www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lehenagoko Eskualdunak zer ziren
Mixel Elizanburu
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lehenagoko Eskualdunak zer ziren , Michel Elissamburu (Asier Trekuren eta Iņaki Nazabalen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

II
Karakoetxeko familia eta hango sehiak

 

        Karakoetxeko auzokoez mintzatu onduan, arrazoin gehiagoz behar naiz mintzatu Karakoetxeko jendez-berez.

        Lehenik dut erranen hango artzain zahar Josepek bazituela hirur hogoi eta hemezortzi urthe, eta han baitzen zortzi urthetan jina, ikhusi zituen, hirurhogoi eta hamar urthe hetan, etxeko zahar guziak hiltzen, eta gazte guziak sortzen, bai eta Tristant, nagusia bera ere.

        Josepi guziek zu erraten zakoten eta hark orari hi, to, eta no. Margarita, etxeko neskatoa, gazteagoa zen, nahiz harrek ere bazituen berrogoi eta zortzi urthe, eta hogoi eta sei han zela.

        Errana da: Gathu zaharra eta sehi zaharra etxean maiz poxolu direla.

        Erran hori ez zen Josepentzat baino gehiago Margaritarendako, ezen familiakoa izan baliz bezala zakoten, hari ere behatzen, zeren gisa hartan baitzituen bethi hartu etxeko intresak.

        Margaritak zituen egiten egun guzietako lan arruntenak: ur kharreatzea, hazinda beltzeri jatera ematea, xurikiten egitea, etc.

        Bazkal ondoan kanpo lanetan arrarazten zuten eta denbora xarretan eta arratsetan, iruten. Behar dut ere erran irule handi bat zela.

        Piarres muthila, hogoi eta bost urthetako gizon gazte on hazkar bat zen, ongi irri egitea maite zuena, guziz aiphatu dendariaren eta atsoaren gostuz.

        Erran behar dut hatik Xobadinek ez zakola sekulan barkhatzen Piarresi, eta azken hau behar zela ixildu, zenbait hirritu egin ondoan, irri zuri bat zakotelarik ezpainetan ikhusten.

        Karakoetxeko familiak bazituen lau presuna.

        Etxeko alaba, Maria, zen hemezortzi urtheko neskatxa propi bat, seriosa, modesta eta egiazki gisakoa.

        Jadanik bazakien, ez dut erranen bere buruaren maitharazten, bainan hori baino hobe dena, orotaz errespetarazten.

        Bere gradoari zohakon bezala, erran nahi dut etxeko alaba handi gisa, bethi ongi emana zen; bainan nihork ez zezaken erran haren aphaindurak izariz goragokoak zirela, edo zela hura urgulusa bat.

        Egundaino nihork ez zuen ikhusi haren buruko ilerik.

        Egia da ez zela oraino jina egungo moda apho ergel bat, zoinaren segitzeko emakume imixil batzuek atxikarazten baitute bere kaskoaren gainean, bost iskilinbez, bere gisako mokanes izpi, izpi bat, ez dakit nolako eta zenbat papiloten erdian.

        Joannes-Baptista, etxeko primua, gizon gazten modela zen, othoitzeko eta laneko zuen gostuaz, nola arinkeria guzietarik urrun egoiteko zuen arthaz.

        Ilhabete guziez, edo maizago, bai eta urtheko besta buruetan hurbiltzen zen sakramenduetarat, nehork erran gabe.

        Geaxane, etxeko anderea, bethi etxean zagon, bere lanetan, non ez zohan zonbait aldiz plazarat zerbaiten erostera.

        Bazakien ederki jenden errezebitzen; bainan ez zakon laket auzoetarat juatea berriketa, edo solasean alferki oren osoen iragaitea.

        Igandetan, elizarakoan, edo elizatik etxerakoan, ikhusten zen erregina baten pare, ongi aphaindua, urhe kurutze handi bat papoan, bere esposeko erhaztuna erhian, mantalet eder baten barnean, ondoan zuela bere alaba Maria, hura ere mantalinaz modeski estalia.

        Inguruetako probe guziek bazakiten Andere Geaxane zein zen karitatosa, eta hari ziren gogotik beren behar orduetan adrezatzen.

        Eskalerik jiten bazen haren borthara, ez zakon, Andere Geaxaneri, aski ematea ardit bat edo bi artho buru ttipi; bainan emanen zuen jateko puska bat.

        Eguerdi iria bazen, ez zituen igorriko pobreak heier eman gabe azieta bat salda, bertze zerbaitekin, nola baitzuen ere pobre eskale bereri gabazko atherbea ofritzen.

        Hitz batez, Andere Geaxanek zituen goseak asetzen, buluziak beztitzen, eriak soleatzen, beharrak laguntzen.

        Morde Tristan, etxeko jauna, zen gizon bat zentzu oso eta arrazoin handitakoa, bai eta zuzena, leiala.

        Erraten zuten bezala, denbora hartan, Tristanten hitzak balio zuen paper markatua.

        Haren kartiereko bertze gizonek ez zuten heren makhurren xuxentzeko bakezko juge beharrik. Tristant zen heien egiazko jujea eta zuzenki baketzailea.

        Orok ere zuten laudatzen haren bihotz ona, jenerosa. Hartakotz, belhar edo ogi sartzetan, edo bertze behar orduetan, aise zituen hatzematen, zenbait baso arnoetan truk, esku kolpe bat emanen zakotenak.

        Konparatu ahal izan badugu Andere Geaxane erregina bati, berdin aise edo hobekiago erran dezakegu Tristantek zuela errege ttipi bat iduri.

        Ikhustekoa zen besta egunetan, bere makila ozkatu, ferratu, gorria eskuan, nola zohan majestateekin.

        Xapel luzea zuen buruan; haren bilo lokhaina zen legun leguna, gaztean belx, gero gris eta azkenean xuri xuria.

        Bizarra zuen arras pikatua, eta ez egungo modan, akherrek bezalako mustaxa batekin.

        Abitu luzea, aztaleraino, zuen ekhartzen bestetan, edo jaketa largoa bere hegal zabal eta sakela handiekin.

        Barneko gorri gorri batek, bere botoin urhestatuez zerratua, bainan idekia gainean, uzten zuen papoan agertzera athorra, xeheki lisatua , eta elhurra bezain xuria zena.

        Haren galtza motxak, edo zarabilak , ziren balus finez eginak, eta bi bula zilharrezkoz estekatuak iztazainen gainean.

        Bertze bi bula largoagokoak ematen zituen zapeten gainean.

        Galzerdi pare gris, perlatu batek zazkoten estaltzen denbora hartako jauneri zango sagarrak, eta baldin zango sagar heiek baziren meheak, atabala xiriak bezala, etxeko andrek bazakiten heien lodi eta eder ezartzen, istupattoa emanez galzerdien barnean, behar zen bezenbat.

        Orduko arropa horien ororen gainean emanez gerriko zetha zinta fin, largoa eta gorria, jakinen duzu, irakurtzale maitea, zoin ederrak, zoin elegantak ziren bere beztimendekin lebengo gure etxeko Jaunak.

        Denbora hartan Karakoetxean bazen aphez bat, Espainian sorthua, Zuharamurdin; bainan zoinaren aita Frantsesa baitzen, Karakoetxe hartako bereko seme.

        Beraz Tristanten lehen kusia zen; bainan Tristantek Karakoetxe bazuen sinatzen, gure aphezak, bere herriko lenguaiarat itzulirik izen hori, Garakoitz zuen izkiribatzen.

        Salamankako eskola famatuan estudiatu zituen filosofía eta teolojia. Hiri sabant hartan egon ere bide zen luzaz.

        Hartakotz zen naski nekez mintzo bere herriko eskuaraz beraz, eta ariago gureaz.

        Nola espainolerat aise lerratzen baitzen, eta maiz eta ardura baitzuen ahoan Con que, Con que, kartierreko jende maliziosek Morde Konke zuten izendatzen.

        Izengoiti hori ez zakoten batik berari erranen; aitzitik orok zuten errespetatzen, zeren orok maite baitzuten.

        1823an, Ferdinand VII.a, Espainiako erregea, zutenean framazonek, momento batenzat bere tronutik khendu, Morde Garakoitz haren phartekoa baitzen beroki, ezin sofrituz Español batzuen gaixtakeria, jin zen Franziarat, bere aita zenaren etxe ondorat.

        Angulemako printze frantsesak, ehun mila gizonekin, Espainiarat juanik, berriz eman zuen Ferdinand tronuan; bainan hargatik Morde Garakoitzek ez zuen nahi izan itzuli Zugaramurdirat, eta Frantzian gelditu zen.

        ... Egunaren pharterik handiena.iragan ondoan ganberan, istudiatzen, iskribatzen, bere ofizioaren erraten eta bertze othoitzen egiten, gogotik zagon Morde Garakoitz supasterrean, afal ondoan Karakoetxeko bere ahaiden, bai eta ere auzuetako jende on eta prestuen ondoan.

        Ez zen atsegin xumea jende horien guzientzat haren abotik aditzea istoriorik ederrenak, erakuspenik hoberenak eta solidoenak, konseilurik zuhurrenak, etsortarik sarkorrenak edo hunkigarrienak.

        Morde Garakoitzek frogatzen zuen aiseki aphez ona etxe batean dela egiazki benedizionezko gizon bat.

        Karakoetxeko primu Joannes Batistak eta Maria, etxeko alabak, osaba zakoten erraten, Bretoniako modan, nahiz bazakiten zela bakharrik heien kusia bigarren gradoan. Atseginekin zuten beraz ikhusten Morde Garakoitz supasterreko solasetan pharte hartzen, eta guk ere berdin irakurtuko ditugu haren ahotik atheratuko diren hitz zuhur eta doktrinaz betheak.

 

aurrekoa hurrengoa