www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batxi Guzur
Resurreccion Maria Azkue
1897

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bein da betiko / Batxi Guzur, Resurreccion Maria Azkue (Ines Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

Zazpigarren agerraldia
BATXI IZENA OSTUTA

 

        Batxi, esan eutsan Urabillak, zuk naiyago ixango dozu gugaz baiño neuk dakidan bategaz egon, da oba ixango da bakotxa beren abira yuatia.

        —Urabila, zegaiti dinok ori?

        —Esan-biarra dago? Maalen-plautiri sartun da zeuenian.

        —Galduak gozak orduan. Ointxe ezin ioan neikek etsera.

        —Zer ba?

        —Zelan esan dot eskuz gura gaine arrain koiu neuzala, arako egun da erdien itxasoan egon nintzenean? Bada orduxean itxas-kabra andi bet etorri iatan esku-artera ta euxe aginekaz da al neuen moduen ezarri notsan lepo-ganean, ezpi-ondo ondoan: 1864-BATXI.

        Ta gizona, aiztuta neuken nik; eta goizeon, gaur gero, gaur goizeon banago Aizurdipean arrainetan, da ara ots baten eroan iaustek kordeleta urrun, amora emon nik beti, «euk gogaituko dok, arraine, nik baino lenago,» emon nik amora, errie errie errie; ta ordu-erdi garrenean, ito izengo dala uste izen dodanean, ala ala ala txakurre lango itxaskabra eundi ikaragarri bet koiu dot. Amue ataraten da zakatza austen nagoala, begiretu dotsat lepora, ta nok sinistuko leuke ikusi barik? Ezpi-ondo ondoan, 1864-BATXI euki deu lepoan ezarrite. Ogeta amar urtean Batxin izena lepoan dauela itxasoak eusten ibili dan arrainari, nok esango otsen Batxin eskuetara etorri bear euela? Zakatza eusi ezpanotso, gizona, buzten-ganean ipiniko notsan neure izena ingelesak esaten ostiena: 1894-BASKISH; baie orduko il iat eta etsera ekarri-bearrean Iparragirreko Kosantoneri bialdu dotsat, txikitako lagune bere bada-ta.

        —Orrek zer dauko zer-ikusi Maalen-plautiri ona etortiaz?

        —Euki ez, ostera? Iparragirren sarri egoten dok ori, ikusiko ioan arraine, ta bertakoak uketu gure izenarren, arrainek antxe agertu izengo ioan nire izena, ta aor suak arturik etorri izengo de ori, berorrentzat ekarri eztodalako.

        —Aulan bai. Orretaraezkero Maalen or daguan artian, ezin etxera yuan zeikez, e?

        —Eztok etxura.

        —Orduan-a, Santa Kataliña, egon gaixan beste pixkaten, ontxe dator polittena ta. Batxi, Zumaiyarrena ta Ingalatierrakua ta Donostiakua ta eztatoz ontxe?

        —Lelengo lelengo Zumaiyarrena, gero Donostiekoa ta gero Ingalaterrakoa ta alanik.

        —Tira ba.

        —Lekeitiotik zorgin-izena arrika lepoan ezarri-ostenean, ibili ta ibili ta ibili (orduen ez egoan bide barririk) Ondarroaraino enintzen gelditu. Nire ustea zan Donostiera eldu ta andi Frantziera edo norabait gizon egitera ioatea. Ondarroako zubire eldu nintzenien, ardantegi-batera sartu nintzen, zein zan Donostiera-bidea iakitera. Mutilek, arpegien igerri bear izen ostien dirurik eneukena; ta an egozan marinel batzuk esan ostien:

        «Lekaittioko itxas-sapuu: ire urdailliin aspaldiyon ezta gauza andirik sartu ta beste ordu betiin jan barik baengo, abadii etorriko litzake oliaziñoiaz, da artuik ze o zer, il baiño lenago, geure kontura, koittau orrek.»

        Mutilek, eztozu Ondarrutarrak langorik ikusi. Adiskide askok baino Ondarrutar arerio batek sarri mesede geiago egiten daki. Alkar ikusi ezinik egozan orduen Ondarrutarrak eta Lekeitiarrak, eta a ta guzti bere errukitu ta gura neuen beste sagardao ta ogi emon ostien. Ni orduen oker-samarra nintzen, da eskerrak emon-bearrean, badakizue zer esan notsien? «Agur, Apostoluek.» Eta au esanaz, arineketan asi nintzen zubien zear. Atzera begiretu neuenean, bost ukubil ikusi ta zemai andiek entzun neuzan. Zemaiek esateko gure errien amenazuek esaten da.

        —Lenago be ittandu neutsun Apostoluak zegaitik esaten deutsen Ondarrutarrai Lekeitiarrak.

        —Ortozik sarri ibilten direalako.

        Gau-ilunean eldu nintzen Zumaiara ta txalupa baten barruen lo egin neuen. Goizean goizeti eguzkiez batera ioan nintzen bonbo batera. Bonboa esaten da gure itxaserrietan Galiziarren Falucho, ingelesen Vessel-gaiti. Patroiekana ioan da esan notsen ia ezeuken nietzat ogibiderik. Nor da nungue nintzen itandu ostenean, enotsan esan gura izen Batxi Satika nintzenik, osterantzean eztakit zer iazoko zan-da. Txotxo-tzat artu ninduen. Iru ilebetean nik irepaziriko diruegaz Lekeitio barri bet Satikan egin leike.

        —Lenago Bilbo esan zenduan, on Lekeitio.

        —Gizona, asko gitxiago bere ez.

        —Ainbeste diru zelan?

        —Batetik pleit onak (gaur galdute dago kabotajea), bestetik kontrabandue. Urabila, nik orduen, neuk gura izenezkero sartuko nendun kontrabandue, sartuko nendun karabineruen begi begitik, eurak ikusi barik.

        Bagatoz bein Baionati Donostiera ta Iaungoikoaren asarreak, aberastasun larregi gura genduelako, putz egin da bota ginduzen Amen etsera itxasoen erdi erdira. Alakorik! Orduko aizetea ta ekatxa langorik eztau gizonen begik ikusi. Gure ontziek masta bi eukazan da biek zati zati egin euskuzan aizeak; da geure buruek osorik atara gura bagenduzan, zer egin bear izan genduela uste dozue? Artu urrezko erloio edo orduari ederrak eta, part! itxasora, artu diramantezko belarritakoak eta, part! artu eskuturretako baliotsuak ederren ederraz begiratu ezin lekioenak eta, part! Orduen itxasora ieurtigi genduzan aberastasunek emen pilotuta balegoz, beste munduren baten zagozela uste izengo zeunkie.

        Ta au egin ezpagendu ondora ioango ginean. Urabila! Nok esango leuke nire mosuko bizar erdi-gorri erdi-urdin onei begiretute, nik onenbeste aberastasunegaz neure burue itxasoari erosi neutsela?

        —Zelan etorri ziñean ba liorrera mastak zatitu eukiezkero?

        —Ori etzan gauza gatxena. Aizea eukiezkero, edozer egin leike, baie guk aizerik ez. Gizonak ezekien zer-egin. «Ia Bizkai, esan osten patroiek, ia Bizkai, guk eztegu asmatzen nola demontre juun lezaken Donostira aize gabe ta arraunik ere gabe. Ia Bizkai.» Nik orduen esan notsen: «neuk esaten dodana egiten bada, ogetalau ordu baino lenago Donostien sartuko gara.» Neuk gure nebana egiteko esan ostenean, eskatu neuen iketza ta ezegoan, arrasta edo su egiteko posporoa ta ezegoan. Gizonak, esan notsen orduen, zuek gurago izango dozue Donostiera ontzi erdiaz eldutea, ontzi osoaz itxasoan gelditutea baino, ezta?

        —«Zer esanik ere etziok» erantzun osten batek. Bada (nik orduen) bada ontzi erdiegaz Donostiera elduteko, beste ontzi erdie erre bear da. Ezostien au ulertu, baie an egozan zortzi beso neuk esaten neuena egiteko, zabal zabalik.

        Kareleko ol guztie kendu genduen lenengo, zatitu bere bai, ta zatiek zatiekaz zuzitu ta ezkotasuna edo ur guztie kendu, alkar igortziez su egin, da gero ipini genduen bela eeundi bet oerako txanoa legez beera begire. Eztozue inoiz ikusi, mutilek, komedianteak Lekeitiora datozanean, zelanik ipinten daudien Eliza-aurrean globo bat eta dingilizka iru edo lau katakuma; ta zelan sue egiten daudien, da ke guztie globoan sartute, globoa gora ta gora zeruetan ostendu edo ezkuta-arte katakumak lagun dabezala ioaten dan? Geu ginean, egin kontu, katakumak; neu komediantea; ontzi erdie egurtuta sua egin da beren kea bela andi baten barruen sartute, zeruko aize-puskarik bere ezegoala, ziri zara ziri zara Donostien sartu ginean. Orduen patroiek ukabillaz belaunburue iota, «Txotxo: eo alde txarrekua, eo Batxi Satika aiz i», esan euen.

 

aurrekoa hurrengoa