Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999

 

 

Itzuleraren kronika

 

      Aski ezaguna da gero gertatutakoa baina utz iezadazue, besterik ez bada, jazotakoa era burokratikoan kondatzen: Madrilgo Burtsa Etxearen leherketa aparteko ekintza borobila izan zen. Didier Dorise eta Joxe Elosegik emandako leherkaria ez zen nolanahikoa eta neuk uste baino hobeto birrindu ziren bazterrak. Ez zen deus zutinik geratu eta hori gutxi balitz, aparteko alibia neukan nik: leherketaren une berean, amaiera eta esker oneko hitzak esaten ari bainintzaien Europa guztitik etorritako ginekologoei, Espainiako Ginekologoen Elkartearen izenean gainera. Nork pentsatu behar zuen neu izan nintekeenik entzun genuen burrundara izugarri haren eragilea?

      Hantxe bertan bukatu zen gure bilera eta gero ahal izan zuena egin zuen norberak, Leialtasunaren Plazarantz zihoazen suhiltzaile, polizia eta anbulantzia ugarien sirenen artetik.

      Nik neuk, artez bideratu nituen neure pausoak hoteleko gelarantz eta ekipaia jaso ostean, taxi bat hartu nuen aireporturantz. Ez nuen atzera begiratu nahi, hildakoren bat gora edo behera, inork ez bezala bainekien han gertatutakoaren berri.

      — Otra vez esos cabrones de vascos24 —esan zidan taxilariak, eserlekuan egokitu nintzen bezain pronto.

      — ¿Qué dice usted?25 —galdegin nion, bapateko baieztapen hark ez baitzidan astirik eman ezertarako.

      — Le digo que otra vez han sido esos cabrones de vascos los que nos han vuelto a joder. Si en mis manos estuviera, me los cargaba a todos de una vez y santas pascuas26 —erantzun zidan, bolanteari irmoki eta gorrotoz heltzen zion bitartean.

      — Oiga que yo también soy vasco27.

      — Bueno, yo me refiero a los de la ETA esa que son unos cabrones. Ya sé que también hay gente respetable como usted entre los vascos28.

      — ¿Cómo sabe que yo soy respetable y que no soy quien ha provocado la explosión29? —galdegin nion, txantxarako ematen zidan aukera ustiatuz.

      — Salta a la legua que usted es imposible que sea uno de ellos. Usted es por lo menos un ejecutivo, o profesor o algo así, porque a un taxista que ha visto tanto como yo el olfato no le falla nunca30.

      — ¿Y usted cree que en ETA no hay gente como yo?31

      — Estoy segurísimo de que usted con esa cara no puede matar ni una mosca. Ni aunque ahora mismo me sacara usted una pistola le podría yo creer que es usted capaz de hacer daño a nadie. ¿A qué se dedica Usted?32

      — Soy ginecólogo33.

      — Ve, ya se lo decía yo, que a este taxista el olfato no le engaña. Si fuera usted de la ETA no dude usted que yo mismo le arrancaba el pescuezo ahora mismo34.

      Barajasera iritsitakoan, goitik behera miatu zituzten Sondikako aireportura gindoazenon agiri eta poltsak. Polizietako batek Madrilen zertan egona nintzen galdegin zidan eta Ginekologoen Simposiumean partaide izan nintzela erantzun nionean, “Perdone usted, doctor, lo acabo de reconocer del Telediario35” esan zidan arraiki. Batzutan gostu ematen du mediku izateak eta batez ere, nik bezalako itxura geza edukitzeak. Erregea bera ere hil nezakeen nik, inorengan batere mesfidantzarik sortzeke.

      Hegazkinean astia euki nuen egindakoaz gogoeta egiteko. Batere damurik ez zen ageri nire baitan, areago esango nuke: amestutako gizon berriaren biriketan hasi nintzen sumatzen abioi barruko aire egokitua eta azafatak ezer nahi ote nuen galdegin zidanean, baietz erantzun nion, txanpaina kopa bat gustora hartuko nukeela.

      Bidaiarietako zenbait ezagunak nituen, ni bezala haiek, Madrilen ibili ostean etxera zihoazen. Gertatutakoaz goibeldurik, beste ezer ez zerabilten hitzetik hortzera, baina sakon-sakonean denak ziren pozik itzulerarekin eta Madrilen instant bat gehiago egin beharrik gabe. Ez zuten inoren galderei erantzuten ibili beharko, ez zitzaien, behingoagatik, euskaldunek zer nahi zuten kontatzen ibili beharrik egokituko, eta inolako nahasmendurik sor ez zedin, eta euren izena guztiz garbi geratzeko, ez zituzten euren buruak eta iritziak traizionatu beharko eta euren etxeetan esatera ausartuko ez liratekeenak esatera derrigortuko. Behingoagatik bada ere, ez zuten adierazkaitza adierazten ibili beharko. Ez zuten gormutuen aurrean, guztiz garbiak zirela frogatzen ibili beharko, eta batez ere, ez zuten euren lotsa intimoa inoren aurrean irentsi beharko. Lehenbailehen iritsi nahi zuten guztiek etxera, bistakoa zen hori.

      Ni neu pozarren nengoen ostera, neure eserlekuan sartu ezinda.

      Iruditzen zitzaidan begietan antzeman behar zidatela nire balentria. Simon Azkue lehendik ere errespetatzen zuten baina Burtsakoaren ostean gizon ikaragarria eginda nengoela iruditzen zitzaidan. Atzean lagata nituen Madrilen egindakoak eta lehenagoko guztiak Azkue Doktorearen Sistimak eragindakoa baino poz handiagoa neraman barnean egoki kokatu ezinda eta iruditzen zitzaidan uholdeka irtengo zitzaidala kanporantz poz guzti hura, ontzian gainezka egiten duen esneak bezala, eta gainezkako haren bitartez bustitakoan, poztu egingo nituela inguruko oro ere neure zorionaren bitartez.

      Gizon berria nintzen azkenez eta neuk bakarrik erabakitako bidetik gainera. Akabo ordura arteko zalantzak eta belzkeriak. Ez nintzen gehiago neure buruarekiko duda-mudatan ibiliko, eta noizbait, espero gabeko zerbaitek eraginda goibeltzen banintzen, beti eukiko nuen entzundako burrundara zoragarriaren akordua nire baitan, ataka berritik irteteko. Madrilgo Burtsa Etxearen errautsetatik elikatuko nintzen hil artean eta ezerk eta inork ez zuen ahal izango neure burua kolokan jarri, lehen erdipurdiko hondarrez egina zena, harri bihurturik baitzegoen orain.

      Gizon ahaltsua nintzen zinez, jainko txiki bat, ginekologoaren azalaren pean. Hegazkin hartan zihoazen gizon guztiek batera baino gehiago balio nuen nik, ordura arte erdigizon izandako honek. Han ziren jaunkote guztien artetik, bakarra ere ez zen ni beste norberaren erretena garbitzen eta tajutzen. Han zeuden guztiek borobilduta zekartzaten seguruenez euren enpresen negozioak Madril aldetik, baina bakar batek ere ez zeukan adorerik eta kemenik nik burututakoa egiteko. Inor ez zen han ni bezain erraldoi eta gizon. Inor ez nire parekorik.

      Beste txanpain kopa bat eskatu nion aeroneskari eta edan ondoren, begiak itxita geratu nintzen neure aldaketaren gozamenean. Tarteka, Rita emaztearen begiak irudikatzen nituen eta, zergatik ez esan, Iñaki, Felix, Ixabel eta Bladi ere ekartzen nituen noiznahi gogora. Senar eta aita berriaren inguruan ikusten nituen denak biraka, harexi ahozabalik behaka. Gizon handi haren itzaletan gozo, denboran aurrera. Zernahi ekarri ahal izan nuen gogora Madriletik etxerako bidaia hartan. Zernahi gauza bakarra izan ezean: indarrak eginda ere, ezin ikusi nuen Hansen ifrentzua, Hansen irudia, Hansen aurpegia nire irudimenean. Guztiz ezabatua geratu haren itxura nire barne irudien artxibotik.

      Lehen beti present zen traba hura, Madrilen geratu zen, antza, Burtsaren harrietako zuztarretan hondoratuta. Telebistan ikusitako hiletaren irudiak gogora ekartzen saiatu nintzen, Ritak izkutuan edukitzen zituen argazkietan ezagututako begiak eta ile gorriak burura ekartzen ahalegindu nintzen, baina alferrik izan zen guztia. Nahita ere ezin. Segur nintzen, gainera, Rita ikusitakoan ere ez zela inondik agertuko Hans Lauerren irudirik, ez zela agertuko sekula haren akordurik gure artean, nire baitako argi berriak estaliko baitzituen oroitzapen tristagarriak oro eta itsutuko baitzuen gure memoria, nola arratsaldeko eguzkiak porturako bidea.

 

Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999