Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995

 

TEOLOGIA I

 

        Katiximak irakatsi zidan haurtzaroan komenientziaz on egiten eta beldurrez gaitz ez egiten. Jainkoak zigorrak eta sariak eskaintzen zizkidan, ifernuaz egiten zidan mehatxu eta zeruaren promes; eta ni beldur nintzen eta sinetsi egiten nuen.

        Joan dira urteak. Ez dut dagoeneko ez beldurrik ez sinesmenik. Eta edozelan ere, pentsatzen dut, burduntzian erre nazaten merezi badut, hala izan dadila. Honela purgatoriotik libratuko naiz, erdi-mailako turista zatarrez beterik egongo da eta; eta azken finean, zuzen eta legez gertatuko da.

        Zinez: merezi, merezi dut. Ez dut inoiz inor hil, egia da, baina adore edota denbora faltaz izan da, eta ez gogo faltaz. Ez naiz igandeetan mezatara joaten, ezta jai egunetan ere. Besteren emazte ia guztien gutizia izan dut, itsusiena izan ezik eta, beraz, apurtu egin dut —asmoz behintzat— Jainkoak berak Moisesen oholetan sakralizaturiko jabetza pribatua: Ez duzu besteren emazteren gutiziarik izango, ezta zezenena ere, ez astoena... Eta gutxi balitz, maitasun ekitaldiak burutu ditut, aurrez pentsaturik eta gogoz, langileen kopurua handitzeko asmorik batere gabe. Ondotxo dakit zeru altuan ezin ikusi dutela haragizko bekatua; baina susmoa dut Jainkoa ezagutzen ez duen zerbait ari dela kondenatzen.

 

Istorio hiperlaburrak
Mario Benedetti, Eduardo Galeano,
Augusto Monterroso, Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1995