www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hitzaldi eta mintzaldi
Piarres Larzabal
1955-1988

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (VI), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1996.

 

 

aurrekoa hurrengoa

GURE PASTORALA

 

        Jaun andereak:

        Antzerti aroa, jendetzetan, ez da sortzen egunetik biharrerat, gure oihanetan onjoa bezala. Bainan, bere garaian zabaltzen da, jendetzearen bizipideak, ibilerak, nahastekatze edo auzokatzeak diotela ematen bere atzarmena, era eta hedadura.

        Egia erran, egundainotik gizonek maite izan dute elgarren artean ahusatzea, edo elgar ziminokatuz, edo abereen biziantza jestukatuz edo mudantzak idurikatuz.

        Bainan, molde horien garaitik, pastorala garairat, bada aberetasunetik gizontasunerat bezenbat bide.

        Antzerti idatzia, artoski apailatua, sortu-zen, jendetzeak, bidekari izan ondoan, noizbait eta nunbait kokatu zirenean, multzokatuzko biziari lotu, aski aberastu eta beldur-petik atera, abusamendutan lasaitzeko.

        Horiek hola, ikusiko dugu nundik datorren pastorala, nolakoa den bere jokaera, nolakoa izan den eta den bere bizitza.

        Lait hau balin bada ni-kia, neretzeko gaiak hartu ditut eskuin eta ezker, eta bereziki anitz zor diotet Georges Herelleri eta Lafitte jaunari.

 

 

NUNDIK DATORREN PASTORALA

 

        Greziatik ateraia da Europako antzerkintza guzia. Antzerki arorat iritxi-arau, Europako jendetzek, Greziatik zabaldu eratik dute bakotxak berena apailatu.

        Bainan, antzertiak badauzka asko saila: parregarri, samin, erlijionezko eta abar.

        Pastoralak daukan arnasak, erlijionea du sustrai.

        Europan, erlijionekari antzertiak izan ditu hiru garai aipagarri.

        1° Grekoen garaia; 2° Erdi-aroa; 3° Oraikoa.

 

        Grekoen garaiko asko antzerki dira erlijionez orratuak. Antzerkiak muntatzen zituzten Dionysos Jainko basaren ohoretan eta haren jai egunetan... Antzokian ezartzen zuten, denen begien aurrean, Dionysosen itxura eta, hunen apezek bazaukaten beren jar-leku berexa.

        Antzerki-abesti asko botatzen zituzten Jainko basen ohoratzeko eta, sarri ere, ageriki ala izkutuki, Jainko basek beren sudurra sartzen zuten antzerki jokabidetan.

        Sorginak ere eta heien pentsa-pentsaketak kausi ditazke ardura orduko antzerkitan.

        Goi indardunek daukate gehienetan azken hitza: Jainkozaleak dira saristatuak eta Jainko-jaleak gaztigatuak.

 

        Erdi-aroan, kristau-mixterioak dira berdin elizkizunak, pagano garaikoen iduriak, bainan bataiatuak eta gizaldi berriari doakon gaiaz sustraituak.

        Mixterio horiek emaiten ziren eliza ataritan edo berdin barnetan, kristauen argigailu eta hobegailu.

        Elizako buruzagiek, noizbait, ikusgarri horiek debekatu eta eskumikatu ere zituzten, zikindu eta lizundu zirelakotz... Bainan halere, zurkaitz edo muntadura bera kausitzen dugu mixterio eskumikatuan hala nola sakratuan.

 

        Oraiko egunean, antzerti zuhaitza loretan dago eriijioneko ikusgarriez... Asko lekutan, ematen dira «Paxioneak», bai eta ere fedea mamitzat daukaten ikusgarriak, ez bakarrik antzokitan, bainan ere eliza ataritan eta nunnahi, fededunen biltzar handitan.

 

        Bainan jo dezagun Erdi arorat eta dakusagun nola orduko frantses «mixterioak» eta eskuarazko pastoralak diren elgarren ahaide.

        1926 arren urtean agertu buru-lan batean, Georges Herellek zenbatzen ditu 67 pastorala, oso-osorik dauzkagunak, gainerat, beste seien laburpenak, hamabi, orai galduak direnen aipamenak, eta azkenik, bederatzien izenak, ez baitakigu behin ere ukan duten izanik.

        Geroztik, aipatu 95 pastorala hauien gainerat, beste batzu idatziak izan dira.

        Pastorala guti izan da inprimaturik... Eskuz idatziak, beiratuak dira edo norberaren edo ororen liburutegietan.

        Eskuz-idatzi zaharrena dugu 1723. urtekoa, papera zainek salatzen dutenaz... Une hartan idatziak, ez du erran nahi orduan jaioak.

        Ikertze zintzoenek diotenaz, nekez zitaken eskuarazko pastoralarik XIII. mende aurrean. XVI. aldiz ditake izan pastoralaren urre garaia.

        Itxura guzien arabera, frantses «mixterioa» eta eskuarazko pastorala dira iturri beretik, bainan nehork ezin erran zoin den bestearen umea.

        Mixterio ala pastoralen sustraiak dira ber-berak: Lege Zahar eta Berriko idazkiak, Sainduen Bizitza, Zahar Aroko gertakariak, Alegiazko gertakari espantutsuak, Kantu Zaharren erran-merranak eta holako.

        82 pastoraletarik, 37k gai bera daukate beste hainbeste «mixterio»-rekin... Ondar 44ek ez daukate haurride ezaguturik «mixteriotan».

        Nolajoka berdintsua aurkitzen dugu «mixterio» ala pastoraletan. Bat eta bestean kausitzen ditugu aurre eta ondo hitzegintzak. Biek derakartzen ikusgarria da: Ongia eta Gaizkiaren arteko betiereko guduka... Guduka hortan, Jainkoaren gerlariak dira: girixtinoak, Satanenak aldiz: Turkoak.

        Bien joka-lekuak berdintsu muntatuak dira... Berdintsuak ere taula gaineko ibilerak, eta ere, jokalarien barne-azkurriak. Hauk dira: Erlijionea, maitasuna eta gerla-borrokak.

 

 

PASTORALAREN BEREZITASUNA

        Pastorala eta mixterioa badira elgar iduri, ez dira berdin.

        Ez dugu Xahoren iritzia onartzen, diolarik pastorala dela Erromanoen garaiko antzertia... Ez eta ere Webster-ena, diolarik pastoralak dauzkala Zahar Aroko pertsuen zangokada, aire pikoak eta Ametsetako Jainkoen orroitgailu zerbait... Ez eta ere Léonena, diolarik gure pastoralak ez direla hain zaharrak, bainan Pabeko jauregitik zabalduak, Marie d'Angoulême horko erregin zelarik. Ez eta ere beste zonbaitena, baitiote gure pastoralak heldu direla lehenago Espainian, Besta-Berrikari enlaten ziren «auto sacramental»-etarik.

        Miakatze zintzoenen arabera, aitortzerat ekarriak gira pastoralak direla ahaideki frantses «mixterioekin», bainan halere hetarik berexak.

        Pastoralari bere berezitasuna heldu zaio lehenik bere mintzairatik... Gogoeteri hizkuntzak emaiten diote oinarrun bihurgune eta altxaira ezin itzulizkoak.

        Egia erran, pastoraletako eskuara, ez da garbienetarik. Pastoralak dira pertsukatuak. Pertsuak zangoz desberdinak, lerro buruz ahulak, erditsutan pikaia batekin. Pertsu horiek dira kantatzen, elizki abestien airean.

        Pastoralak badauzka bere joka-lege bereziak. Lege horiek aipatzen ditu luzaz Lafitte jaunak, berrikitan «Bulletin du Musée Basque de Bayonne» agerkarian zabaldu duen idazki batean.

        Xuberon muntatzen dituzte pastoralak herrika, herrian emaiteko eta herritar bakarren artean. Pastoralaren hautatzailea eta buru gidaria deitzen da «errejenta»... Hau izan ditake herriz kanpokoa.

 

        Pastorala eman aintzin, jenden biltzeko egiten da «mustra», Pastoralaren jokazaleak ibiltzen dira lerroan herriko karrikan, «konpainiaka» zatikatuak (Satanak, Turkoak, girixtinoak, zeruko biziliarrak)... Batzu dira zaldiz, besteak oinez... Artzaina bere artaldearekin. Musikariak musikan.

        Pastoralaren joka-lekua da lau ezkinetako taulagain bat. Aintzin saihetsak dauzka hutsak... Gibelean oihala, hiru sarrerekin... Erdiko sarrera, Handimandiena (Aita saindu, errege, aingeru eta halako)... Ezkerreko sarrerak du gainean deubru grimaskari bat... Hau da «Turkoen» atea... Eskuineko sarrera aldiz da «Girixtino»-ena.

        Musikariak ezartzen dira oihalaren atzean, goratasunean, ferdailuz apaindu eseri-leku batean.

        Lehenago, taulagainean egoiten ziren «gardianoak», eskopetak eskuan... Haurrak urruntzen zituzten tauladuratik eta, behar zelarik «xo» oihu eginez, ixiltasuna agintzen.

        Oihal gibelean emaiten dira neskatx «zerbitzariak». Haukien gain da jokalarien apaintzea eta joka-lekurat behar diren pusken tanko ekartzea (jarleku, mihise eta abar).

        Lehenago, mustraren ondotik, konpainia bakotxa igaiten zen taula gainerat, aurreko eskalera batetik, bere ibilera eta jestu bereziak egiten zituela oihalaren atzean izkutu aintzin... Taula-gainerat igaite hori deitua zen: Arribada.

        Pastorala hastean emaiten da «Aintzin peredikia». Hunen emaiteko hautatzen dute boza ederdun bat. Hau agertzen da, errejentarekin, bi ezpatadunen artean eta atzetik daukala girixtinoen ikurrinlaria... Kantua emaitean, ikurrina higitzen da eztiki, kantariaren buru gibelean, Kantariak botatzen ditu bere koplak eskuin eta ezker lekuz aldatuz, aspaldidanikako aire zahar batean... Jendeak agurzen ditu, jokalarien ahuleziez aintzinetik barkamendu eskatzen du, pastoralaren bilduma zeheki argitatzen.

        Pertsu lerro bakotxaren ondotik, besoak altxatzen ditu buruaren parreraino, eta musikariek, betiko aire bera jotzen dute koblen artean.

        Ez galda pastoralari, izan dadien ordu gutiz, toki berean eta hari bateko gertatuaren antzerkia... Pastoralak agertzen dituen gertakariak dira nun-nahikoak, noiz-nahikoak eta nola-nahizki sailkatuak.

        Pastoralen jokalariak izaiten dira, edo gizonki hutsak, edo emazteki hutsak, bainan nahastekatzerik gabe... Hala beharrean, itxuraz aldatzeak egiten dira. Onek eta gaxtoek dute beren musika aire berezia, taula gainerat agertzeko.

        Jokalariek dituzte eskularruak soinean eta makila eskuan. Kurrituz dute botatzen pertsua, salbu aingeruek, aita sainduak, presonerek eta hiltzerat doazinek. Makilaz eta urratsez pertsua dangatzen dute. Nor baitira eta araberako ibilera dute. Hala nola, Turkoak ibiltzen dira urratsez taula zanpakatuz, menbroak dardarikatuz, makila buru gainean zirurikatuz, marmarizak murruskatuz, jartzean izterrak gurutzatuz eta holako.

        Pastoraletan, pertsuen artetik emaiten dira ere kantu batzu. Kantuak ez dira edozoinez eta noiznahi emanak, bainan bakarrik: Artzainez artalde zain daudelarik, aingeruez bere agertzetan, elizkizunetan, gizon ospetsu zonbaiten otoitz bezala, pastoralaren bukaeran.

        Pastoralaren artetik emaiten dira ere dantza eta «sataneriak». Lehen pastoraletan satanak ziren dantzari hoberenetarik, jauntzi ederrez apainduak. Heien itxurak ez ziren beldurgarri ala okaztagarri... Hiru lan zituzten egin behar: gizonak tentatu, gaxtoak lur-pean sartu, noizean behinka gavota dantzatu, «Bon voyage, cher Dumolet» kantuaren airean.

        Aspaldixkoan, ez dute gehiago pastoraletako satanek gizonik tentatzen... Heien eleak ixildu dira, gizenskoak baitziren oraiko belarrientzat.

        Ez da pastoralarik, gudukarik gabe. Gudukak dira edo gerlari lerrokatuen artean, edo hiri harresiz inguratuak jaukitzen diren antzerat.

        Hiria hartzeko egiten den guduka da egokienetarik, Oldartzalek pastoralaren joka-lekua inguratzen dute oinezkoz eta zaldizkoz, Adar tutaz «hil edo gurepetu» oihuka jazartzen dira eta, ala bada egitekoa, hiriaz jabetzen dira taula gainerat hupatuz.

        Guduka lerrokatua aldiz «ballet» dantza baten antzerakoa da. Lau pondutan jokatzen da guduka partida... Lehenik, gudulariak (denak dira aintzindariak) lerrokatzen dira buruz-buru... Bigarrenekorik, artzen dira elgarri desafioka, askotan ohidura zaharretako solasketak hortarako erabiliz.

        Hirugarrenekorik, egiten da guduka. Bi lerroak, musikarekin dantzatuz, elgarrenganat hurbiltzen dira, bat bestearen ezpatak jotzen dituzte; beti musikari jarraikiz, elgarrenganik urruntzen dira eta hola zonbait aldiz... Laugarrenekorik, gudulari bat hiltzen da... Aurretik, arropa ez dezan zikin, neskatxa zerbitzariek hedatzen diote ondoan oihal bat, haren gainerat eror dadien. Gardianoek eskopetaz tiro egiten dute... Hila, balin bada girixtinoa, bere lagunek dute joaten... Deubruek aldiz, balin bada Turkoa.

        Taula gainak ez du sekulan hutsik egon behar... Ustarten betegailu, besteak beste, muntatzen da, noizean-behinka, jokalarien kurriketa... Elizki ibileretan bezala, ospetsuki eta musika joaz, jokalari guziek itzuli batzu egiten dituzte taula gainean.

        Pastorala idazlek ez dute den gutieneko axolarik garaikoa garaian ipintzeko... Abrahamen ehortzetan, kantatzen da «De Profundis», Agar, arropatua da Madame Angot-en gonekin, Turkoak oldartzen dira Moisi, Absalonek pixtola bat dauka eskuan.

        Pastorala amaitzen da himno edo abots elkartuzko abesti batez.

        Ikusgarria bururatzean, botatzen da «azken peredikia», hastapenekoaren molde beretan. Abeslariak emaiten ditu ikusgarriaren laburpen bat, barkamendu galdatzen eginak izan diren hutsentzat, eskerrak bihurtzen diozkate etorri direneri.

        Ondotik egiten dira «antxerak»... Lehenago, pastorala ikusteko ez zen deus pagatu behar... Pastorala muntatzalek, zorren tapatzeko zuten batetik edaria saltzen ikusliarreri, eta bestetik «antxera» deitu, ohorezko eskea egiten, ikusgarriaren bukaeran... «Antxera» da herri bakotxari egina zaion deia, zoinek gehiago diru eman bururatu den pastoralarentzat... Emaitza egilek, gehien emailetik haste, ukaiten dute taula-gainean dantza-jauzien dantzatzeko ohorea.

        Usaian, «bala» batez da bururatzen pastoralaren eguna.

        Ez gehiegi luzatzeko, beste asko xehetasun uzten ditut aipatu gabe. Bainan, aski zabal mintzatu ahal naiz erakusteko pastorala eta frantses «mixterio»-a ez direla berdin, badira ere elgar iduri.

        Eskualdunek daukagu pastoraletan «gureki» zerbait. Guretasuna ematen diote gure mintzaira, dantza eta abestiek, gure goitasun, omoretsu, larriak, guduken indar-jokoek, axaletik eta irrikatuz kondatu gertakariek, herrika eta herritarren artean muntatuak direlakoak.

 

 

PASTORALAREN BIZITZA

 

        Dakigunaz, Xuberoa da pastoralen bizitei kasik bakarra... Egia erran, pastorala multxo bat emanak izan dira Baxenabarren, zonbait ere Lapurdin, bainan maizenik Xuberotar taldez. Pastorala, ez da Eskual-Herrian nehun etxekotu, salbu Xuberoan.

        Horrengatik erran behar ote da, hola izan dela, Xuberotarrak direlakotz Eskualdunetan burutsuenak, erneenak, lehunenak? Hobeki ez ote dituzte hoinbeste dohain pastoralari esker, hau beiratu dutelakotz?

        Gure iritziz, edozoin edestiri bere itxura ematen dio ez ustegabeak, bainan etorkizunak... Eta badakigu, jendetze baten etorkizuna agintzen dutela haren bizierak, erlijioneak, ibilera eta gertakariek.

        Dakigunaz, oilo ama baten inguruan xitoeria muntatzen den bezala, hiri handi baten inguruan zabaltzen dira bizipideko muntadurak.

        Halaber gertatzen da edestientzat... Edestilari ospetsuen lantegi edo ikastegietarik dira arraiatzen haren erako obrak.

        Nun aurki Xuberoko pastoralen iturria?... Ez ote Paben?

        Xuberoak ezagutu du Angeles, Frantses edo Naparroko erregen agintaritza. Garai hetan, ez zezaketen, elgarrenganik urrun bizi ziren jendetzek, elgar kutsatu, orai bezain aise. Alabainan, ez zen orduan oraiko irrati, telebixta, irakurgai eta ibilbiderik... Goiko agintariek berek, larderia guti zaukaten bere urruneko lurretan... Ikus-ikasketak, eta hartu-emanak, gehienak eta frangotan bakar-bakarrik, egiten ziren auzotik auzorat.

        Xuberoak bere bizi arnasa hartzen baitzuen Pabe-Olorondik Maulerat doan idekiduratik, gure iritziz, hortik beretik sartu da Xuberorat pastoralaren abiadura.

        Hain xuxen, XV eta XVI garren mendetan, fama handikoak ziren, ez bakarrik Foix-tarrek, Biarnes eta Napartar erregek Paben zauzkaten gorteak, bainan oraino Orteseko bizkondeenak.

        Luzaz, Xuberotarren gotzaietxea zen Oloronen... Xuberotar ikasleak joaiten ziren Olorongo, Orteseko, Paueko semenario eta ikastetxetarat.

        Ikastetxe eta jauregietan, frantses jakinduria zen goraipatua? Orteseko ikastetxean, 1591. urtean, frantses antzerki bat eman zuten, Katalin, napartar printsesaren aintzinean. Paben, Jesuiten ikastetxean, antzoki bat badaukatela aipu dute 1650. urtean.

        Badakigu bestalde nola, Erdi Arotik aurrerat, frantses jakinduria zabaldu zen inguru guzitan: Biarnoan eta Roussilonan, pastoralak eman izan dituzte 1830. urte artio, Bretainian, 1850. urte artio, Italiako Toskanan eta Modenan, 1870. urte artio, Trentinon 1880. urte artio.

        Oraiko egunean, Xuberoa da Europako xoko bakarra, nun bizi baita oraino Erdi-Aroko antzerti ospetsua: Pastorala.

 

 

NOIZ ETA NORK IDATZIAK

 

        Nere iritzia eman ondoan, nundik eta nola datorzken gure pastoralak, aipa dezagun noiz eta nork idatziak izan diren.

        Gure pastoralak dira hiru garaitakoak... Horrek ez du erran nahi, garai horien artean izan direla hutsguneak... Bestalde, pastorala bere, bere garaitik beste batetarat igo ditake, aldakuntza, gehitze edo laburtzeen medioz.

        Apez garaia. Hola deituko dugu, hasiera ezagutu gabetik eta, Berjaiotza (Renaissance) arterainoko garaia... Hunen amaitzea beranduago izan zela Probintzietan ezenetz Parisen, orroituko gira.

        Garai hortako pastoralaren idazlariak zirela gehienak apezak, ez da dudarik.

        Pastorala horiek dira fedezko erakaspenez beteak... Askotan aurkitzen dira elizkizunak: Bataio, esposatze, ehortzeta eta holako... «Jerusalemen destruitzea» titratu pastorala (dugun zaharrentarik bat) hasten da «Veni Creator» kantatuaz... Pastorala horien gai gehienak dira hartuak Liburu Sainduetan, Sainduen bizitzan, Errankizun ospetsuetan... Amodio, galkor eta zikin, sarri agertua da.

 

 

LAIKOEN GARAIA

 

        Garai hau doa XVII. mende bukatzetik eta XIX. erditsuraino.

        XVII. mende bukaeran, Frantziako antzertiak ez zaukan aipamen onik... Zikina, lizuna zela-eta, Elizako kargudunek debekatu eta ere eskumikatu zuten.

        Gure ustez, Elizaren jazarkunde hori izan zen neurririk gabekoa, eta askotan, Jansenisten adimen idorregiaz buhatua.

        Horiek hola, apezak gelditu ziren pastorala idaztetik eta hetarat joaitetik.

        Bainan zorionez, ordainak sortu zaizkioten: Laikoak. Laikoek, erlijionezko gaiak pixka bat bazterturik, pastoralen sustraia hartuko dute bereziki gertaera zaharretan, alegiazko kondairetan, saltze gezurretan.

        Maiz «errejentak» berak dira garai huntan, pastoralen idazle. Nor dira «errejenta» horiek? 1801. urtean Humboldt-ek, bere «Journal du Voyage en Pays Basque» idazkian, hauxe dio «Errejentak ez dira bakarrik pastoraletako ibileren eta hitz-lerroen erakasle, bainan oraino pastoralen idazle, nahiz diren haserritar xume batzu».

        XVIII. mendeaz geroztik, baditugu pastoralak, beren idazlez izenpetuak... Hola ditugu ezagutzen: Pierre D'Arhex, Laxague eta Mécol, eskolemaileak: Quintaburu eta Jean-Pierre Irigaray, arotzak: Jean Baptiste Cassou, zurgina: Jean-Pierre Heguiapal, nekazaria. Laurent Oyhamburu, espartin egilea; Hardoy, oihanzaina; Foix, igeltseroa; Jean Aguer, bidezaina eta abar...

 

 

ORAIKO GARAIA

 

        Hola deitzen ditugu azken ehun urteak.

        Jada erran dugu edestiaren bizitza dela inguruko gertaerez agindua eta orratua. Hori hola delakoa, argi eta garbi ikusten dugu azken garai hurtan.

        1900. urte inguruan, Frantziako agintariak, guduka gorria ari dira Elizako buruzagiekin... Agintari horiek, aurrerantzaren izenean, eskuara nahi zuten kendu elizetako pulpitotarik eta haurren dotrina emantzatik.

        Ai ba! Berehala, berpiztu zen apezetan pastoralen alderako suartasuna eta bi apez (bat Ithurry, bestea Justin de Menditte) lotu ziren pastorala idazten.

        Orduan, eta, lehen aldikotz pastoraletan, agertzen da sentimendu berri bat: Eskual abertzaletasuna.

        Ordutik ere, oraiko erari jarraiki nahikundeak zerabiltzkala, pastorala idazleak eta errejentak abiatu ziren asko saindamendu ekartzen, usaia zaharreri.

        Georges Herellek minberaki aipatzen ditu saindamendu horiek: Paper eta kazetez egina den burrunba, pagatuzko sarrera, «Arribada» kendua edo laburtua. Arropak, apaindurak eta asko ibilera, bestelakatuak eta abar.

        Etsitua, 1926. urtean idazten du: «Ez izan den gutieneko itxaropenik... Eskual antzertia hila da, betikotz hila!»

        Bizkitartean, azken bost urte hautan, lau pastorala emanak izan dira: Barkotxen, Gotainen, Parisen eta Donibane-Lohizunen.

        Lauetarik hiru, Georges Herellen etsitzeko eran. Laugarrena, Orreaga, era oraino berriago batean.

        Zer pentsa, Zahar ala Berrien alde, dakusagun gudukaz?... Oraiko urratsez ote dugu pastorala betikotz ehorzten, edo, ezin bestean, bestela orraztatuz, berpizten?

        Mintza gaiten argi eta garbi. Eskual jakinduria ez dute agintzen goi-indar izkutu eta ezin garraituzko batzuk... Eskualdun argituenak dira jakinduria horren erabiltzale eta beiratzale egokienak.

        Antzerki gaietan zerbait dakigunak, nabartzen gira oraiko erak eta gustuak ez direla aurrekoenak.

        Behar ote dugu ba lehenagoko neurritan egon eta antzerki idazten ari, norentzat diren eta nork emango dituen itxoin egin gabe? Hola jokatuz, ez ote dugu aitortzen eskual jakinduria dela, azken arnasaren botatzen ari den, zaharkeria bat? Ez ote da hori, beribilen garaian, gurditan ibiltzea bezalatsu?... Jendetze guzitan ez ote da jakinduria, garaietik garaierat, erreberritzen eta bestelakatzen?... Heriotzearen legea da, dena den bezala, egoitea... Biziarena aldiz, beti saindatuz, beti bide berri batzueri lotuz, ibiltzea.

        Antzerkilariek, ez ditzazkegu, gizon ibileren oinarri horiek, ez ikusi edo ukatu.

        Gure eginbideari eta eskual jendetzeari zor diotegu, gure egitea, oinarri horiek onartuz eta gogoan erabiliz.

        Nahi dut, berria behar dela zaharrari josi, eskual saila ez dadien arroztuz galdu.

        Bainan, bi gauza dira eskual saila arroztea eta arrotzaz eskual saila aberastea.

        Auzoak eta urrunekoak ere baduke zerbait onik... Jakin behar dugu on hura guretzen eta gureztatzen. Bai eta ere, dugun ona besteri pasatzen.

        Saihets xirripek gure bizi ibaia aberats dezatela eta, emanaz hartuko ere baitute, gurez berena jori dezatela.

        Gizon arrazaren hobetzea, ez da etorriko, batzuen jakinduria bestenez itotzetik, bainan jakinduria guzien berdin laguntzatik?

        Nahasmendu eta hil bidetarat erortzea da, jendetze baten jakinduria zapan beiratzea eta ezeztatzea?

        Elizako erakaspenek diote ez dela ezarri behar jendetze baten jakinduriaren zabalkundeari, ezin bentzutuzko trabarik...

        Beraz, gu antzerkilariak, ez gaiten izan eskual antzerkiaren itotzale... Hala gintazke, eskual zimendu hutsean antzerkien eraikitzea petrenitzen baginu, bai eta ere, eskual zimendu guzia bazterrerat aurtikiz.

        Zahar erako pastoralak maita ditzagun... Horiek eman ere ditzagun noizean behinka, lehenagoko moldetan. Eskualdunek ikus dezaten zer eta nola egiten zen horien garaian... Bainan izan daitela bakarrik zaharkeri orroitgailu eta maitagarri, eta ez hori egin benar dugunaren neurri eta legeliburu.

        Gure arbasoeri har diezotegun eskuarari eta eskualdungoari zuten atxikimendua, bainan guhaurreri da asmatzea zoin diren, oraiko egunean, atxikimendu horren azkartzeko hartu behar diren bideak.

        Aurrekoak guri eginkizun orroitgarriak utzi dauzkuten bezala, guk ere izanen ahal dugu gurekitik zerbait eskaintzeko gure ondotik heldu direneri.

        Gure haurrek aurki ditzaztela, gure supazterretan, ez bakarrik gure aintzinekoek erre zituzten egur ileteak, bainan ere gure garaiko onbor ikatzak.

 

 

ORREAGA

 

        Bainan goazen sutik zartainerat... Ean ba, zer utziz eta zer kenduz naizen saiatu, Orreaga idaztean, lehenagoko pastorala oraikotzerat.

        Kendu ditut «mustra» eta «arribada», batetik ikusgarriaren laburtzeko, bestetik, ez baititake, oraiko egunean, errexki aurki eta Donibaneko karriketan ibilarazi: zaldi, zaldizko eta artalde.

        Laburtu ditut «aintzin eta azken peredikia», baitira bizitasun gabeak eta ez hain baitezpadakoak.

        Laburtu ere ibilera eta agurkatze batzu, gehiegi pisutzen baitzuten ikusgarria, gure mende lasterkariarentzat.

        Hobetu ditut idazkiaren mami eta axala: jokalarien beztidura. Gehiagotu dantza eta abestiak, ez nonbrez bainan motaz... Hola laketago izan daiten belarri begientzat.

        «Sataneriak» ausarkitu ditut, aspaldiskoan bazterrerat utziak baitziren, beren giordinkeriengatik.

        Emazteki-gizon nahasteka doi bat egin dut, ikusgarriak ukan dezan bihotz-barnatasun aberatsagoa.

        Boza-azkartzale tresnak baliatu ditut, jendek hobeki aditu dezaten.

        Gaineratekotan, pastoraletako egintza larrienak beiratu ditut, hala nola: Girixtino eta Turkoen arteko eztabada, heien gudukak, dantza eta abestiak, neskatxa zerbitzariak eta abar.

        Nere xedea izan da pastoralaren Xuberotik ateratzea, bestek ere jasta dezaten haren edertasuna. Xurruburrukeriak baztertu ditut, iduritu baitzaut tiletez-tilet aurrekoeri jarraikitzeak, ez duela obraren ederra laguntzen, bainan bai ahultzen.

        Geroak erranen du ean, hola ideki ildoa, izanen den alor baten abiadura edo sasiak betikotz tapatuko duen izaka galdua.

 

(Egan, 1965, 3-13)

 

aurrekoa hurrengoa