www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jarritako bertsoak
Pello Errota
1879-1919, 1963

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Jarritako bertsoak, Pello Errota (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1963

 

 

aurrekoa hurrengoa

I. BERTSO BERRIAK

 

Disponitu det asunto bati

bertso berriak jartzia,

zeñek naiko du modu onetan

jendiak autan artzia?

ainbesteraño ez det sentitzen

gure ezkontza galtzia,

baña pena det kulparik gabe

orrela engañatzia.

 

Nungoa naizen esan biar det

.............. det graziya,

orain Pasaian enpliatzen naiz

...........-n jaio ta aziya,

Naparruako dama batekiñ

nintzan tratatzen asiya,

enredo asko probetxu gutxi

nik dedan irabaziya.

 

Neskatxa ori emen bizi da

baita .........-n jaiua,

abisaturik azaldu ziran

zedukan opiniyua,

nereganako nola zedukan

guztizko amoriyua,

fabore zala uste nuen da

izan det kontrariyua.

 

Enpeño on bat bialdurikan

ninduen erakarriya,

itzegiteko billatu nuen

gramatika irakurriya,

merienda ere bazendukazun

guretzat pronto jarriya,

mudantza baizik izan ez dezu

mundu-engañagarriya.

 

Konprometitu nai zukian da

afana franko bazuan,

fiaturikan agindu niyon

satisfaziyo osuan,

itzak ederrak, biotza falso,

kariño fiña auzuan,

publikatutzen astera nua

merezi dezun kasuan.

 

Esaten niyon: «Arlotia naiz,

ondasun asko gabia,

prezisamente ez naiz izango

diru askoren jabia».

Erantzun ziran: «Baldin bazera

lana egiten trebia,

saiatu ezkero luzituko da,

zer da bizitza obia?».

 

Langillia ta kondutakua,

kontentu ziñan orduban,

oraiñ baditu milla pretesto,

guk ez dakigu zer duban,

orgullua edo grandeza bada

gaurko egunian munduban,

ez banintzaden zuretzako ona

ez biartzia zenduban.

 

Okasiyo bat emen izan da

juan dan aurreko urtian,

ni ere bistan fortunatuba,

nerau ez nitzan partian,

nere lagunak, zuen disputa

ori biyontzat kaltian,

ez tokatzia obe litzake

orrelakuen artian.

 

Disputa ori izan ezkero

pleituban dute segitu,

oraindik ere nik igual det

lenago ainbat kreditu,

lardaska txarrak ondorenian

neka-biriak baditu,

obra gaiztorik egin dedanik

apenas dezun aditu.

 

Kaso oriek izaten dira

pisubak edo grabiak,

neri etzaizkit iduritutzen

besterik bañon obiak,

pazientziya emango al digu

zeru ta lurren jabiak!

egun batzuek preso juan zaizkit

kulpa aundirik gabiak.

 

Aziyo ortan nik ez det egin

tokatzen ez dan gauzikan,

disputa edo soberbiarik

etzat gustatzen kasikan,

bestek etziran ezer egiten,

ni ere egon pozikan,

mantxa gaiztorik etzat arkitzen

an izatia baizikan.

 

Neskatxa ori asi zitzaidan

tristurak manifestatzen,

orretarako konpromisuak

etzaizkiyola gustatzen,

lenago bero izanagatik

nunbait asi da oztutzen,

orrekiena galdubagatik

ez naiz biziro estutzen.

 

Berak biartu ninduben eta

orain berak despedira,

zenbait neskatxa askoren berri

jakin zaliak oi dira,

antz eman gabe ez naiz egondu

len ere orri begira,

orixe bezin neskatxa fiñak

geiago ere badira.

 

Ia, gaztiak, gurekin artu

guztiyok eskarmentubak,

txit mudakorrak izandu dira

dama orren pensamentubak,

beretzat ere probetxu gutxi,

neretzat sentimentubak,

ezkontzeko itzak ematerako

ondo atera kontubak.

 

Ezkontzeko itzak edozein moduz

ematekuak eztia,

zenbaitek bati agindu eta

«ai baletorke bestia!»,

endemas ere ederra bada,

aberatsa ta gaztia,

ez da biziro ikaratuko

len dadukana uztia.

 

Aberatsakin tratatziatik

galdu du nerekikua,

pesadunbriak manifestatzen

izandu zera pijua,

auzo batetik bestera ere

sonbrillarekin dijua,

interesetan ez dakit zer dan,

lujua badu naikua.

 

Kaballeruakiñ pasiatzen du

egunaz eta gabian,

beso ondotik artutzen dute

nik baño modu obian,

enteratuba egon biar du

de-braceteko legian,

eusten diyote erori ez dediñ

lurrera uste gabian.

 

Penagarriyak izaten dira

pobrien paraderuak,

orrelakuak ezagutzeko

ez gaude mutill eruak,

gizon ederrak izketa leunak,

gañera boltsa beruak,

gugandik gusto partikularra

dizute kaballeruak.

 

Zazpi ille betez esperantzan

ez naiz alferrik egondu,

nerekin ezer ez duela izan

orain esaten omen du,

alkarrekin maiz ibilli gera,

iñoiz etxera lagundu,

geiago ere esango nuke

gogo aundiya bagendu.

 

Nerekiñ nola tratatu dezun

jendia frankok badaki,

pasa dan gauza ukatutzia

nik ez deritzat egoki,

desanparuan utziyagatik

ez nazu asko erruki,

nik andregaia billatuko det,

ez kuidadorik eduki.

 

Ezkontzia da gauza erraza,

sinisturikan oi nago,

lengo moduban bizi biarko

beti bildurrak banago,

fraile juateko pensamentuban

prezisamente ez nago,

zuk ere on bat artu ezazu

urdiñdu baño lenago.

 

Bertso berriyak atera ditut

dibertsiyua sortzeko,

konbeni dira buru ariñak

juiziyuan sartzeko,

balorerikan baldin badezu

oien ordañak jartzeko,

prebeniturik ni egongo naiz

paper eder bat artzeko.

 

Despartitubak gelditzen gera,

len ziñan nere maitia,

batzuek asko arritzen dira

zu neregana juatia,

biotzetikan etzan izango

zenduben borondatia,

agur, Josefa, eskerrik asko,

ondotxo bizi zaitia.

 

aurrekoa hurrengoa