www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ixtorio eta ipuinak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
XX. mendea

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HARRIXABALEKO HIL-HARRIETAN

 

        Egun guti du Harrixabaleko herria hemen berean aiphatu dugula. Ez ginuen bada orduan uste berritz hoin laster aiphatuko ginuela. Beharra bezalakorik ez da. Eta guzien buruan ez othe da hobe hola, ezen nihork ez ditu oraino ahantzi hango erretor ona eta Otsolarreko ermitau saindua? Bertzalde orok gogoan dute oraino nola Harrixabaleko erretorak egin etzezakena ermitauak egin zuen: hango jendea konbertitu...

        Huna bada zer zen gertatu delako herrian, handik laster. Erramu goiz batez hoihuka eta zalapartaka, othoi eta othoi, pazkoak laster egin zetzaten ari zelarik erretor gaizoa, izertua, hatsa joana, betbetan zain bat urratu zitzakon barnean... eta aditzaileak ohartu ere gabe, hila zen: gorphutz mahain sainduaren ondoan! Bi egunen buruan Harrixabaltarrek egin zazkoten ehorzteak! Han ziren kontseiluko gizon guziak, ikastegietako nexka-mutilak, Mariaren haur gazte eta zaharrak: han inguruetako aphez eta fraide guziak: han, Uztaritzeko komentuko serora andana bat: han ere, Otsolarreko ermitaua bere xano ttipia kaskoaren puntan. Eta nik dakita nor oraino? Hola nun, horiek guziak ikusi balitu, erretor zenak segurki, eta lehen aldikotz, erran nahiko baitzakoten: «Allo, behin bederen gauzak ontsa egin ditutzue: ez niz urrikaltzen hilik...»

        Hirur egunen buruko Harrixabaleko erretor berria izendatua zuen jaun apezpikuak. Badakizue nor igorri zakoten? Otsolarreko ermitaua. Bainan jada saindatua zen herri hura, debrua ez baitago behinere lo, eta ermitauak ere etzituen hiruetarik bat baizik pazkoen egiteko bildu. Egin zuen oihu, egin zuen kantu: oro debaldetan: herria etzuen bildu. Haren bihotzmina! Lotsatzeko ere bazen! Bainan ermitau bat deusek ez du lotsatzen: are gutiago, Otsolarrekoa! Othoitzean hasi zen beraz, zinez eta barnez othoitzean, Andredena Mariaren bitartez, Jesusi: «Jesus ona, zeru-lurren nausia, emadazut othoi mirakuilu baten, bat bakarraren herri huntan egiteko indarra: gisa hortan, hitz dautzut, herriko jende guzia berritz zure ganat itzul-haraz nezake! Eta ez hemengoa bekarrik, bainan hemengoaren etsenpluarekin Milafranga hortakoa ere ba! Bai-eta Uztaritzekoa ere! Gero, Canbokoa! Senperen ez dira hain harrotuak, bainan han ere nor edo nor badikate bere baitan sartzea on lukenik!...»

        Eta horra nun Jesusek berehala ihardesten dakon:

        «Uztaritzeko, Canboko, Senpereko eta Milafrangako erretorek ez ditek hik bezalako buru hausterik: han ez ditek mirakuilu beharrik. Bainan uste duk hik bat askiko dukala?»

        —Bai, nausia, bat askiko dut, aski handia egitearekin, hogoi-ta hirur urthe Otsolarren Uztaritzeko jaun notariaren arthotik janez bizi izan nizen bezen segur!

        —Ontsa duk; ematen daiat beraz eta gogo onez ematen nahi dukan mirakuiluaren egiteko indarra...

 

* * *

 

        Ondoko igandean huna zer zuten Harrixabaltarrek predika-lekutik aditu ermitauari: «Berri bat beharrietarat jin zaut: ene errenatarik bat ez duzuela hemendik goiti sinhetsiko edo mirakuilu bat zuen begietan beharko dutala egin! Ni bezalako ermitau ttipi bati hainisko galdetzea da hori. Bainan bertzela ez ditakenaz geroz, ontsa da: mirakuilu bat eginen dautzuet. Sarri aski duzue bezperetarik lekora hil-harrietan kausitzea orok! Erranak erran, sarri arte!»

        Ez ginuke segurki finkatu nahi Harrixabaltar batek ere bere erretora egun hartan sinhetsi zuela, bainan finka ditakeena da, egia delakotz, oro eta oro bezperak ondoan han zirela xuxen hil-herrietan. Ermitaua berehala iragan zen harrizko alki baten gainerat eta, irri xuri-xuri bat ezpainen puntan, hasi: «Harrixabaltarrak, nik ez ditut bi hitz: goizean hitzeman dautzuet mirakuilu bat emen egitea, bai, hitzean nago. Zer da mirakuilutean handiena? Hil bati biziaren ematea. Horra bada orai berean eta guzien bixtan zer eginen dutan. Jaun xantrea ene aldean dut: eskuetan badu untzi bat: untzi hortan ezarriak ditut azken bi urthe hautan hil direnen izenak. Zoin izen atherako baita untzitik eta hura dut nik phitzaraziko, hilaren ahaide hurbilenak hala nahi badu!» Eta xantreari orduan erraten dako: «Sina-minarik gabe, Pettan, athera zazu izen bat zure untzitik.»

        Hango ixiltasuna orduan aise amesteko da: uli bat adituko zen naski airean ibilki handik ehun urratsetan!

        Xantreak atheratzen du beraz izen bat eta irakurtzen Sakelajori Anton, Larreburuko nausia!

        —Nun dira Anton zenaren ahaide hurbilenak? Erhia altxa!...

        Noizbeit, Gaxuxa Ergel, Antonen ilobak altxatzen du erhi bat... erhi pitina!

        —Nahuzu phitzaraz dezadan zure osaba?

        —Jauna, nik zer nahuzu bada erran dezazudan? Osaba hilez geroz ezkondu nintzen eta sainda da hola! Galde zazu othoi ene senharrari... Bainan senharrak estuko xoria maiteago baitzuen airekoa baino, ukhan ondoriotasuna gerokaren mentura baino...

        —Bego hori hortan, dio berehala ermitauak. Denborarik ez dezagun gal eta xantrea, athera laster bertze izen bat...

        —Katalin Lumatx, Xoxoeneko etxeko-anderea...

        Urthe bat etzuen oraino hila zela Katalinek eta jadat berritz ezkondua zen Xidro, hare senharra.

        —Xidro, nahi duzu phitzaraz dezadan Katalin?

        —Jauna Katalinek bazituen segurki alderdi onak, bainan itzal handiak ere ba. Eta nahiz oraiko emaztea ere ez den aingeru bat, guziak konda, nahiago du, hau bakarrik atxiki. Ez lukete biek sekulan, elgar adituko eta buru hortarik norentzat litake kaltea? Enetzat...

        —Aski, aski hortan, Xidro: Katalinik ez dautzut phiztuko. Bainan goazen berehala hirurgarren bati.

        —Extebe Gibelandi!

        Berehala eta bere baitarik hainbertzenarekin hurbiltzen da, taka taka, muthil gothor bat.

        —Aita nuen Extebe Gibelandi. Jauna, phitzaraz zazu segurki, bainan barneko min tzar bat baitzuen, hura gabe. Bi urthe handi atxiki ginuen eri, ez ginuke berritz holakorik nahi deusetan ere.

        —Ez duzue deusetan ere holakorik izanen eta Pettanek athera dezala oraino izen bat.

        —Batihcta Gutierne...

        Eta izen hau aditu orduko marrumaka hasten da xoko batetik atxo ximur motho gorri bat: hi hi hi eta hi hi hi.

        —Gaizo Batixta... Batixta maitea... Zer atseginarekin ikusiko zaitudan segurki!

        Ermitauaren loria orduan! Loriarekin kasik besarkatu zuen-eta atxo ximurra!

        —Jainkoari eskerrak! Atxo maitea, egia da beraz sarri nahi duzula zure Batixtarekin buruz-buru afaldu eta emaiten dautazula haren orai berean phitzarazteko zure baimena?

        Eta atxoak zer erranen zuen goaitatu ere gabe, ermitaua jada lasterka bazoan Batixtaren hobiari buruz, nunbeitik haintzur bat agerturik hura bizkarrean. Bainan lehen haintzur kolpea ematerat utzi gabe, atxoak horra nun dakon besoa gelditu.

        —Burutik egin othe zautzu jauna. Ez nauzu utzi akabatzerat! Nik segurki nahi nuke Batixta phitzaraz dezazun, bainan berak ez luke nahi. Huna hitzez-hitz zer erran zaukun hiltzerakoan: «Zerurat noa, zerurat noa eta zer nahi eskainirik ere, zeru eder hartarik ez nuke atheratu nahiko!»

        Hainbertzenarekin Xantrea hurbiltzen zako ermitauari eta beharri xilorat, erraten delako Batixtak bere emaztea panpatzen zuela noiz-nahi: ifernu bat zela hezen etxea:

        —Zeruan bada, zeruan utziko dugu Batixta...

        Bainan horra ermitaua egundaino bezala lanean. Nor othe da ahaidek gogotik phizten ikusiko dutena? Eta heldu zako: sekulan bada eta, erretor zena.

        —Nahuzue phitharaz dezadan zuen erretor zena? Erhia xut nahi dutenek...

        Bi erhi xutitzen dira: Xantrearena eta gobernantarena.

        —Zer, hoin bihotz gabeak zirezte herri huntan! Horra aphez gaixo bat zuentzat gorphutza eta arima higatu dituena eta ez dira bi erhi baizik xutitzen? Badira hemen Heren-Ordeko giristinoak, badira Mariaren haurrak, badira hameka aldiz erretor zenaren mahainean ase eta bethe diren gizonak: hek ere ez dute erhirik altxatuko? Zer da beraz herri hau?

        Hargatik ez baitzen erhirik altxatu ermitauaren oihu-karrasia minekin ere! Han zagon gero-ta harrituago, ez jakin gehiago zer erran. Emazteki moko mehe bat hurbiltzen zako: Mariaren haurretako buruzagia, berrogoi-ta bederatzi urthetan.

        —Jauna, nahi duzu egia nik erranik jakin? Hobe da erretor zena den tokian uztea. Ez dakizu zuk azkenekotz arras mokotua ginuela? Utzazu bada bere hobian: hein batetik goiti hango hobea da den hoberena ere...

 

* * *

 

        Hauxe da lana! Gogoetatzen hasia da ermitaua nihork ez duela naski bere mirakuiluaren egiterat utziko! Behin ahal hori izan-eta, zer lastima! Bainan gogorat heldu zako bezperan ehortzia baduela hirur urtheko aingeru bat eta bihotza hautsi nahi zuela bere nigarrekin amak.

        —Hura phitzazaz baneza!

        Ondikotz eta ondikotz, hartako ere etzuen astirik izatu, ezen hainbertzenarekin galerna bat jauzi zen ikaragarrizkoa. Hasi ziren lehenik ortziak karraskan, gero harria purrustan. Eta harrixabaltar guziak, lasterka joan ziren zoin beren etxetarat...

        Eta ermitaua? Ermitauak egin zuen bertzek bezala. Eta gauza den bezala errateko, ez dakigu eia ondoko igandetan egiten izan ahal zuen bere mirakuilua. Harrixabaltarrak pazkoetarat biltzeko ala Harrixabaltarrak gelditu ziren lehen asto, gero mando...

LURTXURI

 

aurrekoa hurrengoa