www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ixtorio eta ipuinak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
XX. mendea

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

MIXERIA

 

        Mixeria nor den norbeit Eskual-Herrian balinbada eros dezala «Gure Herria» eta irakur dezala kondaira hau. Kondaira hunek ez badio deus handirik ikasten, ez dio bederen denbora handirik gal-araziko: laburra da.

        Badakite Eskualdunek zer zaikun guri zorigaitza? Hainbertze kondaira pollit gure xaharrek oraino baitakite, hek galtzerat uztea, norbeitek bildu eskasean, emeki-emeki!

        Gure aldetik noizetik noizerat, supazter xokhoan aditurik, bat edo bertze hemen ezarri gogo dugu. Ez badire bethi guzien gustukoak, barka dezagutela zer xedek gabilzkan oharturik. Eskuarak ez luke hil behar...

 

* * *

 

        Beraz, Mixeria Akhelarren zagoen gizon xahar bizar xuri bat zen. Nungoa othe? Jainkoak daki. Izenetik hartzeko kaskoina zitaken sortzez bederen, kaskoinian gosez hil beldurrarekin noizpeit Eskual-Herrirat ethorria lamiña denboretan.

        Zer-nahi izan dadien, Akhelarren zagon bethi gure Mixeria, geroztik aspaldi lurrerat eroria den etxola txar batean. Eskuara ere bazakien, liburutarik edo nolazpeit ikasia.

        Bai-eta egiazki etxola txarra zela etxola hura! hura! Berak bere eskuz ahal zuen bezala moldatua, lastoz, landa zokho batean: zeru-lurreri zabal-zabala idekia. Hantxe bizi zen esketik bildu ogi kasko batzuekin gaizo Mixeria, hotzarekin bizkar hezurreraino hoztua, euriarekin larru-barneraino buztia. Dohakabea! Eta nolako soinekoekin! Alde guzietarik zilhatuak: athorra galtza iphurditik ageri: lehengo xapel turruta luze irri-egingarri hetarik bat buruan. Zer haurren trufaren bazka!

 

* * *

 

        Horra nun udazken ilhuntze batez, sekulako hotzarekin, han barna iragaitean, Mixeriaren etxolan sartu zen Jesus Jauna.

        —Agur, Mixeria.

        —Agur, jauna. Aise ikusten dut hoztu zarela kanpo hortan. Neretzat behinere ez dut egiten, bainan zato, phiztuko dut su eder bat.

        —Milesker, nik ez dut hotzaren beldurrik.

        —Bai bederen gosearena? Har zazu beraz mahain gainetik ogi kozkor hori eta biek jan dezagun.

        Eta erditik eginik Jesusek eta Mixeriak jan zuten ogi kozkor hura...

 

* * *

 

        Hain xuxen, orduantxe berean, plazan partida bat errebotean eginik etxerat zoazin hamarbat haur. Etxolaren parrean gelditurik oihuka hasi ziren.

        —Kuku hadi, marro zaharra.

        Eta kisk kask harri batzu etxolako lastorat erori ziren. Lasterka hurbildurik, prediku eder bat egin zioten Jesusek haur tzarreri eta etxerat igorri zituen, urrikia bihotzean. Zer eskerrak bihurtu ziozkan Mixeriak berritz etxolan sartu zitzaionean.

        —Badakizu nor naizen bederen ni? zion Jesusek orduan galdetu.

        —Batere, jauna: bainan nor-nahi izan zaitezen, zure mintzo eztiko gizonik ez dut behinere kausitu, nik, hemen gaindi.

        —Ni, Jesus naiz.

        —Sinhesten dut segurki, jauna: horra zertako hunat ethorri zarenetik gozo handi batek hezurretaraino hartu dautan gorphutz guzia! Barkha, jauna, ez banaiz berehala belhaunikatu: belhaunek ez ninduten atxikiko.

        —Badakit, Mixeria: ez duzu beraz hortaz zeren kexa. Orai, erranak erran, zer nahi duzu zuretzat egin dezadan?

        —Ori, jauna, ez dautzut batere mintulinkeriarik eginen nik: sobera ona zarela, ez dutala deusen beharrik eta holako. Ez, jauna, baduzu ahala: huna beraz zer nahi nuken. Othoi arrats guziz emadazu mahain gain hortan, eske ibiltzeko beharrik gabe, biek erditik jan dugun bezalako ogi kozkor bat. Egizu bertzalde landa muthurreko atheka hartarik herri huntako haur tzarrak ez diten gehiago iragan nere trufatzeko.

        —Hola egina izan bedi hemengik goiti.

        —Jauna zaharra naiz: erromesa naiz. Bainan ez naiz oraino bizi huntaz asea. Utz nezazu hemen zenbeit urthe bederen, bainan noizetik noizerat zato egun bezala nere ikusterat. Zutaz kanpo, nahiagoko dut nihor ez ikusi...

        —Mixeria, onhartzen dut galde hori ere. Eta orai banoa. Mixeria, egon ongi eta bertze aldi bat arte.

        —Nahi duzun arte, jauna, eta milesker hainitz.

 

* * *

 

        Hola-hola zen ordutik gertatu. Behinere ogiak etzion huts egin Mixeriari. Bazuen eta bera aserik inguruko xori guzien asetzekoa! Haurrik etzitzaion gehiago trufatzeko etxolarat hurbildu. Hurbildu nahiz ba arizan athekan, bainan han bethi zerbeitek gibelatu!

        Denborak gan, denborak ethorri, horra nun behin Herioa etxolari buruz abiatu zen gaizo Mixeriaren hartzeko eta eremateko, asmatzeko da norat. Bainan Jainkoaren indarrak ez baitu neurririk: haren kontra nihork ez deus egiten ahal! Herioak ere etzuen atheka iragan. Errabia gorrian, mila gisetarat jokatu zen segurki, zapatak khendurik eta espartinak emanik. Debaldetan. Han utzi behar izan zuen Mixeria bere etxolan...

 

* * *

 

        Nere irakurtzaile maiteak, zeronek ez othe duzue zenbeit aldiz frogatu Mixeria oraino bizi dela. Nik bai bethi. Bizi... eta biziko menderen mendetan.

LURTXURI

 

aurrekoa hurrengoa