www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lehenagoko Eskualdunak zer ziren
Mixel Elizanburu
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lehenagoko Eskualdunak zer ziren , Michel Elissamburu (Asier Trekuren eta Iņaki Nazabalen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

I
Karakoetxea

 

        Baxe-Nabarreko herri ederrenetarik batean bazen laborari etxe handi bat, Karakoetxea deitzen zutena, zeren baitzen egiazki izen hori ongi zohakona, zenaz geroz urrundanik ageri, toki aski gora batean.

        Etxe haren aitzinean zen baratze bat biziki ederra. Haren segidan ziren bi landa handi, urthe guziez ikhusten zirenak, aldizka, bat ogiz eta bertzea arthoz estaliak.

        Etxe gibelean hedatzen zen urrun phentze bat hanitz gizena, hirur, lau aldiz urthe bakhox pikha zaitekena.

        Heguako phartean, eskuinetarik, ageri zen xara bat xarmanta eta ipharreko aldean, otharra, hedadura handitakoa, nahiz othez, nahiz iratzez bethea.

        Urrunxago ziren bi mahasti, sagardegi bat, eta heien lakoa, mahats arno xuriaren eta gorriaren, bai eta sagar arno eztiaren egiteko.

        Gero ziren gaztenategia, hariztegia, ameztegia, bai eta ardien borda.

        Borda hartan zituen arthatzen, artzainak, urthe guziez, axuriak edo bildotxak, anxuak, ahariak, ardiak, bere marroekin, ahuntz mulzo bat, bere akherrarekin.

        Karakoetxearen aldean zen lehengo etxe zaharra bordariarendako, bizitegi batekin.

        Aiphatu denbora hartako etxetier edo bordaria zen Leon, Aines, bere emaztearekin, eta aita-amak bezalako, hirur seme, bi alaba, hazkar eta prestuekin.

        Etxe zaharrean zauzkaten orduan kabala guziak: idi, behi, ergi, miga, eta aratxeak.

        Establia ere han zen behorraren, zaldiaren, mandoaren eta astotto batendako.

        Establiaren aldian zen oraino bortha aitzineko hazinden tokia, eta haren gainean oilategia, orduan bethi ongi poblatua zena, xitoz, oilaskoz, oilandaz, gaphoinez, oilo multzo batez, bere oilar handi, gorri ederrarekin. Gisa berean establiaren ondoan ziren antzarategia, ahatetegia; heien gainean pulinden lekhua, eta finean, oro baino gorago, urxotegia. Barrukiaren eta establiaren gainean zen sabaia, erran nahi dut belhartegia eta sorhotegia.

        Karakoetxeak bazuen bere eihera, bainan eiherek askotan abantail edo mozkin guti dute etxeari ematen, ez badiote kalte gehiago egiten, ardura galdegiten dituzten gastuez, urak egiten dituen desarrimenduen xuxentzeko, nazen erreparatzeko, zalhien berritzeko, artho eta ogi harrien khanbiatzeko.

        Karakoetxearen lehen auzoa zen Hegiederrea. Handik bazabilan, egun guziez jornalean, atso zahar bat, azkarra, fierra, zankharra, zoina deitzen baitzen Xobadin.

        Erreboluzionea hasi zenean, jadanik neskatoko handia egina zen, eta bazazkien denbora triste hartako mila gauza izigarri eta hunkigarrien khondatzen, arratsetan supasterrean, ardatz bat hari zuelarik iruten.

        Arras moda zaharrean beztitua zabilan. Bi hanketan ezartzen zituen, zaien azpitik, lehenagoko sakela handi, bakhotxak lakha bat artho jasaiten zutenak.

        Atso hari behatzen bazakoten bizkarrari eta gerriari behera, ez zuen guti iduri Baigorri Oronotzeko Irisarri Ospitaleko edo bertze laborari etxe batzuetako gibel zabal batzueri, hain zelakotz, etxe horiek bezala, gibeletik, largoa, zabala.

        Burukoa zabilan, ez beheiti, ez à côté, edo sahetserat, bainan joan den mendean Eskual herriko emaztek zabilaten bezala, zoinek, buruko buztana dilingan uzteko ordean, doblatzen baitzuten buru gaineraino, halako maneraz non buru kaskoko ile gris edo xuriak ageri baitzazkoten.

        Xobadin, ixuraz biziki borthitza zen; bainan errealki presuna zuzena, fede handikoa eta Erlijioneari zinez estekatua zela bazakiten, ezagutzen zuten guziek.

        Egun guzia kanpo lanetan, eta arratsetan iruten ariz zeraman Xobadinek bere bizia.

        Karakoetxeko bigarren auzoa zen Ithurraldea; hola deithua, zeren baitzuen hurbil ithurri bat net ona, arras freskoa. Lurpez, teiletan ekhartzen zuten ur hura Karakoetxeraino. Ithurraldean bazen dendari bat Kattalin deitzen zena. Ez zen Xobadin bezain zaharra; bainan nihork ez dezake, hiruetan hogoi urthe iraganez geroz, erran gazte dela.

        Kattalinek kopeta ximurtua zuen; hortzak ere zituen gehienak galduak; bizkitartean zalhu eta lerdenki zabilan. Bere buruko xuriarekin, eta bere kolore freskoekin, hura ikhuseta, orok zioten atxo xahar pollit bat zela.

        Hori baino hobeago zena harendako, Kattalin zen osoki Jainkotiarra, debota, karitatez bethea, sekulan nihorez gaizki mintzatuko ez zena, orori zerbitzu bihurtzera bethi prest zena.

        Hitz batez, guziek errespetatzen eta maite zuten Kattalin, eta atseginekin zuten errezebitzen beren borthetan eta ezagutzen zuten etxe guzietan.

 

aurrekoa hurrengoa