www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kiton arrebarekin
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1950-1954

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Quiton arrebarekin, Nikolas Ormaetxea Orixe. Euzko-Gogoa, 1950/1954

 

aurrekoa hurrengoa

VIII
QUIETISTA'EN AUZIA ETA

 

        N.— Biaramonean berri on batek io nindunan: egunero, goizeko lauretan ba-nula gurdi ariña Mezara ioateko.

        D.— Ez al da goizegi?

        N.— Orduko naiko lo egiñik niagon, gaueko zortziretan etziten bainaiz. Zortzi ordu eder lotarako, ta bazkalondoan ere beste ordubete. Lau kilometro zeudin aldapa gora. Onontzakoan oiñez etorriko nintzala, bada, eguzkia iekitzen ikusiz; aldapa bera ikatz zakua ere iuan baititeke, gurean esan oi dana.

        Bosko'tarren Ikastetxe bat zegon mendi galdor batean, zoragarri itsaso legorretara begi-bitarte zabalarekin. Espuru ez ezen, Zotzune baiño garaiago ageri yun bekokia; ni bizi naizaneko zokoa baiñon argiago. Zer Tabor mendi liluragarria! Lenengo Meza entzunik, ba-nentorrenan etxera, beiak ietzi ordurako. Errege-bidera atera nintzaneko, mintzo bat nere eskuiñean, —ez bainun iñor ikusten— mintzo ezaguna: gure Iainkozko gizonarena.

        El.— Egun on Iainkoak.

        N.— Bai zuri ere.

        El.— Ioaki?

        N.— Bai, Iauna, bai —nik—. Zu ere ibilki?

        El.— Bai ni ere —arek—. Pausoa lasai ematen duzu, esan zidanan, eta nik: Oraintxe ari nintzan nere buruarekin Dabid'en ua iraultzen: «Oinpean bidea zabaldu didazu, ta nere orpoak ez dira koloka».

        El.— Esan liteke; aurpegira ere lasaitasuna baitarizu.

        N.— Ez zan goizegi! Ibili ditut maiz aski bidexka estuak, alde batera amiltokia dutala. Bide extuak oin-urratsa ere extua eskatzen du; zangoak kakotzen dira, oiñak kizkurtzen, larru azala zilborrerantza biltzen, gorputz osoan erorikara sortzen da. Baiñan azpiko bidexka zabaltzen dan bezain laister, batez ere oiñek bide lasaia atzematen dutenean, zangoak luzatu egiten dira, lengo kakotasuna utzirik, urratsa ere zabalago arkitzen, eta bular-inguruan alako lasaitasun bat sumatzen da, esan baititeke bide ua Iainkoaren bidea dala: bidea bera oinpean zabaltzen zaigula.

        El.— Ederki auznartu dituzu Dabid'en itz oriek.

        N.— Alakoak baitira! —nik—. Oraintxe belaunak etzaizkit aultzen, oiñak ez kolokatzen, ez naiz irrixtatzen aldapa labainean bezala. Iainkoak egin ditan mesede berri onen ondorioa. Ez nengon aisa! Nere lan au bukatzean nora io otedezaket? —ari nintzan— eta, orain ez daukat ezeren kezkarik. Beti kolko-zimur ni Iainkoarekin, beti lasa-gaitz. Etorri zaida zabal-garaia ere.

        Eta zu, esan nionan, nondik eldu zakigu?

        El.— Tabor menditik —arek—, an egoten bainaiz eskuarki.

        N.— Nik ere maiz dut gogoan mendi eder ua, begiz ikusi ezik ere. Gure errian ikusi baininduzun lenbizikoz? Muño ua nun lenago Tabor Txiki; orain Ayagualo au aundiagoa. Egiazko Tabor pozik ikusi nezake. Noizbait sosik bildu ba'neza, ara agertu bat egiteko asmoetan nago, Oliamendi ta Golgota aztu gabe. Zu noiznai eramaten zaitu Aingeruak. Esazu —nik oraino— zeintzuk mendi dituzu maiteenik?

        El.— Golgota'rekin Tabor —arek— eta gero Horeb edo Sinai, ta Karmel-gain.

        N.— Zergatik Horeb eta Karmelgain? Horeb'en asi bainintzan Iainkoa zerbatit sumatzen. Karmel mendi, berriz, otoitzean aurrera ari nintzala neri gerta-gauzetaz oroipen atsegiñak baititut.

        N.— Ederki nekatuko zinan —nik— berrogei gau egun aietako txango artan, sutopil eta ur utsarekin! Bearrik bi loaldi aundi ian aurrean eta ondorean! Bidean ere etzingo zinan an emenka, loaldi ederrak egiñez.

        El.— Bearko. Artean ez bainan Aingerurik, iasoka eraman nindezan.

        N.— Mendi ori ere ikusi nai nuke, an itzegin baitzion Iainkoak Moise'ri, an zuri ta ainbeste bakar zaleri. Bidez usu xamar nindoanan eta, «bizkor zoaz» esan zidanan gure gizonak, «oraindik sasoi onean zaude».

        N.— Ala diote —nik-; baiña zuk askoz gazte itxura obea daukazu. Lengoetan ikusi zindutanean etzenun beintzat belarri ertzetan ille latzik ageri. Gizon illezu izanak etzaitu berez batere gaztetzen; bainan aurpegia legun daukazu, begiak azal, esku-zaiñak etzaizkizu nabarmentzen. Bizitxo noa bidean, beiak iezten asi ordurako etxean egon nai bainuke. Eguzkia agertzean asi zinan, eta «zenbat eguzki ikusi dituzu onezkero ateratzen» —nik—. Bideko zugatz eta mendi ta muñoetaz mintzo, iritxi gatxin etxera. Zaude, esan nionan, gure baratzan, guk beiak ietzi ta nik gosaldu arteo. Ba dauzkazu or naranja ederrik. Zugatzera igotzen etzaizu neke, nerau ere igotzen bainaiz bertatik iateko. Orrela, bada, nere lana egin ondoren, gosaria artu yunat: limoi bat, naranja bat, eta talo esneak eztiarekin. Gosaria bukaturik, ateratzen naun edo sartzen naun baratzera. Ordun agertu zitzaidanan gorputz eta guzi, txoko artan ez baita iñor ibiltzen ikusi lezakenik. Asi gatxin, bada, izketan gure txoritokian.

        N.— Ordu da noizbait ere —nik— zuri bigarren galdera aundia egin dezaizudan. Iesukristo nola zaigu argi otoitzaldian? eragozpen zaigula ere asmatu baitzuten egonzale alper edo quietista aiek?

        El.— Ebangelio'tik —arek— au dakigu: «iñor ez doa aitagana, ni bide ez ba'nau». Ta beste ua: «Pilipe, Ni ikusten naunak Aita ere ikusten du». Otoitz bikaiñean Aita dugu azken-muga. Ederki zuen Loiola'k zurubi egiñez, Ama otoizten du lenik Semearekin bitarteko; Semea urrenik Aitarekin bitarteko bakarra, «unus mediator»; Aitak ez dio iñori erregutzen, San Agustiñ'ek diona. Nola asmatu zuten, bada, Aitagana bide ortan Kristoren, Gizatasuna eragozpen zitzaigula?

        Auzi au gaizki ezarria da, ta ezin ondo garbitu. Lenbizi artan, ori burura zitzaionak etzun ori esan nai izan; gero etorri ziranak okertu zuten aren aburua. Aurrenik, au buruan artu ongi: gizatasuna bat dala ta giza-eite edo itxura besterik dala. Lenengo gizagaxo arek esan nai zuna au da: edozein aurpegi, eite edo itxura idurimenaren nekagarri zaigula, norbaitetaz luzaro oroitzen egoteko. Edozeiñi gertatzen zaio. Gogoemazu ama bat: semea gudara eraman diote, ta bear ba'da, an, il zaio. Ama orrek bere semea gogoan dauka ordu oro ta une oro, egun eta gau, loa galtzen dun guzian. Iduri al zaizu ama orrek bere semearen aurpegia ordu oro ta une oro begi-oroiz gogoratzen dula? Askotan atertzen eta itzaltzen zaio semearen aurpegia. Ala ere, nork esan semeaz une oro oroitzen ez danik? Artaz oroitzen egotea ez da begiz bezala gogoratzen egotea. Ezin ditekena ere da; burutik egiteko litzake, nekearen nekez. Nai ta ere, semearen oroipena ezin aterrerazi du emazte arek, idurimenean aurpegia itzali ba lekio ere. Biotzean alako azta edo pisu bat, min sogor bat, esan oi dugunez naigabe bat sortzen zaio, ta arek dauka mendean, ukitu bezalako baten bidez. Semearengaz eman zioten berri txarra belarrietan berritzen du, ta itz aiek berritzen ez ba'ditu ere, aien oiartzuna datorkio; edota oiartzun ori itzalirik ere, ondoren ixiltasun naigabezko ua gelditzen zaio. Entzun-oroitzea bera galdu ba'leza ere, biotz-ukituaren oroitzea gelditzen zaio. Nork esan, beraz, biozmin ori daukan bitartean semeaz oroitzen ari ez danik edo oroipena atertzen zaionik? Begi-oroiz eta belarri-oroiz ez ba'da ere, uki-oroiz semearekin dago, arengatik negar egiten eta ua maitatzen. Beraz, quietista'en aurreko arek au esan nai izan zun: norbaitetaz oroitzen luzaro egoteko, aren aurpegia begi-oroimenean idukitzeak galarazi egiten dula; ez Kristorenak Kristorena dalako. Gure idurimena zaigu kalte emen; besterik ez.

        Aurpegia ta eitea bat dirala esan, dizut, eta Gizatasuna besterik dala. Ez al dago Kristoren Gizatasuna aldarean giza-itxurarik gabe? Zer kalte egin dezaioke orrek gure idurimenari? Gizon batetaz oroitzeko aren aurpegia ikusi bearra al daukagu naiz begiz naiz begi-iduriz? Ni begiz ez ikusiak galarazi al dizu nerekin iarduna, bide ortan gentozela?

        N.— Zuri begira enaiz asko nekatu beñipein. Ez neukan burua itzuli bearrik eta lepoa nekatzerik.

        El.— Apostolueri aldegin ziela —arek— zerura igo zanean? Aren itxurak bai, Gizatasunak osotara ez; an baitzeukaten nai zutenean sagarako itzen bidez. Beraz, bego ondo ezarririk, Gizatasuna ez ditekela eragozpen; Kristorena. Ez guretzat ere, ikusi dugunontzat; ezago zuenzat, ikusi ez duzutenontzat.

        N.— Eta nik; zergatik dio alaba Teresak otoitzean aurreratueri gertatzen omen zaiela eragozpen ori, edo ala diotela beintzat?

        El.— Asi-berrieri bai —arek— oker uste baitute, Kristoz oroitzea ta Aren aurpegiz oroitzea bat dirala. Aurreratueri etzaie olakorik gertatzen; ez beintzat otoitz bikaiñera iritxi diraneri. Au ikusi, ori ikusi, au iduritu, bestea iduritu, zernai pasa ditela aien begien aurretik eta zentzuen aurretik, naiz idurimenetik, aiek Iainkoaz maitaro oroitzen ari dira.

        N.— Ederki adierazi didazu, Iauna, —nik—.

        D.— Bai, mutil, guri etzaizkiguk beintzat —oin garbi mintzatu.

        N.— Aurrera, iauna, esan nionan; eragozpen ez dala argiratu didazun bezala, otoitzaldian Iesukristoren Gizatasuna laguntza zaigula tipildu bear didazu.

 

 

LOIOLA MAISUEN MAISU

 

        El.— Iesukristoren itzekin berekin aski bear genuke —arek-; baiña nai zenukena au da, otoitzean nola moldatuko geran, laguntza ortaz baliatzeko.

        N.— Ori da ain zuzen —nik—.

        El.— Ontan zuen Loiola da maisuen maisu. Berekin artzen ditu, eta gaiñagotik, Ioanes eta Teresa, bere bi gertaerazte esan dezaikegun oiekin.

        N.— Ba-dantzut, iauna.

        El.— Tokia moldatzea edo gertaraa berritzea esan oi zitzaion ua baiño lenagotik. Arek Kartusiano'rengandik ikasi zun; baiña bere antzera taiutu.

        N.— Toki onean sartu zakigu! —nik—. Ez al dakizu nola ieki zaizkion gertaberritze ori dala-ta?

        El.— Buruan, ongi artu ez dutelako —arek—. Goazen astiro. Otoitz bikaiñenaren izate guzia ontan dago: «berekin gauzkan Iainkoa siñestez eta maitaro gogoratzen». Ez dugu arrazoiketan burua nekatu bear eta iduriketan ere ez. Ageri ez dan Iainkoa siñestez gogora dezakegu idurimenaren nekerik bage —Iainkoak ez baitu iduririk—.; ortan luzaro irauten lanak, geron alegiñez beintzat. Agertu zaigun Iainkoa, Iainko-Gizon Iesukristo (Iainko Berbera zer-izanez eta Norizanez, baiña gorputz animaz gizon), neke pixka dugu asieran atergabe gogoratzen, biziro ta zearo iduritara nai ba'dugu, beintzat, begi-oroiz. Baiñan, esana dutanez, iduripen ori itzaliko zaigu, otoitzaldi luzean, eta etzaigu eragozpen izango Iainko-gizon dan, Iainko artaz maitaro oroitzen egoteko. Izan ere gizon danez nortasunik ez du; nortasun ori Iainkoaren bigarrena du, eta Florentiko Eliz-batzarreak erabaki zunez, Aita Semeagan dago osorik eta Gogo Gurena Semeagan dago osorik. Orobat esan beste Nortzuetaz. «Aita ta Ni bat gera», esan zigun Berak. Iainko danez eta nortasunez, nonai dago, orotan dago. Egia da Gizon orrengan Iainko osoa bete betean dagola «omnis plenitudo divinitatis»; ez dula gaiñez egiten, esateko moduan; baiña beste aldera, gaiñez egiten bezala du, eta Eukaristia gure barnean ez daukagula ere, Aren Nor-izana gugan daukagu, edo obeki esan, berekin gauzka. Beraz, Bigarren Persona orrengana ongi irixten ba'gera, Aitagana iritxirik gaude. Eta Aitarengaz baiño Semearengaz asko geiago entzunik gaudelako, Ebangelio ta abar, Semearen bidez Aitagana sartzen errezago zaigu, idurimen txatxu au baztarrean, uzten ba'dugu.

        Noan orain bi gertarazte oriek adieraztera. Ageri ez dan Iainko ori ez da gerta-gauza; baiña guk nolabait gerongan gertarazten dugula esan diteke, barrenez barren gauzkala oroitzean. Iainko izkutu ori guk gure oroimenean gertaraztea ipintzen du Loiolak otoitzaldian eginkizunik beiñena. «Otoi-lekua baiño bi edo iru urrats lenago, Pater noster esaten aiña denboraz, iaso dezagun gure ezagumena, Iainkoa begira daukagula oroituz, eta auspez iauretsi dezagun». Gertarazte au beiñere ez dala utzi bear dio egin gabe; egin dedila beti. Iakiña, otoitzaldi osoan atertu gabe, albait; bestela gaizki-azi batzuk giñake Iainkoa agoan itzarekin saietsean utziko ba'genu. Otoiz-gaia irauli gabe ere ordu osoan orrela egotea —maitaro alegia— zer otoitz oberik? Berak ere ola dio Loiolak: «egon bere artan, atsegin edo protxu zerbait arkitzen dutaño, aurrera-kezkarik gabe, ondo goxatu nadin arte».

        Ez dute bear aiña bereizten —iesuitek ere— gertarazte au —ageri ez dan Iainkoarena— ageri diran nortzuen gertarazte ortatik, naiz Iesukristo, naiz beste Santu batzuk dirala. «Composición de lugar visible e invisible» esan zien bieri, eta lenengo ori, irugarren oarkizun (tercera adición) ipiñi zigun. Bi gertarazte auek ongi iokatzean dago otoitz ixilaren izate guzia. Astiro ta luzaro adierazi bear diezu au.

        N.— Esazu; iauna, —nik—.

 

 

IOANES GURUTZEKO, TERESA

 

        Ioanes Gurutzeko'k bere liburuetan bi nor-aldi ditula esan genezake: bata gizon iakintsuarena, Karmel mendira igoera ta Animaren gau illuna deritzanetan; bestea, berari zer gertatu zitzaion dionarena. Lenbiziko bi liburuetan, Areopagitaren eta Domingo'tar alemanen bidetik doa, ots, «ageri ez dan Iainkoaz maitaro oroitzeko, ageri diran gauza guziak ukatu bear dirala, ta gure oroimena aietaz guzietaz erantzi». Oso ederki; baiñan orrialde luze aietan guzietan bein bakarrik aipatzen du Kristo gure Iauna. Beste bi liburuetan, ots, «Animaren eta Kristo laztanaren artean maite-leloak» eta «Maite sugar bizia» deritzaienetan beste bidetik doa aldioro. Teresa'k bide bakarra du: «Kristoren Gizatasuna, Beraren Iainkotasunera irixteko». Agertu zitzaigun Kristo'ren bidez, ageri ez dan Iainkoagana; Kristo ortan, ageri etzaigun Iainkotasunera, ta bide batez Aitagana.

        Loiolak bi bide oriek batean artzen ditu. Amaren eta Semearen bidez Aitagana (bere betiko leloa), ta beti Iesukristorekin, Aren «itzalean bezala». Orregatik, bi gertarazte oiek (ageri ez dan Aitarena ta agertu zan Semearena) batera biurtzen ditu, batean iokarazten ditu. Otoitzaldian Kristoren Gizatasuna (ez itxura) Iainko bezala biurtzen zaio bere oroimenean. Gizatasun ori bere barnean gertarazte ortan, ikastunik oberena Teresa du Inaziok, zearo ikusiko dugunez. Loiolak kristau zintzoari bi giltz ematen ditio: Iainko soila bere barnean gertaraztea ta Giza-Iainko orren Gizatasuna bere barnean gertaraztea. Baiñan otoitz bikaiñera irixtean, bi giltz oriek bat egiten dute.

        N.— Eta zuk —galdegin nionan—, Kristo Tabor'en ikusi ondoan, nola bateratzen dituzu bi gertarazte oriek?

        El.— Eta, esan dizut len ere alde aldera: nik Tabor'en Kristo «zeru eder egiñik» ikusi nun ezkero, Arekin asten dut otoitzaldia, iñoiz nere burua otoitzetik aterturik atzematen ba'dut. Iakiña, ordu osoetan ez dezake nere idurimenak bizi bizi iduki an ikusi zun Kristo Aren itxura; beraz, itzaltzen bezala zaio, urtzen bezala zaio. Nola esan nezake nik?

        N.— Ba-nago —nik—.

        Gizatasun ua aingeruki, obeki esan Iainkoki uts eta garbi bezala biurtzen zaio nere idurimenari, ta neke ordez aringarri zaio; eragozpen ordez laguntza aundi. Ez argi, ez margo, ez mintzo, ixiltasun paketsuan, nere oroimenak ondasun bat, osasun bat gogoratzen du maitaro: gure betiko Osasuna.

        N.— Ontan arrebak eskuak antxumatu zitun eta arnas aundi bat atera, lurrera begiratuz. Eta Iesus! eratxiki.

        N.— Ixillaldi labur baten ondoren, ola iarraitu genun.

        El.— Gaiñera, esan zunan, eta barkatu gauzak berritzea buruan obeki sar ditezen, Gizatasun ori aldarean itxurarik gabe dagola esan baitizut; beraz, norbaitek bere barnean Iaun ori egitan artzen dunean, giza-itxurarik ez du ikusten; beraz gogoz artzen dunean ezin gertarazi itxurarekin. Ba-dira ontatik otoizbide egokia artzen dutenak. Aldareko Iaun ori berengana deitzen dute, berengan gertarazten dute, ta orrela, idurimenaren neke gabe, Iainko-oroitze maitetsu ortara sartzen dira ta ortan luzaro egoten. Iauna gogoz artze au ez da ortik onerako edo nolanaiko debozio bat; zenbait kristauek otoizbide bezala erabiltzen dute ta laguntza aundia da.

        N.— Ederki argira duzu —nik— Gizatasun ori eragozpen ez-baina laguntza aundi zaigula. Ederki bereizi dituzu Gizatasuna ta giza-itxura; ta batez ere, bai egoki, Loiolaren gertarazte bikoitz ori: Iainko soillarena ta Giza-Iainkaorena. Biak erara daudela ta ez diotela elkarri galarazten. Funtsean gure idurimena dugula eragozpenik aundiena Kristoren Gizatasunaz baliatzeko.

        El.— Lena berriz esan berriro —arek-: aldareko Iauna gure baitara ekarri nai dugunean, gorputz anima ta Iainkotasun ekartzen dugu, egia; baiña lendanik ere, gerongan geneukan Beraren Iainkotasuna, Giza-Iainko orrek ez baitu Irutasuneko bigarrena beste Nor'kirik. Beraz, Norbait ori nonai dago, ta beste bi Nortzuekin batean guregan daukagu beti, edo beregan gauzka. Beraz, len esan bezala, ederki balia gaitezke Giza-Iainko ontaz, berri geiago ikasi baitugu Aitaz eta Gogo Gurenaz baiño.

        N.— Ortaz —nik— bigarren Nordan ori beti gurekin baldin ba'daukagu, zertako gertarazi gugan gorputz anima oriek santuenik dirala ere, Iainkotasuna baiño gutxiago baitira?

        El.— Quietista bat eta lilluratu bat (alumbrado) ola mintza litezke. Beraz, bigarren Iainko-Nor ori, ots, Giza-Iainko ortan geienik dana beti gurekin daukagun ezkero, esan, ere liteke: gorputz odol anima oriek zertako artu urteoro gure barnean ianari bezala? Urrunegi zoaz arrazoiketan, ots, bertanegi gelditzen zera. Iaunak Berak esana digu ta Elizak Arekin: «Gizasemearen aragia iaten eta odola edaten ez ba'duzute, ez duzute zuengan bizirik». Iaunak Berak nai du bere gorputz animen bidez Iainkotasuna gugan areago erraiñutu dedin, naiz egitan naiz gogo utsez barnean artzen dugula.

        N.— Poliki atzeman nauzu —nik-; baiñan aldare aurrean gaudelarik bi gertarazte oriek ezin bateratu ba'ditugu, ots, Sagrarioan itxirik dagon Iainko-Gizon ori ta gure barnean daukagun Beraren Nortasun ori batean bezala oroitu ezin ba'ditugu, nola iokatu?

        El.— Aldarekoari so egin, beintzat. Iainkoa utzi Iainkoa artu orde. Gorputz aren barnean Iainko osoa dago gaiñez egin gabe; baiña beste aldera gaiñez egiten bezala du, esan dizudana, Nor-dan ori berori guregan baitaukagu. Ustai bezalako bat ipintzen digu idurimenak aldarearen eta gure tartean. Ustai ori etenerazi dezagun. Nola? Bi gertarazte oriek bat egiñez. Barnean daukagun Iainko soila ta aldarean dagona ez dira bi Iainko. Bat bakarra da, ta bakarra bezala ikusi dezakegu, Sagrarioan dagon Norbait ori ta guregan daukaguna Bera dala iakitearekin. Iainko ori, Norbait danez, bigarrena ar dezagun, beste biak berengan dauzkala iakinki. Or giltza bakarra: Gizatasunetik Nortasunera, ta Semearen Nortasun ortatik Iainko soillarenera, Aitarenera.

        N.— Korapilloa ederki askatu didazu. Baizik ere, —nik— gure alegiñez utsez eta ortik onerako grazi baten bidez ez gaitezkela luzaro ortan egon.

        El.— Aurrenean neke da, baiña Iainkoaren laguntzarekin eragozpen ori kenduko zaigu. Idurimenaren marrak itzalirik —or ez digu beintzat gorputz-itxurak eragozten— Iainko osoa batean gertatuko zaigu, atertu gabe artaz oroitzen egoteko; bai biotzean ere, maita ta maita iarduteko.

        Iakiña, Iainkoak bere grazi oso bereizi batez Bera oroitaraziz eta maitaraziz gauzkanean ere, noizik bein, aurrenetan beintzat, eragintxo bat eskatu dezaiguke aurrenetan. Ez da geiegi zirikatu bear oroimena, kaltegarri bailitzake; baiña zenbait aldiz bakoitzak ezagutzen du garbi noiz eragin bear zaion. Ala-nola baten bidez ulertuko duzu. Mutiko gaxte bat ez da berez gauza balantzako ezkil aundi bat bakarrik iraultzeko edo asiera emateko: baiña ba-dator gizon bizkor bat, eta ezkila ziztu aundian ipintzen du. Iñork ez eragitearekin pixkanaka pixkanaka gelditu egiten da: baiña ziztuan doala mutiko gazteak noizbeinka eragin ba'dezaio ez da gelditzen, edota luzaroago irauten du. Alare Iainkoak zenbait aldiz gu ere otoitzean ola iokatzea nai du.

        D.— Zertako ez ote dizkidate gauza auek neri ola adierazi!

        N.— Geiegi luzatu ez gaitezen, utzi dezagun biarko. Biar iarraituko yunagu berriketa au.

 

 

ASI BERRIAN. (HOREB MENDI)

 

        N.— Opela iarraitu zunan bere iarduna.

        «Nik asi berri artan, Horeb gaiñean, neke puxka ba-nizun Iainkoaz atertu gabe oroitzen, ots, Iainkoa nere oroimenean beti gertarazten —ala esan— Bera maitatzen atertu gabe iarduteko. Begiak ixten nitun; San Agustiñ aundiak ere —len esan nizuna— ez omen zun arkitzen iñon Iainkoa bere oroimenean bezain ongi. Nere belarri-oroimenak laguntzen zidan geienik, arako dakizun txixtu legun arek. Alaxe igaro oi nitun ordu osoak. Laguntza aundi bat palta zitzaidan. Ba-nekin Etortzeko zanaren berri Ua iragartzen bainun ain zuzen-; baiñan ez nun entzun Aren Berri Ona; ez nun entzun batez ere Pater Noster'a, ori baiña asi-berrien eta bikainduen ere otoitzik oberena. Gogora etzazu Loiolaren «Iru otoizkera» aiek, batez bat Gure Aita auznartzeko modu ua. Non ikasi zun alaba Teresak itz oriek astiro ematen? Non ikasi itz oriek banaka ez ezen, irakasten zitun Maisua gogoematen? Irakurri etzazu bi santuak gai ontan. Non ikasi zun —eta ontara nindoan— Kristo gure Iauna bere barnean gertarazten? Besterik izan al da sekulan Teresaren otoitza?

        N.— Esasu, arren —nik— zer da barnean gertarazte ori? Bere izkuntzan onela esaten du maiz: «representar dentro de mí a Cristo nuestro Señor». Bitara artu diteke representar ori: iduritara ekartzea, eta iduririk gabe oroimenean gertaraztea. Ez dago dudarik bigarren alde ontara artzen dula geienetan. Iesukristo gure barnean gertarazi egin bear dugu, ez iduritaraku, ez figurarse, imaginar. Eman dezagun ama bat aurra erditzean il zala, ta aur ori bizi dala. Kozkortzean bere amaz mintzatuko zaizkio. Idurimenez, begi-iduriz beinzat, ez daki amaren berri; baiñan ama ori nolabait gertarazten du bere barrnean. Lagunen ama on asko ikusiz, amatasunaren berri ba-du, ots, aren beraganako maitasunaren berri. Orobatsu, Iesukristoren aurpegi edo eitea ikusi ez dunak ez du begiz bezala oroituko, ez du iduritarako, ez ta bearrik ere; baiña beste gizon on batzuen berri ba-du, eta Iainko-Seme txit onaren berri ere bai Ebangeliotik. San Agustiñek Iainko soillaz diona, ots, gugan gertarazi dezakegula nolabait ontasun aundi bat edo zugurtasun aundi bat bezala, egin dezagun berori Kristoren Gizatasunarekin. Begiz bezala oroitu-nai ori alde batera utzirik, gure betiko Osasun eta Optasun bezala oroitu. Orrela ez du eragozpenik gure idurimenak, ez du nekerik Artaz maitaro oroitzeko, begiz oroitu-nai kaltegarri ori gabe. Gertarazi ez da iduritu; bir-gertarazi ez da bir-iduritu. Erderaz esan, presencia no es figura, ni representación (represencia) es tampoco refigura.

        N.— Orain ikusten dut argi Iesukristoren Gizatasuna etzaigula kaltegarri otoitzean, Iaun aundi ori, Ontasun aundi ori atertu gabe maitaro gogoratzeko; Beraren giza-eitea begi-oroiz gertarazi nai izatea, bai, eta ori ere, Beraren erru ez-baiña gure idurimen ikus-naieko onena da. Ikusmin geiegiak galtzen gaitu, naiz egiazko begiz, naiz iduri-begiz.

        Galdegin nionan oraino: Gizatasun ori otoitzean laguntza dugula ere garbi ikusi nai nuke.

        El.— Horeb gainean nengola, illunpean bezala sumatzen nun nik Etortzeko zan Mesias ori. Ori iragartzen genun iragarleok: ori zala errien eta gizonen osasuna, ondasuna, ta mugarik gabeko ontasuna. Zatoz Iauna; ari giñan beti. Zeruek intzez, odeiek euriz iñotsi bezate zintzoa; ideki bedi lurra ta erne beza gure Osasuna. Onenganako itxaropen ori maitaro oroitzea genun otoitz aundi. Gure itxaropen bakarra, bai; beste iñorengan ez baitugu osasunik. Itxaropena bera ezin dukegu begiz ikusi, ez begiz oroitu, ez baitu ertzik eta margorik; baiña gure barnean gertarazi dezakegu.

        Teresak beti Maisua du agotan, Iainko-gizona. Au esaten die aizpautxi ditun seroreri, Iainkoak ago-otoitzean atsedena eman dezaiekela adieraztean «Errezo luzeak egiñez, asko itzegiñez obeki ari dirala iduri zaie, ta ez dute ikusten eskuetara ematen dien erreinu ori. Ez egin olakorik, aurrak, —dio—. Zaudete ernai Iaunak atseden, au noiz ematen dizuen. Ondasun aundi bat galtzen duzute. Noizean bein Pater Noster'eko itz bakar bat esatearekin obeki ari zerate, arnaska ta askotan Pater osoa berritzearekin baiño. Zagozkiote ondo ondoan eskatzen ari zaizkioten Ari, ta ez dizue ez-entzun egingo». Olako atseden ortan da Aren izena ospatzea ta gorestea». Au eratxikitzen die: agozko otoitzean, itzeri baiñon oartuago egon ditekela Iainkoaki.

        Ederki erakutsi zun Loiolak, arnasa neurri dala, Pater'eko itzak astiro esaten eta auznartzen. Ongi gogoeman, naiz itz bakoitza, naiz nori esaten zaion, naiz nork erakusten dizkigun. Zenbatek eta zenbatek dute au otoitzik bikaiñena! Asieran ez-ezen, geroan ere. Itz bakarka astiro auznartuz nik ordu osoak ematen ditut orain ere. Egoki dio Loiolak, ordu betean Pater osoa irauli ez duna, urrengo orduan, azkena utzi zun itzetik asi ditela, baiñan aurrekoak labur berrituz. Nonbait berak atseden artzen zun ortan, eta beste askok ere bai.

        N.— Ba-dira, esan nionan, agozko otoitza aintzat artzen ez duten zenbait ere.

        El.— Oker ari dira olako oriek —arek—. Agoz mintzatzeak eta Iainkoarekin mintzatzeak nola galarazi lezake Iainko ortaz maitaro oroitzea? Otoitzean ari dana xoxoturik egon bear al du arnasik atera gabe ta kordea galduz? Geroago ortaz.

        Asiberrien otoitza erakustean au dio Teresak: «Otoizkera oni barnera-naia esaten zaio, gure ezagumen guziak barnera biltzen baititu, ta gure barnean sartzen gera Iainkoarekin.

        Onela Iainko-Maisu onek lenago ematen dio beste iñola baiño». Ta beste nonbait: «gertarazi ezazute Kristo zeurokin batean. Onela sartzen da anima bere barnean Iainkoarekin».

        Ioanes Gurutzeko ere, asiberrien otoitz ontaz mintzo dala, bein Kristoz oroitzen da Karmel mendira igoera artan, eta gauza bitxia, Loiolaren itzekin berekin: «Gauza guzietan Kristoren antza artzen irrikatu bedi, Aren biziaren ariora, egiñenak Arek bezala egiten ikasteko». Eta baitik bat, beste itz auekin: «Egiñen guzietan eta bakoitzean, ioka bedi, Iauna Bera ioka ledin erara». Esanik utzi baitzun Loiolak: Kristauak, iaten ari dan bitartean, gogoeman beza, Iesukristo begira daukala; nola edaten, nola begiratzen, nola itzegiten dun, eta albait, antzera egin beza. Adimena launari begokio geienik eta ianari gutxienik». Berau Teresak ere: «Egin detzagun gauza guziak Iaun aundi au begira geneukan gisan. Bide ortatik ioanez, animak asko irabazten du». Egia, Loiola'k bere itz oriek Kartusiano'rengandik artu zitun; baiña Teresak eta Ioanes'ek bear ba'da Loiolarengandik, aren Gogo-iardunak egin baitzituten.

        Iainko-oroitze maitetsu au geron alegiñez iritxi dezakegula dio Teresak aldez aldez; baiñan ez dugula merezi Iainkoak ematen ez ba digu.

        N.— Uste al duzu —nik— Iainkoaren ixuri bereiziagorik gabe norbait egon ditekela Iainko-oroitze maitetsu ortan atertu gabe, esaterako ordubete?

        El.— Baietz iduri zait —arek-; askotan ez baitaukagu iakiterik bakoitzaren alegiñezkoa non bukatzen dan eta Iainkoaren ixuri utsezkoa non asten dan. Saia gaitezen, beintzat al dugula. Gogoan daukazu Olako 1936' garren urtean?

        N.— Iñolaz ere —nik—.

        El.— Lau ordu osoak egiten zitun aldareko Iaunaren aurrean oroitze maitetsu ortan unetxorik ere atertu gabe; ala ere etzitzaion iduri otoitz ua Iainkoaren ixurizko esaten zaion ua zanik.

        D.— Nor zan ori, mutil, esan al ba'diteke? —arrebak—.

        N.— Eta........ —nik—.

        El.— Beraz —arek— onela iarraitzen du Teresak: «Gertarazi ezazute Iauna Bera zuen ondoan, eta ikus zein maitaro ta umilkiro ari zaizuen Gure Aita irakasten, Etzaudetela, albait, adiskide on au gabe». Eta oraino: «Iesukristo nere barnean gertarazten nun, albait, eta egokiago zetorkidan baltarrago nenkusan tokietan. Bakarrik eta naigabetan zegolarik, bere ondoan artuko nindula iduri zitzaidan, bearretan dagonak laguna bezala. Txoro-uste auetatik asko nitun. Batez ere Baratzako otoitzean arkitzen nintzan ederki. An, bai, lagun egiten niola! Odol-izerdi ta naigabe ua gogoan iraultzen nitun. Albait, izerdi nekagarri ua txukatu nai nion; baiñan ez nintzan beiñere ausartzen, alakotzarrak baitziran, ustez, ene pekatuak». Nola ez ekarri gogora Loiolaren iarduera Iesusen iaiotza gogoematean? «...aieri lagun egitea, bertan ba'nengo bezala, nerau morroi arlote kaxkar biurtuz». Bertan ba'nengo bezala ori ere Kartusianorenetik artu zun: tamquam in praesenti fierent (facta); ac si praesens fuisses; ac si praesens esses, irutan gutxienik esaten du.

        Itz batean; nik Horeb mendian, ots, asiberrian, Etortzeko zana gogora nun nere otoitzaldietan len esan bezala; orain Tabor'en Etorritakoa, ikusi nuna; baiña nolako aurpegia zun iduritaratzen burua autsi gabe. Itzali bedi nai ba'du itxura; bego Gizatasuna; meatu bedi, argi biur bedi, itzungi bedi, Iainko-zirrara besterik uzten ez digula, Gizon eta Iainko batean urturik bezala. Teresak ederki ziona: adonde divino y humano junto es siempre su compañía.

 

aurrekoa hurrengoa