www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerritik zerura eta beste ipui batzuk
Pedro Migel Urruzuno
1898-1917, 1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskalerritik zerura eta beste ipuin batzuk, Pedro Miguel Urruzuno (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1961

 

aurrekoa hurrengoa

DON SIMON

 

—I—

        Etzan ba aiñ itxusia gure Simona; baiña aiñ ederra ere etzan. Berak uste beziñ ederra etzuan izan bear. Bere ustetan an inguruko miñgaiñ berritxuak zioten beiñ itxusia, beiñepeiñ Braulia ainbatekoa etzan. Badakizue nor zan Braulia? Ispillura begira negarrez oi zegoan emakume bat. Eta zergatik negar egiten zuen? Itxusia zalako. Emakumea eta bere iritzian itxusia! Oraindiño ere aditu eztan gauza. Nolakoa ote zan! Qué poco orrelakorik bere buruaz uste zuan Simonak. Ispilluak etzion ematen ainbeste satisfazio ere bere edertasunaz, baiña ematen zion beste gauza batek, au da, auzoko beste gazteen mormorretak, zergatik eze, bazeukakioten bere ikusi eziñ puskatxua; edo, obeki esateko, zati ez txikia. Ikatz-gilletzat, errementaritzat, perro-karrilleko makinistatzat ona zitzakiala, eta onelakoxe esamesak zebiltzan bere lagunen artean; baiña zergatik? Zergatik zan esan bearrik eztago; emakume artean zebillen guzia, eta Simonak antziña ikasi zuan zer zan inbiria. Barre egiten zien guziai eta or konpon. Baiña ala guziz ere bazuan Simona gureak arantza zorroztxo bat biotzan: Zergatik berari deitu bear zion Simon eta Simon, Parrategiko Premiñek? Beste neskatx ergelak edozer gauza esanta ere, gutxi ardura zion, baiña Premiñek uraxe esatea... bai, eztakit... eztakit zergatik. Beste bastanga pikatuak zerbait esan ote dio? Biak ere gero nerekiñ kontuan ibilli ditezke. Erdera apurtxo bat baneki, nai dedan guzia esateko muturrera, berak entenditzeko beldur gabe; baiña utzi, utzi; etorriko da denbora; Burdiostik atzera biurtu nadiñean...

 

—II—

        —Ama, ona emen karta.

        —Norena?

        —Mari-Manurena.

        —Burdiostik?

        —Bai, ama, bai.

        —Zer dio?

        —Ill onen ogeirako joateko.

        —Eta dultzeña izateko?

        —Eztu esaten, baiña dultzeña edo koziñera, bietatik bat izango da. Agur nere abarka zarrok!

        —Noiz joango ote zera ba?

        —Biar atera nindeke.

        —Bakarrik?

        —Emen bialtzen dit paper bat eta onekin baliatuko naiz; erakutsiaz batari ta besteari, zuzenduko naute.

        Zumarragako geltoki edo estazioan gutxigatik etzioten eman Burdeoserako txartel edo billetea, Burgoserakoaren lekuan. Esker, erakutsi zuan paperari.

 

—III—

        Etzan asarre Simonaren ama goiz artantxe; alabaren eskutitza izan zuan, eta esaten zion nagusi etxekoandreak Donostiarako asmoan zirala udan, eta aste bete bada ere etxean igaroko zuala, erderaz ikasi zuala eta batzu batzuen lepotik barre egingo zuela bere ustetan. Su eman eta erretzeko ark etxean utzi zituan abarka zar ta erropak.

 

—IV—

        Salluente San Lorenzo eguna zan siñaladamente. Simona amaren baserrietxetik kaleruntz zijoan txuri txuri jantzirik. Nori buruak emango zion ura Simona zanik? Eta ara zer kazulekaakarea! Kasualidadea Premin zetorren onuntz eta nai-ta-nai ez alkarganatu bear zuten; baiña etzuen Premiñek ezagutuko; bai zera!

        —Muy güenas, erantzun zion Simonak, barreari eutsi eziñik, tonto zar aren güenos dias-a aditzean; baiña mamos, ainbeste jakitea ere etzan gutxi arentzat. Qué poco esan zion Simón!

        Eta orra emen ere oraiñ beste kazuelakara bat. Orra or nun datorren bastanga pikatua. Itz egin bear diot, ez nau ezagutuko ta.

        —Señorito, qué hora es?

        —Las bederatzias, señora.

        —Bien; gracias; adios.

        —Agur.

        Orra emen berriz ere beste kazuelakarea. Kontxesi ta Patxika datoz. Eluteke merezi jaramonik egitea; baiña benturaz ezagutuko naute, eta baita esan ere arrotxo nabillela. Ez, eztegu asarrerik bear, itz egingo diet.

        —Ola gaztetxoak! zer berri aspaldian?

        —Nor degu gero berau? Ai, ai! Simona... ondo ta zu.

        —Bastante ondo Jaungoikoari graziak.

        —Eta Burdios aldian oitu ziñan noski?

        —Enintzan joan Burdios'era; bidean nijoala gogoak eman zidan Burgosera joatea, eta ara joan nintzan.

        —Eta zer deritzozu lengo zure leku zarrari?

        —Tristetxoa... baiña bertakoak gera ta... Ikusten dedanez jendea zerbait atrasatua dago emen.

        —Badakizu ba, bazter onetan ez gera Burgos'en bezela.

        —Ez nunbait, ez. Badakizute Premiñek ez nauala ezagutu?

        —Ezta arritzeko; gerok ere etzinuzagun ezagutuko zedorrek itz egin ezpaziguzun.

        —Lontziok berriz (au zan bastanga pikatua) itz eginta ere ez nau ezagutu.

        —Itz egin dezu Lontziorekiñ?

        —Bai, galdetu diot: Ke ora es? eta erantzun dit: Las bederatzias, señora.

        —Eta zer esan nai du Korasek.

        —Ze ordu dan.

        —Eta bazekian Lontziok nola erantzun? Ezta gutxi.

        —Eztit ordea ondo erantzun; ark erantzun bear zidan, la nubes, zergatik eze, bederatzi da nube.

        —Bai baiña, guk zer naizu ba jakitea? neronek ere enizun gauza zuzenik esango; qq odeiak ziralakoan nengoan.

        —Bai zera! Ori iñorantzia!

        —Zer naizu ba...! egia al da, serbitzen aspertuta bizipide berria artzera zoazena?

        —Zerbait ere izan bear du. Nik oraindik ere enuen nai baiña besteak presa du ta...

        —Eta nungoa da? Burgoskoa?

        —Ez; Galitziakoa.

        —Gallegoa beraz.

        —Ala da, baiña oso piña.

        —Zer opizio du?

        —Sententziadorea.

        —Jueza?

        —Zerbait ere orrelakoxea da.

        —Demontretan eztezu kolpe txarra egin! Atsegin degu orrelaxe ikusteaz, eta urte on askotako izan zaiteztela.

        —Eskerrik asko,eta orain meza nagusira noa, eta belutxo izango ote dan beldur naiz.

        —Ez; garai onean zoaz.

        —Agur bar.

        —Ario.

        (Trágala trágala zioan Simonak bere artean).

 

—V—

        Ordu erdi baiño len elkarrekin zeuden Premiñ, Lontzio, Kontxesi ta Patxika. Beren mingaiñak etzeuden geldi. Galitziako Juezaren Señora Don Simon!... bai noski, ederki eman ere! Baiña egiaz, ematen zien ardura apurtxo bat, Simona beltza sententziadore edo Juezarekin ezkonduta ikusi bearrak. Zer izango ote zan? Nola? Ziriren bat sartu ote zien? Bai; ziria sartu ziena, eta seiren bat illabetean gogortxo iraun zien ziri onek.

        Lasaitu ziran beren barruak Simonaren berriak, ziran bezela, jakitean.

        Bizi zan ezkondurik Galiziako erri batean, eta bere senarra zan Tio Tumbeiro, ez sententziadorea, baizik sustantziadorea. Jai egunetan ateratzen zan kalez kale, urdai zatitxo bat, listariarekin lotuta, eskutik zintzilik zuela, eta deadar egiñaz: el sustanciador. Ondo bizi ziran etxadi edo familiak deitzen zioten. Joaten zan, eta sarturik urdai zatia lapikoan, asten zan Abe-Mariak errezatzen. Ateratzean, Abe-Mariarik ainbat ardit ematen zioten, eta au zan bere ogia irabazteko bidea. Orra zer zan Galiziako jueza, ainbeste burukomiñ ematen ziena, ez aren kastiguren bildur ziralako, baiña bai Simona beltza Señora biurturik ikusteak emango zeikien arraren beldurrak.

 

—VI—

        Andik bi urtera, Urkiolan San Antonio egun batean, Elizatik eta bide-erreal bitarteko une batean gazte batzuek zebiltzan dantzan itxu-soñuan. Gizaseme zaartxo itxu edo gutxienaz beiñepeiñ lausoa zan bat zerrabetarekiñ, eta emakume luze argaltxo bat, baiña ez zarra ere, tumbada edo panderua jotzen, aurtxo bat bizkarrean loturik zuela. Bi senar-emazte gazte-aldia ziran dantzan zebiltzanak. Bakarrik emakume aurdunak kantatzen zuan, ara nola:

 

                Toca toca muñeira

                que este son gente nolbe

                bailadores hermosos

                que pagan dolbe.

 

        Badakizute nor edo nortzuk ziran dantzariak? Premiñ eta bere emazte Kontzesi; Lontzio eta bere emazte Patxika. Eta soiñu-joilleak? Sustantziadorea eta Simona.

        Eta soiñu-joilleak eta dantzariak ez ote zuten alkar ezagutu?

        Eztakigu; baiña dantzaldia amaitzean Lontziok egiñ zuen ujuju edo lekaio aundi bat, eta Premiñek deadar egin zuen: Viva Don Simón.

 

Ibaizabal, 1902

 

aurrekoa hurrengoa