www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jarritako bertsoak
Pello Errota
1879-1919, 1963

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Jarritako bertsoak, Pello Errota (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1963

 

 

aurrekoa hurrengoa

II. BERTSO BERRIAK

 

Bertsuak jarritzeko

atera det plana,

memoriya argitu

egin bear lana,

bitarteko jarriyaz

Arantzako Ama,

fabore baten esker

banator Zugana,

logratzen ote dedan

desio dedana.

 

Nerekiñ ez dadukat

biar aña grazi,

laguntza baten billa

argatik naiz asi;

ez dakit ematia

deraden merezi,

Ama, zuri eskatutzen

dizut lenbizi,

bitartekotza egiñ

semetxo Jesusi.

 

Astiasu ta Alkiza

juntatu bi erri,

klase guzitakuak:

kale ta basarri;

geren artian esan

giñukan elkarri:

«Agur bat egiyogun

danon Ama orri»,

alkarrekiñ gerade

juan da etorri.

 

Pelegrinaziyuan

Arantzazura jun,

aguztubak zituban

amazazpi egun,

alkargana bilduta

orrenbeste lagun,

ai zer gusto ederra

guk an eman degun,

Ama Birjiñak berak

lagun egin zigun.

 

Brinkolan atera ta

ekiñ mendi orri,

biriak galdu eta

danok giñan larri;

Don Bitoriano jauna

aurretik zan jarri,

danori esan zigun

segitzeko arri,

gero zuzen jun giñan

salto eta korri.

 

Zuzen juan giñaden

andikan aurrera,

Arantzazu deritzan

komentu zarrera;

an estimatu zuben

gure etorrera,

musika ta etxefuego

ai ura sarrera!

primera klasian gu

allegatu gera.

 

Segituban giñaden

elizara junak,

sermoia egin zigun

Deogracias jaunak;

guri eman zizkigun

onrak eta famak,

konsolatu ginduben

ikustian Amak,

pozaz zoraturikan

arri beira danak.

 

Egun ura ez daukagu

oraindik aztuta,

Ama orri begira

an geunden poztuta,

urrez da graziz an dago

aberastuta,

Bera're apenas zegon

kopeta beztuta,

adoratu genduben

danok auspeztuta.

 

Andikan juan giñan

danok afaria,

an billatu genduban

etxe dotoria,

probintziyan bat ez da

palaziyo obia,

gañera an daguban

kuriosidadia,

arritu liteke an

ikusi gabia.

 

An deskantsatu giñan

primera klasian,

danok konpesatzera

juan giñan goizian,

Jaun sakramentatuba

artzeko pozian,

bertan egon giñaden

denbora luzian,

gustora artu genduben

geren biyotzian.

 

Amarretan don Lorentzok

meza nagusiya,

Epistola don Ramonek,

ai ura graziya!

Sorondok ebanjeliyua,

ark zeukan sasoia,

iya aidotu zuban

eleiza guziya,

berok irurak dute

onra mereziya.

 

Meza erdiyan genduben

predikadoria,

ez dakit zein zan baño

iztun dotoria:

nai bagendu bein juan

zeruko gloria,

bitarteko artzeko

Birjiña Maria,

arrek erakutsiko

zigula biria.

 

Obra on guziyakiñ

artu gendun parte,

bazkaltzera juanda

jan da eran fuerte;

ostatuba on dago,

ona eta merke,

guretzako izan da

bastante suerte,

guri etzaigu aztuko

bizi geran arte.

 

Fonda ortan ez giñan

gelditu gosiak,

ekarri zizkiguten

nai giñun klasiak,

lau neskatxa serbitzen,

etziran luziak,

ez gaur asko bezelako

txoro aiziak,

Ama Birjina bera

bezelakoxiak.

 

Berdin estimatzen zuben

zar da gazte dona,

txorakeri gutxi ta

azkar egin lana;

begiya bera beira,

errespeto ona,

zueri begira naiz

gustora egona,

Birjiñak deizuela

nobiyo on bana.

 

Bazkaldu eta gero

etxe aldera asi,

guri egin digue

bastante noblezi,

akonpañatu gaitue

musika ta guzi,

danon partetikan nik

beroi milla grazi,

Arantzazun ez dira

oso triste bizi.

 

Arantzazutik baguaz,

agur, gure Ama,

nere amoriyuak

orrera narama,

danontzat eskatze'izut

osasuna ona,

grazi ori bialdu

ezazu gugana,

berriz ere etorri

gaitezen Zugana.

 

Etxe aldera asi

genduben burrunda,

tristura aundiya niyon

jendiai barrunda,

atzera begiraka

mendiyan gora junda,

alkarri galdetubaz:

«Gure Ama nun da?».

guk zenbat maite degun

ortan ezagun da.

 

Jendia garaiz giñan

goitxua iyua,

Don Bitorianok an

errosariyua,

jende errespetokua

eta seriyua,

Birjiñari agertubaz

amoriyua,

artuko degu oraindik

arren baliyua.

 

Birain erretratatu

ditu fraile jaunak,

ordurako batzubek

aurrera juanak,

probetxurik etzuben

alde egin zubanak,

obia zan an izan

bagiñaden danak,

naigoko zuban noski

artara jun zanak.

 

Bere lagunen billa

aurrera're jun zan,

amar minutu barru

mendi puntan an zan,

ikusi nai zuben

jende dana nun zan,

pañueluakiñ atzetik

agurka jardun zan,

zenbat maite ginduben

obran ezagun zan.

 

Alkar akonpañatu

dute bi erriyak,

milla esker sazerdote

beneragarriyak,

berdiñ berdiñ jo degu

nagusi-morroiak,

aurrian arturikan

mendiko arriyak,

alkarrekin gustora

gera etorriyak.

 

Despatxatzera nua

oraiñ bertatikan,

graziyak Zuri, Ama,

danon partetikan,

juan biarrak gera

mundu ontatikan,

garai batzuetan ez

ustiagatikan,

erregutu ezazu

guztiyokgatikan.

 

Ogei ta lau bertsokin

ara errematia,

agur aizken aizkenikan,

Ama maitia,

gure eriyotzian

oroitu zaitia,

iriki egiguzu

zeruko atia,

Eliceguik nai luke

guztiyok juatia.

 

aurrekoa hurrengoa