www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hitzaldi eta mintzaldi
Piarres Larzabal
1955-1988

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (VI), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1996.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ARBOTIN,
ESKUALTZALEEN-BILTZARRAN,
EMAN PREDIKUA

 

        Eskualdun, fededun!

        Erran-zahar huntaz dugu eginen egungo predikuaren mamia.

        Eskualtzaleek, zer gogo ote dugu, gure urratsen zimendu?

        Dut ihardetsiren: eskualtzale gira, girelakotz eskualdun... Eta, bietan eskualtzale gira, girelakotz fededun.

        Eskualdungoa! Hitz hau, asko aberastasunen tapagailu da. Hunen pean ezartzen ditugu gure odola, gure ohidurak, gure mintzaira.

        Aberastasun horietan lehena, denen erregina, ez da dudarik, dela gure eskuara.

        Gure odola nahastekatuxea da. Naski, hobe bertzerik ez baita, hola azkarrago bilakatzen delakotz.

        Gure pilota, musa, dantza eta gainerateko ohidurak, ez dira egun guzitako, ez eta oroendako, ez eta ere baitezpada, Eskualdun bakarrez eman ahalikako.

        Gure mintzaira da bakarrik gure gurea, gure artekoa, egun guzitakoa, Eskualdun denena, gure etxekotasuna emaiten daukuna.

        Eskualtzale naiz, fededungoa aipatu gabe ere, naizelakotz gizon eta Eskualdun.

        Gizon bezala, baitakit, ezagutzen baitut eskuararen aberastasuna. Eskualdun bezala, senditzen baitut, aberastasun horri zor zaion atxikimendua...

        Eskuara, mintzaira aberatsa.

        Gizonak, bere adimenduko gogoak, hitzez ditu kanporatzen.

        Eskuarazko hitzak dira garbi, gotor, mugatsu.

        Zorigaitzez, gure eskuara ez dute munduko jaun handiek hautatu, erresumen arteko solaskatzeen ibiltzeko.

        Solaskatze horiek nahiago dituzte ibili erdaraz. Erdaretan, bereziki frantsesak badauzka hitz batzu, dena zilinga, dena berdura, ez baitakizu nun bururatzen zaioten hezurra, eta nun hasten mamia.

        Holako hitzak baliatuz, solaskari handiak maiz ados jalitzen dira elhetan.

        Ez ahatik gero... obretan.

        Guk, Eskualdunek holako mintzairen abilezia, deitzen dugu ahulezia.

        Gure mintzairak ez ditu hitz berak baliatzen, «aitaren» eta «amen» erraiteko... Hortakotz, gure mintzairatik hazi gizonak, hitzak garbi ditu, eta obrak argi.

        Zonbaitek diotena da eskuara dela mintzaira pobre, asko erdarazko hitz ez ditazkelakotz eskuararat bihur.

        Dut ihardetsiren, badirela ere asko eskuarazko hitz, erdararat bihur ez ditazkenak...

        Eta beharrik!... Horrek dio-eta emaiten gure mintzairari bere mami berezia.

        Hitzez hitz bihur ditakeen mintzaira ez da berezia, bainan bihurtuaren potreta edo itzala... Beraz balio gutikoa.

        Ez, ez da eskuaraz mintzatzeko, erdarazko hitzen, gurez ordaintzea aski...

        Hitzek ez dute, edo arras guti dute egiten mintzaira, bainan ba hitz heien lerrokatzeko moldeak, heien barneko muntadurak eta heien arteko josturak.

        Hasteko, hitz berek ez dituzte baitezpada gure baitan sentimendu berak pizten, erranak direlarik erdaraz edo eskuaraz... «Salut maman» eta «Agur ama», erran berdinak dira, bat frantsesez, bertzea eskuaraz... Bainan segur naiz, sarri, etxerat sartzean, eskualdun girenek gure amari oihu egin baginezo «Salut maman», «Agur ama»-ren orde, segur naiz, gure ama grinatuko laitekela ez ote dugun bederen Eskualtzaleen Biltzarreko bazkaria sobera ohoratu.

        Mintzairalari diren jakintsunek ez dakite nola aski goretsi eskuarazko hitzek dauzkaten aldakuntza nasaiak...

        Bereziki gure aditzak. Gure aditzak, hainbertze plegu har detzazke, hain ontsa gogoaren xendra xeheenak sala detzazke, nun jakintsunek berek baitiote guti aditzik dela bertze mintzairetan, gureari paretzeko on denik.

        Etsenplutzat huna bi aditz, maiz gure solasetan lerrokatzen ditugunak: «Baginu baginakike»... Entsea zaizte bi hitz horien frantseserat bihurtzerat... Ohartuko zirezte bi hitz xoil horiek, frantsesezko ahurtara bat bihurgailu galdatzen dutela.

        Eskuara ba, mintzaira aberatsa...

        Hain aberatsa nun, bizikuntzan eta iragan gertakaritan jakintsun direnek baitiote ez ote den izan, denboraz, gizon arraza bat biziki ernea eta izpirituz aberatsa, eta arraza hura zerbait izurritez galdurik, ez ote girenetz gu, Eskualdunak, haren semeak, nolazpeit salbatuak.

        Dena den, jali ahal ditut aski xehetasun eta aski lekukotasun, erakusteko eskuara zoin ontasun baliosa dugun.

 

* * *

 

        Eskualdun gisa bagira eskualtzale, bietan hala gira fededun gisa...

        «Eskualdun, fededun!» da errana. Argi zonbait eman ditzagun erran huntaz.

        Eskualdun izan ditake, fededun izan gabe... Ez da nehun errana, liburu sainduetan, fedea dela, eskuara edo bertze edozoin mintzairen mutil... Fedeak ditu bakarrik iraupenezko agintzak... Ez eskuarak... Beraz ez ditzagun jos fedea eta eskuara, ezin urratuzko lokarriz...

        Eskualdunak luzaz Eskualdun izan dira, gure fedetik kanpo biziz...

        Oraiko egunean ere badira Eskualdunak, egiazko Eskualdunak, eta bizkitartean federik gabeak.

        Eta fededunetan baditutzu Eskualdunak, axola guti dutenak eskuaraz eta eskualdungoaz.

        Horiek hola, eta gorapenetan gure adimenduaren jorraia ibili ondoan, on da jauts gaiten ere beherapenerat...

        Apaletik eta dena den eskualdun jendetzea ikusiz, aitormena zor dugu batetik eskualdungoa dela fedearen aberasgailu, bertzetik fedea dela eskualdungoaren sustengu.

        Eskualdungoak fedeari ekarri dio bere odol azkarraren eta mintzaira garbiaren zurkaitz gotor eta iraunkorra.

        Gure erlijioneko saindu famatuenetarik biga, San Inazio Loiola eta San Frantses Xabierrekoa, ziren eskuararen eta fedearen bi iturri nasaietarik haziak.

        Eskualdun arraza, denborak baiterabilka, bertze mundu huntako edozoin izaite bezala, arraza horri fedeak ekarri diozka norbaitasuna, goratasuna eta iraupena.

        Ezin ukatua, oraiko egunean Eskualdunak, norbait delako fama duela munduan...

        Ez dugu segur beti fama bera izan...

        Fede gabe ginelarik edo fedezko lehen urratsetan, Eskual Herria, jende arrotzek ez zezaketen aise trebesa, hain omen baitziren Eskualdunak, mandilak, ohoinak eta odolkariak.

        Gogoratzen ote zauzkigu, Eskual Herrian fedezko gizonek erabili dituzten neke eta lan dorpeak, ixuri dituzten odol eta nigarrak, gu, oraiko pleguetarat izararazteko?

        Eskerrak eta bietan eskerrak zor diozkategu beren lana egin baitute gure eskualdungoa errespetatuz... Ez gituzte, fededunduz, auzotu, kanpotiartu... bainan guretasunez aberastu...

        Ez dute fedearen hedamenak, ez eta ere Elizaren legeek galdatzen, fede hartzaileak uko egin dezan bere mintzaira eta ohidura sanoeri, baina ba hek begira ditzan artoski.

        Orroit ditela hortaz, orai eta gero, Eskual Herrian fedeaz kargu duten gizonak.

        Ohore gure diosesako jaun buruzagieri, aspaldidanik eta bipilki agertu izan baitira eskualdungoaren alde.

        Fedeak gure eskualdungoari ekarri dio bere norbaitasuna, bai eta ere bere goratasuna.

        Ezin ukatua gure fedeak gizonaren gogoari idekitzen diola izari gabeko zabaldura... Betieretako eremuak, fedeari esker, bilakatu dira eskual adimenduen alha-leku. Ber denboran, eskuara aberastu da gora-ibilera hetan baliatzen diren hitz eta erakaspenez.

        Nork erran du Eskualdunen izpirituak direla maiz, jakintza eskasian, dena otardi eta larreki?

        Nik dakitana da, hanitz, beren ustez jakintsun diren gizonek, ez dutela eskola ttipiko Eskualdun zonbaiten izpirituko hedadura, eskas dutelakoz fedeak idekitzen dituen eremuen gakoa.

        Norbaitasuna, goratasuna, fedeak oraino eskualdungoari eman dio bere iraupena.

        Ez naiz batere oihukatzeaz beldur, gure fedea ez balitz gure Eskual-Herrian sartu, oraiko egunean, ez zela hemen gaindi aipu izanen ez eskuararik, ez eskualdungorik.

        Fedezko gizonek diote gehienik eman gure mintzaira eta ohidura oneri, bizitzea eta iraupena...

        Ez bakarrik kasuki, bainan kartsuki, eskuara mintzatuz, eskuaraz predikatuz, katixima eginez eta izkiriatuz, eskualdun usaia zaharrak beiratuz, gure apezek eta heiekilakoek dute, gelditzen zaukun eskualdungoa xutik atxiki.

        Ez da beraz harritzeko, eskualdun apez eta heiekilakoek, eskualdungoa baitaukate beren haur berezitzat, eta, alimale basek bezala, hortzak hirrikatzen badituzte haur horri jazartzen direneri.

        Bi espos xahar bezala, eskualdungoa eta fedea, aspaldian elgarrekilakoan bizi dira, eta batentzat kaltekor dena, ez ditake izan bertzearentzat ez-deuskeri edo hobekor.

 

* * *

 

        Ordu da prediku huni eman dezodan bururapena.

        Eskualtzale gira, Eskualdun girelakotz behin, eta bietan, fededun girelakotz.

        Zer gauza hitsa etxalde bateko nausiak, bere lazakeriaz, alferkeriaz eta aiseriaz, bere ontasuna larre joaiterat uztea!...

        Bilakatzen da estimugabe eta higuingarri bere ezagunentzat, bere ondokoentzat, guziz bere buruarentzat.

        Eskualdungoa da Eskualdunentzat ontasun balios bat...

        Ez ahal dugu nahiko, egun batez, gure etxaldean, gure ondokoak erdaraz mintzo daiten, erranez: lehenago norbait ginen hemen, bainan gure burasoak ahul, guri, ez-deus gertaturik, galdu dugu gure norbaitasuna.

        Ondoko desohorerik nahi ez duenak, oraidanik tinka bitza bere hortzak, har bere makila eta zafra sasitzen hasi bazterrak.

        Eskualtzale buruzagi jaunak, zuen saila dorpea da, bainan eder eta baliosa... Batzuek diote eskuara dugula ilun nabarrean... Zueri esker, ilun nabar hori bilaka bedi goiz alba garbi... Badakit ez zireztela ohore gose... Onar-azue, gu denen izenean, merezimenduari zor zaion agurra...

        Zuen egin-ahal xoilarentzat, nahi izan duzue gure Jainkoari galdatu lauzka, meza hunen bidez...

        Ba otoitz eginen dugu, meza huntan, eskualtzale guzientzat, bereziki aurten bertzemunduratu zauzkigunentzat. Otoitz eginen dugu Eskual Herriarentzat!

        Jesus Jauna, behin Jerusalemeri so zinaudela, nigarrez lotu zinen, holatsuko ziniolarik: Ha hiria, hoinbertze moldez entseatu nuk hi salbatzerat!... Bainan, ez nuk segitu!... Ez duk urrun eguna nun larre bilakatuko bahaiz!

        Eskualtzaleak, zu bezala, ilun gaude, gure herri eta hirieri so plantatzen girelarik...

        Hainbertze nahi ginituzke salbatu!...

        Otoi, Jesus Jauna, ez zatzula utz gure herriak larre joaiterat!

        Lagun gaitzatzu heien salbatzen!

        Jesus Jauna, gure herri hiritan, eskualdungoa ez dadien larre joan, hemen giren eskualtzalek otoizten zaitugu. Jesus Jauna, entzun zaitzatzu!

        Halabiz.

 

(Gure Herria, 1960, 275-280)

 

aurrekoa hurrengoa