www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal testuak
Manuel Larramendi
1729-1763, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Manuel Larramendi. Euskal testuak, Manuel Larramendi (Patxi Altunaren eta Joseba Lakarraren edizioa). Andoaingo Udala, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

ANDOAINGO SERMOIA

 

        Dn. Agustin de Leiza zanari, Andoaingo uriak egin diozkan illetetan, andoaindar sona andiko hiztun baten doluzio hitzaldia.

        Hilda, beraz, sekulako Andoaindarrentzat bizi bear zuen gizona. (Jauna, egin bedi zure borondatea, nola zeruan ala lurrean). Eta, nondik dakigu berri damuzko, illundu bear gaituen hau? Indietatik, Jujuietik, Buenos Airesetik, ala darauskigute, ta geroenez Kadizko Jaun Kontratazioko guziak huraise bera, hildala, sekulako Andoaindarrenzat bizi bear zuena. Nor da bada? Dn. Agustin de Leiza, Andoañen jaioa, Andoañen bataiatua, ta naiz itsasoz ta leorrez, munduko bazterretan ibillia, Andoañen beti biotzez, Andoañen beti gogoz, Andoañen beti bere etzinde osoaz bizitu dana. Ay! hau Andoaindarrenzat, nere ertar preziatuenzat, naigabearen portitza! Ay! talere hau mingarria, latz ta gogor!

        Bear bada ezta egia izango; otsa ta gezurra, ta irudipen bakarra izanen da: alabañan de luengas tierras, luengas mentiras, esan nai du, «urrutiko berri luzeak, datozela gezurrez beteak». Ay! berriz hori orrela baliz! Baña ezta ala ondikotz; eta oi danekoz, berri illun, negargarriak eztira omenean, ez diotenean gelditzen, egiaren biotzean jotzeraño irago oi dira. Bada berri alakoetatik bat izango dala gure Dn. Agustiñen hilberria, adierazotzen digu, orrako begien aurrean degun hilloi, katabu, tunba argiz ondo, baña beltzez ta doluz obeto estalia dagoen horrek. Eztigu gezurrik esaten, eztira irudipenak eta ametsak // egia da oso ta oro, hil dala Jujuien gure Dn. Agustin, baita hil dala sekulako Andoiandarrenzat bizi bear zuen gizona, sekulako guziok bizia ta biziro bear genduena.

        Surmurrean nerekiko zagozkidate ezin datekean ele andiren bat, oarkabean darauzkidala diodanean hilzaigula gure ertar onekin batean, sekulako guretzat bizi bear zuen gizona. Ez, ez naiz oarkabetu, berriz ere badiot, ezer ta nor bagera Andoaindarrok, beti bear degula hitzetan, beti gogoetan erabilli, Dn. Agustin hilta, galdu, ta hil zaigula sekulako Andoañenzat bizi bear lukeana. Nola ordea, diozute aopean, nola naiko degu beti bizi bearra izan dedin, dana dala, gizon bat fedeak erakasten badigu gizon guztiak hill bearrak dirala irakurtzarik bage? Ara nola: eta fedeak erabakia daukanaren kontra ezer ere esan gabe, adiaraziko dizutet aisa, ta lasai nere adimentu oni itsatsi zaion gogorazioa, ta nere hitzaldi onen gaia izango dana. Diot bada, ezen Jainkoak nai balu Andoaindarren alde egin oraindaño ikusi eztan irakurtzaren bat, esaten digula: Orizute, Andoaindar bat ez beste guziak hil bearrak dira, bat bakarra horise, izan bear lukeala ez anziñakoetatik norbait, ez oraingoetatik bat, ez etorkizunetatik besteren bat, ez urlia andikietatik, ez sandia gerratietatik, ez berendia Erregeren aldekoetatik; bai bakarrik guzien artean gure ertar hau, Jainkoak duelako Leiza gure honragarri hau. Ona nere gogorazioa, ta ona bertatik bere agiriak, ta irozgarriak.

        Zabaldu itzatzue zuen begiak, len ta orain ta gero izango diraden Andoaindar guzien gañera: ara itzatzue bazterrak, auspetik atera itzatzue iñarrusi, paper zarrak, sitsak ta anziñako denborak erdi janak dauzkatzienak, eztezute orietan arkituko Andoaindarrai geiago nai izandu dienik, zuek guztiok biotzagotik, eta beroroago onetsi zaituenik, gure Dn. Agustin zana baño. Eta bada amoreari amorez eranzuten zaio, esker gaistokotzat iduki etzaitzatedan, aitortu bear didazute eztiozutela zor zuen biotzetako nai ta amodio andia, ez lenagokoai, ez oraingoai, ez gerokoai, bai ordea gure amore miñez bezala bizitu dan oni, gure ertar amolsu oni, gure Leiza bakan ta bakar bakarrari. Beraz, zuen eskuetan balego, Jainkoak ala naita, Andoaindar bat ez beste guziak hil bearrak, ta bat hura sekulako bizi bearra izatea: esan ditugunen artean, ez besteren bat, hau bakarrik bereistu bearko zendukete; eta zuen aukera onekin Leizaren zuekiko amorea, zuen guzien amoreaz doi doi ta guziz ederki eranzuna geratuko lizateke.

        Amatzea (gurea degu hitz hori) edo maitatzea besterik ezta, baizikan amatzen degunari on egitea, aldegunean ta eztegunean, edolarik on nai izatea. Atozea, amatzen dezu, maite dezu urlia? Albaldin bere! bai, maite det, guziz det nere onetsia ta adiskide mamia. Onik egin diozu iñoiz, edo nai izandu diozu? Orise gogoratu ere etzait. Eztezu, beraz, urli orrentzat egiazko ta benazko amodioa. Horri diozun guzia ortz artean jaio ta ortz artean hiltzen dan amodioa da: hitza ta pitza da zure urliarekiko nai guzia: hitzezko amodioa, ez hiltzezkoa, hiltzez josia bezala biotzean bear dezuna: alabañan obrak dirade amore, ez hitz onen kolore. Orain bada ikusi degunean, gure ertar onek Andoaindarrak maitatu dituela lenagoko, ta oraingo guziak baño, baita izakizun geroko guziak baño geiago, biziroago, benazago, onetsi dituela, ez hitzez ezen baita, ez erausiz ezen baita, ez jolaz alperrez ezen baita, biotzaren erdi erdiko naiez, suz, beroz; dakuskun, zer ta zenbat on egin dien Andoaiñdarrai, edo zenbat on egin nai izandu dien; bestela esain didazute, obrak diradela amore, ez nere hitz onen kolore. Ala da, hori ikusi bear degu.

        Eta guzien sustrai, zimendutzat ausye ezartzen det, ez lenagokoen, ez oraingoen, ez gerokoen artean sortu dala, ez eta sortuko ere, Andoaindarrenzat ongille andiago, ta ioriagorik, gure Dn. Agustin maitagarri hau baño. Ongille batzuek dira gaitzak gugandik aienatzen dizkigutenak: beste ongille batzuek dira onik asko ta iori diakartzigutenak: ta ongille andienak // dira, gaitzak kentzen ta onak ekarten dizkigutenak: eta oietakoa degu gure Dn. Agustin zana. On asko beñipein egiten digu, kalte ta gaitz ta mingarrietatik ateratzen gaituenak. Begira, bada, zer kalte ta atsekabe gogorretatik Dn. Agustiñek atera gaituen Eliza berri orrekin. Zuen erausiari nagoka: Anziñako eliza urruti dago, mendian dago, eremu jenderik bagean dago: aldapa luzea ta gogorra: udan eguzkiak iraltzi oi gaitu, neguak jelaz ormatzen gaitu: gaur bideak labaiñ, limuriak izotzez, biar euri jasaz bustiak, ta lokatzez gañeztatuak. Zapatak galtzen, gonak eta mantuak erpaz zikintzen ditugula. Zer bada, aize bunbada portitzak, beiñ batetik, beiñ bestetik, beiñ batera, beiñ bestera, bulzaka garamatzienean? daramatzigun soñeko tresnak nasten, okertzen, banatzen dizkigula: ikuskari itsusi, begira daudenen irrigarri, alde guzietatik desapaindurik elizatari orretan sartzen geradela? Ona gaitz asko, ona atsekabeak franko, ta ona mingarriak ugari. Baña egia esateko, ona adiak prankoago, ta ioriago aitzakiak, Jainkoaren toki ederretik alde egiteko, igesi ibilteko. Bedeika lenagoko Andoaindarrak. Etzituzten orrelako aitzakiak atzeratu goi ta gaiñ onetan Jainkoari eliz hau jasotzera: eta gogoratu baldin bazitzaizkaten ere, aurkeriatzat, funsigabeko gauzatzat idukitu zituzten, Jainkoari zor ziozkatenen alde egiteko, ta eramateko neke andiago, gogorrago ta latzago asko. Orañagotik, aurtendanik, Andoaindarrak piskatu dira, mendretu dirade, gizonak erbal argalago, andreak, jakiña, ergelago; bidriozkotu zerate guziok; baita ondikotz, ez lotsa andiarekin.

        Begira orain gure ertar zanak zer on egin nai izandu digun: bere ertarren alako aitzakiaz urrikiturik, eleiza berri hori jasoerazoaz nai izandu du mingarri ta neke, ta naigabe horiei, ta zuen aitzakia guziai bideak itxi, geiagoren geiago aipa eztitzatzuten. Esan oi zenduten: eliza urruti dago kaletik. Bai? orra bada aldean, orra bertan, orra kale bien erdian. Bai baña mendian dago. Bai? Orra bada be bean, ibar ibarrean. Bai baña aldapa gora dago. Bai? Orra bada lau lauan, zelai zelaiean. Bai ordea, ezta ikusten, agiri ere ezta. Bai? Orra bada agiri agerian, ta guzien begien aurrean; eztu iñork oraindaño bezala galdetuko, Andoañek elizarik duen ta non dagoen. Zarkotearen anzekoa egin zuten lengo hau. Orra bada berri berria, Probinziako eleizen artean, (ta kontu dagigun damak diradela emengo eleizak) damarik ederrena izango ta izendatuko dana. Lengo zar hau ondatua, ez omenik, ez izenik, ez honragarririk Andoañi ematen diona: Orra bada oraingo berri orrek, alde guzietara ollartua dirudiela, Andoain famatua egingo duena; bidezko guziak dakustela nai ta ez, bere edergarriz begietan jo ta, biotzetaraño sartuko zaiena.

        Ikusi degu zein dan ongillea Dn. Agustin, gaitzak aienatu dizkigun aldetik: dakuskun orain ondasunak ugari biribillatu dizkigunetik. Eleiza egingo etzana, orra egiña; ezin zatekeana, orra datekeana, orra egikizuna ez ezen jasoa, garai garai goratua, ederki estalia ta aurki bere apaingarri guziakin ikusiko deguna koroatua. Etzuen nai deabruak eleiza berririk, ta are gitxiago, dagoen larrain ederrean egin zedin. Eta hori zergatik? Zerren igertzen zigun, eliza berriak Jainkozko gauzak maizago gogorako ziauzkula, Parrokia berriaganako jaiera andiago artuko genduela, eta bide orrez Jainkoa gitxiago ofendituko, aserretuko genduela, geiago serbituko, poztuko genduela: eta horiek oi dira etsaiaren eraberik andienak, eziñ eramanak, ta gorroto dituenak.

        Zergatik geiago nai etzuen etsaiak eleiza berria? Zerren zar onetan ikusten zituen aurrerako ikusi naiko litukean Jainkoarekiko uts larri asko, egingabe asko, bide onetik errebelatze asko, bide gaistotik sartu irten asko, hitz batean zerren anziñako onen bidez okerr asko eragin nai litukean, eragin dituen bezala. Esango alditut? tilit tilit mingaña dagokit: baña ozka bada ere lotuko det, isilduko det; gaurko illetak eztira orretarako. Anziñako eleiz onetan ozta kalejendeak Jainkoa iduki zezaketen gogoan: alabañan urruti dago gogorazio santuen esnatzallea: noizean beiñ ta bakan ta urrutitik bezala, agurtatu oi dute, ta askok aste osoetan diosalik ere egiten eztiotela: eta hori deabruak nai. Orain esnatzallea, irazartzallea izain da aldamenean, eleiza begietan, ezkillak belarrietan, pauso guzietan esnatuko zaituztenak, bekatuaren lozorro gaistotik ateratzeko mugidatuko zaituztenak, zeruko bide ederrak agertuko dizkitzutenak. Eta hori deabruak ez nai: ezta deabruaren // morroi gizon biurri askok. Ay! ta hau isildu bearra!.

        Esan ditugun oien gañera, begira zenbat ondasun bialdu dituen eliza berri hori egiteko. Lenbizian 45 milla ezkutu esan zitzaizkanak, gero bearko diran guztiak bukatzerako, kanpoan ta barrenen edertzeko, apaintzeko ta aberasteko. Bai, ikusi zan emen, zein zan diru ederra bidaldu zuena: señale orduan norbaitek esan zuela ongi biotzeko miñez arrezkero naukana (uztazue edolarik errenkura piska onez zerbait aska nadin) bederako sinplea da, diru ederr hau berekin, bere kutxan iduki dezakeana, onara ta aiñ urruti bialtzen duena. Ezta hori Andoaindarra: nere artean esan nuen, aberastu besterik biotzean eztuenen bat izango da: baña ezta sekulan aberatsetakoa egingo, abere atsetakoa bai, abere animarik zerurako eztuena: abere, bere barrengo gogoetak izakari atsetan ta basietan darabiltziena: bada Kristo Jaunak dionez, non eta dezun zure biotza, antxe dezu zure gauza onen gordairua, edo non ta dezun zure gauza preziatuen gordairua, an ere dezu zure biotza. Eta bada aberetzar ark diru aietan, edo alakoetan zedukan bere biotza, aietan zeukan bere gordairua, ez eleizan, ez kristau gauzetan, ez zeruan, ez bere ta gure ta guzien Jainkoagan.

        Ezta orrelakorik Andoañen: izango zan etorkiren bat, ta nork daki nondikan etorria? Judas erako leñuren batetik, diruagatik edozeiñ gaitz egiten duena, diruagatik deabrukerietan sartzen dana, diruagatik honrari uko egiten diona: diruagatik bere salbazioaz malmetzi eztana, diruagatik aingeruai, santu ta santa guziai, santuen santuari, burlagiñen dagotena, Jesukristo bera diruagatik saltzen duena. Ez orrelakorik Andoañen billatu: ezta berdin Andoaindarren artean ain zikinkiro kutsaturik: guztiak dirade biotz nobledunak, honraz, leialtadez, prestutasunez, kristau onen fedez bete beteak. Bestelakorik idorotzen bada gure bazter oietan, eztira emengoak: bira diranak, arrotzak dira, erbestekoak, alde okerretakoak. Eta ots orain, nere ertarrak, bakar onekin dedala usteko dezute, beste askotxorekin ere dedana; baña // gaur bakarrik musuetan joko zaituztet, esaki jakiñ onekin, zuri nagotzu nere erraña, adiezazu zuk ere nere giarraba.

        Ikusi dezute zenbat ondasun egin diozkan Dn. Agustin zanak Andoañi? Bada are geiago ta geiago dira egin nai izandu dituenak: ta Jainkoak patu onekoak egin ditzala bere testamentuan agintzen dituenak, ta orduan sinistuko dezute, eztedala nere jolas onetan dana baño geiago anditzen, lentobeki uzkurtxo, nagitxo, atzeraise geratu naizala. Arreta orain Leiza zanaren ta nere bien arteko jolasari. Norenzat nai dituzu; gure Andoaindar mena, norenzat zu hil, ta zure etxean arkituko diraden diruak? Norenzat? nere Andoañenzat. Eta norenzat zure etxeko gauza preziatuak eta balio andikoak? Norenzat? nere Andoañenzat. Eta norenzat nai dituzu Jujuien dituzun lurr, ta soro, ta bazter zabal andiak? Norenzat? nere Andoañenzat? Baita norenzat naiko dituzu Lima aldeetan dituzun beste ondasun aiek? Norenzat naiko ditut? nere Andoain biotzekoarenzat: saldu bitez guziak, dirura bitez lenbailen, ta bialdu zaizkidatzute Espaniara; baña Espanian Andoaña, ez bestetara. Niri jalkiaz bezala ditxoazkidan oietxek guziak, sermoi bati dagokan modu onetan ez esanagatik, jakizue testamentuari dagokionean, guziak esaten dituela; ala nola esango litukean Jainkoa ta Andoain besterik gogoan ta biotzean eztaukan besteren batek.

        Ainbeste gauza miragarri adituaz zuen amodioz, zuei ongi naiez, zuenzat, ez besterenzat bialduak, gizon ta andre, Andoaindar garbiak bazerate, biotzok bigindu bear zatzaizkitzute, hil danaren alde itzultzeko; aren amodio paregabekoari eranzun naiez, Burunza orretako arkaitzak baño gogorrago ezpazerate, urtu bearrak zerate aren amorez, adierazotzen diozutela, bera izandu dan bezala, zerok ere Andoaindarrak zeratela fiñ fiñak, leial leialak, garbi garbiak. Baita bearr ere! Arriari zagozka, aita Garagorri: ni aidea ninduen, ta eztit ezer utzi! Eleiza berri horrek zer on diakart niri? // Ez ogirik, ez artorik, ez ardorik, ez eltzekizunik; ezer ere orren ondasunetatik ez datorkit. Zeri dagokala, bada, aren amore minez urtu bear det nik? Naiko nuke bakar batena izan ledin onelako hizkunde itsusia. Baldiñ otsoak, ta arzak, asto ta mando, zaldi ta zakurrak balira Andoaingo seme alabak, ez ninzake miretsiko aditzeaz onelako esana, onelako sanga, orroa, marruma esan bear nuen; eztute alabañan beste hizketarik abere horiek. Baña gizon ta emakumeen artean, ta are emakume, ta gizon prestuen artean alako jolas zikiñak ereitea ta pozik aditzea, arritzen nau, eta aserretzeko mugida guziak eraikitzen dizkidala nago. Ez nadin ala ere aserretu: aserrean sartu ezkero gaistoa naiz ta gogorra: gogoratzen zait non jaioa naizan, ta pizten zaizkit Aiurri-errekak eransi zizkidan suak eta garrak.

        Badakite Andoañen abere eztiranak erriari egiten zaion ona eztala biurtzen gaitzera; guziakikoa izanagatik ona gelditzen dala eta bati edo biri egiña baño andiago ta preziatuago. Guziakiko ona ta ondasuna, guzien izendagarria, guzien honragarria da, Jainkoa, ta mundua, ta inguru guziakiko alabanzarik andienak dakartziena. Onelako edertasun preziagarririk ez luke izango iñolaz ere, zuri bakartxo horri egin zezakean onak: ezta zuri sabeldarraio horri; ezta zuri gaizki esaka urtzen zeraden horri; ezta zuri eleizatzat ardandegia daukazun horri; ezta zuei Jainkoaz aztu ta zikinkerietan zeren bizi guzia irabiatua darabilzutenai; ezta zuei, zerurik, ta Jainkorik ezpaliz bezala, illargipeko txarkerietan beti igorka, eta dakizuten abereen erara, beti aietan iñalduriska, aisa ta pozik zabilzatenoi, zuen atsegiñak, zuen fortunak, gloria osoak alako basikerietan billatu, ta baita ondikotz arkitzen dituzutenoi. Aserre latzagoak barrunbean gordetzen ditut, sinistuaz, eztala geiagoren geiago nere ertar arrazoizkoen artean, alako hizkuntza deabru guziak baño beltz itsusiagorik adituko.

 

        Esan ditugun Dn. Agustin zanaren bi moduetako ongiteak anditzen dira, ta arrotuaz bezala gañez egiterano goratzen dira ikusiaz ezer ere ordaintzat eskatze-eztuela // ez eta nai ere. Ez bere eleiz orretan patroi, ez edolarik patroikide Uriarekin batean; ez eleizan kapillatxo, edo beregainko aldareren bat: ez obi guzien artean obi gorago, edo zabalago, edo apainduagoren bat: ez kanpoko edo barrengo pareteetan bere etxeko arma argituren batzuek: ez edolarik sakristia bietatik batean Leiza ongillearen gogoangarri bat. Ezer ere nai eztu orietatik, eztu nai orietarako izengillatu dezaten. Adiezazue nola hitzegiten duen: guzi guzia nai det izan dedin nere ertarrenzat, nere Andoain biozekoarentzat. Arentzat egin ditudan ongite guziaz, bakarrik egin ditudalakoz, kontentu gelditzen naiz. Eta, zerbait eskatu bear badet, eztet besterik nai ordaintzat, eztet besterik eskatzen, egin ditudan guzien alde, Andoañek, nere jaieterriak arren ta arren iduki nazala bere seme maitetzat. Gogor zaitezte, albadezute alako jolasa aditu ezkero.

        Ez, aita, ezin gogor-gaitezke. Esker gaistokotzat mundu onek iduki ezkaitzan, ezagutu bear degu, Dn. Agustin zanak bere alegin guziak guretzat izandu dituela: guri ongi naiez bere goraberetan ibilli dala; Andoain bere jaieterri hau, duen isiltasun onetatik, duen izen bagetik, sona ta ots ederretara ateratzeagatik ibilli dala: onako ikusten degun illuntasuna dirudien batetik, ezagutu ez izate bezalako batetik, argitara, ta argi beti dizekanera itzultzeagatik, aritu izandu dala. Aitortzen degu bere ongite parerik bagekoz sartu gaituela bere izenean zekarren leizazuloan: ondatu gaituela Leizaren ongite andien, Leizaren mesede iorien, Leizaren grazia jasaka bezala isurien putzuan, itsasoa bera baño ondorik bageko osin zabalean. Aitormen egiazko onen ondoan, jakin beza mundu osoak eztala Andoañen arkituko, ez gizonik, ez emakumerik, Leizaganako biotz osoarekin eskerdun eztanik. Geraden guziok egin gaituela eziñ konta alazko zordunak, eta hau dala gure naigabe, ta miñ andia, alako zorrak isiltzeko, eta kitto aietatik gelditzeko, ez biderik, ez modurik, ez eranzukizunik izatea. //

        Ez niri orrelakorik: lenago esan dituzutenak, bijoaz ondo: baña azkeneko hitz orrek eztu nigan irago-biderik idoroko, ta orren gañean poztu nai zaituztet eta zabaldu. Leiza zanak egin dizkitzuten on guzi guziai osoro eranzuteko bidea badakit nik, ta aurki adituko didazute. Zordunak egin zaituzte guziok, bera artzekodun egiten dala. Bada esango dizutet bide erraza zuek guztiok aren artzekodunak izateko, eta hura berbera zuen zordun egiteko, ta artzeko izandu danetik zuen zordunera biurtzekotzat: ta ona eranzukizuna ez ezen, kitto gelditzeko, baita garai ta gallendari gelditzeko bide zabala.

        Badakizute zer gertatuko lizatekean nik Andoaingo pobretxo bat nere kontura artu ta, Madridera eramanik, an nere alegiñez, nere egikariz, nere joan etorriaz, arkitzen banu ate zabalen bat, edo beintzat nere pobretxoa kabi zitekean irriñarteren bat, hura barrena sartzeko, ta Erregearen aldamenean ipinteko: ta andik ara Erregearen adiskide egiteko, Erregeari bere borondate guzia irabazten ziola, nai zituen eskari, ta mesede guziak egiten ziozkala: eta azkenean Erregeak irakurtza arrigarri batekin bereisten zuela bere ezkutarien artean guzien agintari nagusitzat, Erregeak bere urrena egiten zuela? Bai noaski, badakizute. Zorioneko gizona ninzala ni, esango luke munduak, alako eskutura eman nionean pobretxo Andoaingo ari, bere usketatik, ainbat gabetasunetik, lurreko autsetik altxatu ta egoitza ain zabalera sartua, honra guziaz ingurutua paratu nuenean! Baña zer esango zendukete Andoaingo pobretxo arzaz? Pobretxo len, ta gero aberats: len ikusteko etzana, gero Españiar guzien ikuskari ikusgarri ederrena; len iñoiz ta iñoren begitarterik izandu etzuena, gero begitarte on guziak, ta begirune lurreraño makurtuak daramatziena; len bordari txar ta mendreen artean ere utsa, gero Erregearen jauregitar, antustez uandituen, zaldun, ezkutari, urreajarioen artean nagusi, agintari, Erregearen beraren oñordeko egiñik: len iyunzi adiña ubazterr horietan erne etzana, gero lizar, edo pago lerden, udaberria baño mardulago // liranago, ta luzeago; bere gainburuko adarr osto arro nastuakin dirudiela eguzkiari bere zeru erpiñean dijoanean, argi errañu guziak nai diozkala itzungi; edo beintzat gogortzen zaiola, aren adarr ostoen artetik argiren izpirik ere eztuela lurra jotzeraño iragoko. Illetegunetarako asko da edergarriz.

        Orain beste onelako gauzak, bañan goragoak, gorputzez senti eztiranak, bai ordea ispirituaz, adimentu meetxeaz, Jainkoak ematen diauzkun argiz, fedeak paratzen dizkigun begi garbiz ikusten diranak, Purgatorioa dala siñisten degu: anima aratzen diranak, zerura baño lenago, antxe garbitu bearrak diradela beren pekatu larrien ta barkatuen kutsuetatik, ariñetatik ere, elur malota baño txuriago, orrako zeru urdin puska horiek baño txarmagarriago egiñ artean. Baita siñisten degu emen lur gañean bizi geranok zerbait gozatzen ditugula, arintzen diozkagutela beren naigabe arrigarriak, eta iñoiz edo berriz andikan atera ta zeruan sartzen ditugula. Oiek onela ezarri ta, ona nere ta nere Andoaingo pobretxoaren gertamena.

        Nere Andoaingo pobretxoa nik atera nuen autsetatik, gauza guzien gabetasunetik, ez zalako moduetatik. Zuk ateratzen dezun anima, ateratzen dezu munduan dan egoitza negargarri, gogor, ta latzetik, suak eta lamak dariozkan etzauntza batetik, emengo labe, sutegi, karobi, ikaztoki, arragoa guziak baño erretzalleago, biziago, miñagoetatik. Nik atera dedan Andoaindarra Jauregi eder batean sartu det, ezkutari, urre-zillarrezko soñekoz janziak daudenen artean. Zuk aterako dezuna, sartuko dezu, izarrak baño goragoko jauregi ederr, iñon ederrik bada, antxe; baña zer lagunkideen balsan? Aingeruen, santu ta santa guzien balleran; eguzki, illargi, izar andi ta txiki guztiak bere oinpekoak bezala dituela; andik beragoko munduko andiketak, argiketak, diruketak nazkatzen dutela beren ustelez, kiratsez, itsusiaz, goibelez, illuntasun gogaikarriz. Nik atera nuena, jarrierazo nuen erregearen aldamenean, aren gogarako gelditzen zala, aren borondatearen jabe egiten nuela; argandik nai zituen mesedeak beregantzen zituela, ez beretzat bakarrik, baita besteentzat, batez ere bere aide, bere ertar // bere adiskide, bere ongilleenzat. Zuk aterako dezuna, paratuko dezu Erregeen Erregearen, alguziko Jainkoaren, zeru-lurren egillearen aurrean, bere eskuan, bere borondatean eskari, mesede, ongite guziak dituenaren aurrean.

        Nik Andoaindik atera nuena, egiten det nere egitura, paratzen det nere eskutik Erregearen aldamenean egitura bat niri zorko dizkidanak bere honra ta ondasunak, ta argatik nere gauzak zaitzen egon bear duena. Zuk aterako dezuna, egingo dezu zure egitura: zeruan paratuko dezu egitura miragarri bat, zuri zorko dizuna duen zoriona ta gloria. Badakigu Jainkoaren eskutik dituela on horiek guziok, ta Jainkoa dala guzien iturburua: ordea niri zor dizkit nik atera dedanak artarako bear ziran lanabesak. Niri zor dit arako idoro nion bidea: zein ta garai ta goi dagoen nere egikariz Purgatoriotik atera dana, niri zor dit ain gora mallaz malla bezala iotzea, bada nere egikariz zabaldu nion pendiza ta zubidea. Argatik deitzen diot, dan bezala, nere egitura: ifinten dedala naita ez nere gauzai begiratzeko premian; nere gogo onak, nere oiu andi ta txiki, nere negarrak naita ez aditzeko premian, nere kalte ta gaitzak kentzeko, eskatzen diozkadan mesedeak neretzat ta besterentzat Jainkoagandik nai ta ez erdiesteko premian. Alabañan ezta zeruan esker gaistoko santurik, ezta Purgatoriotik aratzen eskerdun andi eztanik, ta egin zaizkan ongite guziai eranzun nai eztuenik amore onez ta biotz osoarekin. Eta orra zer dan zuk zure egikariz anima bat zure egitura egitea, eta zure eskutik Jainkoaren aldamenean ifintea.

        Are geiago! Zeruko Santu guziak on da zure adiskide, ta zure alde izatea, aietan zure etxedemen guziak paratzea; bada alegin ta esku andikoak dirade, Jainkoagandik zuretzat bear dituzunak erakarzeko. Bego onetan hau; eta santu guzien artean (gorenak beregain uzten ditudala) egizu zuk maiteago dezunaren aukera. Ematen dizut eta ez doarik, zure santu hori dala andiagoa, askoz goragoa Purgatoriotik ateratzen dezuna baño. Alere adizazu zer diotsudan, obeko dezula bearbada zure onerako anima Purgatoriotik atera dezuna, beste // zure aukerako hori baño: eta jakizu, bata dan bezala, bestea ere santua dala: ezta berdin garbi ta santu eztanik zeruan sartzen. Ona ordea aien arteko ezirudia. Beste zure santu orrek egin diezakezu mesede larriago bat, esku geiagokoa dan bezala; baña ezta zure egitura, eztizu zuri zor dagoan lekuan iñolazko moduz egotea. Egiten badizu mesede, egiñen dizu naita, eta naitakoak izango dira aren zurekiko ongite guziak bere eskuan duela ez egitea, ta zure eskariz ez malmetitzea; eta egiten dizkitzunak, bearbada, izango eztira ain laster, ain bizi ta ain osoro egiñak, zuk naiko zendukean bezala; alabañan eztaukazu zuk irabazia, eztezu zuk zure egikariz zure zordun egin; ezta zure egitura, ta eztago zure bearrai begiratzeko loturapean. Baña zuk atera dezuna, zure egitura dezu, naita ez zure deiak enzutekoa dago, zure gauzai nai ta ez kobru ematekoa dago, nai dituzun eskari ta ongite gorputzari ta animari dagozkanak, zuzentzeko loturapean daukazu. Zure beste santu orrek bezala eztizu esango mesede egin nai dizula: eskatzen badiozu, zer edo zer esanen dizu, ez didazu mesederik eskatzen, bai zor zaitudana. Eta ona zergatik bear bada obeko dezun Purgatoriotik anima bat zure egikariz atera, ta argana zure bearretan biltzea, beste zure santu orregana baño.

        Eldu gera, nere iritzian, gure hitzaldia onen bukaondora. Leiza zanak artzeko arrigarriak ditu zuek guzioetan, ta zuek zordun gelditu zerate argan ta arekiko. Ona oraiñ zor horietatik ateratzeko bide erraza, guziak isiltzeko modua, kitto, ta igoalsu zeren buruok agertzeko ate zabal zabala. Zer da kitto gelditzeko? Baita aren zor guziak pagatu ta argan artzeko miragarriak izateko, nolabaiteko iskiñtxo bat, zeruan jaioa, ta zerutik etorria. Zeiñ da arren iskiñtxo zerutar hori, ate zabal hori, bide erraz hori? Onezkero jakiña bear zendukete. Zuen egikariz ta alegiñez eramazute eskutikan bezala anima bat zerura, betaz beta sekulako ikusiko duen Jainkoaren aurrera, egizute zuen egitura, eta gertatuko zaizkitzute len aditu dituzutenak. Orrekin bakar bakarrik egingo diozuten ongitea, ain da andia, non argandik artu dituzuten ongite guziak idoroko diraden osoro berdinduak//. Berdinduak? Baita gallenduak eta zuen pekotuak ere!

        Ordea hipui-kontua dirudien hori, nola izango da? Guk eztegu gure eskuan zerua, eztegu zeruratzen guk; Jainkoak ematen dio, ez guk, zeruan duen doatsutasuna, eta beti zorionekoa izatea. Eztegu guk orrelako ondasunik, ta eztuenak ezin emango du; eta ematen ezpadiogu zeruan duen ondasuna, gure zor andiak bere oñean daude, ta guziok len bezain zorbekatuak geldituko gerade. Zer egin da beraz arako zeruko iskintxo arzaz? Edo zer ta zertara dira gure ollarketak, eta gallendeak? Oi! Eta onelako hitzongikeria besterik ezpalebil zuen artean! Etziñateke ain landugabeak, ta are lankaitzak izango, ta ezlegoke mundua dagoan bezaiñ moldakaitza, jakiñezean batua, jakiñezean loakartua, jakiñezean ondatua, jakiñezaren osin ondobagekoan itto ittoa. Ahanzi, aztu zerate nere lengo jolasaz. Egia da, Jainkoak ematen diola Zerua bere doatasun guziakin; baña zuek eman diozute aratzeko bidea, zuek atera dezute Purgatoriotik, suzko garbitegi artatik ango garr eta lametatik; zuek pagatu diozkatzute presoindegi artatik irteteko zor zituen sofrikari andiak, eta pagabide horiek zuek eman diozkatzute; zuenak ziran, Jainkoak lagundu ta, zuenak zuen alegiñak, eta egikariak. Eta edozeñek dakus oraiñ dezutenik, edo zendutenik ematen diozutela, ta eztala hipui kontua len esan deguna.

        Beste berriketatxo bat. Guk Dn. Agustiñez malmetitzen ez gerala, ta argatik ezer ere egite-eztegula, ta onela uzten degula, an egongo da bere pekatuen zorrak azkeneko zurikoraño pagatu artean; baña naiz orañago, naiz geroago, noizbait beteko zaio bere sofrikarien Jainkoak paratu dion epea; eta gure egitekorik bage igoko da zeruko ara. Eta bada hori orrela dala, zerekin ta nola gure zordun egingo degu? Zerekin egiñen gera aren artzekodun? Zerekin ta nola isilduko, kittatuko, ta are gallenduko ditugu aren ongite bazterrik gabeak? Ongi diozute; ezta hori erausi alperra. Ara nola. Edolarik ikusten dezue zuen egikari ta alegin onakin aurreratzen diozutela zerua; eztakigu, noiz artean egon bearra zan garbitegi artako suetan ta garretan; bear bada aste osoan, edo urte osoan, edo betaroago; eta naiz egun bat bakarrik // lenago, zuen egikariz zeruratzen bada, orra zerekin ta nola aren artzeko guziak kittatuko, ta gaindiro gallenduko dituzuten. Jainkoa ikustea, puntu soill batean ere, ain da ondasun andia, zeñean zuei egin dizkitzuten on, ta ongite guziak, autsak eta keak eta ezerezak diraden ta diruditen aren aldean. Ain da gauza hau mirestekoa, non ainguru batek, egiten balie ifernukoai hizketa onelako bat, ala doakabe madarikatuak, Jainko alguzizkoaren aldetik diotsutet, ez luzaroago, baña beintzat bai puntu soill bakar batean noizbait ikusi bearrak zeratela Jainkoaren arpegia; asko lizateke an beren amorrazio guzia galtzeko, borondate osoaz eta pozik ifernu guzia jasotzeko, ta ifernua bera zeru gisakoa egiteko. Ona bada zer on ta ongitez egingo dezuten zordun D. Agustin zana, emen lurrean ain zorr andidunak idukitu zaituztenak.

        Ekin bada, nere ertar preziatuak, bakoitzak bere egikari horiei, itxeki, bakoitzak bere saill ederr horri; bada onelako ekitez ta itxekitez, etzerate esker gaistokoak izango, bildur ziñaten bezala; eskerr onekoak bai, ta aintzakotzat artuko zaituzte mundu guzian. Zer dira ordea egikari horiek, gure alegin horiek, gure ekite, ta itxekite horiek, gure ertar zanaren alde egin bear ditugunak? Horiek jakiñak dira. Orretarako dirade gaurko, ta bederatziurren onetako gure egikariak, gure ekiteak, ta gure ibilte oyek. Onelakoak, bada, ta batez ere, meza santuak Dn. Agustiñ zanari ateratzeak, dirade bide lasterrenak, dagoan pena izugarrietatik askatzeko, ta zerura bidaltzeko. Errosarioak, eleizan edo landan, arreta osoaz, gogoa ta biotza Ama Birjiñagan dituzutela, bereganduak daduzka induljenzia eta barkazio ezin konta-alak. Eskeñi zaizkiotzue Jainkoari, zuen ertar ongillearen alde, aren gozamenerako ar ditzan; ta bide orrez beiñ gitxitu ditzaizkan daramatzien atsekabe garratzak; gero enparaguak, gañerakoak, bigindu, ta zerbait goza ditzaizkan, ta atzenean altxa dezan gora bere zeru ederrera.

        Berebat bost aldareak ikustatzea da, lan ta egiteko erraza, baña induljenziaz ta barkazioz // suskitua bezala, batezere Garizumako egunetan. Are Ama Birjiñaren egun andietan, ta beste Santuenetan, konfesa-komulgatzeari darraizkan induljenziak, ta barkazio osoak. Zatzaizkiote bada beargai horri: erabazi horiek emaitzue Jainkoaren eskuetara, eskatzen diozutela arren ta arren balia dakizkiola zuen guztien ongilleari, Dn. Agustin zanari. Or dituzute orrez gañera mezak enzutea, sermoi onak aditzea, eleizan maizago sartzea, Santisimoaren aurrean bere egotaldia egitea. Are badituzute beste bidetxigor anitz, zuen ertarra aldatzeko erretzen daukaten garretatik atsegiñ beti betiko lekura. Geienok urte guzian nekepean bizi zerate, lanean gose ta egarri asko daramazutela: eguzkiaren lamak, bero suzkoak, sargori ustelak udan, izerdipats egiten zaituztela: neguan berriz izotzak, jela erabe girokoak, iparr aldeko aize meegi, ta gogorregiak arkaitzen erakoak uzten ta ormatzen zaituztela: soroetan, basoetan, etxoletan, etxeetan, bearra, nekea, unagarria iori besterik ukitzen eztezutela; ozta ozta egun on bat, pozgarrietako bat, zañen lasaigarri bat arrapatzen dezutela. Ara bada oraiñ, neke horietxek guztiak izan ditezke animai laguntzeko, animen atsedengarrirako, animen gozamenerako, ta orra zer dezuten animen sufrajiorako. Besterik bada eziñ dezutenok, edolarik erakus-zaiozute gure ongilleari arganako dezuten borondatea, ta esker onekoak izateko gogoa, ta asmoa; eta artarako arrezazute egun batzuetan goizoro Jainkoari onelako bat esatea: Jauna, gaurko nere lanak, nekeak, naigabe guziak izan ditezela, Zerorrek ala naita, D. Agustin gurearen alderako, gozamenerako, eta atsegingarrirako.

        Baña horiek Jainkoari eder derizkion, ondo ta obeto iritzi dakizkion, ots guziok konfesio-komunio bear danezko batez zuen konzienziak lenago garbitzera. Bestela, esku loi, likitsetatik egiten zaizkan eskeñiak bearbada (eztiot alperrik bearbada) eztitu Jainkoak artu naiko ontzat, ta gure ertarraren onerakotzat. Bestela zuen konzienziak pekatu eriozkoz kutsatuak daudela, ta arjoak bezaiñ ustelak, usanduak ta pozoi ifernukoa dariotela, balizateke gogoan joko dutela gure biotz oneko Jainkoa, ta eztituela naiko zuen erreguak, otoitzak, errosarioak, mezak, aldare ikustatzeak, ta beste egikari konfesio on baten ondoan guziz naiko dituenak, ta D. Agustin zanaren alderako artuko dituenak. Ala ere pekatu larrietan // egonagatik, ta konfesio on batera presta zaitezten arteraño, zakizkiote esan ditugun egikari onai; bada egilleai zerurako balia ezpazaie ere, balia dakizkiote Purgatorioan dagoanari.

        Uste det, baita siñisten ere, alaise egingo dezutela guztiok. Eta eztuela galduko, zergatik nik eskatzen dizutedan. Lenagoko nere errenkura piska aiek ez naukate itsutua: ezagutua daukat gure ongille onen ta ongiteen gañean zer ta zenbat zor zaion Andoain erri noble oni. Hau berau ezagutu zuen ta aitortua zedukan Dn. Agustiñek berak; eta argatik bizi zanean, Andoañek egiten ziozkan honradiai erakutsi zien bere ezin geiagoko borondate eskergillea, andikan bialdu zituen kartetan agiri dan bezala. Gerozkoetan nerau naiz lekukorik, testigurik onena, Andoañek egin dituela, Deabruaren damutan, Dn. Agustin zanak bere jaieterri onentzat nai zituen gauzak. Eta naiz arazo, ta naspilla, ta eragotzi naiak sortu dituela etsai gaistoak, gauza on andietan gertatu oi dan bezala, baña ala ere Andoañek zeruko argiaz, arrazoiari jarraituaz, Jainkoaren laguntza ta grazia andiarekin, garaitu dituela eragozgarri guziak, ezinkizun andiak, ta ifernu guziaren amorrazio pozoiez beteak, eztanda gori ta lerr egiten dutela an bizi diran demonio guziak. Esan ditudan oiekgatik, pozik, ta gozoro ematen diozkat Andoain nere jaieterriari, eskerrik asko ta iori; eta bukatzeraño, ta bukatzeko dauden eginkizunakgatik, gaurdanik aurreratzen diozkat beste ainbeste eskerrik asko ta iori. Eta oraiñ len esan dedanari nagoka, uste dedala, baita sinisten ere, guztiok egingo dituzutela gure ongillearen alde, len esan ditudan egikariak, eta alegin onak.

        Bide orrezaz egiñen dezute alde batetik Dn. Agustin zana zuen guztien egitura, zuen alde beti bearko duena, zuen negarretan gortu ezin datekeana, zuek zaitzeko dagoana etsaien perilletatik, zuen utsuneak, eta gabeak betetzeko dagoena, zuen okerrak zuzentzeko, zuen eri-aldiak sendatzeko; zuen osasunak, indarrak, biziak, bere eskupean idukitzeko dagoana: oiek ta beste bearko dituzuten ongiak ta ondasunak, Jainkoak nai duen neurrian, guzien gañera isurtzeko dagoena, ta beti beti egongo dana. Hori guzia zergatik? Zerren arestian nion bide arzaz beraz, zuek egin dezuten zuen zordun; zerren gaitzetatik atera ta, on guzien barrena sartu dezuten; zerren sekulako doatsu egin dezuten, ta zorioneko santuen lagun; zerren Jainkoa aurkez aurke ta dan bezala ikusteaz, paratu dezuten pozik andienetan, atsegin gozoenetan, gloriarik Jainkozkoenetan.

        Biz ala, Jainko alguzietakoa, ala izan dedilla, Jesus gure maitagarria, ta onetsia. Atseden dezala bada, Dn. Agustin zanak, beti ta betiko zure amodiozko besoetan. Atseden dezala zure santu, ta aingeru guzien balleran. Atseden dezala munduaren astetik prestatu zinion jartoki argitsuan. Atseden dezala zure zeru zabalean. Atseden dezala zure gloria kaburik bagekoan. Atseden dezala zure, ezti guziak baño gozoago dan, pake ederrean. Requiescat in pace.

 

aurrekoa hurrengoa