www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hitzaldi eta mintzaldi
Piarres Larzabal
1955-1988

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (VI), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1996.

 

 

aurrekoa hurrengoa

GURE ANTZERTIA

 

        Oraiko egunean jokatzen den antzertia, aspaldiko errotarik heldu den zuhaitza dugu.

        Egia erran, antzertilaritza da, lur huntan, gizona bezenbat adintsu.

        Egundainotik, gizonek maite izan dute elgarrekin jostatzea, edo elgar ziminokatuz, edo abereen ibilerak bezalakatuz, edo oraino, naturak sortzen dituen gertakariak gaitzat hartuz.

        Nolakoa baita jendetzen bizipidea, halakoa izaiten da heien antzertia. Oraiko antzertia, idatzia, aintzinetik artoski apailatua, ikusliarrez pagatua, sortu zen, jendetzeak, bidekari izan ondoan, noizbait eta nunbait kokatu zirenean, multzokatuzko biziari lotu, aski aberastu eta beldur-petik atera, abusamendutan lasaitzeko.

        Jendetze bakotxak izan dituen gora-beherengatik, antzerti aroa ez da denetan ber tenorean azaldu.

        Bestalde, auzoen artean, lokarri eta gurutzamenek nahitezkoak baitira, nahitez ere antzerti arorat heldu berriek, aintzinekoek ideki saila dute bertzen, edo den bezala, edo maizenik, beren direntasunez apainduz.

        Eskualdunek, beren antzertirako ibileretan, lege bereri dira jarraiki.

        Ez ditut hemen aipatuko, oraiko gure antzertiaren sustrai zaharrak, hala nola: Zanpantzar, Matin Artza, Olentzero, Amona Mantagorri, eta gainerateko, jostagailu herrikoiak... Bainan, argitartu nahi nukeena da, nolaz eta zer bidez gure antzertia den ibili sortzetik orai artaino.

        Argitasun hauien lerrokatzeko baliatu ditut Herelle zenaren eta Lafitte, jaun kalonjearen «pastoralez» idatzi lanak, aita Zabalaren, Labayen eta Behobide jaunen miaketak, nihaurenak.

        Agerpen hunek izanen ditu bi zati

        I) Lehenean aipatuko dut eskual antzerti zaharra.

        II) Bigarrenean, oraiko eskual antzertia.

 

 

I) ANTZERTI ZAHARRA

 

        Gure antzerti zaharrak badauzka bi aldaska. Bat, deituko duguna: Ziztakorra, bestea: Pastorala.

 

        ANTZERKI ZIZTAKORRA

        Ziberoan eta Baxenabarren, aspaldiko urtetan eta berriki artio, emaiten zituzten antzerkierako bi ikusgarri mota: Tobera mustra eta antzerki labur gazi batzu.

        Tobera mustrak muntatzen ziren ezkontza gaizki erabiltzaleen trufatzeko. Ikusgarri larri ausartak, errabia piztaleak, maizenik emanak ziren pertsulari, dantzari eta zaldizkaden laguntzarekin.

        Beste antzerki labur batzu emaiten ditazken edozoin, bestetan, edo berdin pastorala baten artetik... Hauk ere dira gaziak maizenik ikusleek ezagutzen zituzten jende bitzi batzuen trufagarri.

        Egia erran, lobera mustra eta beste antzerki horietarik guti daukagu gure eskutan... Edo galduak izan baitira, edo hein ere ez idatziak.

        Arribillaga jauna ari baitzauku horietarik zonbaiten ikertzen Bordaleko liburutegian, pentsatzen dugu bere lanaz aberastuko duela antzerki mota hautaz dugun jakintza xumea.

 

 

PASTORALA

 

        Pastoralaz, mintzaldi bat egin nuen Donostian, iragan Ekainean, Mintzaldi hori (eskuaraz) agertzekoa da EGAN agerkarian. Huna hemen horren bilduma bat:

        Pastoralak daukan hatsak, erlijionea du zimendutzat... Europan, erlijionekari antzerkiak izan ditu hiru aro aipagarri:

        1° Grekoen aroa

        Orduko asko antzerki dira erlijionez orratuak.

        2° Erdi-aroa:

        Kristau mixterioak dira elizkizun berezi batzu.

        3° Oraiko aroa

        Nun-nahi ematen dira «Paxioneak» eta, asko fededunen biltzar handitan, ikusgarri baten bidez dituzte zabaltzen ibili langaien erakaspenak.

        Itxura guzien arabera, frantses «mixterioa» eta eskuarazkoa pastorala dira iturri beretik. Ez baitu horrek erran nahi elgar iduriak direla. Eskualdunek daukagu pastoraletan «gureki» zerbait.

        Ezagutzen ditugu ehun bat pastorala eta heien idazle parrasta bat.

        Ziberoa da pastoralaren hazitei bakarra eta, naski, pastorala, Biarnotik zen sartu Ziberorat.

        Pastoralak dira hiru ereinalditatik.

        1° Apez pastoralak:

        Hola deituko ditugu, hastapen ezagutu gabetik eta XVII. mende bururatzerainoko pastoralak. Horien idazle gehienak dira: Apezkiak... Horien mamia: Erlijioneko erakaspenak.

        2° Laikoen pastoralak:

        Haukien aldia doa XVII. mendearen bururatzetik eta, XIX. medearen erditsuraino.

        Antzerki zikin batzuengatik, Frantziako Elizkargudunek, antzerkitza guzia zuten, XVII, mendean, edo arbuiatu edo debekatu. Hortako ziren apezak gelditu pastorala idaztetik eta hetarat joaitetik.

        Zorionez, laikoek ordaindu zituzten apezak... Laikoek, erlijionezko gaiak pixka bat bazterturik, pastoralen sustraia bilduko dute bereziki gertakari zaharretan, alegiazko kondairetan, salatze gezurretan.

        3° Oraiko pastoralak:

        Hola deitzen ditugu azken ehun urte hautakoak.

        Bazter gertakariek dute ibiltzen edergintza guzien eta beraz ere antzertiaren harat-hunata.

        1900. urteko ingurutan, Frantziako gobernuek nahi izan zuten eskuara debekatu katiximan eta elizako predikuetan. Horrengatik, berpiztu zen apezetan pastoralen alderako suhartasuna... Ordutik sortu da ere pastoraletan sentimendu berri bat: Eskual abertzaletasuna.

        Oraiko egunean, pastorala beti bizi da... Eta bizi delakotz, molde zahar batzu bestelakatzeko ausartzia hartzen du, bai eta bide arras berri batzueri lotzekoa.

        Gure idruiko, pastoralak iraunen du, eskualdungoak iraunen duen bezenbat... Dena da ean Eskualdunak aski bertutedun izanen giren, eskualdungoa beiratzeko.

 

 

II) ORAIKO ANTZERTIA

 

        Ez ditut hemen aipatuko, bereziki hogoi bat urte hautan, Eskualdun Gazteriak, dela plazetan, dela karrosa loratuen gainetik, eman dituen antzerki labur eta berdin, luze eta ederrak. Ez eta ere gure operak. Bainan aipatuko ditut bakarrik antzokitako taulen gainetik emaiteko idatzi antzerkiak.

 

        MUGAZ BESTALDEAN

        Ez dakigu segurki noiz eta nun hasi ziren eskuarazko antzerkien emaiten. Dakiguna da 1764ean, Bergarako jauregian, jokatu zutela antzerki bat, erdi eskuaraz eta erdi espainolez idatzia, «El borracho burlado» goi-izendatua.

        Gero, abantxu mende batez, ixilik dagotzi taula-gainak. Noizbait, 1876an, Ziburun, hunarat ihesi etorri Karlixta zonbaitek, muntatu zuten «Iriyarena» izeneko, antzerki labur bat... Hunen emaile ziren, beste antzerlarien artean, Soroa (30 urte) eta Alzaga (15 urte)... Hauk biek zuten, beren etxerat itzuli-eta, zabaldu eta osasundu gure antzertia.

        Marcelino Soroak (1848-1902) bere ikaskintzak egin zituen Valladoliden, auzilan ofizioan sartzeko. Bainan, desterrua pairatu ondoan, erakasle jarri zen Donostiako ikastetxe batean.

        Gizon bat zen omore onekoa eta lagunkina.

        Hunen eskutik baditugu 15 bat antzerki... Hautarik bat «Anton Kaiku», frantses «Farce du maître Patelin»-etik eskuaratua, Soroak igorri zioten bere sinadurarekin, Victor Hugo eta Mistraleri. Bienganik ukan zuen errepostu maitagarri bat.

        Soroaren antzerkiak dira goratasun gutikoak, nornahiren heinekoak, irri zabal nasai bat botatzekoak...

        Toribio Alzaga (1861-1941), besterik dugu. Frantzian egin zituen bere ikaskintzak. Bere sort-hiri Donostirat itzuli-eta, lekuko buruzagiek eman zioten eskuara erakaslego kargua.

        Antzerkintzan iragan du bere bizi guzia. Selauru batean zuen bere lantokia, laguntzale zituela bere emazte-alabak.

        Langile gaitza zen, erakasle ona, pixka bat lanoetan bizi.

        Utzi dauzkigu 30 bat antzerki eta hiru opera. «Irritza» goi-izenarekin, «Macbeth» eskuararat itzuli zuen eta itzulpen hori galdatu zioten Angleterratik, «Departement of Printed Books, British Museum»-ako.

        Alzaga dugu Soroa baino zonbait mailez goragoko antzerkidazlea... Bere antzerkiak ditu zintzoki eraikiak, lehunki orraztatuak.

        Bi handi hauiek abiaturik, gaitzeko su eta zabaldura hartu zuen eskual antzerkintzak... Erran behar da abertzaletasunak hanitz buhatu zuela.

        Manterolak atera zuen «Euskal-Erria» agerkaria, laguntzale zituela: Etxegarai, Oloriz, Arantzadi, Kanpion, Arana-Goiri... Agerkari horrrek zabaldu ditu antzerki asko. Jada 1925ean, Jose Aranak ezagutarazten ditu 200 antzerki, beren goi-izen eta idazien deiturarekin. Zorigaitzez Manterola hil zen 34 urtetan.

        1932an, Tolosar Antonio Labayen jaunak (oraino bizi da) atera zuen «Euskal-antzerti» agerkaria, Manterolak hasi lanaren segitzeko... Agerkari hunek iraun du 1936-ko odol-ixurketa artio (54 lumero edo alde).

        Urte hetan, nun-nahi sortu ziren antzerlari-talde edo multzoak (Lau, Donostian bakarrik). Antzerlari batzu ere, oroz ezgutuak. Ala nola: Pepe Artola.

        Antzerkiak ziren mota guzikotarik eta heien idazleak ausarki. Huna zonbaiten izenak: Abelino Barriola, Garitaonandia apeza, Elizondo, Catalina de Eleizegui.

        Ez dugu erran beharrik, antzerki horiek direla balioz desberdin.

        1936ko nahasmenduan, antzerkilari horietarik gehienak izan ziren hilak, desterratuak edo preso altxatuak. Eskual-antzerkia ixildu zen, ez gizonek ez zutelakotz deus erraitekorik, bainan erran-nahiak ezin zabaldu zituztelakotz. A zer obrak ez ote dira sortu gabe egon, gizonek ez zutelakotz golkoan zutenaren agertzeko baimenik!

        Bizkitartean, bizirik ateratu antzerkilariak emeki beren etxetarat itzuli ziren eta berritz lanari lotu, langaitzat hartuz debekatuak ez ziren alorrak.

        Aita Zaitegui Jesuitak Grekoen lehengo antzerki aipatu batzu eskuararat bihurtu ditu.

        Nemesio Etxanizek, erlijioneari galdatu dio bere goihatsa.

        Manuel Ziarsolo, alhatu da saila espantagarrietan.

        Agustin Zubikarai, Jose Antonio Arkotxa, Antonio Labayenek ikertu dute gizonen egun guzitako bizitza.

        Kepa Sarriegui eta Eusebio Erkiaga ari izan zaizku bereziki baserritarrez.

        Jon Etxaidek alegaratu gaitu bere omore bereziaz.

        Orotan berritz sortu dira antzerlari multzoak, antzerki sariketak.

 

        MUGAZ HUNAINDIAN

        Duela zonbait urte, hemen berean agertu izan dut lan bat, eskualde huntako antzertiaz. Orduan idatziak, ez ditut errepikatuko... Osatuko baizik.

        Duela berrogoi bat urte hasi ginen, gure eskualdean lehen antzerkien emaiten.

        Ordu artio ez ginuen antzokirik, salbu Baionan... Orduan altxatu baitziren lehen zinema-lekuak, zinemarekin sartu zen jendetan, ikusgarrietarat joaiteko gogoa eta plazerra.

        Senperen, 1921ean, Barbier erretor eskualtzaleak moldaturik, emana izan da, eskualde huntan, lehen eskuarazko antzerkia...

        Gero lotu ziren antzerkintzari, Hazparne eta Donibane-Lohizune. Oraiko egunean, antzerlariak badira nun-nahi eta antzerkiek edozoin herritan emaiten dira.

        Jada aipatu dudan artikuluan, agertu ditut hemen gaindiko antzerki egileen izen eta obrak... Hogoita-hamar bat idazle bagira eta gure obrak, berreunetik goiti dira.

        Gure antzerki ikusliarrak, gero ta gehiago dira ederraz gose eta ederra zer den ohartuak... Gutiago dira «gidarien» beharretan, jakiteko noiz eskuak jo, noiz irri edo nigar egin.

        Gazte nintzalarik, antzotegi batean ikusi izan dut gizon bat, makila luze bat eskuan, hartaz jotzen zituela ikusliar arraboslari lotsagabeak.

        Orroit niz ere, antzerki baten erdian, entzunik herriko jaun erretora, beharien artetik oihu egiten antzerlari bati: «Jan Piarre. mintza-adi azkartxago. Ez hauku entzuten!». Eta Jan Piarrek, taula gainetik errepusta: «Erkastua nuzu, jaun erretora».

        Gure antzerlari lehen multzoak ziren bakarrik gaztez, eta, edo mutil hutsez, edo neskatxa hutsez, muntatuak. Hola zen apezpikutegiko manua, apezen meneko ziren taldeentzat.

        Geroztik, manu hori guritu eta ezeztatu da... Adinekoak ere lotu dira antzezlari ofizioari. Hola, antzerki lana egin baititake zintzoago eta aberatsago.

        Bestalde, 1945. urteko ingurutan, izan ginuen borrokatze bat antzerkilarien artean. Huna zertaz: Idazle batzuek, beti gai bertsua zuten hartzen beren idatzitan: Taulen gainean ezartzen zituzten Eskualdun adineko batzu, arrunt aldrebes frantximentez mintzatzen zirenak, eta heien ez jakinaz, zuten behariek irri egiten.

        Gazteen begitan, antzerki horien medioz, Eskualdun bat, den gizonena, ez bazen erdaraz mintzo, irakutsia zen norbait gibelatu eta zozo balitz bezala.

        Holako antzerkiek ez zituzten eskuara eta eskualdungoa laguntzen, bainan gutiesten.

        Lapin multxo bat, gai horieri bihurtu ginen eta, oraiko egunean, ez da gehiago holakorik agertzen.

        Borrokatze horren ondotik, beste bat ere izan ginuen.

        Urte hartan, gure eskualdean, nihaurre buru, muntatu ginuen antzerlari multzoen arteko zoin-nausi bat.

        Gure hitzarkiak ziren, talde bakotxak beharko zuela eman edozoin obra, oren erditsu batez, apaindura gabeko taula-gainean.

        Hemezortzi taldek parte hartu zuten partida hortan. Donibane-Lohizunen baiginuen azken aintzineko taria, frango minki hor kasailatu ginen.

        Donibanen beraz, leku bereko taldeak eman zuen antzerkitxo bat, taula gainaz, eskual sukalde zahar bat eginik, erakusten zituela aitatxo amatxo batzu, lehengo moldetan arropatuak.

        Heien ondotik, Miarritzeko taldea agertu zen, galtza motxetan eta udako arropa arinetan... Arras oraikotar egiten zuten zuten aire arrunt batekin.

        Ikusliar anitzek ez zuten dudarik, lehen saria joanen zela Donibandar «egiazko Eskualduneri».

        Bizkitartean, Dassance-Lafitte jaunek eta heien jujari lagunek, Miarritztarrak zituzten izendatu xapeldun.

        Dautzuet izan zela ziztu, kalapita eta kazetetan artikulu.

        Gertakari horrek ondoriotzat izan zuen, ainitz Eskualdunek konprenitu zutela eskualdungoa ez dela zahar goxokeria bat, bainan oraikotz eta gerokotz on den bizigailu sano bat.

        Lehen ez bezalako aro bat da gure oraiko antzerkietan. Edozoin erdal-antzerkientzat bezala, gai eta presuna mota guziak onartuak dira: Apez, serora, auzapez, kargudun oro..., Berdin, entzuten dira jende beltzak edo arabak eskuaraz solas egiten, hortaz nehor axolatu gabe.

        Gure antzerkia da beste mintzairetako antzerkien maila berean ezarria. Ez da gutietsia eskuaraz delakotz, ez eta baitezpada goretsia... Bere mamiarentzat da jujatua, mintzairarentzat baino gehiago... Seinale ona da hori... Gure eskuara, beste edozoin hizkuntzen parean emana delako seinalea.

 

        ORAIKO EGUNEAN

        Oraiko egunean, gure antzertia osasun onean daukagu. Nun-nahi taldeak ari dira lanean. Antzerkilarien arteko sariketak badira frango usu... Antzerki idazle berri batzu ari dira ateratzen: Aresti, Garmendia, Ugalde, Minaberry anderea, Landart, Pagola eta beste...

        Berrikitan, Antonio Labayen jaunak liburu bat espainolez, agertu du eskual antzertiaz... Eta bigarren baten agertzerat doa.

        Iragan buruilean, Toribio Alzagaren urtemugakari, hiru aratsez mintzaldiak izan dira eskual antzerkiaz, Donostiako Herriko-etxe zaharrean... Lehenean mintzatu da Eperre jaun kalonjea, bigarrenean: Zubikarai, hirugarrenean: Labayen.

        Iñaki Behobide hartuz buruzagitzat, zazpi Probintzietako antzerkilariek muntatu dute batasun bat, elgar ezagutzeko eta laguntzeko.

        Nehoiz ez bezala, mugaren gainetik elgarri pasatzen ditugu antzerkiak.

        Ahatik bada oraino zer egin, taldean erabiltzailen moldatzeko, taulagainen apaintzen ikasteko, multzoen herritik-herrirat eta Probintzia batetik besterat joan-arazteko, ofiziale liezken antzerlari-talde baten muntatzeko eta abar.

        Gero eta maizago, gure antzerlariek jokatzen dituzte beste mintzairetarik eskuaratu antzerkiak... Noiz ote daukute ohore bera, beste mintzairetakoek ordainduko?

 

        AZKEN OHARMEN BAT

        Lerro hauk idatzi ditut, izan daitezen argigailu ez dakitenentzat, goresmen eskual jakintzaren alde, eta urraskada batzu gure antzerkintzaren ikertzalentzat.

        Ordu litake ere, mugaz bestaldeko norbaitek argitara balitza horko radioteiez eta zinemaz egin izan diren eskual-lanak... Gure aldetik, beste hoinbeste azalduz, orroitgarri laket batzu sala ditzagun gure ondotik etorriko direneri.

 

(Gure Herria, 1966, 209-217)

 

aurrekoa hurrengoa