www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal testuak
Manuel Larramendi
1729-1763, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Manuel Larramendi. Euskal testuak, Manuel Larramendi (Patxi Altunaren eta Joseba Lakarraren edizioa). Andoaingo Udala, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

«EGUNAROTIEI» AGIRIKA
 

1745, Hiztegi Hirukoitza

 

Euskaldunai osasuna

 

        Uste deu gure urliak (aditzen nazue, nori nagokan, begira, ez ni salatu) badakiela dana, ta datekean guzia, onako Latiñezko zerrenda batzuek irabiatu dituelako. Aiñ arro dabill, aiñ da bere-buru, aiñ berez, ta bere buruz betea, ta uanditua dago, non dirudien, iñor ere eztaukala ezertan, naiz dala aundi, naiz txiki. Euskara da, gaitzik egin balio bezala, aren erabea, eta sayetsetik Euskaldunak ere bay. Itsuen gisa joezak emen, joezak or, bere ustez zeatzen, zatitzen, banatzen deu gure hizkuntza eder, guri, gozoa. Iñarrusi bear genduke guziok hizjario erausle motel au, ta onen lagun irurazayak. Ondo balegokit, nik astinduko nuke, nik beeratuko nioke bere andiustea, ta bere galdor kiskur, luzea. Niri eztagokidanean, beste Euskaldunen batek itxeki bear lioke saill oni, iñon diraren etsai hitzontziak isiltzeko. Baña ez bide du Euskera gaisoak, are bere etxapean, ez seme, ez adiskide biotz onez nai dionik: ta argatikan daude guziak aiñ geldi, aiñ isill, eskuak tolesturik, naiz beztu ta itxuzkitu dezatela, naiz darabiltela oñen azpian.

        Badarauskio bada gure sandiari, ezen eguzkiaren jayet-aldean diraden hizkerak dakitzan batek, erraz adituko duela Euskeraz; ta gezurtxo batekin hori sinisterazo nai izandu digu. Uztak arren onela nagokian. Len amakia egin diguk gure hizkuntza, ta orain alabakia, beiñ txuri, ta gero beltx: noiz utziko dek buru-koloka farragarri hori? Edo bata esan bear dek, edo bestea: eta esanari elakio zabuan ibilli bage. Ona non dituan Euskarazko hitzak naroro: naibadek, oa, ta eguzkia sortzen da aldetik erakark nai deana. Esayok, begira ditzala hirekin batean, naiz aurkez, naiz atzez, goitik, betik, zearka, edo zuzenka, eztik berdin idoroko bere erriko hitzen antza deuanik, ta are gitxiago igerriko, itsuka bada ere, zer esan nai deuan. Eztanda badagik ere, gure Euskera ederra lenbiziko hizkuntzetatik dek, arako Jainkoak maneatu, ta isuri zituan ayetatik, ez beste hizkundeen naspillatik sortua. Euskara dek Españian lenengo sartu zana, ta aren bazter guztietan era batean, ta luzaro txit, hitzegin zana. Zartu dek, atsotu dek (eztek hik hau Erderaz esango); ainbeste urteren epean atsotu bear: baña itxok, oraindikan bizkorra zeagok, gaztetzera zeak, bazeakik bere burua txukunkiro edertzen, galantzen, apaintzen. Eztezaala beraz uste, hire esan mesanakin, hire lotsageriakin ikaratuta txokoratuko deala Euskera. Utzi diozagun Mayansi, jakiundeko mayan janari onik ifintzen eztigunari, ezpada lapiko ustelbat, arbiz, azaz, txongoz, birikakiz, hitz batean, zadura baduraz betea.

 

aurrekoa hurrengoa