www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hitzaldi eta mintzaldi
Piarres Larzabal
1955-1988

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (VI), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1996.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SALUTATZEN ZAUTUZTEGU,
JAUN PERTSULARIAK!

 

        Huna, Pertsularien egunean, Urruñako elizan, Larzabal jaun apezak eman prediku orroitgarria.

 

 

HASTAPENA

 

        Aitor bat zor dautzuet: Eskualdun bestetan, bihirik ez dautatela plazer egiten, nola pertsularien arteko partidek.

        Eder dira pilota partidak, eder eskualdun dantza eta kantuak, bainan horietan artzeko, ez da baitezpada Eskualdun izan behar... Ez eta ere horien konprenitzeko eta gozatzeko.

        Bainan pertsutan artzeko, pertsuen segitzeko eta pisatzeko, nahi-t'ez behar da izan Eskualdun.

        Beraz pertsularien partida duzu Eskualdun bakarren arteko besta bat. Eskualdun familia handiko, besta berezi bat. Eta hortako diot ekartzen besta huni, atxikimendu berezia.

 

 

ZER ERRAN PERTSULARIAZ?

 

        Prediku alkitik zer erran ote ditaken pertsulariaz, gogoetan bainindagon, bururat etorri zait eskualdun kanta zahar bat:

 

                «Bazterretik bazterrerat, oi munduaren zabala!

                Ez dakienak erran liroke ni alegera naizela,

                Hortzetan dizut irria eta bi begietan nigarra».

 

        Kantu zahar horrek erakusten dauzkigu bi zabaldura: bat kanpokoa, munduaren zabala; bertzea barnekoa, gogo-bihotzen zabala.

        Eta hori hala da, gutarik bakotxa baitan, eta gure inguruan kausi ditazke bi zabaldura... Bat gorpuzdun gauzena, eskuz hunki ditakena eta izar ditakena. Bertzea, arimako erabilpideena, gorputzeko begiz ikus ez ditakena, bainan bere baitan, gutarik bakotxak senditzen duena.

 

 

BI ZABALDURA

 

        Bi zabaldura horietan badituzu gizonak langile... Gizon batzu ari dituzu mundu zabalaren apaintzen eta edertzen, hala nola gure etxe eskualdun polliten altxatzen ari diren etxegintzaleak, edo xumeki, bere pentze inguruko berro berdintzen eta arintzen ari diren laborariak.

        Zorigaitzez, badira ere gizonak, beren gerlako tresna higuinez, lurraren axala biluzten, uspeltzen eta errausten dutenak.

        Munduaren zabalean bezala, badira ere gizonak, beren lana derabilkatenak arimako eremu eta harat-hunatetan.

        Hetarik bat duzu apeza, arima pizten baitu Jainkoaren biziaz, eta arimako bizi horren zaintzerat baita lehiatzen...

        Apezez bertzalde, badituzu arimaren apaintzale eta goratzale diren langileak, kanporat agertzen dituzten etsenplu, sentimendu eta gogo ederreri esker... Eta horietarik bat duzu pertsularia... Pertsularia duzu beraz, apeza bezala, arimako gora-beheren ibiltzale.

 

 

PERTSULARIA ETA APEZA

 

        Hortakotz, o pertsularia, orroit zaite zure ofizioa ez dela edozoin, bainan ohorezko kargu bat.

        Jesusek erran baitu, munduko ontasun guziek baino gehiago balio duela arimak, zure kargua gorenetarik da, arimen moldatzaile denaz geroz.

        Eta, badakigu, gure herrietan, apezari bezenbat pertsulariari daude idekiak jendeen beharriak... Lehenari bezenbat bigarrenari, herritarrek galdatzen diote, tokiko besten (ezkontza edo bertze) gorestea, tokiko gertakarien aipatzea eta jujatzea.

        Apezaren solasak bezain segur eginen du herriko itzulia, pertsulariaren zirtoak edo koblak.

        Apezarentzat bezala pertsulariarentzat, herritarrak jakin nahiko du, ean zer ateraldi egin duen.

        Apezak bezala pertsulariak moldatzen ditu Eskualdunen arimak.

 

 

ETSENPLU ZONBAIT

 

        Pertsulariaren erakaspenak, kantuaren bidez, jendeen gogoan sartuko, kokatuko dira, eta handik beren tenorean jaliko...

        Zonbat haur, jazarkundean beren aitarentzat, ez dira lerratuko kantatzerat Bordaxuri galerianoaren pertsu hau?

 

                «Ene aita da gizon kontsideratua

                Semia galeretan du segurtatua

                Nun nahi otoitzean belaunikatua

                Saindu iduri debru madarikatua».

 

        Oraiko gerla denbora nahasietan, zonbati ez zaizkote gogoratuko, Xenpelar gipuzkoar pertsulariaren lerro hauk?

 

                «Ez naiz ni gerraren zale,

                Baizik pakiaren alde,

                Zeñek nai duen galde

                Berari tira alde.

                Bala bat sartu buruan;

                Aspertuko da orduan!»

 

        Eta, zoin laborarik ez du kantatuko udazkenean, uzta eder bat bildu ondoan, bere zorteaz kontent, Elizanbururen pertsu hau?

 

                «Badut andrea, badut semea,

                Badut alaba ere nik.

                Osasun ona batetik,

                Ontasun aski bertzetik.

                Zer behar dut gehiago nik?»

 

        Eta gisa berean, batzuk goratik bertzek beheratik, batzuk amodioa dariotela, bertzek herra, batzuk ilundura, bertzek alegera, hainitz eskualdun arima kotsatu dituzte, onez ala... gaxtoz, Bilintxen pertsu lehun maitagarriek, Etxahunen ukaldi zorrotzek, Txirritaren zirto urragarriek, bertze hainbertzenek ere...

        Ez dautzuet hemen aipatuko egun ohoratzen dugun Basurko zena, sarri izanen baituzue hartaz xehetasun... Hemen, otoitz dugu bakarrik eginen harentzat.

 

 

PERTSULARIA, NORBAIT ZIRA!

 

        Beraz, pertsularia, orroit zure presunak itzal handia egiten duela.

        Orai beretik, zure pertsuak kantatuak ditazke ez bakarrik Eskual Herrian, bainan berdin Nevada mendietako artzain xoletan, edo Afrika zolako soldadoteietan.

        Eta ez zure presuna, ez zure pertsuak, ez dira hilen zurekin, bainan aipatuak izanen dira luzaz, berdin menderen mende.

        Ez nuke nehor gutitu nahi, bainan segur naiz oraiko gizon aipatu batzu (jaun deputatu, auzapez eta bertze) aspaldian ahantziak izanen direlarik, oraino jendeen ezpainetan ibiliko direla gure artean ditugun pertsulari zonbaiten omenak eta erranak.

        Zuen izena, zuen lana, jaun pertsulariak, dira iraunkor... Hortakotz ere, ekar diezotegun errespetu berezi bat.

        Berrikitan irakurtzen nuen saindu batek ziona. Gure jujamenduko gaztigua ifernuan edo saria zeruan, ez direla baitezpada beti saindamendurik gabe egonen, bainan denborarekin emenda ditazkela, guk hiltzean utzi obrek, gaizkia edo ongia emendatuko duten neurri berean... Gure obrek segituko gaituzte beraz, hil-eta ere.

        Hortakotz, pertsulari adixkideak, ez dezagun ibil munduarentzat kalte eta guretzat pairamen laizteken pertsurik.

        Utzirik bere gisa zikin eta gaxtakeriak, gure ahotik ez daitezela atera elhe altxagarri, zuzengarri, erakaspentsuak baizik, Jainkoari zor diogu pertsutako dohaina. Zor hori pagatuko diogu, horren fruituak berari eskainiz.

 

 

AZKEN HITZA

 

        Agurrik beroena derautzuet gure artean aurkitzen zareten bertzaldeko haurrideri... Zuek eta guk familia bera egiten dugu... Sarri, denak betan, eskuz esku, denek maite dugun mintzaira ohoratzen dugula, joanen gira pertsularieri ospe egiterat.

 

* * *

 

        Bai. Jaun Pertsulariak, egun hau zuena duzue... Jainkoak zauzte dohain bereziz beteak... Eskuetan dituzue botere handiak. Argi, gora, hunki eta josta gaitzala zuekin Jainkoaren graziak!

        Salutatzen zauztegu, Jaun Pertsulariak!

        Halabiz.

 

(Gure Herria, 1958, 91-94)

 

aurrekoa hurrengoa