www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerritik zerura eta beste ipui batzuk
Pedro Migel Urruzuno
1898-1917, 1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskalerritik zerura eta beste ipuin batzuk, Pedro Miguel Urruzuno (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1961

 

aurrekoa hurrengoa

PRAILLEA TA DON BURNO

IPUIA

 

—I—

        Don Burno, bere ustez, gizon arrazoizkoa zan, antiklerikaltxoa bai, baña orretan ere bazituan bere arrazoiak.

        Prailleak noizean beiñ eskatu oi zion mandoa Don Burnori, eta, gogo onez ezpazan ere, ematen zion ibillaldiren bat egiteko.

        «Prailleak itz onak baña»... au zan Don Burnok beti bere aoan zeukan esaera, eta erri guziak ikasi zion.

        Jaun onek agindu zion egun batean bere morroiari, praille-jantzita, eman zegiola manduari astiñaldi on bat makillaz, prailleaganako gorrotoa manduari sartzeko; ala egin zuan morroiak.

        Egun batean, Prai Manuel, lego gizajoa, juan zan mandoren eske, beti bezela, eta Don Burnok agindu zion, okullotik artu zezala. Bazijuan artzera, baña mandua, praillea ikusteaz bat, asi zan ostikoka, urreratzen ere utzi gabe Prailleari, eta mando gabe biurtu zan etxera, esanaz, Don Burnok mandua antiklerikaldu zuala.

 

—II—

        Don Burno bazijoan guziz apaiñ bere mandoaren gañean, eta praille-etxearen aurrean igarotzean, atera zan Praille bat komentutik, eta ura ikustean, mandua oso izutu, eta asi zan laisterka ta saltoka, jo bazter bat eta jo bestea, txapela kaleko parol baten katiatu zitzaion, estalkia edo kapotia urtara, pipa, betaurrekoak (anteojos), euritakoa (paraguas) or emen banatu, ate-buru bat buruaz jo, eta azkenik lurrera eroririk, korde gabe gelditu zan.

 

—III—

        Jaso zuten komentura eta Prai Manuel an ari zitzaion, Ebanjelioko Samaritarraren antzera, ardo ta olioaz bere zauriak garbitu ta gozatzen; jendea're bildu zan, eta sumatu zuten, Prai Manuel'ek zerbait ere mur... mur... mur... aopean esaten zuala. Oleazio Santua ote zan? Baña nola, Prai Manuel Legoa da ta? Beste otoitzen bat izango da. Bai; ara zer esaten zuan: «Prailleak itz onak baña... Prailleak itz onak baña... Prailleak itz onak baña...».

        —Obrak ere bai —erantzun zion alako batian Don Burnok.

 

—IV—

        Eraman zuten jaun au bere etxera, eta bigamonean nola bait ere esku bat jakaren sakelean sartzean, arkitu zuan papertxo bat; ona zer zion:

 

                Konsejuren bat eman

                baño len iñori,

                kontu nola gelditu

                zindezken zedori;

                etzaitezen kontuan

                berandu erori,

                gaitz egin diozula

                zere buruari.

 

                Guzion begietan

                oraiñ da azaldu,

                nola mandua dezun

                antiklerikaldu;

                berriz bota etzaitzan

                eta oso galdu,

                obe dezu mandua

                alik lenen saldu.

 

        Don Burnok saldu zuan mandoa ta erosi zuan beste bat. Prai Manuelek bere esku zeukan mando au, eta biak oso adiskide dira. Ala izan ditezela urte on askoz.

 

Euskal-Esnalea, 1912

 

aurrekoa hurrengoa