Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999

 

 

Mendiondoren gutuna

 

      Geroagokoak dira komisaldegi eta epaitegietako galdeketak, ikerketak eta zigorketak. Harriturik utzi nituen denak, ahozabalka eta nik adierazitakoak sinetsi ezinda. Emakume batengatik egin nuela egindakoa erantzuten nien galdetzen zidaten guztiei eta inork ulertzen ez, edo ulertu nahi ez, behinik behin. Ez eta Juan de Dios Ramirez epaile jaunak ere, epaiketa egunean bertan. Berak ulertzen ez eta nik ezin adierazi bestela. Ezin ulertu ohi du gizon arruntak, ni bezalako gizaseme goitiarrik bizi daitekeenik mundu anker honetan. Nik ez bezala, egunorokotasunean galdurik, ezkurra baizik ez baitu amets gaurko gizakiak. Gizaki gaiztatuak, alferrik galduak, atzera pausoan abiatutakoak.

      Geroagokoak dira, bai, epailearen gartzela sententzia eta lau horma ilun hauen presentzia, geroagokoa nire betirako bakardade gozo hau, uneoro Gizon Berriarekin adiskidetzen nauena.

      Egun bakoitzaren atzetik etortzen da beste bat, eta gero beste bat.

      Guztietan hartzen dut gozamen nire zorion honetan. Atseginez hasten dut goiza eta atseginez bukatzen arratsa, bizi izandako une oro eskertuz nire adorearen arnasari. Lorik ere ez dut ia egiten, bizi beharraren beharrez.

      Gizon Berriaren baitatik elikatzen naiz behar beste eta ez dut deusen damurik eta gogorik nabaritzen barnean. Etorkizuneko gizona naiz ni, mende batzuk barru ezagutuko direnak bezalakoa. Lurtarra baino gehiago zerutiarra, edo hala nahi bada, bere baita hutsez eraikitakoa. Azalik eta batere bestelako apaindurarik gabea. Mami hutsa, lehenago ere aitortu bezala. Gizon guztiz asetua naiz, azken finean.

      Zer utzi dut, bada, kanpoan? Zer da zuek bizimodua deitzen duzuen hori, denboraren asasinatze oharkabea ez bada? Non aurkitzen duzue zorion? Zer zaizue laket benetan?

      Zuen maitatzeko erak, itxura ere ez du benetakorik. Ez dakizue ezagutzen egiazko gurariaren usainik eta ez haren igurtzirik. Nahasten duzue funtsa alferrikakoarekin, eta pozik bizi zaretelakoan bizi zarete poza zer izan daitekeen somatu ere egin ezinda. Zaharrak zarete, gizon eta emakume zaharrak, antzinakoak. Alferrik galdutakoak.

      Mendiondo lagun handia ere zuen artekoa da: ez daki bereizten gauzen egiazko funtsa, azalekotik. Ez daki, eta ezin jakin, ni bezalako gizonaren bihotzak ez daukala bere baitakoa ez den atseginik. Malgua begitandu arren, ez daki, azken finean, egiazko izaeraren egiazko erretena zenbateraino den estua eta tinkoa. Mendiondo gaisoak ez daki ezer. Agerian utzi zidan hori duela egun batzuk gartzela honetan jaso nuen bere gutunak.

      “Hogeita hamar urtean gutxienez ongi presoturik edukiko hauten segurantziak bultzaturik natorkik hitz hauekin. Neuk esanda, eta ez bestela, nahi baitiat hik jakitea, neu izan nintzela polizia hire ondotik jarri ziana. Neu izan ninduan, muturra hire posta elktronikoan sartu eta hire Ritaren pausoak ordenagailuko gutunean ezagutu eta jarraitu zituena. Neu izan ninduan Joxe Elosegirekin mintzatu ondoren, gezurrezko faktura haien arrastoa atera zuena. Ez zitzaidaan asko kostatu. Elosegik ere ez baihau oso gogoko, Simon.

      Hark, neuk bezala, gizon hantuste eta burgoitzat hauka. Berak esan zidaanez, hik Parisa eginiko bisitaldian argi ikusi omen zian mesprezuzko jokaera hiregan, heu guztiz garbia eta bera putzu ustela bazinate bezala.

      Argi esan zidaan, hire aldetik ez zuela jaso behar besteko esker ganorazkorik eta damu zela, hirekin hain adi jokatu izanaz. Nik bezala berak, hire begi eta jokaeran ikusi zian, gizon harroputz ezdeusa hintzela. Ez besterik.

      Oroitzen al haiz laborategira etorri hintzen lehenengo egunarekin? Hi han sartu ordurako, beste batzuk bageneramatzan urteak sekulako ahaleginean. Hi agertu behar, ordea, zizare aluen meritoarekin eta heu izendatu hinduten zuzendari. Heu nire zuzendari. Ni baino gazteagoa, ni baino dorpeagoa eta ezgauzagoa, baina heu, eta ez ni, zuzendari.

      Izorra hadi, Simon, asasino ero hori. Ustel hadi eure saldatan betirako. Beranduegi duk orain niretzat eta hiri eskertu beharrekoa diat lorpen hori ere.

      Ohartu ere ez hintzen egin laborategian gertatzen zenarekin. Ikusi ere ez gintuan egiten hik eure Jaungoiko uste horietan itsututa, eta nire lausenguak izan ezean, ez huen entzuten beste mezurik.

      Zela-halako ikerlaria baizik ez haiz izan beti, erdipurdiko zientzialaria. Lankide txarra eta adiskide baldarra. Deus emateko gai ez eta beti zurrupan edonori. Izorra hadi, Simon. Betirako izorra hadi putaseme kabroi hori”.

      Gaixoa Mendiondo. Ez daki ondo nire berri. Zenbat zor diodan ez da ohartzen, gaixoa. Ez daki eta ezin du jakin, berari esker borobildu dela guztiz Gizon Berria. Neuk aitortu ezina gainditu baitzen, horrela, bere salaketarekin.

      Nik egindakoaren jabetza itzuli zitzaidan horrela niri. Neu naiz, beraz, baita Rita eta mundu guztiaren aurrean ere, neure ekintzaren erantzule bakarra. Neu naiz, eta ez beste inor, egindakoaren jabea. Berreskuraturik dago, bada, aitortu ezinak ohostutakoa.

      Eskerrikasko Mendiondo. Eskerrikasko adiskidea, ezin izango diat sekula ordaindu hainbesteko zor haundia. Beti izango nauk zordun hirekin, nola bandera haizearekin.

 

Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999