www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arraldea
Nemesio Etxaniz
1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arraldea, Nemesio Etxaniz. Argiaren Idaztiak, 1923.

 

 

aurrekoa  

IX
Jainkoak ala beikigu!

 

        Aita ixildu zan: eta lenbizi Eleizan eta gero S. Prantziskoren semien lekaidetxean ordulariak bana-banaka amar dan-dan jo zituan. Anai guziok elkarl begira genion ta, bildurrak eraginda, aitaren ondoragotu giñen.

        Baña ua, ordua aditzeakoan, jaiki zan eta bere aboskera aldatuaz: «Amarrak, dio, ta oraindik lotaratzeke? Jaiki ta goazen lo-gelatara. Gabon Jainkoak dizutela!

        —Baita zuri-re.

        —Ondo lo-egin!

        —Biar arte!...».

        Ni txikiena nitzan eta ez nion aitari alde egin.

        —Alta nik gaur zurekin lo-egingo, bai?

        —Zergatik, seme?

        —Odolbeltzen ipuyak oso bildurtu nau-ta, bakarrik lotaratzen ez naiz ausartzen.

        —Atoz bada nerekin —esanda berekin eraman ninduan.

        Kalean aizea gogor zebillen, ta kazkabarra kristelak ausi bearrean zan. Soin guzia ikaraz nuala oeratu nintzan: gero luzaro loa nere begietatik urruti izan nuan. Noizbait orratik, loak artu ninduan.

        Ayek ziran amesak! An nitzan laster Arraldeko aitz artean: —«Ene! zein da ori? Odolbeltz!! Ara bere aiztoaz neregana... Aita! aita!...».

        Onela esnatu nitzan oe gañean zutik eta aitak eskutik elduta maiteki galdetzen zidala. —Zer dezu, seme?

        —A!... erantzun zion. —Odolbeltz amesetan nereganatzen ikusi det, baña... ez da egia, ez aita?...

        —Etzaite bildurtu, seme: ara illargia zeruan iñoiz baño ederrago.

        Alaxe zan: egualdia oso aldatua zegon: zerua ozkarbi, izarrez apaindua ta illargia baztar guziak argitzen zituala. Goizeko ordu biak ziran...

        Urrengo egunean lagun koskor guziok Munoan batuak geunden. Gure begiak Arraldera zijoazkigun, baña etzan iñor aratzeko gauza. Odolbeltzen ipuya entzun ezkerotik, urrutitik begiratzen genion alderdi ari.

        Onela ibilli giñan egunetan goiz-arratsaldero geure ogi puska eskuan genduela bakoitzak ipui berriak kontatuaz. Batek lapur-eriotzak, besteak itxas-ekaitzak: Pernando Amezketarra onek, Juanito Txistularia arek, eta abar.

        Gerora, urteak joan, urteak etorri, Arraldeko Garbaidunaren irudia gure buruetatik igesi zan, ta irudiarekin batera bildurra ere joan zitzaigun.

        Orain berriz bururatu zait, eta pozez ta naigabez ibilli oi naiz Arralde aitzetan. Naigabez, gure erriak zituan ainbeste ta ainbeste ipui zar ta asele eder galtzen ari diralako: —pozez— ostera, euskal-gogoa berriro ernetzen asi dalako, ta ernetze onek euskal asaben biotzak gureetan piztuko dituelako. Jainkoak noizbait zorion au bekigu!

 

AZKENA

 

aurrekoa