www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hitzaldi eta mintzaldi
Piarres Larzabal
1955-1988

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (VI), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1996.

 

 

aurrekoa  

NERE HIL-MEZAKO MINTZALDIA

(Roger IDIART-ek irakurtzeko)

 

        Haurride maiteak,

        Hemen zarezte, azken aldikotz, nere gorputzaren inguruan bilduak. Deneri nere esker onak zuen laguntasun eta laguntzagatik.

        Lehen lehenik eskerrak Jainkoari, ororen gainetik, lagundu bainau gure sinesmena azkar eukitzen. Erran gabe doa, sinesmen edo fede hori zerbitzatu ondoan, hortan fermu hil naizela. Pentsa zazue ahatik, haurride maiteak, fedezko-bizia dela borroka-bizia eta hortakotz nere bizi guzia borrokan ereman dutala. Momento huntan, jada Jainkoak jujatua bainau eta agian Jondoni Paulok dion bezala «ongi» lasterkaturik, saristatua izan bainaiz, badakit eta pozturik nagoke, ez naizela eta ez nautela enganatu.

        Agian, zuetarik bakoitzak egun batez, gauza bera erraten ahalko du.

        Milesker beraz Jainko onari, ni baitan sortu eta azkarrik atxiki duen fedearentzat.

        Milesker ere, nere Azkaingo familiari eta Zokoan, nere etxean bizi direneri. Jainkoak ematen du fedearen hazia, bainan ingurumenak du laguntzen hazi hori goratzen. Jainkoaren ondotik, naizen guzia eta dutan guzia, zor diot lehen-lehenik, nere familiari, nere Azkaineko familiak, betidanik etsenplu eder bat eman du. Gure etxean, zahar-gazteak beti elkar lagundu dugu eta ongi elkar aditu. Ez dugu samurtzerik izan, ez-eta partimenen egiteko ere. Galdetzen diotet nere etxekoeri atxik dezaten, orai artio bezata, elkar maitatzeko eta laguntzeko duten usaia.

        Pobreki bizi ondoan, pobreki hil bainaiz, ez dut deus ontasunik emateko nehori. Nere etxeko maiteak, beti elkar lagunt eta maite zazue, kontseilu hori obratuz, aberastuko zarezte mila aldiz segurago, nere eskutik ukan zinezaketenaz baino.

        Milesker oraino nere adixkide eta lagun guzieri, bereziki zueri, Zokotar maiteak. Bihotzez bat egin dugu, lur huntan zuen artean bizi nintzeno. Badakigu amodioaren lokarriak ez direla hausten heriotzearekin... Azkartzen baizik... Gauden orroitzapenez eta otoitzez elkarri tinki lotuak, gure Jainkoak berritz denak elkartuko gaituen artio.

        Nere milesker berezia eliza huntako lanetan lagundu izan nauten guzieri, dela katixima egiten, dela eske edo irakurtzeak, dela eliza garbitzen edo apaintzen dela elizkizunak kantu-musikaz edertzen. Orroit gaiten, harrizko gorputzaz bertzalde, elizak baduela bere arima, Arima hori moldatzen eta sano atxikitzen, behar dugula lagundu girixtino guziek. Bakotxak bete dezagun eginbide hori gure ahalaren arabera.

        Nere bihotz guziaz ere agur, nere inguruan zarezten apez adixkide eta laguneri. Maite zauztet. Bizi nintzeno beti entseiatu naiz zueri deneri «ongi etorri» egiterat, deus berexkuntzarik gabe. Hori da Jesusen nahia: «Denek BAT egin dezagun».

        Bainan BATASUNA ez da BERDINTASUNA. Behar dugu onartu apezen jokabideak izan ditezkela desberdinak. Batzu gira erretor, bertze batzu eskolemaile, bertze batzu misionest. Gure adinak, lanak, sentimenduak, kezkak ez dira berdinak bainan, bide desberdinean gainetik, Jesusek gomitatzen gaitu bihotzez BAT egiterat.

        Batasun hori azkartzen dugu Ebanjelioari eta Elizaren erakaspen nausieri hurbildik jarraikiz.

        Denek ongi ezagutzen ditugu Ebanjelioaren erakaspenak. Bainan berdin ongi ezagutzen ote ditugu Elizaren erakaspen nausiak? Erakaspen horiek aurkitzen ditugu Elizak zabaldu eta zabaltzen dituen gutun orokorretan.

        Gaurko munduaren aho-mihitan, bi eskubide usu aipatuak dira: GIZONAREN ESKUBIDEAK eta POPULUEN ESKUBIDEAK. Eliza ezin da ixilik egon eta ez dago ixilik eskubide horietaz. Lekuko hor ditugu: Mater eta Magistra, Paceni in Terris, Populorum Progressio, eta bertze Elizaren mezu handi batzu.

        Nere beldurra da ez ote diren Elizgidari batzu, arras axaletik mintzo erakaspen premiatsu horietaz edo, berdin ere, horien kontra. Apez gaze nintzelarik gauza bera gertatu zen «Rerum Novarum» eta «Quadragesimo Anno» sozial gutun famatuekin. Urteak iragan dira, bereziki Euskal Herrian, horiek aipatu ere gabe. Anartean Satanen indarrak ez zagozin lo. Hek zituzten zabaldu Elizaren erakaspenak, bainan zimendua aldatu. Ez gaiten gaur huts beretan eror.

        Aski goiz mugi gaiten, aro edo ez aro, Elizak zer dion jakinarazteko «Gizonaren eta Populuen eskubidez». Gure jendea minbera da ikasi nahiz zintzoki eta artoski Elizak zer ote dion xuxen bi pondu horietaz. Hanbat gaxto guretzat, ez badiotegu gure girixtinoeri zerbitzatzen «gure Argia». Bertze batzuek, orai bezala, eskainiko diote «beren argia» mundukeriz saltsatua. Zorigaitzez gure mintzoa, askoren beharrirat beransko edo berantegi helduko da, jada kaltea egina baita.

        Orroit gaiten ere, gaurko munduan, arrabots pixka bat egin dezaken erakaspen bat zabaltzeko, gizon bakar baten botzak, arras guti balio duela. Fedexaleek ikas dezagun, fedegabeak bezala elkartzen, hortakotz behar diren dirua, tresnak eta erakundeak muntatzen, gure boza ez dadin izan joarexka bat, bainan ezkila burrundari bat. Hortarakotz ez ginuke bakarrik elkartu behar Euskadiko girixtino buruzagiek, bainan minoria diren populuetako girixtinoek.

        Gaur gure Euskal-Herria eri dugula, nork uka dezake? Eri, gaxo, bere erlijione, politika eta ekonomian. Egiazko mirikuak, ikusten duelarik gorputz bat karramintxez betea, miatzen du non diteken horien iturria eta iturri hura artatzen du. Gauza bera egin behar ginuke gaur euskaldun populuak pairatzen dituen minen sendatzeko. Laster ohart gintazke, gaur, gure populua dela, laparrez trabatua den ardia bezala. Ez du libertaterik. Urrun gira Elizaren erakaspenetarik. Horiek diote, populu guziek behar luketela izan berdin libro eta anaitasunean bizi. Gehiago dena, izan dira eta badira Eliz-gidarietan, Euskal populuari traba horiek eman diozkatenak eta eman nahi liozkatenak, Kristoren eta hartan dugun Fedearen izenean. Ez da harritzeko, azken denbora hautan, asko fededun oldartu baitira holako erakaspen emaileen kontra eta baztertu baitira Elizatik.

        Kontuz mintza gaiten, Ebanjelio eta Elizaren izenean mintzo girelarik. Gaur predikari guziek, ados behar ginuke izan, Sei puntu hauk zabaltzeko:

        I) Elizaren ikuspena dela:

                a) Populu bakotxak ukan dezala beregaintasuna.

                b) Populu guziak izan ditela elkarri anaitasunez josiak.

        II) Indarkeria haizu dela, bainan bakezko bide guziak entseiatu ondoan, ikusten bada, ez dela bertze salbabiderik. Ez da Elizari jujatzea, bainan gizoneri, noiz den borroka armatuan sartzeko ordua. Gizonen jujamenduak desberdinak izan liezkela, behar dugu onartu.

        III) Indarkeria baliatu behar dela beti onerako, sekulan gaizkirako. (Sekulan ez, zapalkuntza, nausikeria eta berekoikeriaren alde. Beti zapalduen, heien askatzearen eta denen egoera hobetzearen alde). Puntu huntan ere, Eliza izan dadiela argi emaile, bainan ez jujari.

        IV) Bakotxak eginbide duela bere populua zerbitzatzea (Kultura, politika, bertze edozer aldetik). Errespetatu behar duela bere lagunak hautatu duen zerbitzatzeko moldea (izan dadin guriago edo gogorragokoa). Artzain onari, haizu ez zaiona da bakarrik, bere ardien etsai bilakatzea edo hetarik baztertuz bizitzea.

        V) Eginbide dugula lan egitea Eliza barnetik, hartan harri bizi bat izanez, lokartu gabe, baztertu eta horren kontra oldartu gabe.

        VI) Elizako buruzagiek badituztela beren hutsak eta itzalak, bereziki Euskal Populuari buruz. Horiek behar dira aitortu eta ahalaz erreparatu: Eliza izan dadin, ez DENA, bainan IZAN BEHAR LUKEENA... Gutixago mundutiar eta gehixago zerutiar.

        Horra, haurride maiteak, nolakoa izan den nere jokabidea eta nolakoa den nere ikuspidea gaur gure Euskaldun Populuak bizi dituen gorabeheretan.

        Bertzerik gabe deneri daitzuet: Egun On eta Bizitze On. Berritz Elkar Ikusi Arte. AMEN.

        (Hitzaldi hau egin nuen 1979-ko Buruilan. Nahi dut irakurtua izan dadin nere ehortzetan, bertzerik gabe. P.L.)

 

(Enbata, 1988ko urtarrila)

 

aurrekoa