Nere gorringotik
Iņaki Segurola

Alberdania, 2008

 

 

PARTIDU GRISA

 

(2006, ilbeltza)

 

Zin dagit: ez da gerra pertsonala Euskal Hiriaren bataiatzailearekin muturka jartzen nauena. Zin dagit: arrazoia, ezaguera, sentimendua, usaimena, grina eta kasketa elkar harturik daude nere baitan Euskal Hiria izeneko ideia edo temaren kontra.

 

Senide maiteok:

      Hemen da berriro ere predikatzaile urdina, hemen nauzue, beraz, eta hasiko naiz esanez edo gogora ekarriz ez dizuedala egundaino esan zergatik den honako predikatzaile hau urdina, hain zuzen ere, eta ez gorria, beltza edo zuria. Urdina da, ur-dina, uraren pare delako, urak har ditzakeen kolore guztiak har ditzakeelako, eta ez bat bakarra, edo bi edo hiru; ez baitu kolore jakinik maite, ez baitu kolore jakin batekin edo batzuekin bat egitea maite. Horregatik da urdina; harria, itsasoa, zerua edo printze batzuk bezain urdina. Urdinak badaki grisa izaten ere, zeruak bezalaxe, itsasoak bezalaxe; harriak eta printzeak bezalaxe. Gure mundua, adibidez, grisa da. Hola moduz esaten zidan atzo bertan Afrikako bazterren batzuetatik etorri berria den lagun batek. “Hau grisa duk; besterik etzeukeat buruan: hau grisa duk, bizimodu hau grisa duk; dena zeukeagu, dena zekiagu, baina...”. Neuk segituko dut: baina hautsaren kolorea zeukeagu hezurretaraino sartua, hezur horiek hauts bihurtu baino askozaz lehenagotik ere. Holatsu jardun zidan, barrutik negarrez bezala.

      Partidu grisa da hemen nagusi; partidu grisak irabazten ditu hauteskundeak beti. Partidu guztiak dira Partidu Gris Bakarraren adar edo zakil. Partidu Grisak, hemen, orain, hurrengo 10 urteetan, gure herri inguruetan gelditzen diren lur hoberenak, erribera-lurrak desegitea hartu du helburutzat. Horixe da hurrengo 10 urteetan ikusi behar duguna; ikusi, nozitu, jan. Mundu intermodala ari da egiten Partidu Grisa, mundu pluskuanperfektua. Partidu Grisak berdea gorrotatzen duela esan daiteke, bai, baina iruditzen zait ez ote den zuzenago esatea gris intermodal horrek lur gorria duela oroz gainetik gorroto, hastio eta higuin. Lur gorria, soila; eta harri urdina, soila. Lurra lurralde, harria harrobi eta mundua diru. Mundu intermodalak mundu soila du gorroto, eta etsai.

      Goazen harira: hemen mundu intermodalari, Partidu Grisak aurrera atera nahi duen munduari, Euskal Hiria edo Euskopolis deitzen diote. Garapenaren eta Kapitalaren atzapar tontoa, atzapar tonto mingainduna bihurturik dabilen eskritoreak jarri zion izena. Konstruktorak, merkataritza ganberak, estatuak eta estatutxoak prest dira Euskal Hiria egiten hasteko, edo hobeki esanda, bukatzeko, zeren Euskal Hiria aspaldi hasi baitziren egiten. Aspaldi hasi zen Euskal Hiria haunditzen, txikituz haunditzen, azpian harrapatutako guztia txikituz baita haunditzen Euskal Hiri negargarrizko hau.

      Galdera bat orain: Euskal Hiriaren ipuin harrigarri hau, ipuin okaztagarri hau sinesten dutenek, euskal herriari edo euskal herriei bakarrik opa al diete euskal hiri bihurtzea?; bestela esanda: erdal herri guztia erdal hiri bihurtzearen aldekoak ere ba al dira? Ez dakigu, ez dute esaten, baina honako hau baiezkoan dago, zeren uste izateko da euskal herriak euskal hiri bihurtzearen alde daudela hiri bihurtzea gauza ona dela uste dutelako, eta gauza ona mundu guztiari opa behar zaiola ikasiak egongo direnez gero eta ez norbera jaio den bazterrari bakarrik, ba orduan argi geratzen da dena, den dena, dagoen dena dagoela hiri bihurtzera deitua; herri, baserri, mundu-herri, espazio eta unibertso guztia dagoela hiri bihurtzera deitua: dena hiri fisiko eta mental bihurtzera kondenatua. Beste aukera litzateke pentsatzea hiri bihurtze hori euskal herriei bakarrik opa dietela Partidu Grisak eta bere ideologoek; orduan, mundu zabalari opa ez zaion ezkero eta euskalhiritiarrak jende-modu zabala diren ezkero eta ez berekoi eta bertakoi hutsak, garbi gelditzen da bertako lurrari eta jendeei gauza txar bat opatzea litzatekeela hori, hots, bertakoaren gorrotozko eta suntsipenezko perbertsio garbi-garbia. Eta ez: aukera hau ere ez dago hola-ta-hola baztertzerik.

      Hara hor, beraz, ideala (ideal berria esatera nindoan, baina ez: ideal hau oso zaharra da; inperio guztiek bihurtu nahi izan dute mundua, garaian garaiko mundu ezaguna, beren fedearen araberako hiri bakar); hau da, beraz, ideala, ideal intermodala, ideal intergalaktikoa, ideal zibilizatua, ideal zibikoa, ideal zibernetikoa; hitz batean esateko, ideal subnormal tragikomiko betierekoa.

      Eta esango digu nobeleroren batek, hau da, beren denbora-hondarra nobelak irakurtzen pasatzen duten horietakoren batek, nolaz dei diezaiokegun hemen “atzapar tontoa” nobela onak eta txit entretenigarriak idazten dakien gizon bati. Oso errexa da, eta konparazio batekin aise ulertuko da: ekar dezagun gogora amona xar bat ilobari gauero lotarakoan ipuin zoragarriak kontatzen dizkiona, gozo eta egoki; ba amona xar hori berori igandean edo noiznahi elizara joango da eta han predikatzaile zuri batek kulpitutik botatzen dituen guztiak sinetsiko ditu, halaxe sinestea komeni zaiolako, eta batik bat predikatzailea norbait delako, ustez dakiena eta dezakeena delako. Ez, ez nituzke konparatu behar Partidu Grisaren ideologo bihurturik dagoen eskritorea eta nik adibidetzat atera dudan amona xarra. Ez: ez ditut konparatzen; diodana da gauza bera direla, gauza berbera; ariera, jardun edo eskema mental berbera dagoela nola bataren hala bestearengan. Baina esan beharra dago eskritorea kasu estremoa dela, bera dela alerik haundienak botatzen dituena (“dena hiri bihurtu beharra dago, baita fisikoki ere”; “grisaren alde nago” eta horrelakoak), irudi bailuke injineruak eta porlaneroak esaten atrebitzen ez direnak esatea dela haren lana.

      Senide maiteok, anai-arrebok: gorri soila eta urdin nabarra gailenduko ahal zaizkio euskal hiri zuriari, euskal hiri beltzari. Jende urdin nahasiak, jende gorri biluziak hautsiko ahal du goiko gizabanako zuri-beltz grisen laineza kriminala! Halaxe opa diogu geure buruari, nork eta guk, euskal herriaren alde hitz egiten ez dakigunok; nork eta guk, Euskal Hiriaren kontra irakiten gaudenok.

 

 

Nere gorringotik
Iņaki Segurola

Alberdania, 2008