www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ixtorio eta ipuinak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
XX. mendea

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HARRIXABALEN BEZALA, BETHI

 

        Eskualdunetan ez gira gehiago zonbeit bakhar-bakhar baizik, Harrixabaleko herriaz mintzatzen aditu dugunik, aspaldi baitu su ikaragarri batek Jainkoaren gaztiguz suntsitu zuela. Ez dakitenentzat, zerbeit bederen jakin dezaten, dezagun hau erran: Harrixabal herrixka xuri pollit-pollit bat zela, aski gixena, han nunbeit, Uztaritzeko inguruetan. Senpereko alderat ala Milafrangako ixtunen ondoetan, ez dakigu. Bainan ez du hainitz munta horrek, errateko ditugunen errateko.

 

* * *

 

        Denbora hartan bazuten beraz Harrixabalen jaun erretor bat, orai guti ikusten baita halakorik Eskual-Herrian eta bertzetan ere. Ona, kartsua eta beroa zen. Beroskoa zonbeit aldiz, haize hegoa bezala. Bainan erretorak aldarean othoitz gehiago, predika-alkian oihua saminago,... eta jendea errebesago zoan herri hartan, egunetik egunerat. Halako moldez nun, igande batez, tak eta zart, Harrixabaltarreri beren erretorak saminki erran baitzakoten:

        «Zuek giristinoak, badakizue zer iduri duzuen? Martin Uztaritzeko komentuko baratzezainaren jazko tipulak. Landatu zituelarik aski polliki burutzen hasiak ziren. Geroztik bietan bederen eman zakoten ongarria. Eta zer ongarria! Hiruetan sarratu zituen. Eta nola sarratu, nihon belhar ondo bat utzi gabe! Idortean, arrats guziz artha handienarekin busti, mafrundi gaixto baten gatik! Bainan hemen egia erran behar dut, oro eta oro debaldetan: pirrit bere lan guzia etzakon baliatu: tipulak etziren egin eta Martin gaizoak atheratu zituen sartzean bezalatsu, kukusoaren heineko... Giristinoak, horra hemengo ixtorio bera. Hunat jaun apezpikuak duela hogoibat urthe igorri ninduelarik, kartsu kartsuenetarik ez izanagatik, bazen Eskual-Herrian berean zuek baino makurragorik. Eta nik geroztik nere hameka egin-ahalak egin ditut lur horren ontzeko. Egiazki, nihil mihi conscius sum, ez dut deusen urrikirik: bertze batek etzuen predika-alki huntarik oihu gehiago eginen, zokho-moko guziak ikertuz eta itzulipurdikatuz, boza eta biloak galdu arte. Eta... eta? Arri arri mandoko: zuek saindutasuneko bidean aintzinatzeko orde, gibelat egin! Bainan nik egun hauxe erran behar dautzuet: nekatua eta asea niz, leporaino asea: ez bazizte bada, gehiago luzatu gabe, zuen baitan sartzen eta Jainkoaren ganat itzultzen, nik lekuak hustuko ditut: zuek hemen utzirik, ni joanen niz ahal dutan tokirat. Halabiz». Irri egin zakoten Harrixabaltarrek igande hartan ere beren erretoraren erran guzieri eta apuñatik lothu «Credo»ren kantatzen!

 

* * *

 

        Egunak joan, egunak jin, garizumako denbora ere hurbildu zen eta bere buruarekin elheketa zagon arrats batez, supazter xokhoan, gathu bizkar legun bat aldean luze luzea, gure jaun erretora: Zer nahuzue bada gehiagokorik nik egin dezotan herri huntako jendeari? Jaz erditsuek etzituzten beren pazkoak egin. Aurthen laurden bat heldu bazaut, munduko gorena! Eta helduden urthean? Ez, ez: hola ez doake gehiago: nitaz aseak dire Harrixabaltarrak: hobeko dakot beraz lehenbailehen jaun apezpikuari hitz bat igorri, deusetako ez nizela hemendik goiti on, ordain bat laster igor dezadala Harrixabalerat. Bai, hala egin behar dut: hemengo jende guzia ifernu ondorat joaitea baino, guzien buruan ez othe da hobe ni Ainhoako kaperan ermitau bizitzea? Ermitaugoa aiphatzearekin, horra nun betbetan, gure erretorari gogorat heldu zakon hain xuxen adixkide bat baduela Otsolarreko errekan jada ermitau, omen handiko saindu, omen handiko predikari eta, Hazparneko misionestek baino hobeki ere, harek herria konbertituko dakola. Eta berehala Kadet eiherazainarekin hitz bat igortzen dako ermitau adixkideari ondoko egunetan joanen zakola ikusterat eta, hemendik harat, haren doia xingar nunbeit atxeman dezala.

        Ondoko igandean, ebanjelio saindua kantatu-eta huna gure erretora mahain sainduan. Irri xuri bat ezpainetan, hasten da: «Bakotxat bere egitekoak ditu: zuek baditutzue zuenak eta nik badituk eneak. Beraz aste huntan bi egunez herritik kanpoan izanen niz. Predikare padre, debalde madre baitut nik hemen, huntan egungo akabo». Jendearen harritzea igande hartan! Bainan etzuen gutiago harritu behar ondokoan, predika-alkirat iragaiten ikusi zutelarik, bere bizar zuri luzearekin, xano ttipi bat buruan, Otsolarreko ermitau saindua!

        Zer erran zakoten Harrixabaltarreri egun hartan ermitauak? Batere ez dakigu. Dakiguna da astelehen goizetik hasirik jendea goiz guziez tropaka heldu zela elizarat kofesatzeko xedearekin! Hainbertzetaraino nun ifernuko debru beltza hango su lametan kexatzen hasi baitzen Harrixabaleko su-gei onak galdu behar zituela, ermitauaren gatik. Zer egiten du orduan? Takataka abiatzen da Harrixabalerat, buztana xut, denbora bada oraino zerbeit egiteko Harrixabaleko gei onaren eskasez ifernuko sua hil ez dadin, edo ttipi. Nihor ohartu gabe badoa aphez etxearen aintzinean barna eta sartzen da elizan, ur benedikaturik hartu gabe bixtan den bezala. Bainan athetik bi urratsetan hantxe gelditzen da harritua eta tontotua. Ezik nor ikusten du kadira hartan belhauniko, burua bi eskuen artean? Xantxo. Xantxo, mozkor handi, ohoin tzar, gezurti ikaragarri bat, behinere elizan zangorik ematen ez duena! Ez, ez: holakorik ez du nahi debruak: hein bat bada guzietan: eskuko xoririk ez dako segurki ermitauari utziko. Ez lezake gaizki irri egin Harrixabaleko erretor buru zuriak!

        Bainan orduan ditu lanak debru beltz harek! Nola bilduko du orai Xantxo? Han dago hau bilha, hura bilha, eta deusik ezin kausi. Eta denbora hortan, Xantxo kofesatzen da, ermitau sainduak manatu hirur hamarrekoak erraten ditu eta... abiatzen da, xoria bezen arin, kanporat.

        «Jesu, Maria eta Josepe, urrikal nakizue, dio begiak atherat altxatu ditueneko, Xantxok: debrua hantxe, buztanetik aise ezagut ditake! Ez nu bada berritz bere sareetarat segurki bilduko!»

        Bainan nundik athera? Elizan ez da athe bat baizik? Jauzian badoa beraz gure gizona, iragaitean kuskako bat ukondoaz debruari emanik. Eta gibelat itzuli ere gabe lasterka etxeko alderat hartzen du, athea burrunban hetsirik...

        Ai, ei, ai! Zer da orro ikaragarri hau! Zer den? Huna. Xantxo atheratu deneko, debru beltza ere atheratu da. Bainan gauza batez ez da orhoitu: buztana luzeskoa duela eta eskuetan hartzen ez badu, atheak eta paretak artean hartuko dakotela. Eta hala-hala da gertatzen. Debrua han dago orai preso. Ezin aintzina, ezin gibela, ezin ere itzul buztaneko mina emendatu nahi ez badu...

        —Xantxo...

        —Zer duk?

        —Othoi othoi haugi ene hemendik kentzerat...

        —Ez eiki.

        —Haugi, sari bat ederra emanen daiat...

        Sari bat? Debruaren eskutik ere sari bat on da! Guziz zonbeit sos lituzke on Xantxok, pilik ez baitu sakelan eta okhinari bi egunen buruan ilabetea ordaindu behar! Bainan...

        —Ez diat hire ganik deusik nahi.

        —Xantxo haurtzen ari hiz naski hola mintzatzeko? Haugi, emanen daizkiat hamar mila libera...

        Hamar mila libera! Hamar mila libera! Xantxo ikaran dago gaizki entzun duela naski.

        —Zonbat erran duk?

        —Hamar mila libera...

        —Emaitzik beraz lehenik eta athea idekiko daiat.

        —Han dituk untzi batean, jaun erretoraren baratze muthur batean.

        —Etxean ontsa nindukek jaun erretorarekin helduden igandean, kofesatu orduko bere baratzean ohointzan ikusten banindu!

        —Hamar mila liberak ez dituk harenak! Nun ikusi duk hik egundaino erretorik holako sosarekin?

        —Hala duk hori ere, oraiko mendean...

        Denbora hortan bi urratsetarat hurbildua zen Xantxo. Rau, buztanetik lotzen da debruari eta athea idekitzen du. Debruak nahi luke segurki ihes egin, bainan aztapar onak ditu Xantxok eta ez du utziko, zorra ordaindu arte, orai.

        —Habil hor, eiki, eni diruaren ematerat, erran bezala!

        Badoazi, badoazi zango punten gainean, aphez-etxeari hurbiltzearekin. Unzia bere hamar mila liberekin erran lekukan kausitzen dute eta orduan, gehiagoko agurrik gabe, biek bi alde hartzen dute, debruak ifernuko alde eta Xantxok etxeko alde, lehen adixkide bezen orai etsai...

 

* * *

 

        Hala beharrean, ixtorio hunek baluke debru beltzak bezenbat buztan oraino. Ez dakogu batere emanen. Dezagun bakarrik erran aspaldi hil zela Harrixabaleko erretora geroztik ere hameka buruko min bildurik; Xantxo laster berritz bilakatu zela lehengo Xantxo, arras edanari eta ohointzari ere eman zela, eta guziz debruak amarru handiak dituela, ezen, Harrixabalen ez bada, eskualde bereko herrixka batean, oraiko erretorak dionaz, debruak biltzen du nahi duen bezen bat su-gei, bethi.

LURTXURI

 

aurrekoa hurrengoa