www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerritik zerura eta beste ipui batzuk
Pedro Migel Urruzuno
1898-1917, 1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskalerritik zerura eta beste ipuin batzuk, Pedro Miguel Urruzuno (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1961

 

aurrekoa hurrengoa

MARIATXOREN LOREAK

 

—I—

        Mariatxo zan sei urteko neska txiki eder bat, azal zuri-gorria larrosaaren antzera, begi urdiñak eta urre-kolorezko illea zituana, eta auzo guziak maite zuana. Bere aita ta ama illak ziran, eta amonarekiñ bizi zan. Eztago esan bearrik zenbat maiteko zuan amonak.

        Egun batean egiñ zion umeak amonari, onek asko uste etzuan galde bat, esanaz:

Amona: ez al degu guk amarik, Josetxok, Martiñak, Pilipek eta Juakiñak bezela?

        —Amona, ustez-ustegabeko galdeera onekiñ gelditu zan zer erantzun etzekiala; baña ixil-une baten ondoren, bi malkobegietatik ixuriaz eta laztan bat bekokian emanaz, erantzun zion:

        —Bai, enetxoa; zuk ere badezu ama, gaixo orrek.

        —Eta nun da ba?

        —...zeruan.

        —Noiz etorriko da?

        —Zer nai zenikio?

        —Asko maite dedala esan, eta laztan asko eman.

        —Ezta etorriko zerutik, baña gerok ara juango gera.

        —Noiz ordea?

        —Noiz nai zenduke?

        —Nik, laster.

        —Eska zaiozu ba Ama Birjiñari.

        —Ermitatxoko aldarean dagoanari?

        —Bai, aritxi.

        —Eskatuko diot bat.

 

—II—

        Beiak zaitu, eta galtzerdia egiñ: ori zan Mariatxoren lanik andiena.

        Amonak ikusten zuan, aspalditxoan umeak etzuala lenago ainbat galtzerdi egiten.

        —Zertan igarotzen ote zuan ba denbora?

        Egun batian zaitu nai izan zuan. Juan zan beiak zebiltzan belar-zelaira, eta etzuan arkitu umerik; juan zan andik urrean zegoan ermitatxora, eta an arkitu zuan Mariatxo belaunikaturik bi eskuak bular-aurrean bildurik, begiak itxi ta burua makurturik, Ama Birjiñaren aurrean. Ikusi ezpalu bezela, amona etxeratu zan, esaten zuala bere biotzean: auxe da gure aingerutxua, gure premi-aldietan bear ditugun laguntzak iristen dizkiguna.

        Sortu zan reboluzioa; Euskalerrian ere izan ziran baliente batzuek eta Ermitatxoak ere izan zituan bere etsaiak. Tellatu ta ate berria egiñ bear zitzaizkiolako aitzakiarekiñ, zarrak kendu ta berririk egiñ ez, gelditu ziran lau paretiak, eta andik laster sasia ta larra.

        Baña Mariatxok egiten zituan bere erreguak betiko lekuan, lau pareten erdian, sasi artian izanta ere. Emezortzi urterekiñ ill zan gaixoa aingerutxo bat bezela bularreko gaitzarekin, bere amaren moduan. Andik zortzi egunera ill zan amona ere, eta biak juan ziran, bata bere ama laztantzera, eta bestea bere alaba eta illobatxoaren ondoan betiko zorioneko izatera.

        Ermitatxo sasiak eta larrak artu zuten, baña an erdi aldian azaldu ziran lore zuri-urdiñ oso polit batzuek, eta «Mariatxoren Loreen» izena ematen asi ziran ango jendeak, eta gaur ere ala deitzen diete, au da, «Mariatxoren loreak».

        Eta zergatik? Mariatxo zanaren begiak eta lore aiek kolore berdiña dutelako, eta ume, edo obeki esateko, aingeru ark ixuritako negar malkoak lore biurturik erne ziralako. Ala diote. Birraldaturik lore aiek, beren aziak gorde ta ereiñik, Mariatxoren loreak ugaritu ziran auzoera guzian, eta ezta an etxerik bere baratzaren ertzen baten lore oietakorik eztuenik.

        Ermitatxo berritu zan, Ama Birjiña berri oso eder bat ekarri ere bai, eta Maiatzeko jai-artsaldetan an oi dijuaz neska gaztetxo guziak lore oiekiñ egintako sotak Ermitatxoko Ama Birjiña berri ederrari eskeintzera.

        Juaten bazerate Maiatzaren azkeneko igandean Ermitatxora, adituko dezute nola neska gaztetxo aiek kantatuko dioten Ama Birjiñari.

 

                Orra, Ama maitea,

                Maiatza amaitu,

                gogorazio onek

                samindutzen gaitu

                zaizkigulako egun

                ain ederrak aitu,

                emen etsai gaiztoak

                ez gaitzan garaitu,

                arren, ama maitea,

                zuk gaiztzazu zaitu;

                eta gure biotzen

                tristurak alaitu,

                zuganako jaiera

                emen dediñ geitu;

                zu alabatzen gera

                egunero oitu,

                zuri nai genikizu

                lurrean obeitu,

                eta zure ejenplo

                ederrak jarraitu,

                eztezagun anima

                pekatuaz loitu;

                Ai, al bazinduzkegu

                nai adiña goitu

                eta Mariatxoren

                loreaz koroitu !

                Agur, Ama maitea,

                alabaz oroitu.

 

aurrekoa hurrengoa