www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batxi Guzur
Resurreccion Maria Azkue
1897

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bein da betiko / Batxi Guzur, Resurreccion Maria Azkue (Ines Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

Seigarren agerraldia
ZORGINDU EBENEKOA

 

        —Batxi, esan eutsan Urabillak itto ez, baiña ikaratu edo estutu edo larrittu edo keixu ixan edo (eztakitt zer esan be ba) egingo ziñian orraitiño?

        —Urabila, bide-erdi-ingurure eldu nintzenean ol andi batzuk aurkitu neuzan, da, ez nekatuta nengoalako, gose nintzelako baino, euren ganean ordu ta erdi igaro iatazan.

        —Zigarrotxu bat edo beste erreteko astiya ixan zenduan orretara-ezkero.

        —Asto kokoloa! Zigarroa dinok?

        —Ori baiño gauza andiyagorik entzun deutsut eta...

        —Enekien zigarrorik erreten, bestela nundik edo andik eskuratuko nendun ori bere. Urabila, Lekeitiorako leia edo priesatxue dauket eta neuk esango dot esateko daukedana.

        —Berandu ezta izango Lekeitiorako, bederatziyak be ba dira-ta?

        —Kokolo orrek, zer dinok? Oin enago Lekeitiorako, orduantxe baino. Onetara bagoaz, eztot inoiz amaituko ta ago isilik.

        Banago zuren ganean, alkondarea erdi-usteldute neuken da, part! uretara iaurtigi nendun, da gizona, nok esango leuke? nire aragi zurie ikusi euenean, txibi-azurra zalakoan, ainbat tximini txiki etorri iatazan. Au zan bat, bestea ondiokarren andiegoa: bero berotan irakiten legez gelditu nintzen. Badakizu gero udako gaueletan zelanik atsoak egoten direan txut orain, txut gero, nai ta bere lorik egin ezinik, ardiakaz egon ezinda? Onetaraxe nengoan ni zur-ganean lo-gure ta egin ezinik, ardien ordez tximinoiak pik orti, pik emendi egiten eustiela. Zeinbat eta artuago ainbet geiago etorten iatazan. Gordinik ian nendun bat edo beste, baie, mutilek, ezta ona. Ordurarte etxatan gogora etorri: neuk kaltzerpean neuken sue ta ez gitxi, ta zer egin neuen? Artu esku bategaz arrain bat edo bi, txikiak izanezkero, ta beste esku-aldeko kaltzerpean apurtxu baten euki ta egosita urteten ostien. Gauza gozoagorik ostatuen bere ez arean. Gaurrarte egongo nintzen ni bertan, baie etserako gogotxue etorri iatan da goizaldean izarrai begiretu ta non nengoan gitxi bat gora-bera igarri ta tximinoiari agur eginde, geldi geldi, abuazil bat egurdi-eurrean legez, erri-alderantza etorri nintzen. Amarrak zirean ni Lekeitio-ondora eldueran. Ni orduantxe sartu neitekean, baie neuk atara neuen kontua: «Batxi, alkondararik eztaukek, ire kaltzari onezkero kaltzerdiek imini lekioe izentzat, eta etxak eder egiten erdi-biloizik kalerik kale ioatea.» Ta zer egin neuela esango zeukie? Amaikak ioarte, ur-goreari kaian sartuteko begira egoten direan ontzi andien antzera, ni bere eskolako mutiltxuek uger egitera etorriarte begire egon nintzen.

        Agertu zirean eskola-mutilek alako baten, iaurtigi euezan txapelak gora goraka, ondartzera edo aretzara eldutakoan, da txapelak iausi zirean tokietan erantzi edo biloiztuta, bata baino bestea arinago uretara sartu zirean. «Ia Batxi, ortxe az ba» esan notsen neure burueri ta lau besakadatan, egin kontu, eldu nintzen euren urrera; must egin da must-uger sartu nintzen euren artean. Mutiko gaisoak! Aren ikarea ta izue ta estualdie! «Igarabiria, igarabiria dator» esanda, biloiz biloizik, egozan legez, ioan zirean mendiraino igesi. Nik orduan makur makur eginde, aretzara ioan da mutiltxuen alkondara bi edo irugaz neutzat bat eginde, uretan sartu barriro ta kaira ioan nintzen.

        Eskola bateko ume, Jesus abezean dabilzanak, eztabe esaten goiz osoan, ni ikusitakoan esan zirean beste ene. Atso guztiek egozan aitearen-ka, ta ene-ka. Ene semetxua! Illarra atzo ixan tzan aremaittakuetan. Lekitto guztian zabaldu ra, Otoiyo lakoxe baloi andi batek iruntzi auana.

        —Ene bara ta ni! Satikak neure semien alkondaria dakar soiñian, da egingo neuke baloiak iruntzi dabela neure semia be. Ene bara ta ni!

        —Erdu koittaru ori, gurian, etxe probia-ra ta, Kaungoikuen graziya baiño besterik eztago baiña.

        Zer egiten neban bere enekiala legez, eroan ninduan beragaz atso batek. Emon osten iaten, aldagarriak bere emon ostezan da lotara bialdu ninduen. Urrengo egunean neure elizkarietara ioateko egozanak neu ikustera etorri zirean. Edozein txalupa iaubek eroan gure izen ninduen beragaz; baie nik, neure alde urten euen agureari dei egin de, esan notsen: Ioane, nai zor nai lor, txalupe barri bet egin bear dozu. Aste ta erdi barru zorrak garbitu ta nai beste diru eukiko dozu. Zelanik, iakin gure izengo dozu? Egin deiguzan zurezko atunak sei edo zazpi. Guztia bere zer izango da? Amar errealen gora-beerea.»

        Aste ta erdi barru, itxasoko atun guztiek geuri begire egozala esan zeikean. Mutilek! Beste txalupe zaar bat, Madalena-ondoan ustelduten bedartzan egoan bat, zelan edo alan azpi erdiekaz ipiñi ta arraina ekarteko geure atzetik eroaten genduen. Andiki bat ezkonduten danean, zelan egoten dira alberrietako oilloak sanyea edo txandea artuten andiki-etsera sartuteko? Alantxe egoten zirean atunek, geure amuetan katigatuteko astia artu ezinik. Eta beste txalupe guztiek utsik.

        Zer esango zeunkie egin ostela ni erritik kanpora bialduteko? Zorginek neukezala edo zorgine nintzela asmau ostien. Egun baten banator, itxaso-erdie atun biurtute neugez nekarrela, ta oina nasan (Nasa, erderaz molle (?) da, Urabila) imini neueneko, Simon zaarrak mutiko batzuri (onek orduko egozan txapelkada arria besoetan ebela) esan otsien: «Txo, bota ardura barik arri orrek Satikari arpegira, miñik ezteutse egingota, zorgiña-ra ta.»

        Neure buruaz bakeak egiteko (bestela nor edo nor ilgo neban) erritik kanpora iges egin bear izan neuen.

 

aurrekoa hurrengoa