www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arraldea
Nemesio Etxaniz
1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arraldea, Nemesio Etxaniz. Argiaren Idaztiak, 1923.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VII
Aitz-artean igesi

 

        Emakume errukarria geroago ta kezkatsuago zegoan: Odolbeltzek noiz erasoko bildurrez, beti-re atzera begiraka. Alderdi guzia ixil-ixillik! Iñoren aztarranik ez: garbaidun gaiztoaren kate-otsa bakarrik.

        Noizbait aitz-artean ziar asi ziran. («Arraldea» zayo izena toki ari, arriz betea dagoalako) ta emakumea gizonagandik al zuen urrutiena zijoan. Iñoiz gizona katez lotua zetorrelako, atzeratu egiten zan ta Manttoni aitz gañetan, ua igo zai, argi-egiñaz gelditzen zitzayon.

        Odolbeltzen arpegiak Arraldeko illunpean izugarriagoa zirudien: itxasoko olatuak ondartzan lertzeakoan, barru-barrurañoko ikara beltza zemayoten Manttoniri. «Ara nere azkena! zion. Oraintxe erasoko dit gizatxar orrek, emen det laster bere aizto gaizkilleaz nere biotza erdibitzera! Au larria! au egoera beltza!».

        Azkenengo aitzera eldu ziran. Odolbeltz kateagatik nekezago zetorren artean: Manttonik berriz, oi zuanez, arin arin aitz-muturreraño igo zuan. Zer egingo? Antxe zegon iturria: Odolbeltzek araño bakarrik laguntzeko agindu zion lentxeago.

        «Agindu bezela egin det, esan zuan bere artean emakumeak. Une bat geyago gelditzen banaiz, ementxe ilko nau gizatxar orrek. Aingeru Zaitzallea, zaitu nazazu!».

        Besterik gabe artzen du arkontzia ta, gizonak bere zai an dagola siñistu dezan, aitz-gañean uzten du. Gero tximista baño ariñago aitz-artean igesi ekiten dio. Bildurrak egak zemaizkiola zirudien. Aren lasterketa!, Aren aitzulo-gañak azkar igarotzea!

        Odolbeltz, emakumeak uste bezela, aitz gañean zegon argia ikusirik emakumea ere an zualakoan, bazijoan. Baña aitza gaindu zueneko bere atzipena ta emakumerik eza ager zitzaizkion. Bertan ao beltz arek birao naskagarri bat bota zuan. Alde guzietara begira ekiten dio: gabaren illunpe beltza besterik ez... Amorroaren amorroz kate gogorraz soña joka asi zan. Alako baten andrearen gona gorria Munoan gora begiztatzen du.

        Ai, —Ikusi al dezute arrano beltza bere atzaparrak gerturik; oñeztarria baño ariñago arkume gaxoaren gañera erortzen; ta lenengo erasoaldiak uts egiten badio, bigarren aldiz amorro biziagoaz begi-idiki batean goi-goitik bera zorrotz bere burua botatzen?

        Alaxe ba Odolbeltzek, bere atzaparretan zekarren emakumeak igesi ta berriro nabaitu zuanean, begi beltz ayek illunpean argitu zitzaizkion, ta soñean zituan kate ta guzti gorroto-zantzo bat egiñaz, iparra olatu gañean baño ariñago, aitzez-aitz ondartza aldera lasterka ekin zion.

        Gaizkillien begiak zer dutenik eztakit nik baña illunperako egiñak dirudite. Beren azkena tokirik illunena, sulezea oi dutelako ote? Ala nunbait.

        Odolbeltz une batean, aitz guztiak igaro ta, ondartzaratu zan. Alboko gauzei begiratzeke itxu-itxu zijoan. Emakumea bakarrik. Igesitako emakumearen gorroto itxu-amorratua bere biotz kixkalduan.

        Itxasoa goraka zetorren ta uin bakoitza ondartzan lertzeakoan, olatu gañean mamu arin-taldea egaka urbiltzen zan. Mamu arin ayek Odolbeltzi belarrietaratzen zitzaizkion ta bere amorroa geitzeko, parrez ekiten zioten esanaz «A, kaskallu zarra! Eure eskuan euki emakumea? ta azkenean bizirik iges egin ere bai? Eztaukak berriz arrapaturik, alako kerten orrek».

        Ontan beste olatua lertzen zan ta an ziran piloka beste mamu-taldeak. Joaten zitzaizkion Odolbeltzi ta batek oñetatik, besteak bizkarretik bultzeka ekiten zioten: Ia Odolbetz! pixkat azkarrago... ta eure eskuetan dek emakurne arro ori. Jo ortan! Ia erri-barruan bada-re arrapatzen dekan! Guziak garbaidunetara joan dituk eta erria utsik zegok. Elduyok antxe ta iñork ikusteke, il ta kito. A, orduan bai pozik ire biotza ta ase ire gorrotoa!

        Ta onela ziotela bultzeka zeramaten gizatxar ura. Mamu ayek txerrenak ziran ta, oi dutenez, Odolbeltzen gogo lizuna gaitzera geyago makurtu nai zuten. Onek, txerrenen esanak entzunda, gorroto-bururapen biziagoak zerabilzkian bere barrenean: ta zeñek itz-egiten zionik ez bazekien ere, txerrenen iseka ta algarak amorro-labe goria izutzen zioten bere biotzean.

        Bitartean emakumea arnas-estuka, Munoa igarota, kalean ziar tximista-utsean zijoan. Baña aitzetik arañoko bideaz indarrak auldu ere batzaizkion eta gizona geroago ta urreago nabaitzen zuan. Antxe zegon bere etxea Itxas-kalea igarota berealaxe, baña atzean aditzen zuan oin-otsak agi asko adirazten zion etxera baño lenago gizona gañian zuala.

        Orduntxe, kale mutua okertzeakoan, orpoz-orpoz zetorkion Odolbeltz: ta bere azkena an zualakoan uste guztiak galdu zituan. Odolbeltzen aiztoak gabaren illunpean dir-dai egin zuan: arnas estu bat geyago, ta Manttoniren lepoan zan aizto galgarria. Baña onetan irrist eginda luze-luze erori zan gizagaiztoa: baita ua sapoka ta biraoka zegon bitartean, emakumea etxeko atera azkar eldu ere.

        Bi aga luze-aztunak batetik bestera sartzen ditu. Une bat gerotxoago an zan Odolbeltz atea bota bearrean. Manttoni bildurrez ta ikaraz koxkolduta noraitu etzekiela, atea noiz eroriko zai zegon. Etxean bakar-bakarrik; auzoan laguntza eske asteko-re iñor ez!

 

aurrekoa hurrengoa