Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995

 

USTE ONA

 

        Oihanaren erdigunean bazen antzina landare haragijale mota bat. Denbora aurrera joan ahala beren ohitura bitxiaren kontzientzia hartzera heldu ziren, batez ere Zefiro haize onak hiriko norabide guztietatik ekartzen zizkien zurrumurru etengabeak zirela eta.

        Kritikari amore emanez, pixkanaka-pixkanaka ezinikusia hartu zioten haragiari, harik eta azkenean ez bakarrik zentzu figuratuan, sexualean alegia, begi txarrez ikustera, ezpada jateari ere uko egitera heldu arte, hain nazkaturik ezen ikuste hutsak goragale sortzen baitzien.

        Orduan barazkijale bihurtzea erabaki zuten.

        Egun hartatik batak bestea jaten dute soil-soilik eta lasai bizi dira, beren iragan gaiztoaz erabat ahazturik.

 

Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995