, gor eta mutu. Mina handiegia denean, haseran ez da ezer sumatzen baina jakinekoa da, min hori berori, hortzak ederki zorroztuta itzuliko dela minutu bat beranduago hortzaka egitera. Zetorkidanerako prestatzen ari nintzen paralisi hartan babestuta, baina, egia, ez zidan deusetarako balio izan, gertaeraz jabetu nintzenean, alkandora zahar baten tarratadak pitzatu baitzidan arima eta kristal hautsien eztenkadek erre baitzidaten barrua.

      Faxaren lerro batzuk beherago, azkenengoan, Ritak eta Hansek elkarrekin zuten semearen izena zetorren: Vladimir. Vladimir Lauer Zabaleta pentsatu nuen nirekiko, eta ordenagailua amatatu egin nuen gehiago ezer irakurri eta pentsatu ezinda.

      Trenak zapaldutako zapua nintzen. Azala eta odola baizik ez zitzaidan geratzen baina, hala ere, desagertutako gorpuzki guztietan min ikaragarria sentitzen nuen. Bi malko isurtzeko adina gizontasunik atera nuen nonbaitetik eta, inoiz ez bezala, errukitu egin nintzen nire buruaz. Halako zorigaitzik ez duela inork sekula ezagutu iruditu zitzaidan une batean eta pena ikaragarria eman zidan Simon Azkue zein zegoen birrinduta ikusteak.

      Batez ere, ondoren etorriko zitzaizkidan pentsamendu ilunek izutzen ninduten, neure buruan ate joka etorriko ziren sentipen borrero jasangaitz eta ezagun haiek.

      Zela edo hala bulegotik irteten asmatu nuenean, beti zabalik dagoen denda horietako batean, vodka botila bat erosi nuen etxerako bidean, nire ohitura, iritzi eta erabaki guztiei kontra eginez. Aspaldi ez bezala, mozkortu egingo nintzen gau hartan, bakar bakarrik, nola satorra bere zuloan.

 

Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999