www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hitzaldi eta mintzaldi
Piarres Larzabal
1955-1988

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (VI), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1996.

 

 

aurrekoa hurrengoa

P. BROUSSAIN-EN
OMENALDIKO PREDIKUA

 

        Giristino maiteak,

        Gaurko Ebanjelioan, Artzain-Ona dela-ta, Jesus mintzo zauku zerbait buruzagitza dugun guzieri: Herri-gizon, Eliza-gizon, Lantegi-buru, Haur-eskolatzaile eta bertze. Orori derauku, gure gomendio ditugunak behar ditugula maitatu; gure menekoenganik hurbil biziz, bihotzez-bihotz eta errexki konpreni dezaketen hizkuntzaz heiekin kurutzatuz.

        Munduko gizon guzien haurride gira eta deneri zor diotegu anaitasuna. Baina nola ditzakegu urrunekoak maita, ez baditugu lehenik maitatzen etxekoak eta ingurukoak? Nolaz ditzakegu maita Afrikako jende beltzak, Asiako horiak, populu guzitako eta arraza guzitako jendeak, ez baditugu maitatzen gure populu eta arrazako Eskualdunak?

        Jesusek etsenplua eman dauku: Gizon guzien haurride sortu da, gizon guzientzat hil izan da, gizon guzientzat eraiki du bere Eliza bakarra, bainan judu semea baitzen, bere judu populuarl atxikia izan da errotik.

        Ehun bat urte zen, Jesus sortu zelarik, Erromanoak jabetuak zirela Juduen lurrez. Erromano enperadoreak aski abilak izan ziren Judueri ez kentzeko beren esku guziak, bainan heieri uzteko beren gisako autonomia. Erromanoek osoki beren peko beiratu zituzten armada, zergen biltzea, justiziako auzi larrienak, bereziki hiltzera kondenatzeko eskubidea. Bainan Juduek bazuten baimena beren erlijionea pratikatzeko beren gisara, bai eta ere beren herrietako zereginak erabiltzeko beren ohidureri jarraikiz. Erran gabe doa Juduen urratsak hurbiletik barrandatzen zituztela Erromanoek.

        Nola Juduek jasaten ote zituzten Erromano zapaltzale horiek?

        Juduen artean bazen orotarik. Baziren neholaz ere onartzen ez zituztenak Erromanoen zapalkuntza eta legea: armaz jazartzen zirenak Erromano soldadoeri. Badakigu noizean behinka sarraskiak eta hiltzeak gertatzen zirela Judu oldartu horien eta kanpotar etsaiaren artean.

        Borrokatzale horietaz bertzalde, baziren Juduak autonomiaren uztarria onartzen zutenak, edo bederen jasaten ezinbertze bat bezala.

        Azkenik baziren Juduak etsaiarekin eskuz-esku zabiltzanak, haren fagoren diru eta ohore onik biltzen baitzuten.

        Horra nolako kartalarien erdian Jesusek joan duen bere artzain bizitzea. Eta orai ikus dezagun nola ihardoki duen gisa hortako ingurumenari.

        Lehenik, ikusten duguna da, Jesus ez dela egon bere ingurumenetik baztertua bere baitako komentu hetsi batean sartua. Jendekina zen, jendeekin bizi, partehartuz heien ezteietako zorionetan, heriotzetako doluminetan, osasunez gabetuen pairamenetan, langabe zirenen ilunduretan. Beraz Jesus izan da egiazko artzaina, bere ardietarik arras hurbil bizi zena.

        Bigarrenekorik, Jesus ez da izan norbait ilaun, jendeen arteko auzitan beldurti, galde garbieri iheska erepostu emaile. Ez, bere artaldearentzat izan da Bide-erakusle fermu, Egerraile garbi, Argi-emaile zorrotz.

        Hirugarrenekorik, artzain onak berdin maite ditu bere ardi guziak, bainan arta berezi bat hartzen du bildotsez, ardi herrestez, ahulez, herbailez eta holako. Holakoa izan da Jesusen jokabidea. Goxoki hartu ditu haur ttipiak, eriak, emazte bekatorosak, bihotz zaurituak, behartu mota guziak. Ez da nehun ageri Ebanjelioan Jesusek gaizkitu duela jende horietarik nehor.

        Laugarrenekorik, Jesus izan da artzain bat osoki herrikoia. Ez hari galda bere herritarrei mintza zadien latinez edo grekoz, orduko bi arrotz mintzaira ofizialez: Aramearrez mintzo zen. Bizkitartean orduan aramearrez mintzo zirenak, gaur eskuaraz mintzo girenak baino gutiago ziren.

        Herrikoia baitzen ez ditu nehoiz kondenatu edo gaizkitu herriaren alde borroka ari zirenak; ez-eta armaz borroka ari zirenak ere. Ez du nehoiz herritarrik salatu edo saldu Erromanoei. Ez du nehoiz Judahik erosi, berak eskua gordez, halako bati harria aurtikarazteko.

        Herrikoia baitzen, bortizki salatu ditu populuari eta kondenatu herri-jale eta saltzale ziren bere denborako handi-mandi batzu: bi Herodes, Juduen erregeak, bi anai: lehenak hilarazi zituen Betelemeko haur hobengabeak: bigarrenak lepoa motzarazi zion Jondoni Joanes Batistari. Biak ziren Erromanoei salduan, heien zerbitzari leial, zakur handiak.

        Jesusen ahotik atera diren hitz gogorrenak izan dira, Jainkoaren izenean Judu populua xurgatzen eta lehertua atxikitzen zuten Jauneria aberats eta honekin eskuz-esku zabilan Apezeriaren kontra: «Zuek fartzuntziak, hil-hobien idurikoak zirezte, kanpoz eder, bainan barnez ustelak! Zuek aberatsa.... kamelu bat "orratz-zilotik" sartuko da, zuek zeruan sartuko zirezte baino errexkiago».

        Hola mintzatu da, «bihotzez umil eta ezti dela» beretzat erran izan duen Jesus, gizon guzien artzaina; ez boteredun, dirudun eta jakintsun bere ardi guzien lehertzeko egina, bainan horien guzien konbertitzeko, ez diten gal betierekotzat.

        Ez zituen ahatik Jesusen predikuak biligarro heiek bihotz-berritu: Judu-tarteko Norbaiteriak gezurrezko propagandaz populuari burua muntatu zuen Jesusen kontra eta Jesus auzitarat ereman zuten Pontzio Pilatus Erromano gobernadorearen aintzinera, huni oihukatuz Jesus zela gaur erran ginezaken bezala «separatista» bat: Judu populua nahi zuela Zesar-en menpetik atera eta beregain jarri. Pilatus izitu zen, salakuntza horrek Zesar-enganik ekar lezakion ondorioengatik. Horra nola, Lehenburua zerbitzatzeko, handi-mandi horiek guziek, ez izanik ere nazione bereko, ez erlijione, ez ofizio bereko, elkar aditu zuten Jesus hilarazteko.

        Eta gaur uste duzue gauzak bertzela doatzila? — Itsua eta gezurtia behar laike izan gaurko gure mundua ez dela holakotsua ukatzeko. Behin eta berriz oroit gaiten mundueriak Jesus hola tratatu balin badu, ez gaituela gu, haren zerbitzariak hobeki tratatuko. Guri da, traba guziengatik, Jainkoa dugula lagun, beti «jo aitzina!» egitea, gure munduari ekartzen diogula argia, bizia eta altxagarria.

        Eta ez gaiten izan beldurti; Jesusekin eta Jesusek bezala, guk dugu mundua bentzutuko eta ez munduak gu. Zeren eta azken jujamenduan, mundutiar handi-mandi horiek guziek ez dute, lehengo Hazpandarrek zioten bezala «pipa baten tabakoa» balioko.

        Nik ez dut ezagutu gaur omenalditzen dugun Broussain zena, Hazparneko auzapez izana. Bainan balioko du segur meza hunen ondotik, hartaz eginen diren hitzaldien entzutea. Hainitz ikasiko dugu zer gisaz auzapez horrek, berak jakinean edo ezjakinean Ebanjelioari jarraikiz duen Eskualdun populua zerbitzatu.

        Itsas hegitik jin nautzue, hango ur gaziaz fede epeleko sada batzu piztuko ditudalakoan. Nik nere gatza aurtiki dut. Jainkoak lagun gaitzala gure fedea gostuz hobeagotzen, guhauren eta bertzen onetan! Amen.

 

Hazparneko elizan (16/04/1978)

 

aurrekoa hurrengoa