Hasierako orrialdea
kontzeptuen aurkibidea aurkibidea iradokizunak iradokizunak bilaketa bilaketa
Lokuzioaren beroa

AZERIA BUZTANAK SALATZEN / DEBEKATUA ADIERAZTEKO / HITZEN ARTEKO ISTRIPUAK
HIZKUNTZA EZ DA LOGIKOA / HIZKUNTZA GUZTIONA DA, BAINA... / LOKUZIOA ZER DEN
LOKUZIOAK HIZKUNTZAREN GORAZARREZ / MATRIUSKA BAT

 

HIZKUNTZA GUZTIONA DA, BAINA...

 

        Etxeparek «printze eta jaun handiak» euskara eske nahi dizkigu. Gure lehen idazlea bere garaiko umea da: Errenazimenduak hizkuntza nazionalen gorazarrea dakar, eta kortesaua zenez garaiko eredu soziala, haren ezpainetan jarri behar «goien gradora» jaso nahi den hizkuntza. Italiarrek latinaren primutzat jarriko zuten toskanoa, Estienne-k erdeinu eginen dio frantsesa ez den orori, Correas-ek latina gaztelaniaren azpiko eginen du... Etxeparerena, helas, klitxe literario bat zen.

        Burgesek ez baina, apezek, praileek, apezohiek eta prailekondoek euskaraz, nork bestela. Arrazoia zuen Grégoire-k Convention National-ari eginiko txostenean: "1792ko urrian Ekialdeko Pirinioetan zeudenek diotenez, euskaldunak (...) fanatismoaren mende zeuden, beren hizkuntza traba zaiolako argien zabalkundeari". Argiaren etsaien esku egon da euskal kultura idatzia, eta neurri batean salbatzen ere lagundu dutela aitortu behar genuke (misionista jesuiten hizkuntz-politikak ba omen zer ikusirik guaraniaren iraupenean): hizkuntzak ez daki jabego pribaturik. Hizkuntza guztiona da. Hizkuntza ez da klase batek sortua, gizarte osoak baizik. Ez da sortua klase baten beharrak betetzeko, gizarte osoarenak baizik, gizarteko klase guztienak.

        Hizkuntza indiferentea da klaseekiko, baina klaseak ez dira indiferenteak hizkuntzarekiko. Hizkuntza da lanabes bat, zion gure klasiko batek. Sotanadunek Elizamaren interesei eusteko erabili dute euskarazko mailua. Jardun dute «ez bakarrik» herriaren, ezpada Jainkoaren loriagatik. Euskal Herria misio lur izan dute mendetan. Bai, egon da hemen kanpotikakoa baino zentsura lotsagarriagorik. Ibar-ek ere, euskararen arimaren bila, dantza lotua salatzen zuen euskal jenioaren ahuleziaren kausetako bat bezala. Ez da gizon morboso batzuen kontua bakarrik (zer izan litezke apaiz frustratu literato bat eta apaiz literato frustratu bat, moralistak besterik?). Ez da sexu kontu hutsa. Herriak sortutako molde gehienei egin zaie edo muzin edo trufa, mendeetan.

 

AZERIA BUZTANAK SALATZEN / DEBEKATUA ADIERAZTEKO / HITZEN ARTEKO ISTRIPUAK
HIZKUNTZA EZ DA LOGIKOA / HIZKUNTZA GUZTIONA DA, BAINA... / LOKUZIOA ZER DEN
LOKUZIOAK HIZKUNTZAREN GORAZARREZ / MATRIUSKA BAT

kontzeptuen aurkibidea iradokizunak bilaketa