www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ixtorio eta ipuinak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
XX. mendea

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

GANIX ARTZAINA

 

        Arrats batez Jesusek aingeru bat igorri zion Jondoni Petriri berehala ager zadin haren ganat, zeruko athea ongi hetsirik, nahi liokela zerbeit erran. Athea urhezko gakhoarekin hetsi zuen Jondoni Petrik eta lasterka gan zitzaion Jesusi.

        —Agur, nausia: zerbeit erran nahi omen dautazu?

        —Errak, Petri: azken hirur ilabete hautan ez duk Eskualdun bat ere zeruan sartu! Zer gertatzen duk?

        —Batere ezdakit, nausia. Bainan hirur ilabete hautan Eskualdunik ez baita hil, beldurtzen hasia naiz Eskual-Herrian ez othe duten heriotzetik begiratzeko zerbeit erremedio asmatu!

        —Eskualdunek?

        —Bai, nausia, Eskualdunek. Holakoetako ez dire batere bertzeak baino tontoago!

        —Ikusi behar diagu haatik horixe!

        —Noiz, nausia?

        —Bihar goizean argia gabe abiatuko gaitut biak, han barna itzuli baten egiteko, esne bero xorta bat edanik.

        —Bideko ez dugu deus hartu beharko?

        —Hartuko duk hire makhila, Irisarrin iragaitean behartzen bagaituk ere!

 

* * *

 

        Biharamunean beraz Eskual-Herriari buruz abiatu ziren Jesus eta Jondoni Petri. Oren pare baten buruko, Urtsuiaren puntan ziren. Bertze mendi guzien artean zertako hautatu zuten Urtsuia, harat jausteko, ez nakike.

        Dena dela, Urtsuian bazen orduan etxe xuri pollit bat, bere leiho eta athe gorriekin. Suak suntsitu du geroztik. Ganix Artzaina zelako bat zagon etxe hartan: gizon zuzena eta langilea, bainan jokolaria bi zangoetako erhi puntetaraino, igandetan mezarat gan eta sekulan etxerat ezin bildua bere museko partida tzarrekin!

        —Errak, Petri, ikusten duk hantxeko etxe pollit hura?

        —Ganix Artzainaren etxea da.

        —Agur baten errraterat gan baginakio?

        —Nahi duzun bezala, nausia.

        —Goazen bada.

        Eta badoazi, taka-taka, othaskaz, othaska. Zer izerdiak botatu zituzten bidean egun hartako beroarekin!

        Hain xuxen, Ganix baratzean ari zen pipa-belhar hazi eraiten. Bi gizonak ikusten ditu.

        —Nun zabiltzate holako beroarekin, jaunak? Goazen nere sukalderaino: trago bat elkarrekin edanen dugu.

        —Hola izerditu-eta, egia erran ez du trago batek kalterik egiten ahal!

        Zer arratsalde goxoa iragan zuten hantxet hiruek, elhe eta elhe, Perkain eta Azantza eta bertze Eskual-Herriko pilotari aiphatuez, lehengo dantza ederrez, kanta zaharrez... eta nik ez dakit oraino zertaz. Gaua ohart-gabean ethorri zitzaioten. Xiribita piztu zuen Ganixek eta zer afarittoa egin zioten orduan! Xingar puska bana lehenik, gero zikiro tripa, gero ahia, eta azkenik ardi gasna, hiru pinta arnorekin. Zer gerta ere, gauaz bideari ez lotzeko, han berean egin zuten lo Jesusek eta Jondoni Petrik, lastozko ohe gozo batean.

 

* * *

 

        Lehen argi zirrista zerutik jautsi orduko, jeikiak ziren hiruak biharamunean. Eta Jesusek erran zion Ganixi:

        —Ganix, badakizu nor naizen ni?

        —Jauna, zu Angles zenbeit zarela egina dut atzo. Anglesak dire bakharrik hola mendiz-mendi ibiltzen, nun zer ikusiko duten.

        —Ez naiz ez Anglesa, ez Portugesa, ez Italianoa.

        —Zer, Alamana bederen?

        —Ez nuke nahi ere.

        —Jauna, etzare bada Eskualduna ere?

        —Zertarik iduritzen zaitzu?

        —Ori, atzoko egun guzian ez baituzu juramentu bakhar bat ere erran eta nik bat erraten nuen aldi guziez kopeta zimurtzen baitzinuen!

        —Ez, ez naiz Eskualduna ere, are gutiago Amerikanoa.

        —Zer zare beraz, zerutik jautsia?

        —Horra egia, Ganix. Ni, Jesus naiz: hau, Jondoni Petri. Atzo hemen iragan oren goxoen saria, urrundu gabe eman nahi dautzut. Hauta zatzu beraz hirur gauza: hiruak emanen dauzkitzut, Jainkoaren semea naizen bezen segurki.

 

* * *

 

        Ganix lanean zen orduan. Denak nahi eta hirur bakharrik hautatu behar! Hurbildu zitzaion Jondoni Petri eta beharri xilorat zerbeit erran zion:

        —Zerua? zion Ganixek ardietsi, geroxago ere badut segurki han sartzeko denbora! Egia erran bere mathela gorrietarik aise ageri zuen etzuela oraino hiltzeko gutiziarik. Azkenean, gogoetak ongi egin-eta, hirur gauza hauk galdetu ziozkan Jesusi: lehena, musean hasiko zelarik bethi irabaztea: bigarrena, sukaldeko alki eder batean jar-araziko zituen guziak, harek berritz handik khendu arte bikean bezala iphurditik lotzea: hirurgarrena, baratzean baitzuen gerezi ondo bat ohoinek sasoinean larrutua zaukatena, hartarat izatuko ziren guziak han ezin jautsiz gelditzea, berak lagundu arte.

        —Hola nahi duzunaz geroztik, hola egina izan dakizula, Ganix!

        Eta orduan Jesus eta Jondoni Petri abiatu ziren mendiari behera, makhilak ongi finkatuz, iduriz bederen Hazparneko jaun misionesten etxeari buruz. Eguerdi etzen oraino.

 

* * *

 

        Aspaldi du Ezpeletan merkatuak egiten direla. Ordukotz baziren. Bat etzuen huts egiten Ganix artzainak. Han zen ondoko merkatuan ere.

        Hain xuxen trinketean ari beharra zen Organixta, orduko pilotari ederrena, bi Saratarren kontra. Zer diruak jokatu ziren! Denek ezin irabaz holakoetan, Ganixek ere untzako urhe bat galdu zuen. Eta gero bihotzminaren eztitzeko ostatuan sartu. Han, musean hasi... eta biharamun goiza arte agertu zitzaizkon partida guziak larrutu. Zer sosak ereman zituen etxerat eta bidean zer eskerrak bihurtzen ziozkan Jesusi!

        Handik goiti, arras jokoari eman zen gure Ganix eta jokoak nihor ez badu aberasten, hura aberastu zuen. Bainan ez da erran behar! Aberasturik ere, etzen handitu. Lehengo adixkide berak atxiki zituen: etzen mahainari eman: etzion nunbeitko langileari baratzean bere pipa-belharra erain-arazten: etzen zaldiz abiatu: Ezpeletarat eta Hazparnerat bethi «pedibus cum janbis» zoan. Eta bertzalde maite zuen beharrean zena laguntzea eta ematen zuena ixilka ematen zuen... Hola zoazkion egunak geroztik Ganix Artzainari, eztiki-eztiki, ahal zuena musean larrutuz, bainan bethi behardunari, nor nahi izan zadin, ongia eginez.

 

* * *

 

        Horra nun goiz batez, hamarrak alderat, gizon bat etxerat heldu zaion, sega handi bat bizkarrean.

        —Agur, Ganix.

        —Agur, Jauna. Nun zabiltza hola sega hori bizkarrean? Othe pikatzen?

        —Badut segurki bertze egitekorik.

        —Eta zer bada?

        —Ori, zure bilha heldu nahiz egun.

        —Nere bilha zer xedetan?

        —Herioa naiz, ni. Aski denbora baduela lur huntan zarela zaio Jainkoari. Zato beraz.

        —Ongi da. Bainan azken hameketako bat bederen ez othe dut egiten ahalko bada?

        —Ez dut jostatzeko denborarik egun: hemengo itzulia eginik, sarri Hazparne hortarat ere ager-aldi bat egin nahi nuke.

        —Egunak luze dire sasoin huntan: zato sukalderaino trago baten egiterat.

        —Gizon maitea, berritz ere erraiten dautzut ez dutala astirik. Mugi zaite.

        —Lehen aldia litake norbeit hunat ethorri-eta nere arnoa jastatu gabe itzuli zautala. Ez ahal dautazu, zuk lan hori eginen?

        —Zuri atsegin egiteko xirrista bat hartuko dut beraz xahakotik. Nun duzu?

        —Sukaldean.

        —Goazen, zu aintzinean, ni gibeletik.

        —Zure sega hori baratzean uzten ahal duzu, gibelaratekoan hartzeko.

        —Hau bethi nerekin dabilkat: bainan etzaitela lotsa, etzaitut gibeletik joko.

        Sartu ziren biak sukaldean eta Ganix xahakoaren bilha abiatu.

        —Norat zoazi orai?

        —Xahakoa gelan baitut, haren bilha. Zu, egonen zaren denbora jar zaite horko alki eder hortan.

        —Halaxe eginen dut. Bainan egizu laster.

        Eta jarri zen herioa delako alkian. Ganixek ekharri zion xahakoa. Biek edan zuten trago bana.

        —Eta orai goazen, nahi baduzu, dio Ganixek.

        Xutitzerat abiatu zen berehala Herioa, irri tzar bat ezpainetan, bere begi zuriak itzulikatuz. Etzen mugitu: bikeari bezala alkiari lotua zen.

        —Zer da josteta hau?

        —Ez du balio bururik hauts dezazun: behingotz alkiari lotua zarela hitz dautzut, nik.

        —Nola bada?

        Irriz-irri, Ganixek kondatu zion orduan Jesus nola egun batez ethorri zitzaion Jondoni Petrirekin, zer afarittoa egin-arazi zioten eta saritzat Jesusek alki harri zer bertutea eman zion.

        —Hau nahigabea: gisa huntan, zu eremanik nola eginen dut nik Hazparneko itzulia?

        —Etzaitela kexa: Hazpandarrek ez zaituzte segurki berantesiko! Zaude hor, odol gaixtorik egin gabe... edo zerbeit hitzeman diezadazut...

        —Zer?

        —Ori, ehun urtheren buruan baizik ez zarela nere bilha ethorriko!

        —Hori ez dezaket nihundik hitzeman.

        —Zaude beraz hor!

        —Bertzalde ephe luzeskoa galdetzen duzu.

        —Har edo utz!

        —Jainkoak zer erran lezake holakorik egiten banu?

        —Jainkoak maite nau ni.

        —Eta nere kargua galtzen banu!

        —Ez liteke nahigabe bat handia!

        —Galde zazu bederen gutixago!

        Ezetz. Baietz othoi. Azkenean berrogoi-ta hamar urthez egin zuten tratu. Ganixek Herioa lagundu zuen alkitik atheratzen eta ostiko bat ederra iphurdian emanik han-harat haikatu, Hazparnerat edo Jainkoak daki norat...

 

* * *

 

        Osasun ederrean eta deusen beharrik gabe diruan igeri dabilanari laster doazkio egunak, ilabeteak eta urtheak. Laster gan zitzaizkon Ganixi ere bere berrogoi-ta hamarrak, hameka Eskualdun, aitoren-seme eta bertze, musean errekan emanik. Eta goiz batez etzen batere harritu Herioa berritz ikusi zuelarik Ursuiaren puntan, bethi bere segarekin! Pipa-belhar biltzen ari zen baratzean. Lasterka gan zen sukalderat. Hura orduko, han zen Herioa.

        —Etzaizu gantzak hainitz trabatzen bide hori guzia hoin laster egiteko! Nekatua zare: jar zaite alki hortan.

        —Ez, Ganix, ez. Aldi huntan ez da trufarik: mugi zaite.

        —Zer zare egun ere Hazparnerat gan beharra?

        —Ez, atzo izatua naiz Hazparnen: zapatain bat ereman nuen nerekin.

        —Ez dut beraz eskapatzerik?

        —Ez.

        —Huntaz harritzen naiz: berrogoi-ta hamar urthe hitzeman eta nola ethorri zaren oren bat goizegi!

        —Ori, azken aldiko arno hartarik xirrista bat emanen zinautalakoan! Ahotik ezin utsia zen.

        —Etzaitut segurki urriki horrekin utziko. Eta gehiago dena, baratzean nahi baditutzu zenbeit gerezi jan, hantxe ditutzu!

        —Milesker, arras maite ditut gereziak...

        Trago bat edan zuen beraz Herioak eta lasterka gan zen baratzerat, gerezi-ondorat izatu eta jan eta jan hasi. Zer asea egin zuen!

        Oren baten buruan jausterat abiatu zen. Ezin nihundik ere. Ganix hurbildu zitzaion... eta Jesusen hirurgarren agintza irriz kondatu. Herioaren arrabia orduan!

        —Zer behar othe dautazu galdetu oraikoan?

        —Oraikoan? Ehun eta berrogoi-ta hamar urthe!

        —Baduzu burutik, gizona?

        —Jainkoari esker, burua ongi dut oraino.

        —Ez du iduri. Nahi ditutzu hogoi urthe?

        —Ez.

        —Berrogoi?

        —Ez.

        —Ez dautzut nik bertzerik emanen aldi huntan!

        —Nahi duzun bezala, bainan ez ahantz etzarela hortik jautsiko nik lagundu gabe.

        Azkenean ehun urthe eskaini ziozkan Herioak.

        —Othoi, ez zatzula gutiz utz.

        Onhartu ziozkan Ganixek. Jausten lagundu zuen eta toki berean berritz ostiko bat emanik Canboko alderat fueratu.

        —Zoazi harat: Jainkoari norbeit ereman behar badiozu egun Canbon izanen duzu segurki nori loth!

 

* * *

 

        Mendeak ere badu buru bat: iragan ziren ehun urtheak ere... eta laster iragan. Xahartua, ezindua, ohean zagon astelehen batez Ganix gaizoa. Hirurgarren aldikotz Herioa agertu zitzaion.

        —Egun ere zerbeit jikutria asmatuko othe duzu?

        —Ez, ez. Biziaz asexea naiz aldi huntan. Nihork ez du gehiago nerekin musean ari nahi. Ez da gehiago Organixta bezalako pilotari handirik. Gobernamenduak khendu dauku pipa-belharra gure baratzean egiteko dretxoa ere. Ez da gehiago nihor eskuarazko kanta zaharretan ari. Haurrak arras erdarari emanik dire Canbon eta horietan. Neskatxak dantza itsusi batzueri lothuak dire.Ez dakit zer ikusiko nuken oraino ondoko egunetan. Ereman nazazu lehenbailehen!

        Herioak jo zuen beraz buruan bere sega handiarekin, bizkarrean hartu eta ereman.

 

* * *

 

        Aise asmatzeko da nungo bidea hartu zuen orduan Herioak: zerukoa. Bainan, han, Jondoni Petri dago athearen zain eta nor ekarki zuen Herioak ihardetsi zioneko, athea gakhotu zuen.

        —Ganix Artzaina zeruan sartzerat utz? Sekulan! Aski zuen, berehalako aldi hartan, Jesusi zerua galdetzea! Doala nahi duen lekurat...

        Herioak ter ter ter, ereman zuen orduan Purgatoriorat. Han ere etzutela nahi, atherik ez ideki.

        —Goazen beraz ifernurat...

        Hain xuxen, athean zagon Luzifer, debruen nausia.

        —Nor duzu hor?

        —Eskualdun bat.

        —Eskualdun bat? Datorla, datorla segurki. Munduko bertze eskualdeek ez balaukute Eskual-Herriak baino sugei gehiago ematen, ez gintazke hainitz bero hemen... Zer du izena?

        —Ganix Artzaina.

        —Zer bethi musean ari zen Urtsuiako gizon zahar hura?

        —Hura eta bera.

        —Ongi ethorri zarela, Ganix! Zer sua eginen daukuzun helduden neguan!

        —Ez, uste duzun bezenbat, jaun Luzifer: nik ez dut ifernuarekin ikustekorik!

        —Zertako bada, Ganix?

        —Ez baitut egundaino gaizkirik egin, nik!

        —Ez othe?

        Goiz-arrats guziez nere othoitzak karsuki egiten nituen; igande guziez meza-bezperak Hazparnen entzuten; bi orenen bidea eginik neguan ere: aski maiz mahain saindurat hurbiltzen.

        —Bai eta jokoan ebasten!

        —Ebasten jokoan? Nork erran dautzu hori? Musean larrutu dutan norbeitek?

        —Errazu zerua ez dela zure bihotza baino garbiago.

        —Nahuzu ikusi? Emazu karta pare bat.

        —Zer jokatuko duzu?

        —Nere arima...

        Eta debru tiki bati kartak ekhar-arazirik lotzen dire musean, buruz-buru, Ganix eta Luzifer. Zer partida! Eta futxo... Ganixek irabazi...

        Bai, orduan laster haikatu zuela handik debruak Ganix Artzaina! Bainan norat jo? Badoa berritz zerurat eta kask, kask, kask, jotzen du athea.

        —Nor da hor?

        —Ni.

        —Zu berritz? Zeruan ez da tokirik zu bezalakoentzat: zoazi hortik.

        Hainbertzenarekin san Joseph agertzen da nunbeitik.

        —Zer ari zare hor, gizon maitea?

        —Jauna, Jondoni Petrik nihundik ez nau sartzerat utzi nahi!

        —Zer ari zinen lurrean?

        —Ahal nuena ori, jauna.

        —Zurgintzan etzinen ari?

        —Beharko zenbeit aldiz, jauna, nere etxearen antolatzeko.

        —Ongi da: zerua irabazia duzu... Petri, utzak gizon hau sartzerat.

        —Ez dut utziko.

        —Ez dukala utziko? Uzten ez baduk, ni banioak...

        —Zer nahuzu! Bihotzmin handia izanen dut, bainan hori sartzerat utziko dutan baino lehenago...

        —Eta hemendik urruntzean, nerekin ereman ditiat Jainko nere Semea eta Andredena Maria. Hek ere gatea nahi baduk... Ez segurki, etzuen holakorik nahi gaizo Jondoni Petrik eta horra zertako berehala athea zabal-zabala ideki zuen Ganix Ursuiako artzainari. Ordu zuen.

LURTXURI

 

aurrekoa hurrengoa