www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lehenagoko Eskualdunak zer ziren
Mixel Elizanburu
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lehenagoko Eskualdunak zer ziren , Michel Elissamburu (Asier Trekuren eta Iņaki Nazabalen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

XII
Martin-Gazte zenaren ahokia

 

        Martxoaren hastean, arrats Batez, bertze arratsetan bezala, bildu zen auzoetarik jende multzo bat Karakoetxeko sukhalde ederrerat.

        Naturalki solasak hasten ziren egunaz gerthatu gauzen gainean, eta nola egun hartan ehortzia izan baitzen orok ezagutzen eta estimatzen zuten Martin-Gazte, gau hartako bilkhura hasi zen mintzatzen haren sepulturaz.

        Batek zioen ez zuela aspaldian ikhusi goiz hartan bezalako ahokirik.

        Bertze batek zuen adiarazi anhitz luzea zela egiazki ahoki hura. Bertze norbaitek dio oraino, kasik eliza bethea iduritu zakoia jendeak hil-herrietarat atheratu aitzinean. Leonek bere aldian du erraiten: Eta zer diozue Dies ira kantatzean ofrendaras joan izan den jende osteaz?

        Mariak: Nihaurrek kondatu ditut hirur-hogoi eta hirur meza kantatu, ela ehun eta berrogoi meza ixil.

        Ainesek: Legatak ere pullitak omen ziren; ehun libera elizarendako, bertze ehun jende beharrendako, bertze ehun ospitalearentzat, eta berrogoi eta hamar konfrarioentzat.

        Joannes-Baptistak: Horiek oro ongi juan dire; bainan nik ikhus ez dezaketana da elizatik atheratu eta hilaren etxean emaiten den aphairua.

        Ez naiz inintzo herriz kanpotik jiten diren ahaide eta adiskidez; bainan mintzo naiz herriko berekoez eta ardura auzo-auzokoez.

        Xobadinek: Ez ahal zinen beraz han zu, Joannes-Baptista?

        Joannes-Baptistak: Ez segurki, ez nintzan, han. Moda hori ez dezaket niholere jasan.

        Leonek: Ez da pollitenetarik. Gurekin jin bazina Poxulurat, ikhusiko zinuen etxe guzia bethea gizonez eta emaztez, eta segur galdeginen zinuen zure buruari non behar ziren kokatu jende hek guziak. Ezkaralzaren erdian ziren hirur mahain handi; bainan, hetaz kanpo, non nahi ikhusiko zinituen, guziz emaztekiak; eskalerretan, orgen gainean, bai eta zonbait barrukian berean.

        Joannes-Baptista: Zer bazkari zinuten nahi nuke jakin, Leon.

        Leonek: Joannes-Baptista, badakizu ortziralea zela, eta beraz mehe eguna.

        Joannes-Baptistak: Hala da, ez nintzan gauza horri ohartzen.

        Leonek: Eman daukute lehenik bakotxari azieta baten bethe kozina, ilhar, aza, lursagar, phorru eta phastenagrez egina. Gero baginuen ilhar saltsa, ausarki; bacen ondotik, marluza, españolen eskuaran bakallaua deitzen dena.

        Hirurgarren plata zen, mahi bakotxean, bahea bezain zabaleko arrolze rnoleta bat, minagreko bipherrekin.

        Baginituen, ahoaren garbitzeko, bi desert onak, gasna eta intzaurrak.

        Horiekin guziekin bazen arnoa, edo bederen omenez eta famaz arnoa zena. Orai galdegiten dautzut ez ginuenez aski, edo zer behar ginukeen gehiago.

        Joannes-Baptistak: Arrazoin duzu, Leon, estomakarik largoena bethe daiteke ilharrez eta aiphatu bertze gauzez.

        Horiekin guziekin balin bazen ordena ona eta ixiltasuna, ez nituzke naski sosera kondenatu behar sepultura eguneko, gisa hortan egiten diren bazkariak.

        Leonek: Hortarik hunki nezazu, Joannes-Baptista. Non nahi eta bethi eder badire bi gauza horiek, ordena eta ixiltasuna, konbeni laitezke guziz norbait ehorztera igorri duen etxean, eta bederen egun hartan.

        Ez bide dire zorigaizki gauzak hola pasatzen. Nik erranen dut egun ikhusi dudana.

        Elizatik itzuli gare Poxolurat lerro-lerro, othoitzean gehienak, eta zenbait elheketa, bainan ahapetik.

        Mahian ere eman gare gisa berean.

        Doludunek soinean atxiki dituzte, gizonek beren kapak, eta emaztek beren mantaletak. Bertze emazteki guziak ere beren mantajinez kukutuak ziren mahaian, nola gizonek baitzauzketen beren bonetak kopetan behera harnasko sarthuak.

        Molde hortan, oro burutik behera estaliak, sarkhor eta hunkigarri zen gure ikhustea.

        Bakotxak jan du bere zopa deus handirik erran gabe, bian gero, koipetto bat edan eta, barneak bietan berotuak izatearekin, mihiak ere dire zalhutu.

        Lehenik solasak hasi dire emeki, gero goraxago, eta azkenian anhitz eta sobera gora.

        Egia da guziek nahi zutela laudatu Martin-Gazte zena. Batek du erraten bethi izan dela gizon zuzena.

        Bigarren batek zela arras leiala, bre hitzaren jabe zena.

        Hirurgarren batentzat zen gizon langilea, behinere alfer ikhusten ez zutena. Bertze laugarren batek ez dezake aski erran zoin zen arruntki bizi, zoin zen zuhurra, eta nola zituen hartako bethi beren orenetan zorrak pagatzen, nola ere baitzen bethi bere intreser jarraikitzen, etc.

        Bostgarren batek dio Martin-Gaztek laudorio horiek guziak merezi dituela, bainan zela lehenik herriko gizonik alegerena, ederki eta inozenki irri egin-araziko zuena.

        Gazte gaztedanik bethi omore onekoa zela, zuten orok ezagutu

        Napoleon lehenaren denboran soldado zen, orduko gizon gazte gehienak bezala. Egun batez guardiako zuten ezarri Bordelen, ez dakit zoin karriketan edo zoin postetan. Bazabilan harat, hunat, bere harma besoan, noiz eta ere norbait hurbiltzen baitzaio, galdegiten dakola heia zonbat orenak diren.

        Martin Gaztek dako ihardesten sanfretik handienean: Hogoi eta hamar orenak dire.

        Il est trente uures, Messié!!

        Gure Bordelesa zin zinez samurtzen da, dioelarik egundainotik soldado frantsesak errespetuz betheak izan direla guzien alderat.

        Martin-Gaztek ez baitzuen penarik emaitea xerkhatzen, bainan bakharrik irri egin araztea, dio orduan erraiten aire maltzur batekin, Katedraleko erlojak jo dituela hamar oren, Jondoni Mikaelekoak ere hamar eta Santa Eulaliako ezkilak bertze hamar. Beraz hamar, hamar eta hamar direla segurki non nahi hogoi eta hamar. Trente uures, Messié!!

        Lehenik samurtu zen jauna, ikhusiz ez zuela bere aitzinean gizon gazte bat gaixtoa, bainan bai bere eta bertzen alegeraaztea maite zuena, aitzina joan zen bere bidean, burua aphalduz, irriz eta erranez trente uures, trente uures, hogoi eta hamar orenak.

        Ixtorio hori aditu zutenak, ahantzirik non ziren, edo hobira lagandu zutenaren etxean zirela, karkailaka entzun ziuzten.

        Gero, gizon bilo xuri bat, bere baso arnoa hustu eta da xutitzen, erraiten duelarik baduela harrek ere bertze ixtorio bat erraiteko.

        Aspaldi du Martin-Gazte eta ni oraino gazteak ginelarik, behin meza nagusian kausitu ginen, igande batez, bat bertzearen aldean. Ebanjelio ondoan Jaun Erretora igan zen predika alkhira, mintzatzeko gormandizaz eta guziz hordikeriaz.

        Bethi orhoituko naiz nola predikaria, goraki, beroki, saminki mintzo zelarik, ene aldeko lagun Martin-Gaztek egin zuen jestu bat bizi-bizia, eta abiatu zen hitsipitsi, hatsepatsa bere buruarekin elheketa.

        Beharrira galdegin nakon heia zer zaasan ahapetik. Ago ixilik, zautan ihardetsi, elizan gaituk.

        Ixildu nintzan bortxaz; bainan elizatik atheratu eta, hil-herrian berean, berriz galdegin nion nori mintzo zen, eta zer erraten zuen elizan.

        Martin-Gazteren errepostua hau izan zen: «Orhoit hadi, Bettiri, Jaun Erretorak erraten zuela preseski orduan berean: Edaten hasten zaretenean, bestiak baino soriesagoak, zarete.

        «Beha zazue zuen kabaler, zuen idi eta behier. Errekara joan arazten ditutzuenean edanarazteko, ase direnean, gelditzen dire. Zuek aldiz, ez dakizue izariz gelditzen.

        «Nik orduan hari errepostua, ahapetik: Guk ere badakigu, gure idiek eta behiek bezala, hek edaten dutenetik izariz baratzen. Bai, aise zauku izaria hartzea eta soberakina uztea errekako uretik, ez ordean hasten garenean barrikako jus gorritik.»

        Hitz hauk aditzean, irri farra handi bat egin zen ezkaratz guzian, eta adio beraz tristezia eta dolua.

        Ixiltasuna berriz egin zenean jende oste haren artean, harrabots horien ondotik, Bettirik adi arazi zuen, Martin-Gazteren laudorioetan, ez zuela hura sekulan ikhusten elheketa elizan.

        Ardura ere omen zuen erraiten here haur, etxeko eta sehier, ez dela eliza solaseko tokia bainan bai othoitzekoa.

        Bettiri jartzearekin, hor xutitzen da Sancho, dioelarik: Nik erratera nohanak, iduriko du lehenik Bettirik ez dautzuela arras egia erran, guk galdu dugun adiskide onaren gainean; bainan preseski nahi ditut finkatu Bettiriren hitzak.

        Huna zer gerthatu zakon Martin-Gazteri igande arratsalde batez. Aste guzia ogi joiten korrea ukhaldika arizan eta osoki unhatua zen. Juan nahi izan zuen hatik, bere usaiaren arabera, bai meza nagusirat, bai bezperetarat. Bainan naturaleza garhaitua, nahi eta ez lokhartu zen arras, bezperen hastean, bai eta lo zagon oraino Magnifíkatean.

        Bere adineko auzo bat zitzaion hurbildu, eta inharrosten zuelairik zakon erran:

        Martin-Gazte, Magnifikata duk; jende guzia xutik zagok, hi ere ilkhi adi hortik.

        Martin-Gaztek, bere begiak zituelarik thorratzen, errepostu hau zuen egin: Utz nezak geldirik; ni oraino Dixitean nuk...

        Haren inguruetako bertze gizon eta muthil gazteak aise ziren irriz abiatu, eta horrek zakon pena eman, oixtian erran duzuen bezala, ixiltasuna eta seriostasuna nahi baitzituen bethi ikhusi elizan.

        Azken hitz hauien ondotik ere arrabots, irri eta elhe izan da Poxoluko ezkaratzean; eta naski abal bezain laster dolua juan arazteko, hirurgarren gizon bat xutitzen da oraino, hura ere ixtorio berri baten khondatzeko. Hark ere dio bere aldian: orai duela lau edo bost urthe, igande goiz batez, Martin-Gazte zena atheratu zen etxetik bizarra erdi egintxea, bizar nabala muthitskoa zuelakotz.

        Norbaitek, gisa hortan ikhusiz, erran zion: Nork phikatu dautzu bizarra?

        Martin-Gaztek: Pikhatua dena, pikhatua duk nitaz, eta pikhatua ez dena, ez duk phikatua nehortaz.

        Brabo! dute oraino adiarazten bazkaria akhabatu eta, sobera deskantsuan zaudenek.

        Ez ziren ixtorio guziak azken huntan behar akhabatu; bainan itxuraz anhitz errespetagarria zen laugarren batek galdatzen du haizu izanen zakonez, hari ere, ongi dazkien bi gauzattoren erratea. Ez duzue hatik uste izan behar zuen alegaratzea bilhatzen dudala, deie adiarazten Xobatek. Kheinu egin dakote mintza zadila, eta huna zer erraten duen.

        Martin-Gazte zena, erran duzuen bezala, ardura alegera zen, eta ororentzat maithagarri; bainan ez zen haren aitzinean behar kolpatu Jainkoaren legea, guziz phondu arras deuatu batzuen gainean, nahiz hitzez, nahiz kantuz, nahiz bertze gisaz. Aspaldi du, marxoko egun eder batez, goizetik joan zelarik landa begi batetarik, preseski landa haren jabearen mintzatzera, ikhusi zituen, ogi jorratzale, neskato eta emazte andana bat, eta hetarik bat edo biga, bertzeak baino atrebituagoak eta tzarragoak, hasi zizaizkon hirritatzen.

        Lehenik, ez zeien khasu handirik egin, naski uste baitzuen laster geldituko zirela; bainan ohartu zen aitzina ari gogo zutela.

        Hetarik bat ere zen abiatu zenbait phersu arinen khantatzen, ustez dudarik gabe, Martin-Gazte hasiko zela, bere phartetik, heier kobla emaiten.

        Ez baitzuten ongi jorratzaile heiek ezagutu ordu artean Martin-Gazte, orduan nor eta zer zen jakin zuten.

 

        Gora gora zeien erran emakumeak zoin diren higuingarri, non ez duten erakusten modestia handi bat, beren solasetan, kantuetan, beren beztimendetan, beren maneretan; bai eta direla gai Jainkoaren madarizionen etxe baten gainerat jauts arazteko. Badakizue, bederen gehienek, nola, orai duela bi urthe, uztailaren lehen egunetan, landa huntan berean, harri erauntsi batek, ixtant batez uzta guzia zuen funditu, erhautsi eta osoki gal arazi. Zuen khantu tzarrek eta zuen ahapaldi zikhinek, berriz diot, Jainkoaren zigorrak hunat eta inguru hautarat ekhar araz dezazkete. Gure emakume hitsek, eta sobera ausartek, buruak aphaldu zituzten eta guziak ixildu ziren.

        Martin-Gaztek landaren nagusiari ere adiarazi zion langilek behar luketela bethi ukhan etxeko norbait berekin, ez bakharrik lanean hobeki eta denborarik galdu gabe arrarazteko, bainan guziz behar ez diren solasen eta egintzen debekatzeko.

        Ixtoria hau zueneko akhabatu, galdegin zakoten Xobati bertzea, eta ez zuen nahi izan othoiztua bietan.

        Huna nola khondatu zuen bigarren gerthatu gauza. Harri uharra landa haren gainerat erori zen urthetik bertzean, joan zelarik nagusi beraren mintzatzera, phentze batzuetan gaindi, aditu zituen behar ez ziren solas batzu, bai eta ohartu zen ongi ez ziren josteta batzueri. Bi hitzez, sekho sekhoa, edo idor idorra, erran zuen, hain gaizki mintzo eta jokhatzen ziren gazte zoroer, agian Jainkoak ez zituela mundu huntarik beretik gaztigatuko, ez hek, ez eta phentzearen jabea; bainan beldur izateko zela haren othoitza ez zadin izan zeruaz entzuna.

        Martin-Gaztek arrazoin zuen; handik lau ilhabete gabe, belhar langilen bekhatu mortalez, iduriz zikindua eta phozoindatua izan zen, hartarik janez, eritu ziren eta hil barrukil bereko idi pare bat, hirur behi betroin esnedun, ergi gorri bat eta miga gazte bat kolore berekoa.

        Behor eder batek zorthe bera izan zuen bere behokairekin. Etxerik azkarrenak, harriz joak badire urthe batez, bertze urthean ez bada uztaren erdia baizik, eta gero balin bada kabaletan gaitza edo heien hiltzea, erran daiteke abian dela etxe hura errekari behera, eta, Jainkoaren koleraren azpian lehertua; jo dezakela laster peko zola.

        Martin Gazte zenak, bere fede handiarekin eta bere zentzu osoarekin, ez bazezakeien sofri landetan eta phentzetan erraiten edo egiten diren behar ezdenkeriak, ez zituen gutiago arbuiatzen eztei batzuetan ikhusten eta aditzen direnak.

        Ez du oraino urthe bat erraiten nakoia holako etxea saltzera zohala. Ez naiz estonatzen, zautan ihardetsi Martin-Gaztek. Nahiz ez nizan profeta, ez profeta baten semea, aspaldi erran nuen hori gerthaturen zela.

        Huna zertako mintzatu nizan gisa hortan. Etxe hartako jaun eta anderea esposatu zirenean, komitatu ninduten ezteietarat; bainan dolutu zitzautan ongi han aurkiturik, ez baitziren batere eztei hetan gauzak pasatu giristino gisa.

        Bazen han orduan bozkario, alegrantzia, irri eta kantu; bainan geroztik ikhusi da bertze molderik. Hasteko, senhar emazteak ez ahal dire bizi bakean edo batasunean.

        Gero bi haur segurik badituzte eritsuak; hirurgarren bat da osoki bandila; laugarren batek ez dakote emaiten, bere herrebestasunaz, atsekaberik baizen. Nik dakita bertze zer asko eta asko nahi gabe ez den gerthatu familia hartan?

        Hok guziak, behar bada, dira espos egunean egin hutsek merezitu zituzten zeruko zigorrak edo gaztiguak.

        Xobat mintzatzetik gelditzearekin, Poxolua hustu da, orduko guziak aseak baitziren. Zenbait ez dira goizegi juan bere etxetarat.

        Joannes-Baptistak: Oseba jauna, zer diozu orai Eskual-herriko ahokiez, edo hil bat ehortzi eta haren etxean egiten den bazkariaz, anhitz irri eta arrabotsekin?

        Morde Garakoitzek: Ene iloba, oraino gazte zare; bainan denborarekin ezagutuko duzu gizonek, nahiz bestiek ez bezala, arrazoina eta zentzua baduten, sobera maiz bestiak iduri dutela.

        Egiaz hala da. Arthalde batetako azinda bat hartzen bada hiltzeko, edo oilotegiko buru bat edo biga, badire hiltzen bertze guziak aitzina ariko dire jaten deskantsuz. Gauza beratsu gerthatzen da gizonen artean...

        Ahal duenak erran dezala nondik heldu den gauza hori; ni segurik ez naiz gai horren errateko, edo ez dut aski izpiritu eta jakitate konprenditzeko eta konprendiarazteko, nola adimendua duen jende bat izan daiten adimendurik ez duten izaiten pare.

        Ahoki batzuetan kausitzen diren gizon batzuek erakustera ematen dute ez dutela fede izpirik, eta direla aiphatu bestia hek iduriak, bai eta hek baino ariagoak.

        Hilaren ondotik elizan sarthuko dire, edo ez dire sarthuko; sar ditetzen edo kanpoan egon diten, berdintsu balio du...

        Hil-herrirat joatean ere, ez ditutzu othoitzean ikhusiko, bainan bai solasean ari direla elgarrekin.

        Halako hamar mila gizon eta emazte ikhustea baino ahoki batean, hobe da ikhustea bost arima jainkotiar, othoitzean ari direnak deboki.

        Hemen behar dautzuet erran zer irakurtu dudan bertze orduz liburu batean, naski Salamankan nintzelarik.

        Behin jaun aberats bat juan izan zen fraide batzuen komentu batetara, othoitzak eskatzeko herriki galdu zuen ahaide baten fagoretan.

        Bere galdea egitean, eman zuen, moltsa batean, soma handi bat urhetan, komentuko buruzagiari.

        Berehala ezkila joiten du superior hunek. Fraideak heldu dire elizarat, eta kantatzen dute bakharrik Requiescat in pace, Amen, eta atheratzen dire berehala kanporat.

 

        Gure jauna estonatzen da nola, eman duen somaren truk, ez duten erran bi hitz baizik, eta erraiten dako superiorari beha dezan ongi moitsaren barneari. Superiorak izkribatzen ditu paperxka baten gainean hitz hok: Requiescat in pace, Amen, eta emaiten ditu balantza baten platean; bertze platean du ezartzen jaunak eman soma.

        Jaun hunek miresten du, eta egiazki miretsgarri zen, nola fraiden othoitza zuen paper ttipia phisuago zen, hark eman soma baino.

        Ordu artean bezala, edo geroago eta gehiago, sinheste izan zuen komentuetan bizi direnen orazionetan.

        Morde Tristantek: Sasoin kontrako fruituek komuzki gauza guti dule balio. Bizkitartean atseginekin aditu dut Martin Gazte zenaren hilean zirenek hartaz egin dituzten laudorioak.

        Morde Garakoitzek: Ene kusia, haren ixtorioak kondatu dituztenek orhoit arazi nute gure liburu sainduek dioten hitz batez Defunctus adhuc loquitur.

        Martin-Gazte aski ezagutu dut, eta bethi iduritu zaut zela egiazko Eskualduna. Bada, orok badakigu net ongi:

        1.gorik, Eskualduna egundainotik izan da Erlijione sainduari bihotzez atxikia;

        2.gorik, Eskualdun egiazkoak fedearekin ditu erakusten badituela egiazko berthuteak;

        3.gorik, Eskualdun, egiazkoaren ahotik ez da atheratzen ez solasik, edo elherik nihor ahalga edo gorri dezaketenik;

        4.gorik, Eskualdun egiazkoa, Jainkoari lehenik eta gero gizoner bethi leial da egoiten;

        5.gorik, Eskualdun egiazkoa, bere hitzetan, bere agintzetan ez da nola nahi kanbiatzen;

        6.gorik, Eskualdun egiazkoak lana maite du, eta behinere ez du utziko biharamunerat egun egin dezakena;

        7.gorik, Eskualdun egiazkoari arruntki bizitzea lakhet zako, baitaki luzaz bizitzeko segretuetarik bat hura dela;

        8.gorik, Eskualdun egiazkoak gastu alferrik ez du egiten, ez janean, ez beztimendetan, ez eta etxeko hatu edo mubletan;

        9.gorik, Eskualdun egiazkoak bertzen ohorea ez lezake deusetan kolpa. Ez da ere bertzen egitekoetan behar gabe sartzen;

        10.gorik, Eskualdun egiazkoa bethi ekharria da bertzeri atsegin egitera, eta guziz erromesen laguntzera;

        11.gorik, Eskualdun egiazkoari ez zako aski bera ona izatea; nahi du, hartaz denaz bezenbatean, bertzeak ere onak izan diten,

        12.gorik, Eskualdun egiazko bati, denean holakoa, aise lakhet zaio, Martin-Gazte zenari bezala, irri egitea eta egin-araztea.

 

        Morde Garakoitzek: Aspaldi errana da, seinalerik hoberena ezagutzeko jende edo populu bat ona denez, aski dela ikhustea edo jakitea heia maite duen irri egitea.

        Jende bat oraino ona denean, josteta ariko da haurrak bezala.

        Oxala! Egungo egunean ikhus baladi Eskualdunen artean lehenago gure arbasoek zuten bozkarioa! Ez dakigu gehiago, hek bezala, irri egiten eta egin-arazten.

        Ez dugu ere aspaldian aditzen, lehen bezala, gabaz, ilhargi xuritara, norbait joan dela bidean xaramela soinuz, edo hixtuz, kantuz.

        Nehork kasik ez dazki gehiago gure aitzinekoek emaiten zituzten kantu zaharrak, eta guziz kantika ederrak.

        Joannes-Baptistak: Aita, oseba jaunaren eta zure phentsatzeko moldea onhesten du gaurko bilkhura guziak; bainan naski ordu da bakotxa juan dadin bere etxerat, bai eta harat geroz oherat. Hitz hok aditu eta, etxea hustu zen.

 

aurrekoa hurrengoa