www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arraldea
Nemesio Etxaniz
1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arraldea, Nemesio Etxaniz. Argiaren Idaztiak, 1923.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IV
Gaxoa!

 

        Manttoniren negarrak! bere biotzeko illunpe beltza! Nork neurtu gero? Iñork ere. Bere ume gaxoa lepoan artu, jaso bere besoetan, laztandu, berari begira-begira jarri ta azkenean, biotzean estutzen zuala, negar ta negar, ta negarrez ezin ase alargun naigabetua.

        Odolbeltz ostera, egun gutxi barru, gau ta egun jarraika asi zitzayon, ta lengo naigabez gañera ikaraz ta bildurrez lotua zekarren Manttoni errukarria.

        —Mantoni, oraintxe ba: senarra il zatzu-ta... nerekin nai bazenduke...

        —Beñere —erantzuten zion Manttonik.

        —Nere maitasunak zure biotzaren utsa beteko du. Nere zoriona zurekin ta zuretzat nere...

        —Neretzat il zaidan senarra besterik etzan bai, ta ura joan zaidan ezkero malkoa besterik ez dute nere begiak: biotzak berriz... oi, au gau beltza!

        Itz auekin batera negarrari ematen zion. Odolbeltz gaiztoa ordea, negarrak errukitu bearrean, su bizian jartzen zuan. Alakotxea zan bere biotz makurra!

        —Ez al-dakizu zein naizen? —erasoten zion ikaragarri alargun gaxoari—. Onean makurtzen ezpazera ba, txarrean ondo ezagutu bear nazu, orratik!

        Onelakoak oi ziran gaxoaren egunak senarra il zitzayonetik; ta gizon aren bildurrak bein edo bein bere biotza makurtuko-ez-makurtuko bazerabillen ere, senar zanak utzitako umea ikusteak bere gogoa sendotzen zion ta alperrik ziran Odolbeltzen alegin guziak. Alargunaren biotza ildako senarrean zegoan ta beste ezkontzarik etzuan nai.

        Urte bat, bi, iru. Manttoni beti-re zuzen, beti-re garai. Odolbeltzen biotzak maitasun-antz guziak bein-betiko galdu zituan, eta gorroto-ukeldeari ate zabala iriki zion. Jarri zan len maite zuenaren ondoren, bigundu ezin zuan biotz ua bere aizto gaizkilleaz zatitzeko: baña ardi sotillak beti-re otso amorratuaren agiñetatik iges-egiten zuan.

        Alako baten, sulezeko etsayak-edo... gorroto zuan emakumea iltzeko aukera egin zion.

        —Biar —zion Odolbeltzek—, gabaz Garbaidunak batzekoak dituk, neu-re garbaidun jantziko nauk... Garbaidunei argi-egitea bearrekoa dek bai, ta bidea argitu dizadan Manttoniri ots-egingo ziot... Gaba illun... noizbait bakarrik geldituko gaituk... A, emakume arro ori biar nere eskuetan il-bearra dek!

 

aurrekoa hurrengoa