|
Istorio hiperlaburrak KRIMEN BIRIBILA Londresen, honela doa kontua: berogailuek irentsitako txanponen truke ematen dute bero. Eta negu gorrian han zeuden exiliatu hegoamerikar batzuk hotzak dardarka, txanponik bat ere gabe pisuko berogailua martxan jartzeko. Begiak erradiadoreari josita zituzten, betazalak mugitu ere egin barik. Totemaren aurreko debotoak ziruditen, gurtze posturan; baina izan, naufrago mixerableak ziren, Inperio Britaniarra akatzeko modua asmatu guran. Latorri edota kartoizko txanponak ipiniz gero, berotuko zuen berogailuak, baina diru biltzaileak aurkitu egingo zituen, gero, adarjotzearen aztarnak. Zer egin?, esaten zioten elkarri exiliatuek. Hotzak malaria bailitzen jartzen zituen dardarka. Eta, halako batean, beretako batek oihu itzela bota zuen, mendebaldeko zibilizazioa kolokan jartzeko tamainakoa. Eta honelaxe sortu zen izotzezko txanpona, gizon izoztu batek asmatua. Segituan ekin zioten lanari. Argizariz txanpon britaniarrak ederki imitatzen zituzten moldeak egin; gero urez bete eta izozkailuan sartu zituzten. Izotz-txanponek ez zuten aztarnarik uzten, beroak urtu eta lurrun bihurtzen baitzituen. Eta honela, Londoneko pisu hura Caribe itsasoko hondartza bilakatu zen. Istorio hiperlaburrak |