www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kiton arrebarekin
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1950-1954

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Quiton arrebarekin, Nikolas Ormaetxea Orixe. Euzko-Gogoa, 1950/1954

 

aurrekoa hurrengoa

IX
KARMEL-MENDI

(ARGIALDIAN)

 

Animaren gaiñezkaldi, egaldi, arrialdi... xoxoaldi.

 

        N.— Urrera, otoitzaldian gerta oi diran zenbat gertakizun bitxiri zer izena eman ari nintzala —neke baita, euskeraz bidea iñork urratu ez dun ezkero—, ona emen nere gizon ilezu, burubeltz, bizarbeltza, ezpaiñetan parra zeriola. — Emen zaitugu? —nik—.

        El.— Eta, bai, Karmel-menditik nator, An izan naiz nere argialdiko zenbait gauza berritzen, zuri obeki adierazteko. Aztu-garai ere ba-da, milaka urteak igaro diran ezkero; baiñan argialdi ontako zenbait gertakizun ezinaztuzko dira. Ontara arteko grazi guzietaz zalantza sartu diteke; baiñan auetako batzuetan ez da dudarik Teresak ere oartarazi zuna. Iakiña, ateka gaiztoak ba-dira sail ontan ere, deabrua sar'baititeke aingeru-antzean, sub angelo lucis. Deabru-argi onek liluratu zitun ainbeste iainkotiar nolabaiteko, izena lilurati ipiñi baitzien Espaiñian: «los alumbrados».

        Argialdi ontan gauza autemangarri bat gerta oi da: Iainkoa begiz bezala gertatzen zaigu. Iduritu au santurik geienak ukan dute, asi Dabidengandik eta, lenagotik eta oraingo egunotaraiño.

        N.— Baiña —nik—, ez al zenidan esan Iainkoa begiz bezala ikusinai ori kaltegarri zitzaigula otoitzean, belarriz bezala entzutea obe zala, ta ori, otoitz bikaiña bera ez-baiñan ari darion zerbait dala

        El.— Egia; baiñan autemazu, guk orrela Iainkoa gerok ikusinaia zaigula kaltegarri: Iainkoa begiz bezala gugan gertarazi nai izatea; ez, ordea, Bera guri begiz bezala gertatzea. Askotan otoitzean ez dezakegu garbi bereizi gerok ari geran ala Iainkoak ari gaitun; baiñan otoitz ontan bai; ez baikera gauza Aren begiratu ori gugana erakartzeko, ta buru-auste gogorra baikenuke, argialdi ontara iritxirik ere. Guk Iainkoa gugan gertaraztea bat da; Bera guri gertatzea beste bat. Geron alegiñezko otoitzaz ari giñan orduan; orain, ostera, Iainkoak bere ixuri bereizi batez ematen duna dugu iardun-gai.

        N.— Bai ta, bai ta, —erantzun nionan—.

        El.— Iainkoa guri begiz bezala gertatze ori —arek— egiazko otoitz bikaiñari dario ta au du ondorio: guk Ari maitaro begiratzea. Dakizunez, Dabid nonai mintzo da Iainkoak guri egiten digun begiratu ortaz. «Iainkoaren aurpegia, Iainkoaren begiak, Iainkoaren begiratua» ta abar, Egia, beste zentzuz bezala ere agertzen zaio: «nere belarriari poz eta atsegin eman diozu, ta nere ezur eroriak pozez dardaratuko dira; on zaida Iainkoaki itsastea; iasta zazute zein gozo dan Iauna»; baiña batez ere begiz bezala gertatzen zaigula esan dezakegu. Aren aita Salomon'ek bikainkiro «Zugurtasuna (Iainko-Semea) begiz gertatzen zaienek, begiratuz maite dute, zein aundi dan ezagutuz. Egizaleeri agertu oi zaie Iainkoa, ta Aren begiraturaiño irixten dira». Beste nonbait: «Bai doatsu zugur irauten dun gizola, Iainkoak bere begiratuz inguratzen duna!» Begiratu ori barne-muiñetaraiño sartzen zaio, ta orrek ematen dio Iainkoaren antza. Iainkoak gugana begiratze orek ITZA dula iturri dio Salomon'ek. Eta geroago: «Zugurtasun ori betiko argiaren zuritasun bat da, Iainko aundiaren ispilu itzalgabea ta Iainko onaren erraiñua». Semea, S. Paul'ek diona. Beraz, argialdi ontan ere, Iainko-Semea dugu otoitzean laguntzaile; Seme ori dugu Aitaren begiratua. Ederki dio Luis de Leon argitsuak: «Iainkoaren aurpegi au Kristo da, Aurpegi ortan agertu zaigu Iainkoa, ta ortan arkituko dugu. Bestetan bila dabilanak ez du arkituko». Beronek oso bikain: «Kristau bizia ematen digun grazia, Kristoren antz-ixuri bizi bat da; Kristok bere ordezko egin dun gauza bat; onek bizi gaitu; au dugu gidari ta buruzpide. Iainkotasun bezalako bat da; gure animan ezarririk, alderen alde erasaten du, Iainkotu dezan arte. Egi egitan, grazi au animaren anima da».

        Ioanes Gurutzeko'k au dio begiratu ortaz «Ikusi dezagun elkar, Maite, Zure edertasunean, nik Zure edertasun ori berrri artuz. Beraz, elkarri begira, bakoitzak bestearen edertasuna dezagun, biona Zure baita, ni Zure edertasunean murgildurik nagon ezkero. Ikusi zaitzat orrela Zure edertasumean, eta ikusi nazazu Zure edertasunean. Ni nerau Zugan arkituko naiz Zure edertasunean, eta Zu zerau nigan arkituko zera zeure edertasunean. Nadin Zure iduri Zure edertasunean; zaite zu nere iduri Zure edertasunean. Nere edertasuna Zure bedi ta Zurea nere. Orrela, ni Zu naiteke Zure edertasunean, eta Zu ni zaiteke Zure edertasunean; Zure edertasun bera baitut nik edertasun. Orrela ikusiko dugu elkar Zure edertasunean».

        Beraz, Kristoren eta animaren elkar-begiratze orrek egiten du, animetan Beraren antziduri ori, edertasun ori. Ioanes'ek or Semea du agotan: Maitea, Laztana, ITZA; maite-lelo aren iruzkin baitira itz oriek:

 

                «Zure begiek neri begira

                grazia zuten ezarri».

 

        Eta beste aiena:

 

                «Io ninduzun bein, begiratuaz,

                io nazazuke berritan;

                graziarekin edertasuna

                nigan utzi baitzenidan».

 

        Teresaz esan bearrik ez dago: bidealdi guzietan, lenengotik azkenengora Iainko-Gizonarekin doa Maisuarekin. Loiolak, berriz. Gogo-iardunetako bigarren asten «Bi Bandera» en otoitzaldia ipintzen du: ikurrin bat Kristorena, bestea Luziper'ena. An dago Kristo Ierusalengo zelaiean, eder zoragarri, pake-alkian eseria; an dago Luziper Babiloni'koan, eziñ egonez, su ta kei darion alkian. Pakea ta eziñegona dira Iainkoa ta deabrua ezagutzeko zantzurik seguruenak. Loiolak ipiñi zetzaken otoitzaldi orren azpialdean «Aingeru onaren eta Gaiztoaren ioerak ezagutzeko» arau aiek; baiña luzetxo lirakelako, liburuaren azkenagora bialdu zitun. Beraz, Kristo du argi Loiolak ere: Kristo, aur danetik ilda piztu zan arte, iru aste osoetan: eta bera kristau bizieran aur zanetik gizon eldu egin zan arte.

        Iainkoa begiz bezala ikuste ori amalau aldiz gutxienik aipatzen du Teresak. Santuak ere ola mintzo dira eskuarki; baiñan esanik utzi dizut, eta ez naiz aspertuko esaten, otoitz bikaiña bera ez-baiñan ari darion ondorio besterik ez dala ori. Nere ustez, idurimena sartu diteke or polikitxo ere, gure animaren begiok sumatu baitezakete Iainkoa zabalean bezala, naiz gu inguratuz bezala, Salomonek dionez; eta Iainkoak ez du luze-zabalik, ez ingururik. Oso ederki dio zuen Loiolak berrogei Mezaetako oarkizun aietan: «Meza ontan au ezagutzen, ikusten edo sumatzen nun, edo Iainkoak daki (Dominus scit).

        N.— Ontan nik galde-keiñu egin nionan, eta, «zer galdegin nai zenuke» esan zidanan. Nik, berriz: aztu baitoo len, zer esaten didazu Iainko-ikuste bezalako ortan itzalialdi batzuk gertatzen dirala naiz zentzuetan naiz adimenean? Oso nasi bainindun Teresak, garbi baitio lau aldiz ere, itzalialdi ori ez ba'dator, ez dala otoitz bikaiña: «Y si no, no es unión».

        El.— Garbi esaten du beste emezortzi aldiz ere, ikuste bezalatzea dala; ez ikuste ori atertzea. Nola ditezke bat, ikustea ta ez ikustea? Orduko eskolastikuek idaroki zioten aburu ori; baiñan, orren kontra bera iekitzen da anemenka. Berak otoitz ortan ikusten bezala zun ezkero, bitxi iduri zaio ikuste ori itzaltzea, askotan beintzat: «auntz-erdera dirudi» esaten du. Aburu galgarri au Tertulian'engandik gaurdaiño etorri da. Noizbait bear eta orain asi dira bestera. Ioanes'ek, orain laureun urte, garbi adierazi zun lau tokitan, itzalialdi orienik ez dala gertatzen otoitz bikaiñean; asi-berrtan aulaldiak dirala oriek, eta ez guzienak. Iainkoaren itzalialdia esan ba'lute, nonbait or, ezin begiratu baitiogu begiz begi eguzkiari ere bezala; bion tartean odei mee bat igarotze bezalako bat asmatu diteke; baiña gure zentzuenik eta adimenarenik, ez.

        N.— Pozik entzun netzake —nik— Ioanes'en itz oriek.

        El.— «Gaiñenera eldu ez diran auek, ez dezakete otoitzean Iainkoaren doai bizkorrik eta garairik iasan, gure zentzu maketsak dirala bide. Orregatik datoz olako korde-galtze, ezur-giltzen askatze ta bar. Auek gerta aldioro, doai oriek animari bakarrari gogoz gogo egiñak ez diralako gerta oi dira. Kristau bikaiñek, aldiz, gorputza garbi baitaukate, ez dute olako oiñazerik eta korde-galtzerik sumatzen». (Noche oscura del espiritu, I, 3.)

        Bigarrenez: «Itzalialdi auek etzaizkie gertatzen kristau bikaiñeri, otoitzean gaiñenera igorik baitaude. Asi berrieri gertatzen zaie ori». (Subida, Lib. III, cap. I, n. 3). Ez guzieri, esan bezala.

        Irugarrenez: «Bikaindu ez diranek ez titute zentzu-galtze oriek Iainkoaren ageraldietan, ots, aurreratzen ari diranek; gain-lerrora igoek, aldiz, Iainko-ixuri ori pake ta maite goxoan sumatzen dute». (Can. esp. XIII, 6).

        Laugarrenez, azkenik: «Ez dugu uste izan bear Iainko-agertze oriek bildurra ta auleria lagun gertatzen diranik; len esan dutana, argialdian santu-berri zenbaiti gerta oi zaizkie; gaiñenera iritxi diranei; aldiz, lagun eta goxo». (Noch. osc. esp. cap. I, n. 3).

        Ez da zugur burura ekartzea ere, betiko Osasun dugun Kristori olakorik gerta zitzaionik, naiz Beraren Ama paketsuari. Urmael batean, ura denik eta gutxiena igitu ba'ledi ere, berez geldi dagon eguzkia igitzen ere dala dirudi; baiña zuzentasunezko ispilu artan askoz geldiago ta garbiago ta bizkorrago erraiñutzen zan Iainkoaren begia, beste edozein sorkaritan baiño. Gogo Gurenak egin zion itzal santu artan ere ez dugu asmatu bear ikararik edo olakorik; bai ordea grazi aundi baten ukitu leguna. Belar izpirik meiena ere ez da makurtzen, ez igitzen, itzal ixila gaiñetik igaro dakionean.

 

 

ZENBAIT GERTAKIZUN NABARMEN

 

        N.— Eta, zer deritzazu —nik— agerkari, izketa, animaren gaiñezkaldi, egaldi, arrialdi ta olakoetaz?

        El.— Orduan arek: Iesukristo gure Iaunari ta Beraren Amari esker, ez naiz gai ortan gogorkiago mintzatuko. Iaunari Getsemani'n Aingeru bat agertu zitzaion indar ematera. Ama txit Santuari, berriz, Aingeru Gabirel. Agertu, ta guri agertu? Iesukristo gizon egiñik agertu zitzaiguna aski dugu. Guri itzegin? Iesukristo mintzatu zaiguna niakoa zaigu. Gaiñera, agertze oriek ez dute egiten santutasuna; bestela, Balaan'en astoa ere santu liteke; Aingerua agertu zitzaiola seguruago baita edozein santuri baiño, Iainkoak Berak bere liburuetan aitortzen dun ezkero. Korde-galtze, eta gaitzaldi orietaz ederki mintzatu zaigu Ioanes Gurutzeko.

        N.— Baiña, zer derizkiozu, esaterako, Iosepe Kupertino'ren gaiñezkaldi aietaz?

        El.— Aiengatik ez-baiña on-doaiak gaiñeneko lerreon zitulako aitortu zutela santu. Elizak ez du galdegiten zenbat ikuskari izan ditun, Urlia santu aitortzeko. Zenbaitek Iainkoaren doai esaten dieten oriek ote-otezko gauza dira. Geienetan ez diteke iakin Iainkoagandik ala deabruagandik ala gure idurimenetik ote datozen. Ote-otezko aburu bakar orren kontra, torizkizu lau seguru diranak:

        1) Gu geronez gerana, ots, gure etorrizkoa, graziak makaldu ez-baina bikaindu egiten du; gaitzaldi edo alditxar oiekin datorren grazia, barnean gertatzen da, guzien izkutuan eta norberaren izkutuan; au da egiazko mistika.

        2) Eginbide du praile batek korura agertzea, ta oben larriaren azpian apaiz batek Eliz-otoitza egunero, egitea. Ez da berriketa Txarraldi oiengatik korua etzukela utzi bear esan ba'liote, arrialdi oriek iñarrausi zituken, noski. Ori gertatzen da Iainkoaren grazia lagun dutela baldin ba'datoz; nagusiak agindu orduko beren baitara etorri oi dira.

        3) Nagusia bere aldetik bearturik zegon Ordenako arauak ari betearaztea.

        4) Gogo Gurena ez da bitxikerien eta aulkerien lagun; zentzu onaren lagun da, Beraren otoitzean esaten zaigunez. Ez desagun sena galdu. Fedea dugu egi ontan, ez zentzu utseginkorrek esaten digutena. Oinbeste liburu kaxkarrek kalte aundia egin dute gaiñezkaldi oietan santutasuna ipintzean.

        Zentzuen naiz adimenaren itzalialdi batzuetan ezarri dute otoitz bikaiñaren izate guzia. Beraz, nork bere alegiñez itzalialdi oriek beregana ekarri nai izateak zer egin du? Xoxoaldian erortzea, Teresak diona; alperkerian egotea, deabruari leku ematea. Neri etzaizkit ileak beiñere laztu (len latz askiak ba'ditut ere), ez, begiak zuringotu, ez dut korderik galdu, etzait ezurrik giltzetatik askatu.

        N.— Baiña —nik— nola sumatu zenun argialdian zeundela? esan baitidazu Karmel mendiz argatik oroitzen ziñala. Nola ezagutzen da eskuarki argialdi ori?

        El.— Ara —arek—; ba'liteke norbait argialdi ori beregan sumatu gabe ere otoitzik bikaiñenera igo izatea; baiña, nere ustez, geienak ontatik igaro dirala esango nuke. Neri onela gertatu zitzaidan

        Zenbait aldiz, Iainkoaren ontasuna gogoz iraultzean, batez ere Etortzekoagan itxaropena, naiz Liburu santuak irakurtzean, alako bat-bateko biotz-eragin batzuk sortzen zitzaizkidan; biotza punpaka asten zitzaidan oso nere batean nengola, ots, zentzuz eta dimenez beti ernai nindagola. Beste zenbait aldiz, begiak ixten zitzaizkidan, betazalak ikara, bekain-barnean ostotsa bezalako bat sumatzen nula; artatik malko pare bat, eta ola bukatzen zan eragiñ ori; besteetan zirrara bat buruan, Teresak ere diona, ziri-izar edo izar iges bat bezala; besteetan alako itonai bezalako batzuk, minutu laurden batez edo arnasa aldatzen zitzaidan ia eten arte. Zer ito-nai goxoak! Eriotza poz pozik artu liteke aietako batean. Eta denetan oberena, aien ondorioa, ots, Iainkoarentzat esker ona, ta neretzat umiltasunarekin pake aundia. Iainko-eragiñak dirala ezagutzeko au da zantzurik seguruena.

        Deabruak ere alako eragiñak itxuratu nai izaten ditu Aingeru antzean argialdi ontan; baiñan ez dira sosteko edo bat-bateko; ez dakarte esker onik eta umiltasunik; bai egiazko pake ordez eta biotzeko guritasunaren ordez, utsaldi aundia. Bear ba'da zalaparta puska batekin eta malko ugariekin; auek txukatu ezkero, uts utsala gelditzen da barrena.

        N.— Liburu Santuak irakurtzean zeintzu tokitan gertatu zitzaidan ori? —nik—.

        El.— Eta, mila tokitan —arek—. Guziak lumaz larmendu bear ba'nitu, orrialderik geienak beltxatu be-arko nituke. Itun zarrari dagokionez, batez ere Dabid irakurtzean «Zu zaitut Iainko; amaren sabeletik Zu zaitut nere Iainko; egigun negar sortuazi gaitun Iaunaren aurrean, Ua baitugu gure Iaun». Alperrik litzake iarraitzea. Bein esan, Salmuen orrialderik eta lerrorik geienetan. Itun Berriari dagokionez, Donibane'ren Ebangelioan geienak. Bi toki ditut ezin-utzizkoak. Ba-dakizu itsu iaio zana, Iaunak begietako argia eman baitzion, buruko argitasuna ere ez makala iudueri erantzuteko. Atal aren azken aldean beti gertatzen zait, orduan baiño legunago ta xamurrago: «Siñesten al duzu Iainkoaren Semea? — Nor da, Iauna, siñestsi dezadan? — Ikusia duzu, ta mintzo zaizun au duzu. — Siñesten dut, Iauna, ta auspez iauretsi zun».

        Urrena, iarraitu zunan, afalondoko itzaldian. Kristau guzientzat da mintzaldi bikaina; baiña, batez ere, gaiñenera igo diranentzat. Zer ur-geldi iabala ta paketsua!

        Loiolak diona, ez-orduan, xor gaudela, nondik nora ez dakigula, gertatzen dira argialdi ontan biotz-eragin xamur oietakoak. Orobat diote Ioanes'ek eta Teresak: «a deshora, estando descuidados». Bai lo bete betean gaudela ere. Askotan esnatu oi nintzan bat-batean, lo-ondorik gabe, buruko ernetasun osoarekin, eta galtzarra dardar nula «Iesus!» oiu egiten nun. Eta logale aundia ba'neukan, lo gelditzen nintzan berriz ere luzaro gabe. Nik-ukan nitun biotz-eragiñak legunenetan «Iesus» atera zitzaidan oiurik maizena, naiz ernai naiz xor nindagola.

        N.— Itun zarrean ori?

        El. — Bai; iragarleok ba-genun izen samur orren berri. Gogoan duzu Habakuk'en ua: «Poz-iauzi egingo dut Iesus nere Iaunagan». Eta Ieremias'en ua: «Guk ago-arnas dugun Kristo gure Iauna, gure pekatuz lotu zuten». Biotza aski ordotsa nulako, urteak eta urteak igaro nitun biotz-eragin oiekin, Tabor'era arte, ez bainintzan osotara bikaindu; baiña Iainko-Semeak maketsak berdindu zizkidan, eta geroztik pake aundiagoan ixurtzen zait Beraren grazia.

        Ala ere, grazi orren eragiña ixilagoa da ta eziñ-oartuzkoa animan. Kristorekin bizi dugun bizi izkutu ori da egiazko izkutu edo mistika; ageri diran beste gertakari oriek bizi izkutu orri darizkio. Zer ote da, arren, gugan daukagun bizi ori, grazi ori, Kristoren antx-iduri ori, Kristoren edertasun ori! Baiñan agerira ere nolabait atera nai du, gure gorputza barrengo poz orren erdikide dedin. Gorputz-anima egiñak gaitu Iainkoak, eta bakiotzak bere poza eskatzen du. Animaren pozetik dario gorputzari. Zer nolakoa ote da barrendik datorren iturri ori! Iainkoagandik animara ta animatik gorputzera.

        Askotan gorputza bera ere ez da konturatzen pozaldian dagon ala ez; ain baita sumagaitz.

        N.— Adierazi idazu ori geixago, esan nionan.

        El. — Eta, —arek— neri au gerta oi zitzaidan askotan otoitz-ordu luzeetan: ba-nengon eta ba-nengon'obeki esan, ari nintzan, ari nintzan, ezarian, edo Iainkoak ari nindun; baiñan gorputza ia legorraldiaren mugan nedukan. Loiolak diona, nere pozaldia siñeste soilarena zirudin; ugaritzen ari dan siñestearena. Ernai egon oi nintzan zentzuz eta adimenez, eta orduak beren eineko iduri zekiz kidan; batere laburtxago. Ontan, arteraiño batere konturatu gabe, bi malko lertzen zekizkidan sudur-barrenaren eta masailaren azpilduran, bertantxe sortu liran gisan; ain ixil bide egiten zuten araiño, betazalak ere batere oartu etzirala. Ortan ezagutzen nun pozaldian neukala gorputza ere, berak asko sumatu gabe. Gogoemazu, beraz, animako poza zein leguna ta sumagaitza diteken, Gorputzeko pozaldi aundi, malko ugari ta olakoak, osasunaren kaltegarri dira; baiña legorraldiaren mugan dagon fede gurizko poz ori dugu osasungarrienik, bai animarako, bai gorputzerako. Dakizunez, nik milaka urtetan bizi bearra daukat, eta pixkanaka moteldu nindeke, zartu nindeke; baiñan otoixkera legun onek beronek ematen dit indar eta osasun beti batean irauteko. Lur ontako ianariak ezin duke gorputza beti ein batean eduki. Matusalen baldin ba'da ere, igatu bearra dauka, aragi ta igaliek ez baitute indarrik milaka urteetan gordin iraunazteko. Otoitz legun onek bizi nau rii, ianariak baiñon areago; onetxek ez nau uzten zartzen eta zimurtzen beste edozein gizon bezala.

        N.— Orain ikusi dut —nik— zergatik esker on ematen diozun siñeste argizko otoitz orri, gure Loiolarekin.

 

aurrekoa hurrengoa