Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999

 

 

Atarian

 

      Neuk ere ez dakit oso argi zer dela eta hasi naizen idazten. Batez ere, ez dakit zertarako, eta okerragoa dena, ez dakit norentzat hartu dudan berez ez dagokidan lan nekez ikaragarri hau. Ez dakit neure buruarentzat ari ote naizen, balizko irakurle urrunen baten itxaropenean idazten dudan, edo epaile jaunarentzat hasi ote naizen behar ezezagun eta estreineko honetan. Pirata bakartien antzera, egunen batean, akaso, kristalezko botila batean sartuko ditut orriok guztiok itsasora jaurti baino lehen, edo erre egingo ditut eskuak berotzeko hiri handietako eskaleen antzera, edo, besterik ez bada, suaren garrak zein kezko zirimola urdin ederra sortuko duen begiratzeko. Ez dakit.

      Kontua da aspaldiko egunotan erotzeko zorian naukan halako barne sukar batek bultzatu nauela letra hauek izkiriatzera, bere isatsari segika hasten den zakur eroaren moduan, jira eta buelta, ezer mamizkorik harrapatzeko segurantzarik gabe. Bizkarraren erdian azkura pizten denean bezala, eskuak iristen ez diren lekuan ezin hazka eginda nago, eta behiak arbolaren kontra igurtziz egiten duen legez uxatu nahi dut erraietako ezinegon zital hau, nolabaiteko letrok idaztearen bitartez.

      Ez dakit, ordea, hastapen honetatik begiratuta, porturen batera iritsiko ote naizen edo poesiako itsasuntziak bezala, nabigatze hutsarekin kontsolatu beharko ote dudan. Horregatik idazten dut agian, nabigatze hutsagatik, idazte beragatik soilik, pultsio eta oldar argigaitz batengatik, katuak jolasean arratoia itotzen duenean, elikatzeaz gaineko beste zeregin larriago baten bultzadagatik egiten duen bezalaxe.

      Hasi baino lehen dakit, gainera, hitz hauek ez dutela nire arimaren tamainarik emango eta herrenak izango direla idatzitako letra baldar hauek. Nire egarririk ez dela itoko ur honetan ere badakit, hainbesterako itsasorik ezin baitu sortu, idazlea baino gehiago, badaezpadako eskribaua baizik ez den gizon honen abileziak. Hala ere zilegi bekit paperean hustutzea neure barnean lekurik aurkitzen ez duen uholde hau. Zilegi bekit, baten bat nire hitz hauentzat helbide gerta daitekeen itxaropenean lasaitzea.

      Zehatz esan dezaket, noiz eta zergatik piztu zitzaidan esan behar dudana kontatzeko gogo bortitz hau, noiz eta zer dela eta ernetu zitzaidan eraman ezin dudan azkura izugarri honen harra: duela hilabete eta erdi gertatu zen, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Juan de Juanes Ramirez epaile jaunak, ehundaka galdera egin zidan epaiketan, gutxi gorabehera lehenago komisarian, zarata eta matraileko artean egin zizkidatenen antzerakoak. Noiz, nola, norekin eta, batez ere, zergatik galdetzen zidan Epaile Jaunak. Zergatik egin zezakeen ni bezalako gizon batek halako gauza ikaragarria. Epaile profesionalaren arropa beltzen azpian eta, aldi berean, gainetik, gizona ikusi nuen ezkutaturik, pertsona, eta hura ere aritu zitzaidan galdezka, nik egindakoa inola ere ulertu ezinda. Jakinmina ez zen epailearena soilik, gizonarena ere bazen gauzak nola eta zergatik gertatu ziren ulertu nahi hura.

      Itaun guztiei erantzuten saiatu nintzen ni epaiketan, hazturaz bainaiz egiarekin edonora joan litekeela pentsatzen duten inozo horietakoa.

      Haizearen kontra tu egiten denean bezala, gezurra eta erdibideko egia, azkenean norberaren aurka etortzen diren bumeranak baino ez direla izaten sinetsita bizi izan naiz beti. Hala erakutsi didate etxean. Egia bakarrik da egia, eta beste guztiak txantxak. Tinko gordetzen dudan sinesmen apurretakoa da hori. Denborarekin norberaren muturrean errebentatzen diren arrautza ustelak baizik ez dira izaten gezurrak. Horregatik saiatu nintzen argi eta zuzen erantzuten epaile jaunak galdetzen zidanari, gainera, nik dagoeneko ez daukat zer ezkutaturik inori. Agerian dauzkat bertuteak eta akatsak, batere lotsarik gabe, betaurrekorik gabe ibiltzera ausartzen den itsua bezala. Berdin dit horrek, azalik ukitu ere ez baitit egiten gainerako guztiok uste duzuenak edo nik egindakoaz pentsa dezakezuenak.

      Zer dira, bada, gainontzeko guztiak? Zer zarete niri begira zaudeten horiek guztiok kasualitate hutsa baino? Ehun urte lehenago edo ehun urte beranduago sortu banintz, ez zinatekete nire garaikide izango. Zuen aitona edo biloben denborakoa izango nintzateke eta zuek ez zenukete Simon Azkueren entzuterik ere izango. Halakoxea baita bizitza, errotatik behin bakarrik iragaiten den ur azkarra. Azkarregia, esango nuke, baldin eta nire pentsamenduak baten batentzat ezer balio baleza.

      Barnean daukat nik, esan bezala, azkura. Barnean eta ez beste inon. Ez dago hori sendatuko duen ukendurik. Ez dago beste sendagairik norberaren ezagupena eta benetako aitortza egiazkoa baino. Horregatik abiatu nahi dut epaile jaunak galdetutakotik, berak eginiko galderen artean bai baitzen bat, zehatz erantzuten asmatu ez nuena edo, behinik behin, ez zena nik nahi bezain garbi geratu.

      Esan bezala, ez naiz idazlea eta ez dakit lerro hauen bidez gauzak behar bezala kontatzen asmatuko ote dudan, baina ez zait beste biderik bururatzen ataka honetatik irteteko. Arrantzarako kainaberaren punteran sortzen den korapiloa lehenbailehen askatu behar da baldin eta ez bada aparailu guztia alferrik galdu nahi. Astia daukat, gainera, astia franko, kartzela honetan nahi dudan guztia idazteko, nahi dudan guztia pentsatu eta erabakitzeko. Nahi dudan guztia lau haizeetara zabaltzeko, baldin eta letra hauek, lehenago esan bezala, ez baditut poxpolo baten menera jartzen.

      Gordetzen nauen ziega honetan, munduko ziega guztietan bezala, marraskiloaren gainean eserita etortzen den jockeya baizik ez da izaten denbora. Hemen ezerk ez du presarik eta azkarren ibiltzen dakiena, pentsamendua izaten da, azkarregi jarritako filme baten antzera.

      Derrigorrean babesten nauten lau horma hauen artetik, ezinezkoa den lurrikara batek bakarrik atera nazake, hondamendi latz batek aska nazake zuek denok izendatu duzuen legeak ezarritako nire patutik. Ez beste ezerk. Preso nago kartzela honetan, ni bezalako piztietatik babesturik egin dezazuen lo zuek denok.

      Agi danean, exajeratu samarra naizela iritziko zenioten, honez gero, nire lehen hitzok irakurrita. Zeuon kontura doa erabaki hori eta, egia esan, berdin dit horrek, deliberatuta baitaukat hitzon hasieratik bertatik azalik gabeko mamia naizela, harategietako gakoetan zintzilikatzen dituzten arkume larrutuak bezala. Giharra naiz, urdaia eta hesteak, zainak eta odol tutu guztiak agerian, horniduretarako beta eta gogorik ez daukan okela zati gorri hutsa. Algara sortzen didate zuen eguneroko bizi behar miskel, burges eta epelaren gorabeherek. Farregarria gertatzen da niretzat zeuen andre edo gizonak benetan azkenengoz noiz maitatu zenituzten pentsatzen hastea, edota zeuen seme-alaben gorabeherekin nola kezkatzen zareten ikustea. Irria baino gehiago, algara eragiten dit hurrengo pausoa eman erabakitzeko, makulu bila nola zabiltzaten ikusteak. Gizakiak egiazki izan behar lukeenaren itzalak baizik ez zarete, horma isolatu bateko zuri-beltzean zintzilikatuta.

      Funtsean ez dut zeuen zorigaitzaren iturriaz kezkatu nahi. Ez nau zuen bizimodu eskasaren kezkak ukitzen. Ez dut pentsatu ere egin nahi zenbat denbora alferrik galtzen duzuen, telebistaren argi urdinari begira. Etxetresna zena, arau bilakaturik dabilkizue, lege eta pentsakera ororen ama bakar bihurtutrk. Badakizue hor ez dagoela zorionik baina ez zarete bestela jokatzera ausartzen. Koldarrak zarete zeharo, adorerik batere gabeak. Hipnotizaturik behatzen diozue egunoro ordu luzez eta damutu egiten zarete egunoro, bihar berriro jokabide antzu berbera errepikatu baino lehenago. Izorra zaitezte denok. Asper zaitezte koldarrok, sinets ezazue sinestsi ezina eta heriotzeko orduan, egin ezazue nigar, alferrik galdutako denbora guztiaren damuaz.

      Ez dut jakin nahi zein egunkari irakurtzen duzuen eta non argitaratzen dituzuen zuen amonaren eskelak. Nik ez dut telebistarik ikusten, ez dut egunkaririk irakurtzen, ez dut irratirik pizten. Aspertu egiten naute kontu horiek guztiek, film kaskar eta luzeegi batek bezainbeste. Ez naiz mundu honetakoa. Zorionez haratago bizi naiz ni. Gorago, zuen kezka eta ohitura ergel eta arrunt horietatik askoz harantzago nago. Lili txiki bati begiratzeagatik eztirik gozoena mesprezatzen dakien hartza naiz ni. Mami hutsa naiz eta mamia bakarrik dut gose. Funts gorritik elikatzen naiz, azal guztiak zeuentzako utzita. Txerrijanik ez da sartzen nire begi-belarrietatik, alferrikakoak ez baitu kausitzen lekurik nire baitan.

      Horregatik, esan bezala, libratu ezinda nabil epaiketaren egun haren akordutik. Ez nuen egia ezkutatzerik nahi baina ezin izan nuen, hala ere, egia osorik aitortu, eta horixe dut damu bakarra nik gaurdaino egindako guztien artetik.

      Berehala konturatu nintzen gauza guztiei ipi-apak eta ñabardura orori osoro erantzuteak luze joko zidala egun hartan, eta ez zela auzitegi bat halako luzamenduetan ibiltzeko moduko lekua. Bestetik, lotsa pirrin bat ere ematen zidan han, hainbeste kamera, kazetari eta jenderen aurrean, neure barneko kontuak argitaratzen hasteak. Horregatik erantzun nion sotilki epaileari.

      —Emakume batengatik, epaile jauna, emakume batengatik.

 

      Auzitegian bilduta zeuden ikusleetako askok, purrustadak eta algara zinikoak bota zituzten eta ordura arte erabateko seriotasunean eramandako epaiketa oilategi harro bihurtu zuten. Kikirikokoka hasi ziren han bilduta zeuden guztiak, kazetari ugariak barne, eguzkitara ateratako oiloak bezala. Fiskalak eta abokatu akusatzaileen andanak ere elkarri egin zioten murmurio belarrira nire hitzak entzun bezain azkar. Nire atzeko ilaran “Y un huevo’’1 esan zuen ozenki gorbata horiz jantzitako gizon lodi batek. Ezagutzen nuen lehendik: Madrilgo Burtsako langileen ordezkari sindikala zen, lehenago komunista izandakoa. Zurrunbiloaren erdian, ondotxo jantzita ez ote zegoen pentsatzeko astia eduki nuen eta gauzak nola aldatu diren ere pentsatu nuen, ni gazteagoa nintzen garai urrun haietatik hona.

      Unibertsitatean ibili nintzen denboretan gauzak ez ziren horrela. Orduan ordezkari sindikalek eskaleen antza edukitzen zuten euren bizar zabar, trikota ilun eta praka zaharkituekin, eta beti barkatu behar izaten zitzaien tabernako gastua, jakinekoa baitzen zeukaten diru apurra multikopista eta tinta erosten gastatzen zutela iraultzaile bulartsu haiek. Eskuak apropos uzten zituzten garbitu gabe, langileenak bezalakoak izan zitezen. Sudurra beti eduki dut nik zorrotza eta higuin pixka bat ematen zidaten orduan ere hamaika bider txiza egin eta, eskuak garbitzeke, horrexen usaina hartzen bainien nien nik batez ere sindikalistei, irakindako izerdiarena, ondo garbitu gabeko zakil eta sexuarena.

      Badakit gaur kontu hauek guztiak ez direla berdin eramaten eta agian inori ez diola ardura halako gauzak zenbat aldatu diren jakiteak, baina bi usainetako batekin geratzekotan, nahiago dut nik lehengoen txiza eta tabako beltzaren usain gehiegizkoa, gaurkoen after shave merkearena baino. Brummel, Floid, Williams eta mila pezetatik beherakoak erabiltzen dituzte barra-barra.

      Gorbata bat jantzi baino lehen, San Bartolome berrituak izateko prest egoten ziren guztiak orduan. Larrua galduko zuten lehenago, gorbata jantzi baino. Orain ez, antza, orain dena da zilegi eta lehen kontraesana zena, aurrerapenaren azalez jantzita dabil. Neu izango naiz, seguruenera, trena garaiz hartu gabe geratu dena. Hobe horrela, inora ez daroan garraioaren menpekotasunak ordaintzen ibiltzea baino.

      Epaigelako sindikalista pitoa baino atzeragotik, azkenengo iladatan zegoen andre batek arnasa guztiak bota zituen niri oihuka, intzirika esango nuke.

      — ¡Asesino! ¡Terrorista! —egin zuen oihu, poliziek aretotik tatarrazka atera baino lehen. Epaigelatik kanpo zegoela ere, berdin jarraitu zuen alargun hark eta aretoko zarataren gainetik eta sarrerako atetzarren atzetik entzuten genion denok behin eta berriz bere intsistentzia— Asesino, terrorista, cabrón!2

      Lekaiotan ere ez zuen lan kaskarrik egingo halako birika eta eztarriarekin. Aurtengo Irrintzi leihaketako irabazlea, ahuntzaren eztula, haren aldean.

      Gauzak zeuden egoeran egonda, bazirudien eroaldi bat-batekoa piztu zutela nire hitz apur haiek epaiketa hurbiletik eta bertatik jarraitzen zuten guztien artean. Epaileak isilik egoteko erregutu zien denei, eten egingo zuela epaiketa bestela, eta berriro egin zidan galdera —Le repito la pregunta—3 esanez,

      —Señor Azkue, usted ha afirmado repetidas veces en su declaración que es un hombre pacífico, incluso pacifista. ¿Por qué dinamitó el edificio de la Bolsa de Madrid? Explíquemelo, por favor4 .

      Zurrunbilo zaratatsua isiltasun gordin bihurtu zen. Erabatekoa. Kukua entzuteko zain zeudela ematen zuen. Belarri guztiak jarri ziren neuri erne, nire ekintza izugarriaren arrazoia nola agertuko nuen irrikitan. Denak neuri so. Arnasotsik ere ez zen entzuten ahal eta ozenagoak ziren gainerako epaigeletatik etorritako zaratak, geurean sorturikoak baino. Euli bat hegaka pasatu izan balitz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren burrundara sortuko zukeen.

      Isiltasun erabateko hark eskola garaiko etsaminak ekarri zizkidan gogora, irakasleak “Vamos a comenzar el examen, silencio por favor”5 esaten zuenean bezala. Orduango hura ez zen borondatezko isiltasuna izaten, han denek baitzeukaten zer esana eta zer iritzia, sekula baino gehiago gainera.

      Hala ere, isilik egon behar. Epaiketan ere denek zeukaten nik egindakoari buruzko ustea eta zeresana. Guztiek zekiten nire berri, neronek baino gehiago. Nik, ordea, lehen aipatutako egiarenganako zaletasunarengatik, gauza bera erantzun nion epaileari. Nire hitzak itzultzen ziharduen itzultzaile eskasa alde batera laga eta zuzenenean erantzun nion, epaiketan lehenbiziko aldiz gaztelaniaz mintzatuz.

      — Por una mujer, señor Juez, ya se lo he dicho anteriormente6.

 

      Berriz ere piztu zen burrundara gelan, eta epaileak builaka aretoa hutsaraziko zuela hirugarrenez mehatxatu arte, ez zen han isiltasunik lortu ahal izan. Teknikariek telebistako kamerak biratu egin zituzten jendearen builak jasotzeko, nigandik haien lente eta objektiboak lehenengo biderrez apartatuta. Albistegietako izar izateari utzi nion une batez eta irribarre egiteko ustiatu nuen unea. Gehiago neure burua lasaitzeagatik, barre egite aldera baino.

      Neguko alkandora bat neukan jantzita eta bero egiten zuen areto barruan. Dena zen egurrezkoa, dena oihal gorrizkoa, eta eraikuntza materialeek biderkatu egiten zuten hainbeste gorputzen arnasak eta izerdik eragindako sargoria. Hainbeste jenderen lurrunak eta telebista kamerentzat egokitutako argiaren laguntzaz hogeita hamar gradutik gora egingo zuen seguru han barnean. Egunkaria zerabilen kazetari eta ikusle zenbaitek haizemaile gisa, aire apur baten freskatze bila. Jarrita neuzkan eskuburdinek laga zidaten era traketsean atera nuen mukizapia boltsikotik eta ezpaingainean eta bekokian biltzen zitzaizkidan izerdiak xukatu nituen, zela edo hala. Bero egiten zuen bai, bero galanta, baina ez nengoen inola ere urduri. Hobeto esan, ez neukan urduri egoteko arrazoirik.

      Nik ez dakit gezurrik esaten, eta egia osoa ez bada ere, ez nioen gezurrik egindako guztia emakume batengatik egin nuela esaterakoan. Euskaraz, erdaraz eta hala nahi bazuten, txineraz, nik egindako guztia, emakume batengatik egindakoa zen. Harenganako sukar eder batengatik. Oroitzen naizen bakoitzean, oraindik ere azala eta haragia ernetzen zait gustuz, egindakoaren balentriagatik. Ez nuen neure burua zuritu nahi, beraz, neu bainintzen Madrilgo Burtsaren Etxea lehertarazi nuena, neu sarraskiaren errudun bakarra, baina egin, emakume batengatik egin nuen egindakoa, nahiz eta emakumeak berak guzti honetaz fitsik ezin jakin. Areago, komunikabideetatik jakindakoa baizik ez zuen ezagutzen gaixoak.

      — Izugarria gertatu duk. Enteratu al haiz gaur goizean Madrilgo Burtsa Etxean izandakoaz? —galdegin zidan iluntzean etxera sartu nintzenean, musu azkar bat emateaz batera.

      — Bai, zer edo zer entzun dinat hegazkinean. Handia izan dun?

      — Handia ez, demasekoa. Hamazazpi hildako, hogeitaka zauritu eta duela mende bat jasotako eraikin paregabea guztiz birrindurik. Ez duk ezer zutinik geratu, ez eta zutabe bakar bat ere. Telebisioan ikusi diat. Sekulako triskantza.

      Nik ez nuen hartaz mintzatu nahi izan, nekaturik nentorren bidaiatik eta eskumaleta gelan laga ostean, afaltzeko ezer ba ote zegoen galdegin nion sukaldera sartu nintzenean.

      — Barbarinak labean erreta, eta aurretik entsalada edo zopa. Heuk erabaki. Ez, nire emazteak ez zekien fitsik nik egindakoaz. Are gehiago, ni horrelako ezer egiteko gai izan nintekeela pentsatu ere ez zuela egiten esango nuke. Ez eta burutik pasatu ere. Ezin baita sekula pentsatu, izurdeak marrazoaren hortzak dituela edo ni bezalako morroi gezak halako balentria burutu dezakeela. Perrexilak ez daki eta ez du jakingo sekula masustarik ematen. Berarentzat, nire emaztearentzat, Madrildik nentorren bai, baina Europako Batasuneko ginekologook egindako bilera nazioartekotik, ez beste inondik. Eta ez zebilen oker, bilera hartan egoteko astia ere eduki bainuen Madrilgo Burtsa Etxea lehertarazi nuen egunean bertan. Beste bost kiderekin mahaiburuan eserita gainera.

      — Umeak non ditun? —galdegin nion, oilategia txitarik gabe somatu nuenean.

      — Txikia gure ohean duk. Besteak amonaren etxean geratuko dituk lotan —erantzun zidan, hiru haurrek etxetik kanpora gaua pasatzea gauzarik arruntena balitz bezala.

      — Zer dela eta?

      — Gaur hirurogeita hamar egiten zitian amonak eta berarekin nahi zizkian denak. Baietz esan zioat, bihar larunbata dela eta eguerdia baino lehen joango garela euren bila. Geuretzat ere behar diagu bake pixka bat, schatz7.

      Ez, nire emazteak ez zekien deus, zinez, nik Madrilen eragindakoaz. Horixe zen arazoa, hain zuzen ere, berak ez zekiela fitsik eta nik ezin niola neuk burututakoaz ezer esan. Horixe zen neure zorigaitzik handiena: maite nuen andreari, beragatik egindako balentria ezin, inola ere, aitortu.

      Trajediak bilbatu ohi dituen bi aldeak nituen neurekin: handitasuna eta txikikeria, urrea eta gorotza. Bera itsuki maite nuelako lehertarazi nuen Madrilgo Burtsa, prestaketa luze eta zorrotzaren ostean. Bera irabaztearren egin nuen hori. Beti neure ondoan gordeko nuen itxaropenean. Neuretzat erabat eta oso-osorik behin betiko irabazteko. Neure emaztea gabe ezgauza bainaiz ni, oihalik gabeko aterkia edo bela ontzia bezalakoa. Baina, aldi berean, gertaera handien txikikeria ere ematen zion nire ekintzari inori neuk egindakoa ezin aitortzeak, ilargiraino hegaz igo, eta inori ez esatea bezala zen hori niretzat. Lehertu behar zitzaidan barrenean nik egindakoaren aitorpena eta harrotasuna baina isilik egotea baino beste biderik ez neukan, baldin eta ez banuen pikutara bidali eta indarrik gabe utzi nahi egindako ahalegin guztia. Loteriako sari handia egokitu eta inori aitortu ezin diotenen senitartekoa nintzen.

      Nire portaera ulertu nahi bada, urrutira joan beharra dago, ordea.

      Gertaeren iturrira, hamar urte atzera, emaztea ezagutu nuen garaietara, egunero egunkarietan ospetsu gisa agertzen hasi nintzen denboretara: “Azkue ginekologoak lortu du estrainekoz haurrak laboratorioan egiteko metodo ziurra” ekarri zuten titularretan egunkari guztiek nire argazkiaren ondoan, “Azkue doktoreak gauzatu du bikote antzu askoren itxaropena”.

      Gaur egun guztiz ezaguna da nire izena daraman teknika. Mundu guztian erabiltzen da, batez ere, zientzia aldizkari handienetan argitaratu zelako eta ez daukalako, berez, inolako zailtasunik. Nornahik erabil dezake nire ernalketa metodoa arreta apur bat jarriz gero.

      Merezimendu bakarra, nonbaiten baldin badago, naturan bertan gertatzen dena laborategian errepikatzeko gauza izatean daukat. Bikote antzuen arazoa konpontzeko, kimikaren bide kiribiltsuagoak erabiltzen urteak zeramatzen Pariseko Pasteur Institutuan eta New Yorkeko Sloan Kettering ospitalean, besteak beste. Alferrik. Uste baino errazagoa da haurrak laboratorioan egiteko bidea.

      Ez naiz orain luzamendu teknikotan hasiko, jakinekoa eta guztiz ezaguna baita nire aurkikuntzaren historia, lehenago esan bezala. Hain erabilia eta arrunta denez, gizakiak betidanik ezagutu izan duen teknika dela iruditzen zaigu gaur egunean nik asmatu nuen bidea. Ez da munduan ospitalerik, nire aurkikuntzaz baliatzen ez denik. Esan dezadan, besterik gabe, umetandik arrantzurako daukadan zaletasunari esker aurkitu nuela gizakia artifizialki ernaltzeko metodoa.

      Izan ere, edozein arrantzalek daki ekainaren lehenengo egunetan ez dela amuan jartzeko zizare nahikorik egoten inon. Urte guztian ez bezala, bakanak izaten dira hilabete horretan zizareak. Paduretako lohietan apur bat aitzurtzea aski izaten da nahi beste zizare lortzeko urte guztian. Ekainean ez. Ez da alerik egoten ia eta egoten diren apurrak ahulak eta txikiak izaten dira, amuan jartzeko gorputzik ere ez daukatenak.

      Gertakizun horrexen berri galdegin nion egun batean nire lagun biologo bati eta hark argitu zidan guztia. Berari esker jakin nuen zizareei buruz, edota izen zientifikoa erabiliz, poliketoei buruz dakidan guztia. Lagun biologoaren irakaspenean dago nire aurkikuntzaren lehenengo oinarria.

      Ekainean zizarerik ez egotea, poliketoen ugalketa moduari zor zaio. Uda baino lehen, zizare arrak neurri gabe gizentzen hasten dira. Gorputzeko barne organo eta barruki guztiak galdu eta milioika espermatozoidez betetzen dira. Odolki ugaltzaile soil bilakatzen dira. Emeak ere berdin, obulu zaku bihurtzen dira gainerako errai guztiak galdu ondoren. Ugalketarako makina espezializatu bilakatzen dira zizareak. Bonbak izaten dira, zizarekumeak egiteko bonbak, ez besterik, ekaina iristen denean.

      Denboraren azkenera heldu direla nabaritzen dute orduan, eta hil baino lehen euren bizitza guztiko unerik ederrena bizi behar dutela esaten die senak. Zizare arra zizare emea bizi den zulorantz abiatzen da, geratzen zaizkion indar apurrek bultzatuta. Lokatzetan tatarrazka joaten da, espermatozoide zaku handia, ahal bezala eramanez. Emearen zulo atariraino iritsitakoan, ordea, hainbestekoa izaten da nabaritzen duen asaldua, poza eta kilikadura, non bertan lehertzen den zahagi puztua bezala. Emea ukitzera ere ez da iristen, ezin eutsiaren kausaz.

      Milioika espermatozoide geratzen dira emearen atari inguruan barreiatuta. Emeak gertaera hori ikusitakoan, antzera egiten du eta supituan lehertuz bazter guztiak betetzen ditu espermatozoide azkarren aukeran geratzen diren obuluz. Paduretako lokaztiak, espermatozoidez eta obuluz beteta egoten dira ekainean, eta erraza izaten da, jakin eta gero, horri erreparatzea: lokazti beltzaren gainean, dena estaltzen duen geruza zuri bat agertzen da ekaineko ilbetean.

      Mariak behera egindakoan, zetazkoa dirudien oihal sotil batek estaltzen du lokaztia, aparrak garagardoa bezala. Hala sortu izan dituzte zizareek euren ondorengoak milioika urtetan zehar.

      Nik ezagutzen dudan orgasmorik ederrena da zizarearena. Naturaren baitan ez daukat halako beste gauza ederren berririk, marisorginaren estaldura miresgarria izan ezean. Zizareak erabateko zorionean hiltzen direla esan liteke edo, behinik behin, hala iruditzen zait niri. Egia esan, halaxe hiltzea gustatuko litzaidake, plazerrezko zoramen izugarrian, hiltzeko modua hautatzea eskainiko balitzait behintzat.

      Esan dezadan, baina, esan beharrekoa. Nik egin nuen gauza bakarra, zizareen espermatozoideak eta obuluak bat egiten zuteneko baldintzak aztertzea izan zen, eta hala, zizareen ernalketa beti urpean gertatzen zenez, ekaineko ura aztertu eta bi ondorio ageriko atera nituen. Bata, paduretako ura ez zela itsasokoa bezain gazia eta ez eta ibaietakoa bezain geza ere. Alegia, halako ura lortzeko, aski zela 20 gramo gatz litro bat uretan nahastea. Bigarren aurkikuntza uraren beraren tenperaturari zegokion: 14 eta 16 grado zentigradu bitartekoa izaten zen beti zizareen kopula eroa gertatzen zenean.

      Baldintza sinple horiek kontutan harturik egin nuen lehenengo proba gure laboratorioan eta neuk ere ezin izan nuen sinetsi han gertatu zena: gizasemearen hazia eta emakumearen obuluak kondizio beroietan jarritakoan, derrepentean gertatzen da ernalketa.

      Obuluek eta espermatozoideek babestu egin nahi dute urak daukan gatzetik, segundo apur batzuk bakarrik egin baititzakete gatz kontzentrazio horretan erre eta suntsitu gabe. Ez dira gauza izaten minutu oso bat ur gazitan egiteko, horregatik, biziko badira, derrigorrez egin behar dute bat lehenbailehen. Esan liteke elkarren beharretan direla biak ala biak bizirauteko.

      Espermatozoidea obuluan sartutakoan, geruza fin-fin bat sortzen zaio obulu ernalduari. Aminoazidoz osatuta dagoen geruza honek babesten ditu biak, hain zuzen ere, sodioaren (gatzaren) eraginetik. Obuluan sartzerik lortzen ez duten espermatozoideak, hil egiten ditu gatzak berehala.

      Hara hor nire aurkikuntzaren muina.

      Aste batzuetan isilpean gorde nuen aurkikuntza, anartean ginekologo hasi berria baizik ez bainintzen ni, baina behin eta berriz saiakuntza laborategian errepikatu eta gero, saioetako ehuneko larogeita bost kasutan ernalketa lortzen zela ikusi nuen. Gainerako hamabostetan, ur gaziak ez zuen espermatozoide eta obuluen arrastorik lagatzen, Coca Colak eta vermouthak okela zatia birrintzen duten bezalatsu. Ernaldutako obuluek bakarrik egiten zuten aurrera gatzuretan.

      Handik aitzinera etorri zen gainerantzeko guztia. Munduko unibertsitate handienetatik deitu zidaten nire aurkikuntza ager nezan, eta egunero aipatzen ninduten komunikabideetan, batez ere nire herrikoetan. Izan ere txikia baita gure herria, eta aski da apur bat nabarmentzea, meritu guztiak puztu eta ni bezalako belar txiki bakarrarekin meta osoa egiteko.

      Dena lortu nuen aldi berean: sona, dirua eta mundua. Dena neuretzat, baldin eta aipatu hiru gauza horiek bilbatzen badute gizakiok bizitza honetan lor dezakegun guztia. Zela-halako ginekologo gaztea izatetik, mahai guztietara gonbidatzen zuten jakintsua izatera iragan nintzen poliketoen ernalketa teknikari esker.

      Aitortu beharrean nago lehenengo urte eta erdian guztiz sinetsita ibili nintzela gorazarre haien artean. Lurrik ere ez nuen ukitzen ia, ospearen ospez, beti leku batetik bestera hegaka. Estatu Batuetako ospitale eta guraso ezinduen elkarte handienetatik deitzen zidaten gaur bai eta bihar ere bai. Hotelak, hegazkinak eta ohorezko otorduak. Alemaniatik, Japoniatik... edonondik edukitzen nuen gonbita eta, egia esan behar bada, inori ez zaio txarto etortzen losintxak jasotzea eta bazterretan guztiz nabarmen ibiltzea. Hasiera batean ez behinik behin.

      Alabaina, denborak aurrera egin ahala eta lehenengo garaietako ospe-sukarra iragandakoan, aspertu egin nintzen ederrez. Aspertu hainbeste joan-etorri eta loriarekin. Ezin nuen nire barnean gehiegi harrotu. Gaztetandik nire azalaren barruan bizi zen ikerlariak bazekien kontu hura guztia ez zela hainbesterakoa. Ondorio handikoa izan arren, aurkikuntza txikia zela nirea, alegia. Hala ikusten nuen nik behintzat eta ez nintzen antzera iritzi zion bakarra izan.

      Behin baino gehiagotan, zizareen kontuekin osatutako nire hitzaldia amaitutakoan, “Hori al da dena?” galdegiten zidaten munduko zientzilari prestuenek. Baietz erantzuten niek nik, horixe zela guztia, eta halako mesprezu ezkutu bat adierazten zidaten euren begietan. Ez nuen erabiltzen metodo korapilatsurik eta giza ernalkuntzaren mesederako nire aurkikuntza ez zen izan urte luzeetako ikerketa gaitz baten ondorioa. Zorte kolpe huts bat, hainbeste eta hainbeste ikertzaileren ahalegin itzelarekin alderatzen baldin bada. Zizareengan jakinekoa zena bistatzea baino beste merezimendurik ez neukan nik. Gainera, farmazia industriak irabazi gutxi aterako zuen nire aurrerapenetik. Edonork lor dezake kristalezko ontzi garbi bat, gatza, ura eta termometro bat. Egia esan, besterik ez da behar gizakia artifizialki egiteko.

      Patentatzerik ere ezin zitzaidan burutik pasatu. Ohorea nirea zen, bai, baina behin argitaratzen delarik, gizadi osoarenak izaten dira aurkikuntza zientifikoak. Enpresa bat baino gehiago hurbildu zitzaidan neure izenarekin botilaratutako gatzura merkatuan jartzeko asmotan baina, egia, ni ez naiz lapurretarako jaioa. Nork erosi behar du, eta hain garesti ordainduta gainera, litro bat ur garbitan nahastutako hogei gramo gatz?

      Ustegabean, tristurak harrapatu ninduen. Alde batetik pozik nengoen egindakoaz, aurrerapen handia izango baitzen “Simon Azkueren metodoa” deitu zutena haurrak egiteko arazoak zituen bikote askorentzat, baina beste alde batetik, bizitzak berez ekarri ohi duen kasualitate bati zor zitzaion aurkikuntza, nire jakituriari, abileziari edo ahaleginari baino gehiago. Nazkatzen hasi nintzen hainbeste ohore alferrekin eta utzi egin nion deitzen zidaten leku guztietara joateari. Bakea nahi nuen, bake apur bat, neure bizitzaren erretena txukuntzeko. Alferreko traba gehiegi zegoen nire bidean, eta azkar mugitzen ez banintzen, euretan gera nintekeen trabatuta, nola bildots jaioberria sasi handitan.

 

Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999