ITXAS-ONDOKOENA
Itxas-ertzeko matte-miñak
zenbat itxaro-orduz egiñak!
Kai argijak margoz beterik
ta ontzijak dantzan uretan,
arraunak, ego-ordez, zabalik.
Eme azan itxas urdiña!
itxastar orrein begijetan
nok jarri yok arrisku-miña?
Usain ta edari bakanak
batzen dabez kai gustijetan.
Muñentzat prest daukez ezpanak!
Itxas-ertzeko matte-miñak
zenbat itxaro-orduz egiñak!
Portu-aldeko gastarua
galtzori danen seme zara
ta ibilkorra dozu gogua!
Lurrera zatorzan orduban
barriz zagoz uñai begira.
Deiren bat dantzuzu barruban!
Orra or berein zapi zuri!
Agur baten uso-dardara
euren gora-berak iduri.
Itxas-ertzeko matte—miñak
zenbat itxaro-orduz egiñak!
Or ba-duaz urdin-ganian
baña kayan dagoz mattiak
zapi zurijak atz-artian.
Alkarren zain egongo dira
itxaso ta liorrekuak:
oneik ur, areik lur-begira!
Bittartian portu-ertzetan
bakarrik andra eta umiak
zintzo iraungo dira lanetan.
Itxas-ertzeko matte-miñak
zenbat itxaro-orduz egiñak!
|