www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arraldea
Nemesio Etxaniz
1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arraldea, Nemesio Etxaniz. Argiaren Idaztiak, 1923.

 

 

aurrekoa hurrengoa

V
Otsoaren erasoa

 

        Esan bezela egin ere. Biaramonean Odolbeltzek garbai-nekale-jantzita gertu zuan gaberako. Manttoni bederatzi ta erdietan apaldu, umea lotaratu ta sukaldeko ontziak garbitzen asi zen. Onetan ari zala, ate-joka ekiten diote... Biotzak gorako bat egin zion ate-otsa aditzeakoan ta berez bezela umea lotan zeukan seaskara begiak joan zitzaizkion: barruak ikara zegion ume ua azkenengo aldiz balekus bezela.

        Bereala beste bi ate-ots: azkar-azkar ta dardaraz aratzen da. Gaba zorgin-zuloa baño beltzago zetorren! Luzetu argia zein ote zetorkion ikusteko ta... ene...! kurrixka bat egiñaz gorputzak atzera egin zion. «Odolbeltz ordu ayetanl Zertarako gero? Onerako ez, noski».

        Aurreratzen zayo Garbaidun-jantzian andre izutuari: goitik berañoko soñeko lodi auts-margoduna zuan; bizkarretik berriz kate ta burni-lokiak.

        —Aizu, etxekoandre —esan zion— gaur garbai-nekalietakoa naiz-ta argi zadazu bidea.

        Manttonik bildurraren bildurrez zer erantzunik ere etzekien. «Odolbeltzi argi-egin gau itzal artan! Ai ene, ta gizon arek, bera ilda, gorroto guziak ase naiko zituan! Ta ori jakinda-re joan egin bear... bai ba, Garbaidunak beren argitzallea aukeratzeko eskubidea zuten-eta, nai-ta-nai-ezkoa zan argi-egitea».

        Itzik ateratzeke, itxu antzean, artu zuan arkontzia: umeari bi laztan ixil-ixillak eman zizkion ta, biotza erdi-bi, Odolbeltz atzetik zuela atera zan. Etxe-tartean biak ixil-ixillik zijoazen; andrea aurrenen, noizean-bein atzera zearka begiratuaz ta gizonagandik al zuen urrutiena; gizona berriz Agurtza otoiztuaz begiak lurrean josita ben-ben atzetik.

        Munora eldu ziranean, andrea etxeak alde batera utzita erritik irtetzeko bidea zeramatela ikusirik, geroago ta bildurtiago zijoan.

        —Nora goaz? —galdetu zion garbaidunari.

        Odolbeltzek bere otoitz-antza uzteke, abost itzalgarriz, «Kolarkoko iturrira» erantzun zion.

        Emakumea toki artara zeramatela entzuteakoan, dardaraz asi zan. Badakizute iturri au nun dagon. Getariko bide zabalera irtetzeakoan, Granadako Duke-jauregi aldetik beste aldera zubia badezute: or bada, Duke-jauregiaren bestaldera baratza itxia ikusi leikezue. Iturri ori ortxe dago: orain orma barruan noski, baña garai artan ormarik eta aterik etzan. Guzientzat zabalik bai-zegon.

        Iturria bera baño-re bildurgarriagoa zuten arako bidea. —Zergatik ote? —Orduan Getariko bitxabalik etzalako. Orain alderdi ayetan bide zabal eta argia dezute: baño gure gertari onen garayan mendia ta itxas-ertzeko aitz solla besterik etzan. Manttoni ta Odolbeltzek bada, ondartzatik iturrira aitza besterik etzuten.

 

aurrekoa hurrengoa