Nere gorringotik
Iņaki Segurola

Alberdania, 2008

 

 

AIO ATTE!

 

(2007-V-16)

 

Maiatzaren 9an hil zen Antonino Segurola Uzkudun, 85 urte eta 15 eguneko mundualdia pasa eta gero. Eguerdi bete-betea zen, eta nekez ahaztuko zait ze eguraldi egiten zuen.

 

      Gaur unibertsitateari buruz hitz eginez hasiko gara. Zergatik? Ba, gaur unibertsitatean ikasitako eta erakutsi edo irakatsitako gizon bati buruz jardutera etorri naizelako, halabeharrak ekarririk. Unibertsitatean ikasitako gizona esan dugu. Nongo unibertsitatean? Harvard edo Salamankan? Ez ba: Errezilgo unibertsitatean. Errezil “unibertsitatea” da, tituluz, Beizama bezalaxe, eta Aia ere ez dakit ez ote den unibertsitatea. Aspaldiko izen bat da hori, antzinakoa. Dena ez baita, denak ez baitira “hiri noble eta leiala”, eta dena ez da, jakina, Euskal Hiria (ez dugu aukerarik galtzen esateko...), eta ezta Gipuzkoa Hiria ere, edo Iraurgi Hiria. Gure gizon honek, beraz, umetan, Errezilen izan zuen aurreneko eskola, eta nola Errezil unibertsitatea den, hargatik hasi gara gaur unibertsitatearen inguruan hizketan.

      Errezilgo unibertsitatean, xx. mendearen aurreneko herenean, eredu pedagogikoa perfekziotik eta prepeziotik oso gertu zebilen: maisuak ez zekien euskaraz hitzik, eta ikasleek ere ez erdaraz hitzik... edo, hobeki esan, orduko usadioa eta esaera zen bezala, erdaraz si eta no zekizkiten. Horrezaz gainera, maisu hura alferra omen zen dezentekoa, eta lanerako gogorik batere ez zeukanean, gure gixon hau jartzen omen zuen gutxiago zekitenei erakusten; hargatik esan dut unibertsitateko irakasle ere izana zela, ikasle ez ezik. Gero, hiriburura jaitsi zenean, Urola bailarako hiriburu ustekora, orain Iraurgi Hiria bihurtu nahi duten horretako bi buruetatik batera. (Iraurgi Hiriarena ez da txistea: halaxe da, edo diote, edo izatea nahi dute bertako agintaritxoek, mundu guztia hiriarena jotzera jarri den honetan), bailarako hiriburura jaitsitakoan, beraz, etxean dirurik ez liburuak erosteko, eta hala gelditu zen gure gizongaia liburuetako ergelkeriak eta ezin litezkeen gauzak irentsi gabe. Titulu ofizialik ez zuen izan, beraz, baina bestelakorik bai: Errezilen “Ezamako luxia”, eta Nuarben “errotako morroie”, unibertsitatetik atera eta han, Nuarben, egin baitzuen masterra edo klusterra: errotan morroi.

      Gauza batzuk ikasi ditut nik joan deneko 40 urtean gizon honengandik, titulu ofizialik gabeko maisu honengandik, epistemologiaren barrutian adibidez, eta bakarren bat aipatzeko, hauxe: “Dena dakienak gezurrak ere jakiten ditu”. Horra aurreneko erakutsia. Dena dakiten gizajoei buruz ere askotan hitz egin zidan. Jakintza, beraz, gizajotasun gisa, gajotasun edo gaixotasun gisa. Beste behin, honako hauxe erakutsi zidan, berriz: “Hemen egiarekin bakarrik ez duk inor bizi: ez politiko, ez enpresario eta ezta eskalerik ere”. Hau da, gehitzen dut nik: Egiaren, egia hutsaren atzetik ibiltzea biziari uko egitea da.

      Epistemologiatik beste ur batzuetara salto eginaz, esan dezadan gizon honek igerian, igeri egiten ere erakutsi zidala, itsasoko uretan gainera eta Zarauzko partean, dena esan behar bada, nahiz-eta, o mixterioa!, berak ez jakin. “Orain eskuekin hola... ta hankekin hola!”, bere gisako esplikazio batzuk eman zizkidan, orain dela 35 urte pasa, eta nik igerian ikasi eta berak igerian jakin ez. Benetako padagogiaren ispilu garbiena horixe izango da gainera, ibili-ibili eginda; hau da: batek ez dakizkien gauzak erakusten dituela hobekienik. Eta, dena esateko, ustez seguru jakinak dauden gauzak erakustea eskola motza dela eta tristea. Bestela esanda, hemen zinez merezi duen jakintza ez dela jakinaren gainean dagoena, baizik-eta jakinaren azpian dabilena.

      Gaur ahotan darabilgun gizonak hartu behar izan zituen lanetako bat, eta ez ttikiena, izan zen orain hemen hizketan ari den honen aita izatea; bai, jaun-andreak, halaxe dira gauzak: aita natural, biologiko, organiko, ekologiko eta integrala izatea; lan zaila, lan txarra, inondik ere.

      Gaur astebete, astebete eta 2 ordu, gaur ahotan darabilgun gizon honi gertatu zitzaion gauza bat oso xelebrea; xelebrea eta sinetsi ezina, egosi ezina eta irentsi ezina. Fededunik haundienek ere ezin sinetsi izaten dutena. “Ezin dut sinistu!” dio mundu orok. Bo, mundu orok ez; urruti samarretik, kanpo samarretik, dena da sinesgarria eta batik bat normala, nor-ma-la. “Eztaoba!” edo “zenahidukpa?”. Barrutik, bertatik, ez da ezer ulertzen; ez dago ulertzerik, sinesterik, egosterik eta irensterik.

      Gaur astebete eta 2 ordu gizon honi, hau da, gizon hari gertatua nolazpait aditzera emateko hizkuntza askok dute hitz bat, eta gurean dagokiona da hil, oso erraza baita esaten: “hil”. Berez gauza xelebrea da zeharo, baina nola hizkuntzek hitz bat izan ohi duten (gehi eufemismo mordo bat!), badirudi ez dela xelebrea, ez dela egosgaitza eta ez dela sinesgaitza. Beraz, esaten erraza, alde batetik, eta esan ezina, beste alde batetik: esaten erraza eta esan ezina aldi berean: nola izango da ba sinesteko moduko gauza eta irensteko moduko gauza? Erraza eta ezina aldi berean: ezin litekeen gauza da hori.

      Ez dakit zergatik ez duten esaten, ez dugun esaten “desjaio”; jaio alde erantzira, jaio atzekoz aurrera; ez mundura jaio, baizik-eta mundutik, mundutik auskalo nora. Amaren zulotik ateratzerakoan jaioberriek edo jaiotzen ari direnek izaten duten muturraldea gogorarazten zidan hil-aurretxoan eta hil-berritan gure gizonak zuen aurpegi-jirak. Eta hori dena, hau dena, orain astebete eta 2 ordu, eta hori dena, hau dena, oraintxe bertan nere gogoan eta oroiminean.

      “Ni ez nauzue gehiago orain arte bezala ikusiko”, bota zuen hil-bezperan abixua; esateko modu bat da. “Orain arte bezala ez”: aldaketa zetorrela, beraz. Eta azkenean etorri; etorkizuna iritsi egiten baita azkenerako. Eztaoba! Zeeingoekpa?

      Bazekien galdera zailak egiten gure gizonak, eta konparazio batera, desjaio baino 5-6 bat ordu lehenago, harritzeko moduko galdera egin zidan: “Zein haiz hi?”. Eta nik ez eduki Errezilgo unibertsitateko edo errotako jakinduriarik, eta ezin asmatu izan nuen taxuzko erantzun bat ematen. “Zein naiz ni?”. Ez dut sekula jakingo.

      Erakutsi dit, bestalde, zer egin behar den edo zer egin daitekeen gure arima, bizia edo dena delakoa zuzentzeko eta kudeatzeko dauden teknikoekin, galdetu baitzion bere arima zuzentzera etorri zen apaiz jaunari honelaxe: “hi ze?, ondo?, ondo lagunekin?”. Balio bailezake gure barrenak juzkatzera edo luze-laburrean neurtzera datorrenari botatzeko: “eta heu ze?, ondo?”.

      (Aitari hitz eginez bezala:)

      “Azken arnasa ematen duenak beti uzten du aurreneko arnasa bat hartu gabe.

      ”Zuk hartu gabe utzitako aurreneko arnasa huraxe gelditu zait barruan, eta harexek dizkit hemen esan ahalak esanarazten.

      ”Hementxe segiko baitugu guk bizia izeneko hari zahar honi tiraka”.

 

(Always on my mind kantua entzuten da, Pet Shop Boys kantari, “dub mix” izeneko bertsioan: bertsio lainotsua, ia elizako organoak jotzeko modukoa. Baina zerbait esan beharra daukat bukatu baino lehen:)

 

“Jarri zak, jarri zak fafain hori”, esan izan zenidan noiz edo noiz, eta fafain hori hauxe da, orain entzuten ari garena; ondo esanda, on my mind, eta kantuaren izena osorik esanda, Always on my mind, beti zaitut gogoan.

      “Aio atte!”.

 

(Always on my mind berriro ere, kantua bukatzen den arte).

 

 

Nere gorringotik
Iņaki Segurola

Alberdania, 2008