|
Zezenetako tokia
Iruñan zezen lasterka
Jende biltzeko metaka,
Lehen josteta da bethi,
Unhatzen du nihor guti,
Seinalatuz geroz besta,
Lami gehiago ezta,
Denak kantaz eta oihuz
Zezenetarat hurbilduz.
Baldin zezenen haita da
Berant hasten ere bada,
Goizik jendia hurbil dago,
Beldurrez gal berantago.
Gose khentzekuaz oroituz
Plaza estaltzen da munduz,
Ez plaza beharra sarri,
Bainan hurbilena hari.
Mintzatu gabe zezenez
Dugun har idia gizonez;
Erragun non, nola diren
Hanbat jende kokaturen.
Bada pesiaz arima,
Neska, muthil, aita, ama;
Hainitz dire galtzadunak,
Ez gutiago soindunak.
Hoitan nihor, nahi dena,
Utz Besta bigarrena,
Bihurtu etxerat gauian,
Izanik ere beharrian;
Zaurthu gabe bihotz minez,
Nonbait zurrungan egonez,
Goizian goizik bazterretan
Kausitzen dire airetan.
Etxe bat, zabal inguruz,
Arrundan josia buruz,
Bada Takoneraz goiti,
Athe, leihuak itsu bethi.
Diot hesten dituela,
Gaitzetsi ez daiokela,
Non ez den ankas bestekin
Jostetan zezenekin.
Kanpo alderditik hori;
Dorre eztai bat iduri,
Bere zimenduz bakharrik,
Ez da gero halturarik,
Uztai etxe horren barnia,
Ez dian estalki gabia,
Mintzo naiz erdiaz, zeren
Bera leihorra den jenden.
Erdia hutsa utzirik
Leihor da bazterretik,
Bi metra naski halturez
Athekak badire zurez,
Ihes lekhu segurenak
Zezenen kontra eginak;
Hek ez balire kausitzen
Nola ager han beiratzen?
Harat gizonen ondotik
Sartzen direnian hargatik
Zezen errabiatuak,
Badire bertze lekhuak,
Lehen athekaren aldian,
Hiru urratsñoren bidian,
Ezin higanak saltoka,
Gutiago potikoka.
Azken atheka gainetik
Jar tokiak haitz onetik,
Hasten dire gibelatuz,
Dorriari berari lothuz.
Han dituzu inguruan
Hamabortz alkhi tornuan,
Han dago populu xehia,
Sorkhan, oihuz ezin asia.
Ez du beldur iguzkia,
Ilez ere da jauntzia;
Gogorra delarik mandua,
Ez da hura bezin sendua;
Gizonek kaskua ageri,
Arabak buruz iduri,
Emaztiak aldian sanoki,
Kontu gabe beruak uki.
Zahatua han bethi mentan
Kurri dabil ezpainetan;
Urrixak eta ohotsak
Arin dauzka nafar hatsak.
Denak tripa komunekin,
Ez hargatik hutsenekin;
Zintzurrak eta mihiak
Iduri harri-biziak.
Haro pixgarri herrunkan,
Kantarua bethi hurrupan;
Bipela ere ausarki,
Xurienetik ez naski.
Hango jendiak, alegera,
Baden nihor hartaz gora
Ez du kasurik egiten,
Ez behin ere sobresten.
Han ez da khario solas,
Bokhata ere ez eskas,
Nahiz titxuak titxuarekin
Duazin bethi gatzarekin;
Karanbak eta karajuak,
Demonio berstelatuak,
Nahasten dire airetan
Ehun biben hedoietan.
Gorago zazpi lerrotan
Jarriz hobeki alkhitan
Arteko jende sosduna
Uriz kanpo duzu, Jauna!
Balkoinak baititu gainian,
Ez da nihor busti menian,
Gauza prezagarri dena
Denbora denian ilhauna.
Kontu dio ohoriari,
Errankizun ohoinari;
Hartakotz doble pagatzen,
Khetan dirua egortzen;
Han hintzen Eyheraburu,
Hirigoyen hire buru;
Bientzat Bitoriano,
Gizon maite bezain sano.
Han dire Eliza, herri,
Aphez, baile, botikari,
Eskribau herrixketakuak,
Ez ahantz sastre hirikuak,
Modistak bere pikuekin,
Erdi-andriak alabekin,
Maixtrua haur bat eskutik,
Mandozaina suz hatsetik.
Balkoinetik da hedatzen
Urriak duena pisatzen,
Paparo zuri, ederra,
Traba Diamanta bera;
Ez aipha infantzun majuak,
Duke, grandeza, hidalguak;
Lerruan: Oraa zaharra,
Baldes oraino hazkarra;
Martinez, gorphutzez arin
Izpirituz zorrotz bezin;
Plumaia burutik Concha,
Gazte bezin kasik beltxa;
Paria gobernadoria
Arropa guzia urria;
Pagoaga eta Lopez
Sahetsetik gakhuak urrez.
Hanbat izar lerruan josi
Etziren khoruan itsusi:
Gisa hartako uztairik
Othe da nihon bertzerik;
Birabira gain guzia,
Hedatuz bere grazia,
Ageri zen begietan
Diruaren gastuetan.
Xoragarri zen ikustia
Hango beztitzeko moldia:
Urdin, gorri, hori, xuri,
Zer etzen gainian ageri!
Ohorezki ageritan,
Aitzindari bulharretan,
Gurutziak lerruan metaka
Eta nihoiz bat banazka.
Hetaz kontu behar bada,
Frantses baloria guti da
Frantses soldadu lehenak
Ez ditu hekin laurdenak,
Nahiz duen hurbilago
Gaitz ikusi gehiago:
Baditezke populutan
Jan beharrak ohoretan.
Utziz bixta hedatzerat
Erreginen balkoinerat,
Sobra othe da erratia
Zein eder den hango jendia:
Eginak guziak bertzek
Eta ez gure laguntzek,
Jainkuak amaren sabelian
Eman bezalako moldian.
Garenen irakusterat
Agertzen gare mundurat;
Atzeman bada atzeman;
Ez da nihor sartzen aman;
Hastetik zare egina
Gero beharko duzuna;
Itsusiaren pulitzia
Alfer da igurikitzia.
Bederen espainol gorthia
Ez da itsusizko etxia
Hara non den Erregina,
Goizik emazte egina,
Adinarentzat pisuzko,
Arraizia khariozko;
Egia da nik ikustian
Urhatua zela bidian.
Haren larrua satinez,
Iliak berriz kasik urrez,
Nihoiz nihon itsusiak,
Kolore xuri-gorriak;
Eder bezin ona, omen,
Nork du aski laudaturen?
Jainkuak emana Jainkuari
Ungi duako handian.
Hari hurbil zen Infanta,
Eretu beltxetan pulita;
Erresuman maitatua,
Den bezinbat bantatua
Aingeruak bezin ezti,
Erregen arraza bezti,
Bardin mantalin xuritan,
Graziak ziren begitan.
Bi aldetarik zituzten
Fransesen printziak ikusten,
Adituz: zer muthil paria,
Damurik ez dela guria!
Hurbil ziren gero aldian
Cristina segida berian,
Muñoz, zeren zen ederra,
Haren Fernando beharra;
Narvaez, kopeta gaitza,
Iduri bezin borthitza,
Zarco, San Carlos handiak,
Jendez ere onhetsiak;
Asis, erregen odola,
Ben soldado bezala,
Eta hi gure Harispe,
Hango nihoren ahalke.
Begi golpe bat oraino
Zezenak has arteraino
Oi, zer jendezko baratzia!
Hori buruzko ohatzia!
Zer sederia ederra
Burutik lephua behera,
Broderia askorekin
Eginak orratzarekin!
Azken lerrotarik goiti
Ageri da behar guti.
Jendiek baleta Chinak
Han dituzte eros dunak;
Persak han ditu begiak
Seda artetik utziak;
Gathiak dire urre lodiz,
Ezpisatuak bekhaiztez.
Amerikako hazia
Han da hedatzen guzia;
Zilharginak badu hetan
Non irabaz kontuetan.
Zirikuz gordiak eskuak,
Iliak legun aphainduak,
Eva berri, espainolak
Pobrentzat dire idolak.
Andre gazte, bai zaharrak,
Aire ausarki beharrak,
Seinale dire alkhitan
Bere lorez haizeketan;
Konda lephokuen koloriak,
Soin beltz, hori, more, ferdiak;
Hetaz dire ezagutzen
Airosak non diren jartzen.
Gainbehera, oi ausartak;
Berinazko larga-bixtak
Hari dire seinalatzen
Zein den hobeki beztitzen;
Han dire bethi ageri,
Zein bere urian igeri,
Urgulu baltuz jauntzia,
Bere aldian jelosia.
Azken hori bethi dena
Biziotan higuinena,
Atzaparrik gaixtuenekin
Eta bihotz erriarekin,
Zeinek gehiago agur
Hari dire gauza eder;
Bat haizekin zabaldua,
Bertzia despitaz hestua.
Ez da ederkien dena,
Markisaz laudatuena,
Inbidia fugiarekin
Antolatuz begiekin;
Guti daki hark barkhatzen
Norbaitek badu ixitzen:
Ah, indiekin bizkarrian
Zer erremesia barnian!
Frantsesei girgileriak,
Hango urre, sederiak;
Xapelak Iruñarrentzat
Doian on besta maskatzat,
Lastuak iduri urrekin,
Traputzar batzuk sedekin.
Bego, bego begientzat
Nausi dena herrientzat.
Ez bedi Franses andrerik
Banta hobeki beztirik;
Gathu zehatuak ziren
Bertzez neurtzen baziren.
Aire pisua damurik
Iruñarrak duelarik;
Badu segur kortesia
Nor nahik bezin handia.
Jende deusik dakiena,
Mintzaritan ederrena,
Arraia da aldekuekin,
Bat egiten agurlekin,
Horra soldaduak berak,
Gardia ziren bakharrak,
Othoitzez zauden jendiari,
Sobratuz zuanian athiari.
Ez bertze asko bezala,
Sakrenonden daritela,
Dixidatuz kulazekin,
Salbaiatuz konsinekin.
Prudentzia segitzeko,
Ez da bethi fidatzeko
Kanpo itxura ederrei:
Fidatu behar da tzarrei?
Espainolak arrotzen du,
Konfiantza galdetzen du;
Frantziako ezkinetan
Eskas zen Nafartarretan;
Iruñeko itzuliak
Eman ez baitu begiak,
Egonen dire aphur bat
Maita gabe elkhar hanbat.
Nafartarra da ondua,
Behar da ezagutua;
Bertziak bezala da gaixtua;
Ez egin hobiagoz saltua;
Haren lurrak ez du nahi,
Adiskidentzaren bahi,
Arras haurrai arin diten;
Etzaie hori ematen.
|
|